Eb europako batasuna ez den europa

Mikroestatuak. Munduko estatu independente txikienetako sei Europan daude. Hiri baten edo eskualde txiki baten tamaina baino ez dute, bai azaleran, bai biztanlerian. Ez dira EBko kide, baina ondoan dituzten estatu handiekin duten dependentziarengatik, harreman estua dute batasunarekin.

Txiki izaten segitzeko asmotan



Munduko hamasei estatu txikienen artetik bortz Europan daude, eta bortz horietatik lau, munduko sei txikienen artean daude. Txikienetan handiena, Andorra, azaleran Zuberoaren erdia baino pixka bat handiagoa da, eta guti goiti-beheiti Bizkaiko Getxo hiriak adina biztanle ditu. Baina estatu independente bat da, eta aulki bat du NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Orokorrean. Eta, Andorra bezala, nazioarteko estatu independenteen klub handienaren kide dira Liechtenstein, Monako eta San Marino. Vatikano Hiriak, berriz, behatzaile estatusa dauka. Europako mikroestatuak dira horiek, bai azaleran, bai biztanle kopuruan hagitz tamaina txikia badute ere, denbora joan, denbora etorri, independentziari eta izaera nazional bereziari eutsi diotenak. Bertze berezitasun bat ere badute: ez dira EB Europako Batasuneko kide.



Europako mikroestatuak fenomeno politiko eta historiko berezi bat dira, kontinenteak jasan dituen gerrei, inbasioei, muga aldaketei eta bertzelako prozesu politikoei irautea lortu baitute, estatu handiagoak eta baliabide gehiagokoak ziren hainbat desagertu diren bitartean. Andorrak, errate baterako, lortu ditu gainditzea Espainiako Erresumak Iberiar penintsula osoaren kontrola hartu zuen garaia (XVI. eta XVII. mendeetan), Frantziako Errepublikaren okupazio urteak (XIX. mendean), eta Espainiako gerraren eta II. Mundu Gerraren urteak (1936-1945). Edo, bertze bat aipatzearren, San Marinok lortu zuen Italiako Erresuma sortzeko prozesutik kanpo gelditzea, XIX. mendean. Horregatik, gaur egun, Italiak erabat inguratzen du Donostiako udalerriaren azalera berbera duen errepublika. Abildade diplomatiko handia, eta garaian garaiko gatazkaren edo prozesuaren nondik-norakoak ulertzeko gaitasuna erakutsi dute, estatu handiagoek interesik eduki ez zezaten haiek xurgatzeko —edo interesa bazuten, xurgatuta ez bukatzeko—.

 

Irudiaren deskribapena Andorrako bi estatuburuak elkarrekin: Joan Enric Vives Urgell elizbarrutiko gotzaina eta Emmanuel Macron Frantziako presidentea, 2017an, Parisko Eliseo jauregian. Ian Langsdon / Efe

Independentziari eusteko, berebiziko inportantzia izan du bizilagun boteretsu baten babespeko bihurtzeak. «Praktikan, mikroestatu guztiek behar dute bizilaguntzat dituzten herrialde handiagoen babesa hainbat arlotan», azaldu du Wouter Veenendaal ikerlariak. «Errate baterako, Suitza arduratzen da Liechtensteinen atzerriko ordezkaritza diplomatikoaz, eta, posta eta diru batasunaren bidez, baita finantza eta diru kontuez ere. Horren antzera, Monakoko epaile gehienak Frantziakoak dira, eta San Marinoko polizia gehienak, berriz, Italiakoak». Andorrakoa ere kasu berezia da hagitz. Frantzia eta Espainia arduratzen dira Andorraren defentsa politikaz. Printzerri bat da, Erdi Aroan sortua, eta estatu buruzagitza partekatua du: Frantziako Errepublikako presidentea, eta Andorra eta Kataluniako zati bat hartzen dituen Urgell elizbarrutiko gotzaina dira printzeak —gaur egun, Emmanuel Macron eta Joan Enric Vives—.

 

 

"Kide bihurtuko balira, EBren arauak bete beharko lituzkete zergetan, bankan eta finantzetan"

Wouter Veenendaal. Leiden unibertsitateko irakasle eta ikerlaria

 

Herbehereetako Leiden hiriko unibertsitateko Zientzia politikotako irakaslea da Veenendaal, eta estatu txikien inguruko hainbat ikerketa egin ditu, Europan ez ezik, baita Afrikan, Kariben eta Ozeano Barean ere. Europakoen kasuan, azaldu du Vatikano Hiria bertze lau mikroestatuetatik aparteko kasua dela. «Normalki ez da estatu erreal gisa ikusten, ez duelako populazio egonkorrik». Vatikano Hiria Goi Erdi Arotik XIX. mendera arte existitu ziren Elizaren Estatuen oinordekoa da; hau da, Eliza katolikoko aita santuaren aginte zuzena zuen lurraldearen azken hondarra. Vatikanoko estatua 1929an sortu zen, Italiako Erresumarekin akordio bat egin ondoren, erresuman Benito Mussolini diktadore faxistak agintzen zuenean. Geografikoki Erromako auzo bat dela erran liteke, eta Eliza katolikoaren botere zentroa izateko helburua du.

San Marinoren aurrekaria

800 pertsona inguru bizi dira Vatikano Hirian, gehienak klerikoak, eta gainerakoak Guardia Suitzarreko kideak eta funtzionario zibil gutxi batzuk. Nazioartean estatu independentetzat onartua dago, ordezkaritza diplomatikoak ditu mundu osoan, eta euro eta pasaporte propioak jaulkitzeko eskubidea du —pasaportea jaso dutenek Vatikanoko herritartasuna galtzen dute hirian duten egitekoa bukatu ondoren, eta jatorrizko herrialdekoa berreskuratzen dute—. Baina ezberdintasun nabarmenak ditu bertze mikroestatuekin, bai funtzionamenduan, eta, gehienbat, nortasunean.

 

Irudiaren deskribapena
Antoni Marti Andorrako gobernuburua, Serge Telle Monakoko Estatu ministroa eta Nicola Renzi San Marinoko Atzerri idazkaria, iaz, Monakon egin zuten bilera baten ondoren. EFE

EBrentzat erronka bat da estatu horiekiko harremana, baita haientzat EBrekiko harremana ere. Andorrak, Monakok eta San Marinok babesletzat dituzten estatuak EBko kide dira, eta hiru mikroestatuak batasuneko lurraldeez inguratuta bizi dira. Horregatik, nahiz eta ez duten batasuneko erabakietan parte hartzeko eskubiderik, estatu babesleen bidez hainbat arau aplikatzen zaizkie, eta integrazio esparru batzuen parte dira. Errate baterako, hiru mikroestatu horiek aduana batasuneko kide dira, eta euroa dute dirutzat. Baina, kontrara, ez dira zirkulazio askeko Schengen eremuko kide, nahiz eta Monakok Frantziarekin adostuta eta San Marinok Italiarekin muga irekita duten —Andorrak, ordea, kontrol iraunkorrak ditu Frantziarekin eta Kataluniarekin—.

Baina estatu horiek ez dute interes handirik erakutsi EBko kide izateko. «Nik dakidala, EBko kide izateari buruz eztabaida serio bat izan duen mikroestatu bakarra San Marino izan da», azaldu du Veenendaalek. Hain zuzen, 2013an erreferendum bat egin zuen EBko kide izateko eskaera egin ala ez erabakitzeko, eta gehiengoak baiezkoa erantzun bazuen ere, parlamentuak bertan behera utzi zuen erabakia, parte hartzea txikia izan zelako. Ikerlariaren arabera, nazioarteko finantza krisiaren ondorioz planteatu zuten EBn sartzea, San Marino «gogor» kolpatu baitzuen, eta irtenbide bat izan zitekeela pentsatu zutelako herritar anitzek. «Gaur egun, herritar eta alderdi gehienak EBko kide izatearen aurka daude».

 

 

"Mikroestatu gehienak hagitz aberatsak dira, eta behar adina onura lortzen dituzte EBtik, horko kide izan gabe"

Wouter Veenendaal. Leiden unibertsitateko irakasle eta ikerlaria

 

Interes falta horren arrazoitzat estatu horien jarduera ekonomikoak eta bizimodua ikusten ditu Veenendaalek. «Kide bihurtuko balira, EBko arauak bete beharko lituzkete zergetan, bankan eta finantzetan, eta, segur aski, ekonomikoki sufrituko lukete». Izan ere, mikroestatuek ekonomia iturritzat erabili dute banka sistemaren iluntasuna, eta salerosketarako zerga salbuespen bereziak. Zerga paradisutzat salatu izan dituzte. EBk gaur egun ez ditu hala izendatzen, baina gogor estutzen ditu Bruselarentzat onargarria den araudi bat ezar dezaten. «Mikroestatu gehienak hagitz aberatsak dira, eta behar adina onura lortzen dituzte EBtik, horko kide izan gabe». Gainera, Leiden unibertsitateko ikerlariak arrazoi politikoak eta sozialak ere ikusten ditu interes faltaren gibelean. «Monakok eta Liechtensteinek monarkia boteretsuak dituzte, eta EBk anitzetan kritikatu ditu demokratikoak ez izateagatik. Kide bihurtuko balira, segur aski haien sistema politikoak erreformatu beharko lituzkete». Sozialki, berriz, Veenendaalen ustez mikroestatuek «gizarte nahiko kontserbadore eta erlijiosoak» dituzte. «Hagitz lege zorrotzak dituzte abortuarekin, eutanasiarekin, LGTB eskubideekin —sexu berekoen ezkontzena bezalako auzietan—, eta droga leunekin. EBko kide bihurtuko balira, Europako giza eskubideen taldeek presio eginen liekete lege aurrerakoiagoak onar ditzaten kontu horietan».
 

Irudiaren deskribapena
Matteo Fiorini eta Enrico Carattoni San Marinoko kapitain buruak (estatuburuak) Frantzisko I.a Eliza katolikoko aita santuarekin, iaz, Vatikano Hirian.. Stefano Rellandini / Efe

EBk politika koherente eta bateragarri bat ezarri nahi du mikroestatu guziekin, eta 2015az geroztik elkartze akordio bat negoziatzen ari da haiekin. Baina EBk berak ere ez du interesik mikroestatuak klubeko partaide egiteko. Horrek suposatuko luke, bertzeak bertze, Europako hiri txiki baten tamaina duten estatuek Alemaniak eta Frantziak dituzten eskubide berberak edukitzea Europar Kontseiluan. «Herrialde handien sentipena da estatu txikiek eragin handiegia dutela auzi politikoetan eta ekonomikoetan, betorako eskubidea barne». Gaur egun, EBko estaturik txikiena Malta da; Andorra baino txikiagoa da azaleran, baina sei aldiz biztanle gehiago dauzka.

 

Irudiaren deskribapena
Ueli Maurer Suitzako presidentea eta Alois Liechtensteingo printze oinordekoa Suitzako ohorezko guardiaren aurrean, joan den apirilean, Bernan.. EFE

Liechtensteinen eredua

Andorraren, Monakoren eta San Marinoren aldean, ezberdina da Liechtensteinen egoera. Lehenik eta behin, printzerri horren babesle den estatua, Suitza, ez da EBko kide. Eta, bigarrenik, Liechtenstein EFTA Europako Merkataritza Librerako Elkarteko kidea denez, harremanetarako markoaren zati handi bat egonkortuta du horren bidez. Suitza bera, Norvegia eta Islandia dira EFTAko bertze kideak. Europako Merkatu Bakarreko kideak dira EBko herrialdeekin batera, eta zirkulazio askeko Schengen eremuan daude. «Uste dut hori dela mikroestatuek EBrekin nahiko luketen harreman eredua, onurak lortzea kide izan gabe».

Etorkizunera begira, Veenendaalek aukera bakarra ikusten du mikroestatuek EBko kide izateko nahia agertzeko: «Krisi ekonomiko edo finantza krisi handi bat, mikroestatuentzat egiazko mehatxu bat litzatekeena. Azken krisian, 2008-2012 artekoan, Islandia eta San Marino bat-batean interesatu ziren EBko kide izatearekin, krisiari ihes egiteko modu baten gisan ikusi zutelako. Hala ere, haien ekonomiak hobetzen hasi zirenean, EBko kide izateko interesa gutxitu egin zen».

 

 

 

 

Kronologia.

1963. Europako aduana batasuna sortu zen, eta Monako hasieratik egin zen horko kide, Frantziarekin mende bat lehenago egina zuen aduana hitzarmenaren ondorioz.

1991. Andorra eta San Marino Europako aduana batasunean sartu ziren.

1995. Liechtenstein Europako Ekonomia Esparruan sartu zen EFTAko beste bi estaturekin batera, eta Elkartze akordioa sinatu zuen.

2002. Andorra, Monako, San Marino eta Vatikano Hiria euroa erabiltzen hasi ziren, eta EB Europako Batasunak baimena eman zien euro kopuru propio bat jaulkitzeko.

2011. Liechtenstein Schengen eremuko kide egin zen.

2013. San Marinok erreferendum bat egin zuen EBko kide izateko eskaera egin ala ez erabakitzeko. Baiezkoak irabazi zuen, baina parlamentuak bertan behera utzi zuen emaitza, parte hartze txikiarengatik.

2015. EB elkartze akordio bat negoziatzen hasi zen Andorrarekin, Monakorekin eta San Marinorekin.

2019. Europako Parlamentuak Europar Kontseiluari gomendatu zion Andorrarekin, Monakorekin eta San Marinorekin elkartze akordio bat egiteko.