Atezaina bere bakardadean

Carmelo Cedrun. Athleticen historiako handienen zerrendan dago Cedrun. Lezama ordeztu zuen, eta, 402 lehiaren ostean, Iribarri eman zion lekukoa. 50eko hamarkadan jo zuen goia, ‘hamaika abarkadunen’ taldean.

Abarkadunen zaindaria

Athleticen inoiz izan duen belaunaldirik loriatsuenetako bat osatu zuten hamaika abarkadunak delakoek. Espainiako hiru Kopa eta liga bat irabazi zituzten, oraindik askok buruz dakiten hamaikako batekin. Zaleek bereziki iltzatuta dauzkate aurrelarien izenak: Artetxe, Markaida, Arieta, Uribe eta Gainza. Haien joak eta kalitateak gorenera eraman zuten talde zuri-gorria. Haatik, haiek aurkarien ateak zula zitzaten, funtsezkoa zen, lehenik eta behin, eurena ondo zainduta egotea. Bada, zeregin hori maisutasunez bete zuen Carmelo Cedrunek (Zornotza, Bizkaia, 1930). 402 neurketa jokatu zituen Athleticekin, eta, horren sendoa izan zen atepean, ezen San Mameseko horma ezizena jarri baitzioten. Raimundo Lezamari hartu zion lekukoa, eta, arrakastaz beteriko hamalau urteren ondotik, Jose Angel Iribarren esku utzi zituen Athleticeko eskularruak.

Gorpuzkera sendokoa zen Cedrun / ATHLETIC
Gorpuzkera sendokoa zen Cedrun. ATHLETIC

Cedrunenak artilezkoak ziren, amak eginak. Beti sei pare izaten zituen. Hasieran, akaso bakar bat ere ez zuen izango, gurasoek ez baitzuten hura atezain izaterik nahi. Aurrelari hasi zen jokatzen, baina Amorebietan atezain jarri zuten, eta maitemindu egin zen postu berriaz. Ez, ordea, gurasoak: beti urratuz eta zauriz josita iristen zen etxera. Berandu gabe aldatu zuten iritzia, semearen gaitasunaz jabetzen hasi orduko. Haiek ez ezik, goi mailako talde asko ere jakitun zeuden Cedrunen talentuaz. Oviedo izan zen hura fitxatzen ahalegindu zen lehena, eta, tratua ia itxita zuela, Athletic agertu zen. Atezainak ez zuen bitan pentsatu, zuri-gorrien zale amorratua izaki. Hala, kolpean egin zuen jauzi Lehenengo Erregional Mailatik Espainiako Lehen Mailara.

Ehun lagun ingururen aurrean jokatzen zuen Amorebietarekin. San Mamesen, ordea, 40.000 zaleren begiradapean zegoen jardun beharra. Ez zen erronka makala. Cedrun, ordea, ez zen erraz kikiltzen ziren horietakoa. Honela deskribatu du haren seme Andonik: «Pertsona apala zen, baserriko gizon bat. Baina beti izan du jarrera gogorra; oraindik ere halakoa du, eta erronkei ausardiaz egin izan die aurre. Horrela lortu zuen gazterik Athleticen tokia egitea». Hura iristean, aurrealdean beste boskote mitiko bat zuen Bilboko taldeak: Iriondok, Venanciok, Zarrak, Panizok eta Gainzak osaturikoa. Atepean, berriz, erabat finkatuta zegoen Lezama. «Bere garairako, oso aurreratuta zegoen Raimundo, eta idolotzat zeukan aitak. Ohore bat izan zen harentzat halako mito batekin lan egitea. Eta tokia kendu zion azkenean».

"Atetik irteten zenean, hobe zenuen alde batera egin. Denok eramaten gintuen aurrean, aurkari zein taldekide"

Manuel Etura. Athleticeko jokalari ohia


1951n egin zuen debuta Cedrunek, San Mamesen, Sevillaren aurka; eta, urtebete geroago, jada haren izena zeraman Athleticen ateak. Ordezkaezin bihurtu zen, eta hala iraun zuen 1963ra arte. Haren ahalmena ondo oroitzen dute Ignacio Uribek eta Manuel Eturak, garai arrakastatsu haietan zornotzarraren taldekide izandakoek. «Atezain zoragarria zen. Oso segurua zen, eta geldiketa ikusgarriak egiten zituen. Konfiantza itsua genuen harengan, eta, hala, askeago jokatzen genuen aurrelariok», azaldu du Uribek. «Pentsa zer urte pila jokatu zuen, eta inork ezin izan zion postua kendu, Iribar agertu zen arte. Itzela zen, bai atezain moduan, baita pertsona moduan ere», oroitu du Eturak.

Penaltiak gelditzen maisua

Ramallets, Alonso, Arakistain, Argila... Maila handiko atezainak zeuden garai hartan. Haien aldean, garaiagoa zen Cedrun —1,84 metro luze zen—, eta, horri esker, nagusi izaten zen goikako baloietan. Eta bazuen beste bereizgarri bat ere: bere area irteera indartsuen bidez defendatzeko gaitasuna. «Ikusi, eta batez ere entzundakoaren arabera, indar handiz ateratzen zen bere atetik. Ez zuen beldurrik, eta oldarkorra izaten zen irteeretan. Hesi bat jartzen zuen arean, eta handik ez zen inor pasatzen», azaldu du Andoni Cedrunek. Hark egindako deskribapenarekin bat dator Etura. «Hobe zenuen alde batera egin; bestela, zu ere aurrean eramaten zintuen. Berdin zion Kubala izan, edo taldekide bat izan». Uribek, ordea, ñabardura bat egin du. «Irteten zenetan, bai, zezena ematen zuen. Baina batzuetan zalantzak izaten zituen, atera ala ez. Oroitzen dut Maurik beldurrik gabe ateratzeko esaten ziola».

Beldurrik gabe ateratzen zen Cedrun pilotaren bila
Beldurrik gabe ateratzen zen Cedrun pilotaren bila / ATHLETIC


Penaltietan, aldiz, ez zuen dudarik egiten. Mordoa gelditu zuen; batzuk, Wembleyren moduko plaza entzutetsuetan; beste batzuk, Di Stefanoren mailako aurrelariei. Sonatuena, alabaina, Les Cortsen Kubalari gelditutakoa izan zen, 1955ean, Kopako finalerdietan. Ordura arte, inor ez zen gai izan hungariarrari penalti bat gelditzeko. Cedrun izan zen lehena. Eskuinera jaurti zion Kubalak, goiko izkinara, baina atezainak kornerrera bidali zuen baloia. Oso geldiketa plastikoa izan zen. Halako ugari egin zizkion Uriberi entrenamenduetan. «Oso zaila zen hari penalti bat sartzea. «Hortik sartuko dizut», esaten nion, baina ez nion ziria sartzen. Oso atezain argia zen».

Zein zen haren sekretua? Bada, besteak beste, aurkariak aztertzeko ohitura. Hala azaldu du Uribek. «Kontrarioak ondo ezagutzen zituen. Eta bestela, guri galdetzen zigun ea nork eta nola botatzen zituen penaltiak. Bakoitzak beti toki berera jaurtitzen zuen orduan, eta Carmelo horretaz baliatzen zen». Eturak joko-arauak malguagoak izatearen eragina aipatu du. «Atezainek amarruak egiten zituzten. Penaltietan, adibidez, aurrera egiten zuten. Ez zen orain bezala, marra gainean egon behar duzula».

"Gauzak garbi esaten zizkigun beti, eta asko agintzen zigun zelaian. Atezain huts bat baino askoz ere gehiago zen"

Ignacio Uribe. Athleticeko jokalari ohia

 

1936ko gerrak markatu zuen belaunaldi haren umezaroa, eta frankismoaren uztarripean bizi izan zuen gaztaroa. Bere txarrean, soldadutza Bilbon egitea lortu zuen Cedrunek. Sedrun zuen berezko abizena, eta horren arabera, Afrikara joatea zegokion, Zarrari bezalaxe. Aurrelariak han bukatu zuen; ez, ordea, Cedrunek, Athleticek abizeneko lehen hizkia aldatu baitzion: Cedrun, Sedrun ordez. Atezaina Bilbon gelditu zen, eta gerora abizen moldatuari eutsi zion. «Denboratan, telefono aurkibidean Sedrun eduki genuen. Eta etxe batean ere Sedrun genuen. Jendeak esaten zuen Cedrun ez zela agertzen», gogoratu du Andonik.

Horrez gainera, atezain mitikoaren semeak oroitu du Athletic «miretsia» zela orduan, zelaian erakusten zuen kuraiarengatik. «Horren erakusgarri da estatuko zoko guztietan dauden zale taldeak. Sentimendua garai hartan erein zen. Athleticeko jokalariak gogor borrokatzen ziren handien boterearen kontra, eta horrek halako gertutasun bat sortzen zuen gizartean. Horregatik deitzen zituzten abarkadunak».

Di Stefanori haginka

Talde hark 1958ko Kopako finalean jo zuen goia. Real Madrilen aurka jokatu behar zuen, eta segada prestatu zion Espainiako Federazioak, erregimen frankistaren presiopean: Chamartin, Real Madrilen zelaia hautatu zuen finalaren egoitza gisa. Erabakiak haserre bizia piztu zuen zuri-gorrien artean, eta, azkenean, Madrilgo Metropolitano estadioan jokatzea proposatu zieten. Oilarkeriaz erantzun zuen Athleticen orduko presidenteak, Enrique Guzmanek: Madrilen jokatu behar bazen, nahiago zuen Chamartin, han Athleticen zale gehiago sartuko zirelako. Ligako eta Europako txapelduna zen Real Madril, eta dena alde zuen kopa ere bereganatzeko.

Adorez beteriko aurkaria izan zuen aurrean, baina. Hozka egitera atera ziren zuri-gorriak, eta hori hitzez hitz egin zuen Cedrunek, Di Stefanorekin izandako buruz buruko batean. Gelditu egin zuen lehen jaurtiketa, baina baloia zozkatuta gelditu zen, eta lehenago altxatu zen argentinarra. Bada, hitzetik hortzera erantzun zuen atezainak: aurrelariari kosk egin zion belaunean, eta, hala, gola eragotzi. «Lehen ere esan dut, kontuz ibili behar zenuen hura ateratzen zenean. Azeria zen», komentatu du Eturak. «A zer bi elkartu ziren. Kaniketan ere ez zuten galdu nahi. Nire aitak jenio bizia zuen, oso lehiakorra zen, eta atepean hori guztia ateratzen zuen. Harroputz samarra ere izan da. Gauzak arrandiaz kontatu ohi ditu. Gustatu egiten zaio lorpenez hitz egitea», gehitu du Andonik.

Erreskadan jokatutako partiden marka izan zuen, Iñaki Williamsek kendu zion arte
 

132 lehia: Erreskadan jokatutako partiden marka izan zuen, Iñaki Williamsek kendu zion arte / ATHLETIC

Lider izaera ere bazuen, Uriberen irudiz. «Gauzak garbi esaten zizkigun beti, eta asko agintzen zigun: «Kontuz horrekin, zaindu beste hori... Atezain huts bat baino askoz ere gehiago zen». Eta erregulartasuna ere sartu behar da haren bertuteen zerrendan. Izan ere, jarraian jokatu zituen 132 partida, inork baino gehiago Athleticen, harik eta iaz Iñaki Williamsek marka apurtu zuen arte. Atezain ohiaren lanerako grina goratu du Eturak. «Berezko dohainak zituen, eta, gainera, inork ez bezala egiten zuen lan. Inbidia ematen zigun zeukan sasoiak».

Haren erregulartasunak egoskorkeriarekin ere badu zerikusia. Bere sentitzen zuen Athleticen atea, eta beti jokatu nahi zuen, kosta ahala kosta. Hori horrela, min hartuta aritu zen hainbatetan; adibidez, behatz bat hautsita. Honela gogoratu du Eturak: «Partida handia genuen Manchesterren kontra, Europako Kopan. Haren gelakidea nintzen, eta ikusi nuen noizean behin komunera joaten zela. Uraren txorrota ireki, eta eskua sartzen zuen. Ez zela ezer esan zidan. Bada, behatza zeukan apurtuta, eta inor ez zen konturatu. Berak partida hura jokatu nahi zuen ezinbestean».

Amaiera, ozeanoaz bestalde

Bukatu egiten da hasten den oro, bizilegea da, eta 1963an titular postua kendu zion Iribarrek. Hala, urtebete geroago Bizkaiko taldea utzi, eta Espanyolera joatea deliberatu zuen. Bi ezagun zahar topatu zituen han: Kubala teknikari gisa, eta Di Stefano taldekide moduan. Zelai barruko xextrak albo batera utzita, lagun mina zuen argentinarra, Andonik azaldu duenez. «Oso harreman ona zuen Di Stefanorekin, eta Real Madrilen aldeko sentimendua txertatu zion hark. Horrekin adarra jo ohi diot».

Hiru urtez jokatu zuen Bartzelonan, eta, erretiroa hartzekotan zela, Estatu Batuetako liga sortu berriko Baltimore Bays taldearen eskaintza jaso zuen. Han jokatu zuen bere azken denboraldia, eta sos batzuk irabazteko profitatu zuen, Andoniren esanetan. «Oso esperientzia ona izan zen harentzat. Eta, ekonomikoki, diru gehiago irabazi zuen han urte bakarrean, hemen jokatutako urte guztietan baino».

Irudiaren deskribapena

 

Jose Angel Iribar, Carmelo Cedrun eta Gorka Iraizoz, Athleticeko atezainak. MIGUEL TOÑA / EFE

Ia 60 urte igaro dira talde zuri-gorria utzi zuenetik, eta, halere, oraindik beneratu egiten dute zaleek, zahar zein gazte. Horrek gogobete egiten du Andoni. «Bilbon, ni Carmeloren semea naiz, ez naiz Andoni Cedrun. Ederra da Athleticek bere mitoekin duen kultura. Behin, bagindoazen San Mamesera, eta hogei bat urteko mutil batek argazkia eskatu zion aitari. Txundituta gelditu nintzen. Niri esan zidan: 'Bueno, zu ere jarri zaitezke'. Hor jabetu nintzen zer izan den aita Athleticen».

"Bilbon, ni Carmeloren semea naiz, ez naiz Andoni Cedrun. Ederra da Athleticek bere mitoekin duen kultura"

Andoni Cedrun. Atezain ohia eta Carmelo Cedrunen semea

NORTASUN AGIRIA.

IZEN ABIZENAK: Carmelo Cedrun.

JAIOTERRIA: Zornotza (Bizkaia).

JAIOTEGUNA: 1930eko abenduaren 6a.

GARAIERA: 1,84 metro.

IBILBIDEA: Athletic (1950-1964); Espanyol (1964-1967) Baltimore Bays (1968).

ATHLETICEN JOKATUTAKO PARTIDAK: 402.

GARAIPEN ZERRENDA: Lau titulu lortu zituen bere kirol ibilbidean zehar: Liga bat (1955-56); hiru Espainiako Kopa (1955,1956 eta 1958); eta Eva Duarte kopa bat (1950).