Euskal herriko enklabe eta esklabeak

Villaverde Turtzioz. Bizkaiko herriz inguraturik dagoen arren,  administratiboki Kantabriari dagokio Villaverde Turtzioz udalerria. Desanexio prozesua alboratua dute herritarrek egun.

Abegi hobea etxetik at



Gaur egun, enklabeari buruzko eztabaidak antzuak dira herrian», azaldu du Jose Ignacio Agirrek, Tejea kultur elkarteko kide izandakoak. Karrantza, Artzentales eta Turtzioz Bizkaiko herriak ditu mugakide Villaverde Turtzioz udalerriak, eta bizimodua Enkarterriko beste edozein herriren antzera egiten dute bertako herritarrek. Administratiboki, baina, Kantabriaren (Espainia) menpe dago, duela 700 urte baino gehiagotik. Hamar auzotan banatuta, guztira, hogei kilometro koadroko eremua duen herri bat da Villaverde Turtzioz. Oso haran lauak eratzen du udalerria, Aguera ibaiak zeharkatuta. Herrian bertan, Tejea mendietan sortzen da hogei kilometroko ibilbidea egiten duen ibai hori.

Behin baino gehiagotan saiatu dira herritarrak Bizkaian sartzeko saioa eta prozesua abiatzen. Azken saiakera 1986. urtean izan zen. Udaleko osoko bilkura batean, oniritzia eman zioten anexioa eskatzen zuen mozioari. Alta, epaitegietan atzera bota zuten Villaverde Turtziozko herritarren erabakia, eta ordutik ez da beste saiakerarik egin. «Egun, erreferenduma egingo balitz, herriko gazteek Bizkaira aldatzea bozkatuko lukete», dio Agirrek. Hala ere, azpimarratu du herrian ez dagoela gutxieneko tentsiorik gai horren inguruan. «Politikoki ezinezkoa da, erabakia Kantabriako agintarien esku dagoelako, eta haiek ez lukete onartuko. Horrek, baina, ez du kentzen Villaverde Turtziozko herritarrek bizimodua Bizkaian errotua izatea». 21 urte ditu Desire Villarrek, eta bizi osoa darama Villaverden. «Egunerokoa, oro har, Bizkaian egin dut; lagunak han ditut, eta, niretzat, ni ere euskal herritarra naiz». Euskaldun sentitzen da Villar; euskaraz hezia da, eta adierazi du nahiko lukeela egunen batean desanexio prozesua berriz martxan jartzea: «Gai konplexua da. Herrian badago Kantabrian gelditu nahi duen jendea ere, baina ezin da ukatu Bizkaiarekin dugun lotura hertsia dela».

 

"Erabat eskertuak gaude Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren harrerarekin"

Javier Perez. Alkatea

 

Aitzitik, gehienbat gazteak dira euskal herritar sentimenduari eta Bizkaiko herritar bihurtzeko nahi horri eusten diotenak. Baina, oro har, jendeak onartuta dauka afera politikoa dela, eta egiteko gutxi dagoela. «Onartzen dugu Kantabriaren menpe bizi garela. Baina horrela ere ondo bizi gara. Egoerak ez digu asko eragiten», aitortu du Galder Munsurik. Villaverde Turtziozen jaio zen Munsuri, eta eskolako lehen urteak ere bertan egin zituen. Egun herritik kanpo bizi bada ere, herrira itzultzea gustatzen zaio. Are gehiago, La Matanza udalerriaren erdiguneko auzoko jaietan. Hain zuzen ere, Ikastobiaren Feria egiten dute uztaileko azken astean Villaverden. Haran osoko ospakizuna antolatzeko helburuarekin, Tejea kultur elkarteak sortu zuen Ikastobiaren Feria.

Bizimodua, herritik at

Nekazaritza, abeltzaintza eta ikazkintza izan dira mendeetan bertako diru iturri nagusi. Gaur egun ere nekazaritza eta abeltzaintzarekiko lotura handia dute, baina askok Enkarterriko lantegietara jo behar izan dute lanera, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren zerbitzuak baliatzen dituzte hainbat alorretan.

 

"Osakidetzarekin akordio bat du udalak, eta, zerbitzua Castron eduki arren, Bizkaian ere artatzen gaituzte"

Josune Gomez. Farmazialaria

 

Umeek, adibidez, Turtziozen hasten dute ikasketa prozesua, eta, gero, Balmaseda edo Zallako institutuetara joaten dira. 1990eko hamarkada arte, eskola publikoa izan zuten herrian, baina itxi egin behar izan zuten haur faltagatik. Ordutik, ia ume denak Bizkaiko eskoletan ari dira, eta, bertan eskolaratzeko eskubideaz gain, garraioa eta jantoki eskubidea ere badituzte. «Guztia Eusko Jaurlaritzak finantzatuta», nabarmendu du Agirrek.

 

Irudiaren deskribapena Bilboko Elizbarrutiko parte da herriko parrokia. Aritz Loiola / Foku

 

Autobus zerbitzua ere Bizkaiko Foru Aldundiak ematen die. «Kantabriako Gobernuak bospasei markesina jarri zituen herrian, baina ez dago Kantabriako linearik Villaverden; are gehiago, markesina horiek Bizkaibusek erabiltzen ditu», azaldu du Agirrek. Bizkaiko Karrantza edo Lanestosa herrietara doazen autobusak igarotzen dira handik. Bilbora joateko, berriz, Balmasedan edo Zallan autobus aldaketa egin behar izaten dute. «Autobus zerbitzua nahiko eskasa da. Eskertuko genuke zerbitzua handitzea», esan du Villarrek. Autobusez gain, Santander-Bilbo tren zerbitzua herriaren erdigunetik kilometro eta erdira igarotzen da.

 

 

"Onartzen dugu Kantabriaren menpe bizi garela. Baina horrela ere ondo bizi gara. Egoerak ez digu asko eragiten"

Galder Munsuri. Villaverde Turtziozen jaioa

 

Bestalde, zabor bilketaz, joan den urtera arte, Enkarterriko Mankomunitatea arduratzen zen. Gaur egun, berriz, Kantabriako Gobernuaren esku dago. Telefono finkoan Bizkaiko aurrizki bera dute (94), eta, turismo alorrean ere, Enkarterrikoaren parte dira. Supermerkatu handietara joan behar dutenean, Bizkaiko herriak irisgarriago egiten zaizkie Castro eta Laredo baino.

Etnografiaren Interpretazio Gunea daukate herrian. 2001ean inauguratu zuten, udalerriko eskolak zeuden eraikinean, La Matanza auzoan. 1898. urteko eraikina da, eta Hernandez-Mendiritxaga familiaren dohaintza izan zen. Herritarrek utzitako tresna eta lanabesekin, historian bertan nagusitu diren ogibideak eta etxeko bizimodua zelakoak diren azaltzen dute museoan.

 

"Egun,erreferenduma egingo balitz, herriko gazteek Bizkaira aldatzea bozkatuko lukete"

Jose Ignacio Agirre. Tejea kultur elkarteko kidea

 

Horrez gain, Villaverde Turtziozko edaririk ospetsuena ardo berdea da. «Kantabriako lehena» azpimarratu du Agirrek. Txakolin argia da, ukitu garratz bat duena. Eguzkiak gutxi jo eta hezetasun handia egon arren, Erdi Aroko mahastiak landatzeko ohitura dute.

 

Irudiaren deskribapena Taberna, farmazia eta anbulategia daude La Matanza auzoan. Aritz Loiola / Foku

 

Zerbitzuei dagokienez, buruhauste gehien osasun alorrak sortzen die herritarrei. Erkidegoen arteko osasun transferentziak konpondu gabeko arazoa dira oraindik ere. Herritarrek, oro har, Bizkaira joan nahi izaten dute medikuarenera: hala adierazi dute Agirrek, Villarrek zein Munsurik. «Arazorik ez izateko, batzuek Bizkaian erroldatu nahi izaten dute», gaineratu du Agirrek. La Matanza auzoan, kale nagusian dago medikuaren etxea Villaverden. Medikuak kantabriarrak izaten dira, eta, Agirrek dioenez, gaixoa Kantabriako ospitaleetara bideratu ohi dute, batik bat beren sarearen parte delako.

Larrialdietan, estu

Baina arazorik handienak larrialdietan izaten dituzte. Anbulantzia bati deituz gero, Kantabriako herria izanik, hango anbulantziei dagokie joatea, eta horiek Castroko edo Laredoko ospitaletara eramaten dituzte herritarrak; Bizkaiko gertuko ospitalea baino urrutiago.

 

"Egunerokoa, oro har, Bizkaian egiten dut; lagunak han ditut, eta, niretzat, ni ere euskal herritarra naiz"

Desire Villar. Herritarra

 

Kale Nagusian dago herriko farmazia ere. Josune Gomez farmazialariak errezetekin izan ohi ditu arazo gehienak. Bizkaiko medikuek errezetatutako farmakoak lurraldetik kanpo ateratzea ez zen posible orain arte. Hala ere, hori guztia konponduz doala adierazi du, eta nahi duten medikuarenera joateko ere gero eta traba gutxiago dituztela. «Osakidetzarekin akordio bat du udalak, eta, zerbitzua Castron eduki arren, Bizkaian ere artatzen gaituzte».

Kantabriako erakundeen tratu hobea eskatzen dute Villaverde Turtziozko herritarrek. Utzikeria sentitzen dute: ez dute uste lurraldeko gainontzeko herritarren aukera berak dituztenik. Duela hamar urte baino okerragoa da egoera. Desberdinak direla badakite, eta izaera hori aitortzea eskatzen dute. Hala ere, Javier Perez alkateak alboko herrietako bizilagunen harrera eskertu du: «Erabat eskertuak gaude Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren harrerarekin».