Gaztaren bidea

Peio Etxeberria. Kooperatibak sortzea izan da artzainek azken urteetan hartutako bide bat industriak ardi esnearen truke gehiago ordain diezaien. Gaztagileak eta esnea saltzen dutenak biltzen ditu Latxa Esnea kooperatibak.

"Enpresek beste errespetu batekin tratatzen gaituzte orain"

Indarrak batu eta elkarlanean aritzeak emaitzak ematen dituen seinale da Latxa Esnea kooperatiba. Hego Euskal Herri osoko 30 bat ardi esne ekoizlek sortu zuten 2012an, besteak beste, esnea jasotzen zieten enpresekin salerosteko baldintzak hitzartu nahi zituztelako. «Sekulako nahastea zegoen sektorean», azaldu du Peio Etxeberria artzain eta gaztagileak. Villabona-Amasako Alustiza baserrian bizi da Etxeberria, Gipuzkoan. 300-400 buruko artaldea du, eta baserriaren izen bereko gazta egiten du, Idiazabal jatorri izenaren barruan.

Zertan aldatu zaizue egoera kooperatiba sortu zenutenetik?

Erabat. Lehen, egoera penagarrian geunden. Esnea saltzen genuen inolako kontraturik gabe; ez genuen jakiten ez zenbat ordainduko ziguten, ez noiz ordainduko ziguten. Enpresen mende geuden erabat, eta sekulako gabeziak genituen. Horregatik sortu genuen kooperatiba, eta, ordutik, gure egoerak nabarmendu egin du hobera. Beste errespetu batekin tratatzen gaituzte orain.

Zer moduzko harremana daukazue enpresekin?

Bada gurekin ezer jakin nahi ez duenik, baina, oro har, ona. Konturatu dira gu ahaleginak egiten ari garela eurei gauzak errazago jartzeko. Azkenean, denoi mesede egiten diguten konponbideak topatzea da kontua. Lehen, lau baserritar zeuden herri batetik hiru enpresatako kamioiak pasatzen ziren esne bila. Eta, gero, kexatu egiten ziren, esnea biltzea garestiegi ateratzen zitzaielako. Orain, lau enpresetatik hirurekin dugu tratua, eta egin duguna da kooperatibako ekoizleak multzoka banatu eta enpresa bakoitzari multzo jakin bat eman, ahalik eta gasturik txikienak izateko, gero guri esnea gehiago pagatzeko.

Zenbat ekoizten duzue?

Bi motatako artzainak gaude. Batzuk gaztagileak ere badira, beraz, ekoizten duten esnearen parte bat erabili egiten dute, eta bestea saldu. Besteek, berriz, ekoizten duten esne guztia saltzen dute. Guztira 1,5 milioi litro inguru ekoizten ditugu urtean, eta horietatik milioia pasatxo saldu egiten dugu.

Gaztagile ere bazaretenok, norberak bere aldetik ala kooperatiban egiten duzue gazta?

Gaztagile bakoitzak dauka bere gaztandegia, eta han egiten du gazta. Baina, kooperatibak gastu batzuk ditu, eta gastu horiek ordaintzeko kooperatibak gazta egiten du. 22.000 litro inguru erabiltzen ditu horretarako. Era horretara, artzainek ez dute euren patrikatik dirurik jarri behar.

Kooperatibako gaztagile guztiok Idiazabalgo gazta egiten al duzue?

Bai. Kooperatiba sortu genuenean, hango kide izateko baldintza jarri genuen Idiazabal jatorri izenaren barruan egotea.

Artzainari babes handia ematen al dio sor-marka batek?

Bai, eta hori horrela da, bai hemen eta bai kanpoan. Kooperatiba sortu genuenean, atzerrira bizpahiru bidaia egin genituen beste esperientzia batzuen berri izateko, eta ohartu ginen denean oso antzera daudela gauzak. Gaur egun, esnea salduz bakarrik ez dago bizitzerik, eta jatorri izenetik kanpo gazta egiten dutenak nahiko egoera ziurgabean daude. Jatorri izen batek balioa ematen dio gure lanari eta ekoizten dugun produktuari, eta izugarrizko babesa eta lasaitasuna ematen digu guri. Jatorri izena galtzen utziko bagenu, ardi latxak ez luke izango inolako etorkizunik.

Saltzeko orduan ere antzematen al da babes hori?

Nekazaritzan tarteak horren estuak direnez, beste ezerk dirurik ematen ez zuela eta denak ardietara pasatzen joan dira, eta lehia handia dago orain. Hala ere, jatorri izenaren barruan gaudenok, marjinekin estu antzean gabiltzan arren, ez gaude kexatzeko moduan. Hortik kanpo daudenak, ordea, ikaragarrizko borrokak eta arazoak dituzte.

Inoiz pentsatu duzu Idiazabalgogazta ez den beste esnekiren bat egiten hastea?

Ez, baina egia da gazta mota horren merkatua nahiko beteta dagoela, eta hasiberri batentzat lekua egitea erraza ez dela. Beste produktu batzuekin probatzea aukera ona da gazteentzat.

Artzaintzan eta gaztagintzan hasierak ez dira errazak izango…

Ez horixe, eta gazteei sektorera sartzen laguntzeko zerbait egin beharko genuekela iruditzen zait. Artzain eskolatik atera eta inbertsio handiak egin behar izaten dituzte, 20-30 urteko maileguetan sartu behar izaten dute.

Latxa Esnearen arrakastaren ondotik, arkume ekoizle batzuk Larsabi elkartea sortu duzue.

Hala da, bai. Larsabin ere Hego Euskal Herri osoko ekoizleak gaude. Oraingoz, elkartearen izena zabaldu nahian ari gara, kontsumitzaileek Larsabi marka kalitate berezitua duen arkumearekin identifika dezaten. Ematen du interesa piztu duela, baina denbora beharko dugu geure tokia egiteko eta emaitzak ikusten hasteko, arkumeen merkatua lur jota baitago.

Sor-marken gerizpean