Zentzumenak

Ikusmena. Bost zentzumenen artean, ikusmenak du informazio gehien igortzeko gaitasunaz, eta ezinbestekoa da autonomia pertsonal erabatekoa izateko. Itsuek, kasurako, zenbait muga eta traba dituzte egunerokoan.

Munduari begiratzeko manerak

 

Ikusmenaren bidez heltzen da gizakiek jasotzen duten informazioaren %70-80; hau da, begiek informazioa jaso, eta burmuinera igortzen dute, eta organo horrek datu bisualak interpretatu, irudia eraiki, eta horren araberako erantzun bat ematen du. Ikusmenaren bidez ulertzen da espazioa, eta ikusmenak eskaintzen du aurrean dagoenaren inguruko informaziorik osatuena eta azkarrena. Ikusmenak aukera ematen du gidatzeko, irakurtzeko, bideo jokoetan ibiltzeko eta futbolean aritzeko, besteak beste. Bereganatu dezakeen informazio kopuru handia dela-eta, funtsezko zentzumena da eguneroko jarduera ia guztietarako.

Pertsona orok, baina, ez du mundua berdin ikusten. Argazkilari batek begirada zorrotza eta selektiboa du; itsu batek ikusmenik gabeko begirada du, eta optiko batek sendatu beharreko gaitza detektatzeko baliatzen du begirada, besteak beste. Bakoitzak ikusmenaren pertzepzio oso ezberdina du, eta bakoitzari oso maila ezberdinetan zaio erabilgarri zentzumen hori, egokitu zaizkion edo aukeratu dituen zirkunstantzien arabera.

«Argazkiak egin aurretik, buruan eraikitzen ditut irudiak. Ikusitakoaren berreraikuntza bat dira nire argazkiak»

Santiago Yaniz. Argazkilaria

 

Ander Cornejo eta Inma Arrieta, Bilbon.
Ander Cornejo eta Inma Arrieta, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Santiago Yaniz laudiarra argazkilaria da, eta baieztatu du bere kasuan ikusmena etengabe lantzen eta zorrozten duen zentzumena dela: «Ikusmena tresna bat da, baina ikusmenaren arima begirada da». Yanizek ariketa gisa ulertzen du inguratzen duen munduari begiratzea: gerora argazki bat eraiki ahal izateko urrats bat da. «Begiratzea oinarrizko ariketa bat da niretzat. Askotan, argazkiak ateratzen obsesionatzen gara, eta ez dugu tarterik hartzen inguruan dagoena behatzeko». Yanizek azaldu du urteen poderioz begirada «hezi» duela, eta argazkilariak prozesu horren bidez «konektatzen» duela inguratzen duen munduarekin. «Hori da nire lana: ingurua arretaz behatzen dut; hor dauden elementuak analizatu, eta aukeraketa egiten dut; argazkiak atera aurretik, buruan eraikitzen ditut irudiak. Ikusitakoaren berreraikuntza bat dira nire argazkiak». Azaldu du bide hori senari segika egiten duela, eta «bulkada» baten ondorio dela. Azkenean, Yanizen argazkiak haren begirada propioz lotutako piezen batuketa dira. Ofizio bihurtutako afizio eta pasio du Yanizek argazkilaritza, eta, era berean, ikusmen garatu eta zorrotza ezinbesteko tresna da harentzat.

Keinu optometria zentroko Naia Zabala optometristak ere lanerako tresna du ikusmena, nahiz eta ikuspuntua eta erabilera beste bat diren. Zabalarentzat, «garunak informazio bisuala jaso eta interpretatzeko duen gaitasuna» da ikusmena.

Yanizen ikuspegi abstraktua ez bezala, ikusmena era teknikoan ulertzen du Zabalak, zentzumen horrekin arazoak dituztenak artatzen baititu. «Beti esan digute ikusmen onaren seinale dela zorroztasuna; hau da, hizki nimiñoena ere ikustea; guk beste gaitasun bisual batzuei ere erreparatzen diegu: begiak zelan mugitzen diren espazioan; enfokatzeko zer gaitasun daukaten, eta bi begiak nola koordinatzen diren beren artean». Ondoren, arazorik bada, nola konpondu daitekeen planteatzen dute. Zabalak esplikatu duenez, arazo batzuk betaurreko edo lentillen bidez konpontzen dira, eta beste multzo batean sailkatzen dituzte, aldiz, errehabilitazio bisualaren bidez zuzendu daitezkeenak. Azken multzo horretako urritasunak interpretazio arazoak dira; hots, garunak dituen gabeziak begietatik jasotako informazioa ulertu eta interpretatzeko.

«Gure garunak informazio bisuala jaso eta interpretatzeko duen gaitasuna
da ikusmena»

Naia Zabala. Jokabide optometrista

 

Zaindu eta babestu

Zabalak jakinarazi duenez, «hurbileko lanaren»ondorioz, ikusmenari lotutako gaitzak sortzen ari dira. «Gizakia ez dago prestatuta, edo ez zegoen prestatuta, hurbileko lana egiteko eta toki itxi batean lan egiteko, eta luzaroan pantailaren aurrean egonda, eta lanak ahalegin mental handia eskatzen badu, arazoak sor daitezke». Gaitzik ohikoenak hauek dira: nekea, buruko mina, ikusmen bikoitza eta miopia, besteak beste.

Zabalak «osotasun» baten parte gisa eta beste «sistema»batzuekin elkarreraginean ulertzen du ikusmena. Horregatik, ordu eta laurden irauten duten ikusmen azterketa «sakonak» egiten ditu, arazoak identifikatu eta neurrira doitutako konponbideak emateko. «Ikusmena ez da gorputzeko gainerako sistemetatik aparte dagoen zerbait; dena lotuta dago, eta horri erreparatzea oinarrizkoa da guretzat». Halere, begien funtzioekin zerikusia duten gaitzak artatzen dituzte Keinun, eta bestelako «egiturazko gaitzak» beste espezialista batzuek lantzen dituzte, hala nola gaitz degeneratiboak eta atzera-bueltarik ez duten urritasun kasuak.

Ikusmen azterketa bat, Berrizko Keinu optometria zentroan.
 

Ikusmen proba bat, Berrizko Keinu optometria zentroan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Ikusmena falta denean

Inma Arrietak ikusmen urritasuna dauka; zehazki, nerabezaroan garatu ohi den Stargardten gaixotasuna. «15 urterekin hasi nintzen ikusmena galtzen: ikastolan, ez nuen arbela ondo ikusten, adibidez». Zailtasunak zailtasun, ikasten segitzeko manera topatu zuen Arrietak, eta Euskal Filologian lizentziatu zen. Hamar urtez aritu zen irakaskuntzan, baina berriz egin zuen topo ikusmen urritasunaren mugekin. «Ikasleekiko ardura sentitzen nuen; kalitatezko hezkuntza bat eman nahi nien, eta, niretzako, ahalegin izugarria zen eskolak prestatzea». Gerora, ONCEren bitartez bueltatu zen irakaskuntzara, ikasle itsuei laguntzeko.

«Begiek funtzio pila bat betetzen dituzte, eta guk, itsuok, belarriekin ordezkatzen ditugu horiek guztiak»

Ander Cornejo. Jaiotzez itsua den gaztea

 

Arrietak jakin badaki zenbait oztopori aurre egin behar diela egunerokoan, baina uste du alferrik dela frustrazioan sumintzea. «Garrantzitsua da onartzea ikusmen urritasuna dugunok muga batzuk ditugula, baina muga horiekin bizitzen ikasi, eta beste bide batzuk topatu behar dira». Autonomia pertsonalari dagokionez nabaritzen ditu mugak Arrietak, eta ez hainbeste harreman sozialak garatzeko aukeretan. Kasurako, Arrietak ezin du autoa gidatu eta era «arruntean» irakurri, baina «moldatzen» da. Onartu du ikusmen partziala izatea abantaila handia dela: «Nik ez dut jendea ezagutzen kalean; telebista ezin dut ikusi; ezin dut egunkaria irakurri... Baina kalean ibil naiteke bakarrik. Ez ditut detaileak ikusten, baina bolumenak ikusten ditut, eta horrek asko errazten dit eguneroko bizimodua».

Santiago Yaniz argazkilaria bere estudioan.
 

Santiago Yaniz argazkilaria bere estudioan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Bestelakoa da Ander Cornejoren kasua. 9 hilabete zituenetik, ia erabat itsua da: «Argia eta itzal batzuk ikus ditzaket, baina nire ikusmen arrastoa oso-oso txikia da; makilarekin eta entzumena erabiliz moldatzen naiz». Soinuen eta oihartzunaren bidez orientatzen da Cornejo, eta, harentzat, «erraza» da entzumena erabilita toki batetik bestera mugitzea. «Bizitza osoa ikusmenik gabe egin dut, eta ez naiz kontziente izan inoiz ikusi ahal izan dudala; niretzat horrela da, eta kito. Egia da begiek funtzio pila bat betetzen dituztela, eta guk, itsuok, belarriekin ordezkatzen ditugu funtzio horiek».

«Ikusmena oso zentzumen ahaltsua da: gai da informazio orokor asko oso azkar igorri eta prozesatzeko»

Inma Arrieta. Stargardten gaitza duen emakumea

 

Bestalde, badira egin ezin dituen eta gustura egingo lituzkeen zenbait gauza: futbolean eta bideo jokoetan jokatzea, eta mendira eta hondartzara bakarrik joatea, esaterako. «Gauza batzuk guztiz neure kabuz egiteko askatasun falta hori sumatzen dut». Cornejok salatu du hezkuntzan aukerak dauden arren lan mundua ez dagoela prestatuta itsuentzat, oro har: «Lanpostu gehienak ez dira irisgarriak, eta, digitalizazioak lagundu digun arren, oraindik gauza asko falta dira egiteko». Arrieta bat dator: uste du mundua ondo ikus dezaketenentzat prestatuta dagoela. «Ikusmena oso zentzumen ahaltsua da: gai da informazio orokor asko azkar igorri eta prozesatzeko; ez ikusteak asko luzatzen du edozer gauza egiteko behar den denbora».

Serie honetako beste atal batzuk