Eajk 125 urte

Elkarrizketa Andoni Ortuzarrekin. EAJren EBBren lehendakariaren arabera, ezker abertzalearekin orain duten harremana «txarra» da; «agian belaunaldi berri batek etorri beharko du konpondu ahal izateko», esan du.

«Historikoki, EAJren dohainik behinena unean uneko egoerara egokitzen jakitea izan da»

 

Sabin Etxean hartu du BERRIA Andoni Ortuzar EAJren EBBko lehendakariak (Abanto, Bizkaia, 1962). Ez da ohiko elkarrizketa izan: EAJren 125. urteurrena kari, egunean eguneko jarduera politikoa alde batera utzi eta arnasa luzeagoko gaiak jorratu ditu burukide jeltzaleak. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako emaitzak ezagutu aurretik egin da elkarrizketa.

Sabino Aranak 1895eko uztailaren 31n sortu zuen EAJ. Zure ustez, zein da gertaera historiko horren garrantzia?

Berebizikoa. Nik uste dut Aranari ez zaiola aitortu bere meriturik behinena, euskal nazio kontzientzia itzartu izana. Foru erregimenaren galera bizi izan zuen, eta jakin zuen foru kontzientzia batetik nazio kontzientziara pasatzen. Nire ustez, hori da gakoa: euskaltasuna nazio baten partaide izatearen sentimendu bilakatu zuen.

Meriturik ez zaiola aitortu diozu. Zergatik?

Nik uste dut Sabinorekin ez dela justizia egin. Seguru asko, Euskadik bere nazio askapena lortu izan balu, Lincoln edo Churchill euren herrialdetan direna izango litzateke. Bera oso gazte hil zen, eta gainera, 40 urteko diktadura luzea iritsi zen, eta diktadurarentzat EAJ eta horrekin zerikusia zuen guztia oso deserosoa zen, haien diskurtsoa apurtzen zuelako: EAJ alderdi katolikoa zen, ordenazalea, enpresa askatasunaren aldekoa, eta hori ez zetorren bat diktadurak bere etsaiez eman nahi zuen irudiarekin. Horregatik EAJri, eta Aranari berezirik, ospea kentzen saiatu ziren.

Eta zer irizten diezu Aranaren pentsamendua arrazistatzat salatzen dutenei?

Aranaren garaikide gehienak hartzen baditugu, Karl Marx barne, edo orduko pentsalari espainiarrak, Giner de los Rios esaterako, gaur egungo begiekin ikusita gustatzen ez zaizkigun gauzak topatuko ditugu. Denak ziren arrazistak, klasistak, emakumeari dagokion tokia ez zioten ematen, zuriak gehiagokotzat zituzten eta gainerakoei gurasokeriaz begiratzen zieten eta abar. Sabinok ere itzalak ditu, dudarik gabe. Baina argiuneak askoz gehiago dira, eta uste dut ez dela bidezkoa Sabinoren ekarpena horretara mugatzea.

EAJk bere burua ezagutzen du duela 125 urteko EAJ hartan?

Gauza asko aldatu dira, historikoki EAJren dohainik behinena egoerara egokitzen jakitea izan delako. Hastapenetako alderdiaren eginkizun nagusia zen nazio ezaugarriak berreskuratzea eta herri bat eraikitzen hastea. Diktaduraren garaian alderdiak txarto pasatu zuen, baina 1977an berriro ekin genion herriaren instituzionalizazioari. Beraz, EAJ beti egokitu da herritarrek zituzten beharretara. Baina, hala ere, ez dut uste dagoenik 125 urtean bere hasierako balioei hain fidel iraun duen alderdirik. Inoiz ez dugu alderdia birsortzeko kongresurik egin beharrik izan. Frankismoaren ostean, 1977an egin genuen gure lehen nazio batzarra gerra aurreko garaietatik, eta orduko oinarrien gainean egin genuen.

Bi printzipioak uztartu ditugu: egokitzeko gaitasuna, eta siglekiko leialtasuna. Gerra bat pasatu dugu, erbestea, sekulako eszisioa 1986an, eta, hala ere, alderdiak eutsi egin dio beti.

«Inflexioa gertatu zen ELA bere arrakastaz jabetu, eta politikoki ere eragiteko erabakia hartu zuenean»

Andoni Ortuzar. EAJren EBBko lehendakaria


Trantsizioaren garaian EAJk egindako hautuari zer irizten diozu?

Nik uste dut zuzena izan zela. Gure arteko asko ez ziren fidatzen trantsizioaz, baina, beste aldean, haustura amildegia zen, horretarako baldintzarik ez zegoelako. Trantsizioa egiteko moduaz eta emaitzez eztabaida daiteke, baina ataka hartan erreformaren alde egitea zuzena izan zen.

Ezker-eskuin ardatzean non kokatzen da EAJ?

Nik uste dut bilakaera bat egon dela, hasierako zentro-eskuinetik zentro-ezkerrera. Lehenengo urte haietan erlijioaren eta katolizismoaren pisua oso garrantzitsua zen. Horrek bazituen bere mugak, erlijioa garai hartan oso hertsia zelako, baina abantailak ere bai, balioen aldetik batez ere: horri esker sortu zen humanismo kristaua, demokrazia kristaua, kooperatibismoa eta abar. Baina egia da 1930eko hamarkadan, alderdia zentro-eskuinekoa zela, eta batzuk eskuinekoak. Erbestearen garaian, [Jose Antonio] Agirreren eta [Xabier] Landabururen heriotzek alderdia umezurtz utzi zuten, eta politika sozialetan ez zen asko definitu. Baina 1977ko Batzar Nagusian ponentzia sozioekonomikoa onartu zen, oso progresista zena.

Gero, EAJri egokitu zaio euskal instituzioak kudeatzea, eta nik uste dut Euskadi oso ondo kokatuta dagoela politika sozialetan Europako gainerako herriekin alderatuta. Seguru asko, gaurko EAJ da Europan marxismotik ez datorren sozialdemokraziarik behinena. Gaur egun ezkerra eta eskuina zen den definitzeko dauden zailtasun guztiak gorabehera, kontserbadurismo eta progresismoaren arteko dikotomian EAJ progresisten aldean dago dudarik gabe.

Andoni Ortuzar
RAUL BOGAJO / FOKU

Historikoki, EAJren eta ELAren arteko harremana oso estua izan da. Azken urteetan, aldiz, desadostasuna erabatekoa izan da.

Garai batean, kontraesanak sortzen ziren, ELA sindikatu bat delako eta gu gobernu alderdi bat, baina kontraesan horiek mahai baten inguruan konpontzeko modukoak ziren, lehentasunak zirelako herria instituzionalizatzea, euskal administrazioa berreraikitzea eta abar. Harremanak onak izan ziren 90etako hamarkadaren amaiera arte. Inflexioa 1997an gertatu zen, ELA bere arrakastaz jabetu zenean: ELA konturatu zen erakunde abertzale indartsuena dela 100.000 afiliatu ditu; EAJk, berriz, 30.000 inguru, eta politikoki ere eragiteko erabakia hartu zuen. Beste aldetik, Porto Alegreko Foroaren ostean [2001] sindikatuan badago aldaketa bat.

Zertan gauzatu zen aldaketa hura?

Sindikatuaren kongresuetan ere agerikoa izan zen: ordura arte CIOSL eta CMT federazioetako ordezkariak etortzen ziren kongresuetara, eta une batetik aurrera, Latinoamerikako sindikatuak, jatorri komunistakoak eta estaturik gabeko nazioetakoak etortzen hasi ziren. Sindikatuan badago norabide aldaketa bat, EAJ eta batez ere administrazioa patronala balitz bezala ikusarazten diona. Gauzak lortzera bideratutako sindikalismo batetik konfrontazio eredu batera pasatzen da. Eta hor harremana apurtzen da.

EAJk ba al du estrategia bat historikoki euskal nazioa osatu duten lurralde guztientzat? Edo inertziak eraman du EAEn arreta guztia jartzera?

Dudarik gabe, urte askoan EAJk, eta mundu abertzale osoak ere, EAEn zentratutako ikuspegia izan dute. Hori ukaezina da. Baina Zazpiak bat-en ikuspegia ez dugu inoiz galdu. Adibidez, ikurren aldetik, eta Nafarroako ikurrari errespetu osoz esanda, guretzat ikurrina da denon bandera. Edo, beste aldetik, [Ipar Euskal Herrian] Herri Elkargoa sortu izana poz handiz ikusten dugu, baina hori ez da gure proiektua, gurea euskal lurraldeen batasun harremana delako, zein bere erritmoarekin eta herritarren borondatearen arabera. Euskadi terminoarekin berdin: guretzat, Euskadi zazpi herrialdeak dira, eta terminoak badu Euskal Herria terminoak baino pisu politiko sakonagoa. Euskal Herria errealitate geografiko eta soziala da; Euskadi, berriz, nazio egitasmo politiko bat.

Baina, praktikan, eguneroko erabilpenak ekarri du Euskadi EAE izendatzeko modu hutsa izatea.

Badakit ez dela eztabaida erraza eta hau gazteei azaltzea zaila dela, baina duela 40 urte foruzale espainolistek Euskal Herria erabiltzen zuten, eta ez zuten inoiz Euskadi esaten, bazekitelako zer zegoen horren atzean: Adurretik Ebrora errealitate politiko bat eraikitzeko egitasmoa.

Ipar Buru Batzarra 1990ean eratu zen, EAJ sortu eta 95 urtera. Ez da oso berandu?

Bai, baina badu bere arrazoia. Historikoki, Iparraldeko gure jendeak, alderdia egituratzen zutenek zerikusi handiagoa zuten erbestearekin jatorriz hangoak zirenekin baino. Ikusten dugunean Europako Batasuna garatzen dela, mugak lausotzen direla eta Iparraldea Hegoaldean gertatzen ari denarekin parekagarria ez den bizitza propioa izaten hasten dela, egoki ikusi genuen han ere egitura sortzea. Baina alderdia beti egon da Iparraldean.

«Ezker abertzaleak bere proiektua garatzeko gurea akabatu behar du; zaila da bien arteko zubi bat eraikitzea»

Andoni Ortuzar. EAJren EBBko lehendakaria


Etorkizunari begira, euskal nazioaren eraikuntzan urrats gehiago egiteko aukera ikusten duzue?

Egon behar du. Egia da gure estrategia, hein handi batean, Europaren bilakaerari lotuta egon dela, eta bilakaera hori ez dela izan guk uste genuena. Europak lagun dezake, baina gaur egun oraindik gure erronka nagusia da nola kudeatzen dugun Espainiako Estatuarekiko harremana: lotura apurtu gabe, aldebiko harremana eta erabakitzeko ahalmena bermatzea. Garai batean, eztabaida independentzia bai ala ez zen, baina hori asko konplikatu da: orain, eztabaida da nola ematen ditugun pausoak momentu historiko bakoitzean menpekoak ez izateko.

Eta zeintzuk dira pauso horiek?

Batez ere, hiru arlo dira: nazioaren aitortza, berme sistema bat ezartzea eskubide politiko horiek oztoporik gabe garatu ahal izateko, eta gure kokapena munduan. Hiru arlo horien gainean eraiki behar dugu bideko hurrengo geltokia, hurrengo Maltzaga, Telesforo Monzonen metafora erabilita.

Baina Maltzagara norekin iritsi behar da? Monzon aipatu duzu, baina ez du ematen berak aldarrikatzen zuen abertzaleen batasunaren ideia hori unerik onenean dagoenik.

Ez dugu ukatuko: abertzaletasunaren bi adarren arteko harremana txarra da, eta, gainera, mesfidantza bat sortu da, eta ez dakit bi adarretako zuzendaritzak gauza izango garen hori gainditzeko, edo belaunaldi berri batek etorri beharko duen hori posible izan dadin. Nik uste dut bide hori soilik egin daitekeela ezker abertzalearekin; ez ezker abertzalearekin bakarrik, baina nazio identitatean sinesten duen mundu horrekin egin behar da. Identitateak askotarikoak dira eta errealitate hori ezin da begien bistatik galdu, guztientzako proiektu bat eraiki behar delako, baina logikoena litzateke, abertzaleak gehiengo bagara, abertzaleok gauza izatea ados jartzeko.

Andoni Ortuzar
 

RAUL BOGAJO / FOKU

Orain arte ez zarete gauza izan.

Ez. Aukera bat izan dugu Autogobernu Batzordean eta ez dugu baliatu. Eztabaida dezakegu errua norena izan den, baina ez dut uste merezi duenik. Dena dela, guretzat mingarria izan da, erakutsi duelako alderdiaren interesak herri estrategien aurrean jartzen direla. Seguru asko Arnaldok [Otegi] berdin esango dizu errua niri leporatuz, baina kontua da ez garela gauza izan. Izugarrizko mesfidantza dugu ezker abertzalearekin, eta ezker abertzaleak berdin gurekin.

Hor badago beste arazo bat, sakonagoa: ezker abertzalea ez da EAJren eszisioa. Bere bilakaeran, gureak ez diren kontzeptu, balio eta ideologiez elikatu da, eta bere proiektua garatzeko gurea akabatu behar du. Guk, jakina, ez dugu uzteko asmorik. Baldintza horietan zaila da bi proiektuak uztartzea edo bien arteko zubi bat eraikitzea.

EAJk VIII. Batzar Nagusia egin behar zuen uztailaren 11 eta 12an, eta han alderdiaren zuzendaritza berriztatzea zen asmoa, baina COVID-19aren izurriteak galarazi egin du. Azkenean, noiz egingo duzue batzarra?

Oso zaila da zerbait planifikatzea, ez dakigulako uda ostean osasun egoera zein izango den. Gainera, gurea berme asko jartzen dituen alderdia da, eta oso prozesu luzeak izaten ditugu: estatutuak aldatzeko, adibidez, bi hilabeteko eztabaida egin behar dugu. Hori guztia kontuan hartuta, nik uste dut Batzar Nagusia abenduan egin dezakegula; urtea amaitu aurretik, edozein modutara.

Bihar: EAJren 125. urteurrenaren ekitaldia.