Autorretratu bat sekuentziatan

Paul Urkijo. Bost film eta bost sekuentzia hautatu ditu Urkijok ariketarako. Pantailaren alde bietan jarri du arreta aukeraketa egiteko: ikustean sorrarazi zizkioten sentsazioak azpimarratu ditu, batetik, eta istorioak pantailaratzeko moduak, bestetik. Bostak izan ditzake bere ikuskeraren adibide, sortzaile nahiz ikusle gisa egindako bidean marka utzi dutenak baitira.

Ikusten denaren atzean dagoena



Zinemagintzarako pasioa pantailaren bi aldeekin uztartzen du Paul Urkijok (Gasteiz, 1984). Zinemazalea da, ikuslea, eta, aldi berean, zinemagilea ere bai, sortzailea. Eta horrek aukera ematen dio pelikulen xehetasunetan arreta jartzeko: izan istorioari dagozkionak, edo izan arlo teknikokoak. Bada, pasio horren adibide izan daitezkeen bost film hautatu ditu elkarrizketarako: bost film, bost zuzendari eta bost sekuentzia kuttun, nor edo zein bere arrazoiengatik. «Batetik, ikusle moduan asko gustatzen zaizkidan sekuentziak daude, eta, bestetik, asko esaten dutenak, gutxirekin oso sinboliko bilakatu direnak, edo teknikoki izugarriak iruditzen zaizkidanak».

Zuzenean edo zeharka, ezaugarri horiek atzeman daitezke haren lanetan ere. Errementari izan zuen bere lehen film luzea Urkijok, Patxi Errementaria ipuinean oinarri hartuta ondu zuena. Bigarren filma prestatzen ari da orain: Irati. Gidoia amaituta dauka, eta finantzaketa ixten eman du azken asteak. «Ideia da aurreprodukzioarekin hastea laster; aurretik egin beharreko lan handia dauka filmak, eta hilabete asko beharko ditugu prestatzeko». Datorren urtean filmatu nahiko luke. Bitartean, Dar-Dar film laburra ondu du. Elezahar batean oinarritutako istorioa du oinarrian: «Elezahar horren beldur puntua muturreraino eraman dut, ahalik eta beldurgarriena izan dadin. Zuri-beltzean egin dut, oso opresiboa da, oso iluna, eta mutua». Udazkeneko zinema jaialdietan erakutsiko du.

1. '28 WEEKS LATER'

Juan Carlos Fresnadillo. 2007

 

Koronabirusaren pandemia garaiotan, beste pandemia bati buruzko pelikula bat aukeratu du Urkijok zerrendarako aurrena: 28 Weeks Later. Erresuma Batuan hedatutako birus hilgarri baten ondorena du filmak oinarri, eta Danny Boyle zinemagilearen 28 Days Later filmaren bigarren zatia da. Milaka pertsona hil birusak, baina egoera kontrolatuta egunerokora itzuli nahian ari dira Londres inguruan. «Filmak izugarrizko inpaktua eragin zidan», aitortu du Urkijok.

Zintaren hasieran, lehendabiziko sekuentzian jarri du mira zinemagileak. Hainbat lagunen itxialdiarekin hasten da filma: landa eremuko etxe batean ezkutatuta daude, kanpoan dagoen pandemia baten beldur. Halako batean, ordea, birusarekin kutsatuta dauden zonbiak agertuko dira, eta ihes egin beharrean izango dira. «Tentsio eta emozio handiko sekuentzia bat da, eta pelikularen lehen minutuetan bertan ikus daiteke».

Ikuslearengan eragiten dituen sentimenduek ez ezik, ezaugarri teknikoek ere erakarri zioten arreta: «Sekuentzia bera nola dagoen filmatuta ikaragarria iruditzen zait: 16 milimetroko kamera batekin, zein kamera mugimendu dituen... Muntaketa ere ikaragarria da, eta musikarekin uztartzeak benetan ileak puntan jartzen dizkio edonori. Oso erreferentziala iruditzen zait». Urkijoren irudikoz, filmaren unerik «onena» da. «Ia-ia, film labur bat izan zitekeen» .

Sekuentziaren indarrak eragindako «zirrara» nabarmendu badu ere, Urkijok azpimarratu du filmak ez duela lotura handirik bere lanekin, nahiz eta generoa hurbileko sentitu. «Nik ez ditut zonbien pelikulak egiten, eta nire kameraren tratamendua ere desberdina da. Baina sekuentzia teknikoki aipagarria iruditzen zait, eta ikusi nuen lehendabiziko aldian zirrara berezi bat sorrarazi zidan».

2. 'MULHOLLAND DRIVE'

David Lynch. 2001

 

Izen handiko zinemagilea da David Lynch (Missoula, AEB, 1946), eta haren filmek arrastoa utzi dute askorengan, nola sortzaileengan hala ikusleengan. Erreferentzia da Urkijorentzat ere, eta horregatik hautatu du haren lan bat zerrendarako: «David Lynchek oso marka pertsonala dauka, eta askorentzat da eredu; niretzat ere bai». Estilo eta mundu zinematografiko baten sortzailea da Lynch, eta haren marka nabarmena da narrazioaren eraikuntzan edota irudiaren tratamenduan, esate baterako. Hori dela eta, Urkijok uste du beharrezko figura dela zinemagile ororentzat: «Zinemagile guztiok izan beharko genuke David Lynchen itzala gure inguruan beti».

Aitortu du, halere, Lynchen lanen artean Mulholland Drive ez dela bereziki gustukoen duen filma; nahiago ditu Eraserhead edo Lost Highway, kasurako. «Unibertsitate garaian ikusi nituen lehen aldiz, eta asko markatu ninduten». Baina «buruan iltzatuta» geratu zitzaion Mulholland Drive filmeko sekuentzia bat: taberna batean, gizon batek leku horrekin izandako amets baten berri ematen dio beste bati , eta bere ametsa nola gauzatzen den ikusten du aldi berean. «Etengabe haziz joango den tentsio eta suspense giro bat sortzen du horrek ikuslearengan. Ikaragarria da nola teknikoki horren sinplea izanda, nola ateratzen dion zukua kontakizunari». Bada, Urkijoren arabera, ezaugarri horiek egiten dute sekuentzia «suspense ariketa borobila» izatea. «Amesgaizto bat balitz bezala da. Zuzendariak horrekin jolasten du. Tentsio handiko une bat igaro osteko gorputzaldi edo sentsazio hori, ezinegon hori eragiten du».

Filma argigarri izan daiteke Lynchen mundu propioa ulertzeko, Urkijok gogora dakarrenez. Batez ere, neo-noir atmosferaz eta misterioz betetako sekuentziengatik. «Baina, hain zuzen, istorio sekuentzia independente bat ere izan daiteke, aparte kontatzeko modukoa. Film labur bat izan zitekeen. Eta horrek ere egiten du berezi».

3. 'ALEXANDER'

Oliver Stone. 2004

ALEXANDER
 

 

Alexandro Handia konkistatzaile ospetsuaren bizitzan oinarrituta Oliver Stone (New York, AEB, 1946) zinemagileak egindako filmak askotariko iritziak eragin zituen estreinatu berritan: izan ziren filma txalotu zutenak, baina asko izan ziren, halaber, kritika gogorrekin zigortu zutenak ere. Pertsonaiarekin eta gertaerekin egoki jokatu ez izana egotzi zioten zuzendariari. «Filma ez da industriak saldu ohi dituen ohiko pelikula epiko bat. Sekuentzia oso pertsonalak nahasten ditu epikoagoak direnekin, eta istorioaren estruktura narratiboa ere ez da halako filmek izan ohi dutena. Oso desberdina da, sakonagoa da. Industriak zigortu egin zuen, baina egotzi zizkioten kontu horien guztien azpian badu zerbait, eta niretzat ikaragarri ona da».

Eta, hain zuzen, kontakizunaren egituran egin du azpimarra Urkijok, eta horren atzean ezkutatzen den edukian. «Hitz egiten du gizakiaren edo helenismoaren bilakaeraz, Alexandrok gizateriaren iluntasunetik argi heleniko horretara egiten duen bidaiaz, antzinatasunaz eta mitoez, heroi baten porrotez. Istorioak atzean duen edukia sekulakoa da».

Filma «opari txikiz» osatuta dagoela iruditzen zaio, eta horietako bat da, hain zuzen, aukeratutako sekuentzia: Alexandro eta haren armada Indiara iristen direneko unea nabarmendu du, zehazki. «Narratzaileak kontatzen du nola iristen diren oihanera, eta nola une horretan bertan gizaki txiki batzuek eraso egiten dieten. Baina berehala jabetzen gara gizaki txiki horiek tximinoak direla. Eta, hala, bat-batean, plano bakarrean erakusten ditu homo sapiens bat, neandertal bat eta tximino bat. Plano bakarrean irudikatzen du giza eboluzioaren teoria». Urkijok aitortu du askorentzat «txikikeria» izan daitekeela, eta oharkabean pasatuko zaiola gehien-gehienei. «Baina sekuentziak erakusten du zenbat lan dagoen erakutsi eta kontatu nahi denaren atzean».

 

4. 'MONTY PYTHON AND THE HOLY GRAIL'

Terry Gilliam, Terry Jones.1975

 

Umore talde aitzindaria izan zen. Seikoterik ospetsuena: Monty Python. Umore absurdo eta surrealista ardatz hartuta, Monty Python's Flying Circus (1969-1974) telebista saioekin egin ziren ezagun, baina Monty Python and the Holy Grail Arthur erregeari buruzko parodia zikloarekin egin zuten zinemarako jauzia. Jonesek eta Guilliamek zuzendu zuten filma, eta, arrakasta izateaz gain, umorea egiteko modu lotsagabe bat erakutsi zuten, taldeak aurreragoko lanetan landu zuena.

«Nire hiru filmik gustukoenen artean dago», dio Urkijok. «Elkarrizketa guztiak dakizkit buruz, eta sekuentzia guztiak gustatzen zaizkit». Bat aukeratzekotan, baina, Sir Lanceloten erreskatearena aukeratuko luke. Filmeko sekuentziarik luzeena da, eta Monty Phytonen umorearen erakuslerik argigarriena. «Askotan hitz egiten dut zaldun beltzaren sekuentziaz, muntaketagatik eta duen biolentzia absurdoagatik. Baina sekuentzia honek badu umore mota bat gaur egun egiten ez dena. Absurdoa da, umoretsua da, hippya da, bortitza da... dena du sekuentzia honek. Eskema guztiak hausten ditu».

Monty Python taldeak umorea egiteko erakutsi zuen moduak bere sormenean eragin nabarmena izan duela uste du Urkijok, batez ere, umore beltzak: «Umore hori absurdoa da, baina baita politikoa eta beltza ere. Eta nik uste dut egiten ditudan lan guztietan badagoela umore beltz kutsu hori, askotan malahostia hori azaleratzeko baliatzen dudana».

5. 'ALIEN'

Ridley Scott. 1979

 

«Maisulan bat da». Hitz horiekin definitu du Urkijok Alien, Ridley Scott (South Shields, Ingalaterra, 1937) zinemagilearen bigarren filma. «Ikono bat da: zientzia fikzioaren eta beldurrezko generoen artean egin den pelikularik borobilena da, nire ustetan». 1979an estreinatu zen, eta inflexio puntu bat eragin zuen bai generoaren lanketan eta baita zuzendariaren ibilbidean ere. «Ikono bat da bisualki sortzen duen bertigo existentzialagatik, eta bere ikonografia eta estetikagatik».

Gogora ekarri du nola filma ikusi zuen lehen aldian zelako zirrara eragin zion munstroa gizon baten sabeletik ateratzen zen uneak. Eta nola ondoren, ikus-entzunezkoaren lengoaian murgildu eta sakondu zuenean jabetu zen filmaren «azpitestu subertsiboaz»: «Alien pelikula feminista bat da. Badu azpitestu matriarkalista bat, mitologikoa, sinbolikoa dena». Eta nola azaldu hori? Bada, Urkijoren arabera munstroaren kontzeptuan eta mekanikan atzeman daiteke hori. «Filmaren diseinua oso sexuala da, eta Alienaren diseinua ere oso falikoa da».

Aukeratutako sekuentzia da horren adibide, hain zuzen. «Alienak aurpegia bortxatzen du, eta, ondoren, gizonari zakil baten itxurako Aliena ateratzen zaio bularretik. Tokirik erosoenean, zurienean eta garbienean gertatzen da bortxaketa odoltsua. Bisualki oso sexuala da, eta oso errebeldea bere garairako: ezohikoa eta probokatzailea nolabait». Eta erantsi du pertsonaien eta kontakizunaren eraikuntzan ere atzeman daitekeela hori. «Sistemaren parte direnak etengabe ari dira protagonistaren aurka egiten. Alien-en sekueletan ere antzeko eraikuntza dago, baina film hau aitzindaria izan zen».