Gaztaren bidea

Txina. Hamar txinatarretatik bederatziri kalte egiten die esneak, baina geroz eta esneki gehiago kontsumitzen dute. Hango gazta industria hazten ari da, eta espero dute hala jarraitzea.

Txinatarrek ere jaten dute

 

Txinatarrek, oro har, gaztarik eta bestelako esnekirik ez zuten kontsumitzen oraintsu arte. Areago, txinatar askori nazka eragiten diete lizunez eta bakterioz hartzitutako elikagaiek eta usain eta zapore indartsuak dituztenek. Harrigarria izan daiteke mendebaldarren begira, jakina baita zain, errai eta barrukiz egindako platerak ohikoak direla hango sukaldaritzan.

Esnekiekiko aurkakotasun horren atzean arrazoi bat baino gehiago dago. Arrazoi historikoak eta bilakaerarekin zerikusia dutenak aipatu izan dituzte aditu batzuek. Besteak beste, artzaintzak indar gutxi izan duela herrialde hartan. Esnea kontsumi- tzera ohitu ez direnez, giza organismoak laktosa edo esnearen azukrea onartzeko beharrezkoa duen laktasa deituriko entzima ez dute garatu, eta, ondorioz, esneak kalte egiten die. Salbuespena dira gaur egun Txinaren menpe dauden Tibet eta Mongolia aldeko herritarrak, haietan artzaintzarako joera handiagoa egon delako.

Hamar txinatarretatik bederatziri esneak kalte egiten die. Baina geroz eta esne eta esneki gehiago kontsumitzen dutela diote datuek, batez ere mendebaldeko sukaldaritzak herrialde hartan duen arrakastak bultzatuta. Eta pizzak, espagetiak, gazta pastela eta sandwichak dagoeneko ez zaizkie horren arrotzak txinatarrei. Orain, txinatar bakoitzak batez beste 100 gramo gazta jaten ditu urtean. Japoniarrek jaten dituzten 2,4 kiloen eta hegokorearrek jaten dituzten 2,8 kiloen ondoan gutxi da, eta are gutxiago estatubatuarrek jaten dituzten hamabost kiloekin eta europarrek jaten dituzten 18,6 kiloekin alderatuz gero. Baina hasi besterik ez dira egin: hango gazta industria hazten ari da, eta hazten jarraituko duela espero dute. Txinako Aduanetako Administrazio Orokorraren datuen arabera, iaz 108.300 tona gazta inportatu zituzten herrialdera, 2011n inportatutakoa halako ia hiru. Eta soilik Zeelanda Berriari 6.200 tona gazta erosi zizkion iaz, 2017an baino %26 gehiago.

"Urtebetean ekoizpena seikoiztu egin du Txinako esne konpainia handienak, eta gazta salmentak %25 handitu ditu"



Gaur, txinatar bakoitzak, batez beste, 36 kilo esneki kontsumitzen ditu urtean; duela hogei urte baino sei aldiz gehiago. Asian batez beste kontsumitzen dutenaren erdia eta munduan biztanle bakoitzak batez beste kontsumitzen duenaren herena baino gutxiago da, baina, horretan, prezioak ere izango du eraginik, esne litroak Europan eta AEBetan balio duenaren halako bi balio baitu Txinan. Ondorioz, esnea osagai duten produktuak garestiak dira hango saltokietan.

Hazkunde indartsua

Txinako esne sektoreak 40.000 tona gazta ekoitzi zituen joan den urtean, eta haiek emandako datuen arabera, esnekien artean gazta salmentak ari dira hazten gehien. Barne Mongolia eskualdeko Yili taldea da Txinako esne konpainiarik handiena, eta 10.560 milioi euroren ekoizpena merkaturatu zuen iaz, 2017an halako sei. Esne salmentak %18, eta gazta, gurin eta esne hauts salmentak %25 handitu zituen urtebetean.

Elikagai sektoreko enpresek ere geroz eta gazta gehiago erabiltzen dute. Merkatuan diren barazki opiltxo, itsaskidun arroz frijitu eta patata morez egindako bolatxo askok gazta dute osagaien artean, Song Kungang Txinako esne industriaren elkarteko idazkari nagusiaren esanetan. Herrialdeak baditu baliabideak ahuntz, bufalo eta jak gazta egiteko, baina produktuen garapena eta aurkezpena lantzea falta zaie ekoizleei. «Gazta pakete txikietan erostea atsegin dute txinatarrek, edo makilatxoetan, snack gisa kontsumitzeko». Herrialdeko gazta industria garatzeko eta barne merkatua sustatzeko, baina, mugak arindu behar ditu.

Nahi beste aukera