Gaztaren bidea

Lurralde antolaketa. Landaguneak husten ari dira Euskal Herrian, eta gaztagintza da irtenbide bakanetakoa baserrietan geratzen direnentzat, baina hari fin batetik zintzilik dago sektorea.

Oreka galduta

Ardiak mendian; artzaina; buruan txapela eta eskuan makila; eta haren alboan, txakurra. Euskal Herriko historiari, kulturari edo gastronomiari buruzko erreportaje bat ilustratzeko balioko lukeen argazkia. Argazki tipikoa. Baina irudi horrek badu zerikusirik gaurko Euskal Herriarekin? Edo turistak erakartzeko eta gazta saltzeko balio duen irudi bat besterik ez da?

Gaurko Euskal Herriak zerikusi gutxi du duela 50 urtekoarekin. Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak duela pare bat aste kaleratutako datuak dira horren froga. Desoreka nabarmenak dituen lurralde bat irudikatzen dute, non landa eremuaren eta hirigunearen artean geroz eta arrakala sakonagoa baitago. Landa eta mendi guneak biztanlerik gabe gelditzen ari dira, eta egoera bereziki larria da Zuberoan eta Nafarroako eta Arabako eskualde batzuetan.

Euskal Herrian biztanleria gero eta handiagoa izan arren — 3.152.000 lagun—, eremu batzuetan herritarrak galtzen ari da. 2008tik 2017ra, 317 udalerrik biztanleria galdu dute —udalerrien %46k—, eta gehien-gehienak, %90, landa eremuan daude. Hiriguneetan ari da pilatzen jendea. Bost euskal herritarretik lau bizi dira eremu horietan (%83); Europako batezbestekotik gora, beraz (%73). Landaguneak, ostera, husten eta ahultzen ari dira: herritarren %17,4 bizi dira halakoetan, zahartzea handia da, eskas dute enplegua, eta urrun zerbitzuak.

 

Azken hamar urteotan, Zuberoa izan da biztanleria gehien galdu duen eremua: Zuberoako 28 udalerrik biztanleria galdu dute, eta soilik hamabostek eutsi diote edo irabazi dute biztanleria. Lapurdiko eta Nafarroa Behereko landa eremuek, berriz, hazkunde demografiko garrantzitsua izan dute —%17,8 eta %6,5, hurrenez hurren—. Dena dela, igoeran hori lotarako herrien hazkundeak eragin du, eguna hirigunean pasatu eta lotara barnealdera joaten direnen ugaritzeak. Joera horrek ez dio eragin Zuberoari.

Nafarroa Garaiko landa eremuak ere biztanleria galdu du azken hamarkadan (-%0,8); ez, ordea, hiriguneak (+%5,4). Egoera bereziki larria da Erronkari-Zaraitzun: herritarren %14 galdu ditu hamarkada batean, eta gainzahartze maila oso handia da (%20). Eskualdea osatzen duten hemezortzi herrietatik hamabik %10etik gorako biztanle galera izan dute azken hamar urteotan.

"Landa eta mendi guneak biztanlerik gabe geratzen ari dira, eta egoera bereziki larria da Zuberoan"

 

Datuek diotena berretsi du oraintsu arte Erronkari sor-markako lehendakari izandakoak, Patxi Zalbak; alegia, egoera «muturrekoa» dela. Eskualdearen hustea geldiarazteko neurririk hartu ezean, «epe motzean arazo handiak» izango dituztela uste du. «Zortzi-hamar urte barru, ez da egongo Erronkariko gazta ekoizteko artzain eta gaztandegi nahikorik».

Nafarroako beste gune batzuetan ere biztanleria galera nabarmena izan dute; esate baterako, Zangozerrian, Baztan aldean, Tafalla aldean, Ebro Garaiko Erriberan eta Arga-Aragoiko Erriberan. Izatez, dentsitate apaleko eremuak dira, eta gainzahartze maila Euskal Herriko batezbestekoaren gainetik dute. Iruñerriko biztanleria, berriz, %6,8 handitu da.

Hego Euskal Herriko beste eremu batzuek ere biztanleriari eusteko egiturazko arazoak dituzte: esate baterako, Arabako Mendialdeak eta Trebiñuk. Aldiz, Bizkaian eta Gipuzkoan egoera bestelakoa da. Lurralde orekatuagoak dira demografiaren, zerbitzuen eta jarduera ekonomikoaren ikuspegitik. Lea-Artibai da biztanleria galtzen ari den eskualdea, nortasun handia eta ekintzailetza ekonomiko aipagarria dituen arren. Lurralde antolamenduaren ikuspegitik baztertuta egotea oztopo du biztanleriari eusteko.

Nekazaritza industria

Landaguneen eta hiriguneen arteko desoreka handitu duena Europako Nekazaritza Politika Bateratua dela uste dute Alazne Intxauspe Bizkaiko EHNEko kideak eta Imanol Esnaola Gaindegiako koordinatzaileak. Lehen sektoreak indarra galdu du, nabarmen, hura indarrean jarri zutenetik. Datu bat: azken lau hamarkadetan, lehen sektoreak 68.000 enplegu galdu ditu Euskal Herrian. «Ondorioz, bertako produktu askok galdu dute elikaduran zuten presentzia eta eragiten zuten ekonomia».

Nekazaritza politika horrek ustiategi handien eta ekoizpen eredu intentsiboaren alde egiten du, besteak beste, diru laguntzak tamainaren arabera zehazten dituelako. Horrek elikagaien industriaren eta abeltzaintzako ustiategi handien hazkundea eta txikien desagertzea ekarri du. Nafarroako hegoaldean indar handia hartu du sektore horrek, eta lurralde horretako industrietan bigarrena da, autogintzaren ostean. Hamar urtean atzerrirako salmentak %125 handitu dituzte. Iaz, milioi bat euroren irabaziak izan zituzten sektore horretako enpresek, eta 14.000 laguni eman zieten lana. Beste kontu bat da langile horiek zer baldintzatan dituzten.

Beste horrenbeste gertatu da esne sektorean, duela lau urte Europako Batzordeak esne kuoten sistema kendu zuenetik. Ordura arte, urteko ekoizpena mugatua zuten EBko herrialdeek, baina, harrezkero, nahi beste esne ekoitzi dezakete. Askok ohartarazi zuten mugak kentzeak sektorearen gainbehera areagotu zuela: produkzioa handitu eta prezioak merkatzearekin batera, epe luzera ekoizle txikiak industriaren menpe gera zitezkeela.

""Zortzi-hamar urte barru, ez da egongo Erronkariko gazta ekoizteko artzain nahikorik""

Patxi Zalba. Erronkari sor-markako lehendakari izandakoa

 

Sektoreko ordezkariek ez zuten baztertzen ustiategi erraldoi bat agertzeko aukera ere; eta denborak erakutsi du bete-betean asmatu zutela. Caparroson (Nafarroa), Valle de Odieta kooperatibak 5.000 esne behi biltzen dituen instalazio handi bat du —Eroskiren Nafarroako marka zuria hornitzen du handik—, eta, 100 kilometro hegoaldera, Sorian (Espainia), Noviercas herrian, bost aldiz handiagoa izango den ustiategi bat zabalduko du aurki. 20.000 esne behi baino gehiago izango ditu.

Kooperatibak, aukera

Artzaintza sektorean ere larri ibili ziren duela bost bat urte, enpresa handienetako batek, Aldanondo gipuzkoarrak, artzainei jasotako esnea ordaintzeari utzi zionean, diru arazoak zituelako. Esnea saltzetik bizi ziren dozenaka artzainek utzi behar izan zuten sektorea. Estualdi hark ikasteko balio izan zien, eta, harrezkero, elkarteetan bildu dira Ipar zein Hego Euskal Herriko artzain asko, industriarekin negoziatzeko garaian indar handiagoa izateko. Hego Euskal Herrian, Latxa Esnea kooperatiba sortu zuten, eta Ipar Euskal Herrian, berriz, Azkorria, Etxe Gazna eta beste hainbat.

 

Orain, egonkorrago daude, arazoak badituzten arren: esnearen prezioagatik kexu dira, hura saltzetik bizitzeko lain atera ezin dutelako. Horri batu behar zaio arkumearen merkatua hondoa jota dagoela, eta inork ez diela hartu nahi ardi latxen ilea. Oro har, gaztagintzan aritzen direnak hobeto daude; batez ere, jatorri izenaren barruan aritzen direnak.

 

Lurrak berreskuratzeko borroka etengabea

Nekazaritzarako lurrak galtzen ari dira Euskal Herrian. Haien iraupena ziurtatzeko sortu zuten Lurzaindia egitasmoa, eta emaitzak ematen ari da.

Lan eremuak husteaz eta lehen sektoreko jarduerek indarra galtzeaz gain, nekazaritza lurren kopurua ere asko murriztu da azken urteotan. Zenbakiek egoera kezkagarria islatzen dute. Euskal Herrian, 43.777 hektarea lur artifizializatu dira 1990etik eta 2018ra bitartean. Ipar Euskal Herrian, laborantzan erabiltzen ziren 600 hektarea galtzen dira urtero, horietatik asko eraikuntzara bideratzeko. Aturri elkargoan, nekazaritza lurrak %21 murriztu ziren 2000tik 2010era bitartean. Gainera, 1.500 etxalde galdu dira azken hamar urteetan. Zuberoan, hiru etxaldetik bik ez dute segidarik. Eta Hego Euskal Herriko egoera ez da hobea. Laborantzarako erabiltzen ziren lursailen laurdenak galdu dira azken hamar urteotan.

 

Laborantzarako lurrak espekulaziotik babesteko eta haien iraupena ziurtatzeko, Ipar Euskal Herriko hainbat eragilek Lurzaindia egitasmoa abiatu zuten duela urte batzuk. ELB sindikatua, Arrapitz federazioa, EHLG Euskal Herriko Laborantza Ganbera eta Euskal Herriko inter AMAP elkartea izan ziren bultzatzaileak. Egun duen izenarekin 2013an hasi bazen ere, Lurzaindia egitasmoa 80ko hamarraldian hasi zen berez. «1980an GFAM Lurra deitutako egitura bat sortu zen laborantza lurren erosteko eta laborarien esku uzteko xedearekin. 2013an, Lurzaindia egiturarekin segida eman zitzaion proiektuari, laborarien instalazioaz gain espekulazioaren aurkako atala garatzeko asmoz», argitu du Iker Elosegi EHLGko koordinatzaileak.

Egitasmoak bi helburu ditu, beraz: lurrak espekulaziotik babestea da bata, eta lurren erabiltzeko erraztasunak emanez haien iraupena bermatzea bestea. Espekulazioari aurre egiteko, salgai dauden laborantza lurren prezioa zaintzen ditu. Lur-jabeak ahalik eta garestien saltzen saiatzen dira, badirelako diru asko ordaintzeko prest daudenak, gero eraikuntza proiektuak garatzeko.

Baina Frantziako Estatuak badu SAFER izeneko tresna bat laborantzako lurren espekulazioari kontra egiteko, eta hori da Lurzaindiak baliatzen duena. «Lurzaindiari iduritzen bazaio lur bat garestiegi saltzen dela, SAFER-i galdegiten dio erosteko lehentasuna aplika dezan kontraeskaintza bat eginez. SAFER-ek kalkula dezake, neurtuz eta jakinez laboraria nola bizi den, zer prezio aplikatu behar litzatekeen».

Laborantzarako lurrak behin betiko merkatutik ateratzea da Lurzaindiaren xedea. Horretarako, SAFER-ek esandako prezioan erosten ditu lurrak, diru bilketa publikoa eginda. «Azkenaldian horren ezagun egin den crowdfunding gisako bat erabiltzen du lurrak kolektiboki erosteko, eta, gero, laborari gazteei haietan instalatzeko aukera ematen die», azaldu du Elosegik.

Hego Euskal Herrian, berriz, ez dago SAFER-en antzeko egiturarik. Ondorioz, jabeak jarritako prezioa ordaintzeko prest dagoen edonork eros ditzake ordura arte laborantzan erabilitako lurrak. Dena dela, Lurzaindiak badu asmoa Hego Euskal Herrian ere espekulazioari aurre egin eta laborantza lurren iraupena bermatzeko egitasmoak martxan jartzeko.