Hego sudan independentziatik hamar urtera

Erreferenduma. Sudango iparraldea eta hegoaldea duela hamar urte bereizi ziren, hegosudandarrek independentzia bozkatu ostean. AEBek, Erresuma Batuak eta Norvegiak sustatu zuten prozesua.

Agur, Sudan, agur

Afrikar kontinentean estatu berri bat sortu zen 2011ko uztailaren 9an, Hego Sudanek independentzia aldarrikatu zuenean. Bidea zazpi hilabete lehenago hasi zuen, baina: urtarrilaren 9an, erreferendum batekin. Han, independentzia edo Bye, bye, Sudan (agur, agur, Sudan) berresteko ilaretan, Sudan Askatzeko Herri Armadako (SPLA) agintariek eta estatu-nazio berriaren nazioarteko babesleek bultzatutako irudikapen sinplistarekin bat zetozen erantzunak ematen zizkieten kazetariei boz emaileek. Haien esanetan, Sudango hegoaldean bizi ziren «afrikarrentzat» beharrezkoa zen urrats hura, iparraldeko arabiar islamisten eskutik jasandako zapalkuntza eta bazterketa historikoari aurre egiteko. Argudiatzen zuten 1983az geroztik gerran arituak zirela estatu federal baten alde, eta, «Khartumen maltzurkeriaren ondorioz», ezinezkoa zela batasun gobernu bat, nahiz eta 2005ean Sudango Gobernuak eta SPLAk Bake Akordio Orokorra sinatu zuten.

Hego Sudan

Bake akordio horren arabera, aurreko sei urteetan ustiatutako petrolioaren irabazien erdia hegoaldeko trantsizio gobernuari zegokion arren, Khartumek %74 beretzat hartzen jarraitzen zuen —halaxe jasotzen zuen Global Witness elkartearen argitalpen batek—. Hori ere hizpide zen bake akordioak jasotako sezesio aukera egikaritzeko unean Juban nagusitu ziren aho batezko garaipen ospakizunetan.

Akordioak sinatu eta sei urtera, trantsizio gobernua eratu zenean, eta NBE Nazio Batuen Erakundea eta Mendebaldeko bestelako laguntza erakundeak iristearekin batera, 4x4 ibilgailuen buxadurak egundokoak ziren Jubako erdigunean; kanpoko laguntzak eta inbertsioek ekarri behar zuten garapen bizkorraren adierazle zirela sinetsi nahi zuten herritarrek. 2005ean Hego Sudan guztian asfaltatutako kilometro bakarra zegoen, eta auto bakan batzuk besterik ez; hori esaten zien Garraio ministroak kazetariei, herrialdea zer egoeratik zetorren ohar zitezen, nahiz eta 2011n ere asfaltatutako bideak ez ziren askoz gehiago.

Hego Sudango herriek munduko errealitate gordin azpigaratuenetako bat zuten, osasun, hezkuntza eta garapen gabezien ondorioz. SPLAk —dinka eliteen esku zegoen— eratu zuen Batasun Nazionaleko Gobernua, AEBek, Erresuma Batuak eta Norvegiak buru-belarri sustatutako bake akordioaren bidez. Hego Sudango Gobernua herri aniztasuna egituratu eta herritar xumeen beharrei erantzuteko gai ez bazen, Sudango presidente Omar Al-Baxirren eta haren NCP Kongresu Nazionalaren Alderdia jotzen zituzten traba nagusitzat, eta garrantzitsuena sezesioa bultzatzea zen.

Dinkak eta nuerrak

Nazioarteko troikak ontzat emandako propagandaren itzalean, beldurrak menderatutako eremu isiletan, esan gabe geratu ziren egia osoaren zati gehienak. Jubako herri indigenen auzo xume batera joan zen kazetari hau erreferendumaren egunetan eta, oinarrizko baliabideak eskuratzeko zituzten zailtasunak erakutsi ondoren, beste galderak erantzuteari uko egin zioten nabarmenki. Inork ez bide zuen gogoratu nahi gerraren azken urteetako borrokak hegosudandarren artekoak ere izan zirela —iparraldeko armadaren zeharkako esku hartzearekin, bestalde—, batez ere John Garang eta dinken SPLAren eta SSDF Hego Sudango Defentsa Indarren taldeko nuerren artekoak.

Emakume bat botoa ematen, Juban, 2011ko erreferendumean

Hala ere, bake prozesua bizkortzearren, SSDF —hegoaldeko beste talde eta milizia guztiak bezala— bake negoziazioetatik at geratu zen. Esan gabe geratu zen, baita ere, SPLAk irabazi eta aldarrikatzen zituen eskualde gehienak atzerriko armadek askatu zituztela; eta Ekuatoriako leinuen eta beste gutxiengoen ordezkaritzarik ez zuela trantsizio gobernuak; eta eliteek bereganatutako boterea eta haien balizko ustelkeriak eragozteko gaitasunik gabe zegoela gizartea; eta azken hamarkadetan sortu ziren tokiko ekimen armatu anitzak euren buruak defendatzeko sortuak zirela, eta ez bakarrik iparraldeko armadaren aurka, baita SPLAren aurka ere.

Bake akordioa eta estatu berriaren sorrera prestatu zuten diplomatikoek bigarren mailako arazotzat hartu zituzten horiek. Errealitatearen azterketa sakon eta egiazalea, Al Baxirren oposizioak landutako Sudan Berriaren ametsa bezala, John Garangekin batera ehortzita geratu zen, 2005eko akordioa sinatu eta berehala —istripu batean hil zen—.

Sei urtez Juba berriaren kontrola hartu zuten dinkek bezala, nuerrek ere itxaropen handiak zituzten. Salva Kiir SPLAren eta trantsizio gobernuaren nagusi berriak 2006ko urtarrilean sinatu zuen Jubako Adierazpena Paulino Matieb SSDFko buruarekin, armadan nuer taldeen integrazioa bideratzeko. Barrakoi bereiziak izaten jarraitu zuten dinkek eta nuerrek eta elkarren arteko mesfidantzak nagusi ziren, baina armaden bat egite ofizialak garrantzi handia izan zuen hainbat eskualdetan bakea bermatzeko. Botere posizioetan dinkak ziren nagusi, baina indar armatu nuerren kopurua handiagoa zen, eta kanpora begira Bye, bye, Sudan leloari eusten bazioten ere, hiriburura iritsitako nuerren arteko bilera itxietan ikusten zen boterea hartzeko txanda eske ari zirela.

 

Estatua sortzeko, alde batera utzi ziren Hego Sudango barne borrokak, eta atzerriko demokrazia ereduak kopiatu 

 

Hego Sudango Gobernuaren legezkotasuna bermatzearren, Mendebaldeko troikak finantzatutako Garapenerako Gobernuen Arteko Agintaritzak (IGAD) sustatu zuen bake prozesua, eta Mendebaldeko estatuetako erakundeez hornitu zuen trantsizio gobernua. Itxurazko zuzenbide estatuak handik gutxira ezagutuko zuen desastrea kontuan hartuta, kopiatutako erakunde eredu horiek bertako errealitatean egokitu gabeak suertatu dira, helburu ezkutua aberastea eta lurrak harrapatzea ez bazen behintzat.

Hego Sudanen gerra zibila sortuko zela ez genekien oraindik. Lurraldera egokitutako demokrazia bat lantzen ari zirela esaten zuten agintariek eta haien nazioarteko lagunek. Ez genekien justizia ekonomikoa landu eta ezberdintasunen aurka eraginkorki borrokatuko zuten ala ez. Babesteko erantzukizunaren dotrina zen hizpide AEBetako politikarien artean, esku hartzea justifikatzeko.

Erreferendumerako boto bulegoetan Jimmy Carter agertu zen, AEBetako presidente ohia. Zera galdetu nion: «Sahararrek ere eskatzen dute autodeterminazioa, baina Estatu Batuek ez dute berdin jokatzen han. Zergatik?». James Baker bere lagunaren lana aipatuz atera zen estualditik, Al-Baxirri buruz ezer esan gabe.

 

Zer egin zen oker

XIX. mende bukaera arte herri sakabanatuak ziren Sudangoak. 1956an independentzia lortu zuen herrialdeak, baina gatazkak amaigabeak izan dira harrezkero iparraldearen eta hegoaldearen artean.

Gaurko Hego Sudango herri nekazari eta artzainak beren baitan isolatuta egon ziren, XIX. mendean Mahdiya erakunde politiko eta erlijiosoa lurraldean zabaltzen hasi zen arte. Armada britaniarrak Mahdiya Khartumetik bota zituen 1898an, baina administrazio kolonialak hamarkadak behar izan zituen lurraldean agintea ezartzeko. Hegoaldean misiolariak zabaldu zituzten, iparraldeko islamaren hedapena oztopatzeko; Young ikerlariaren arabera, misiolari haiek arabiarren aurkako sentimenduak zabaldu zituzten batetik eta bestetik. Eta administrazio kolonial britaniarrak iparraldean nekazaritza eta garapen proiektuak bultzatzen zituen bitartean, hegoaldea itxi eta ahaztu egin zuten berriz ere.

Sudango independentziaren garaian (1956), hegoaldeko eliteek iparraldeko militar talde eta eragile askorekin bat egin zuten, federalismoa helburu, eta garapena zabaltzea lehentasun bihurtu zuten. Baina Khartumeko eliteek eutsi egin zioten islamari Sudango herri anitzak batzeko, hegoaldeko herri asko musulmanak ez baziren ere. Federalismoa alboratu zuten, gainera, eta estatu independentearen administrazioan hegoaldeko ordezkariak baztertu zituzten.

1960ko hamarkadan dinken SSLA talde armatuak Anyanya matxinada piztu zuen, Joseph Laguren gidaritzarekin eta Israel eta kanpoko beste armada batzuen laguntzarekin: lehenengo aldiz, Hego Sudango independentzia aldarriak esnatu ziren. 1969an Jafaar Nimeirik estatu kolpea jo ondoren, 1972an SSLArekin bake akordioa sinatu zuen Addis Abeban; hala, sezesioari ateak itxi eta hegoaldearen autonomia bermatu.

Dinkek gobernu autonomoa eratu bezain laister, barne gatazkak azaleratu ziren. Ekuatoriako eliteek zatiketaren banaketa eskatu zuten, eta Nimeirik haiei ere lurralde autonomoa bermatu zien. Dinkek begi txarrez ikusi zuten Ekuatoriarren ekimen hura, federalismoaren aitzakiaz sezesioa bultzatu nahi zutela sumatzen baitzuten, Khartumek dinkei sumatzen zien bezala. Bitartean, Jafaar Nimeirik hamaika akordio sinatu zituen AEBekin, gerra hotz betean, Libiaren eta Egiptoren aurrean; laguntza ekonomiko handiak erakarri zituen, AEBen aliatu bihurtzearen truke.

Ia hogei urteko gerra

1972ko Addis Abebako akordioaren edukia bete gabe geratu zelakoan, John Garangen SPLAk gerrari eutsi zion berriz 1983an, gerra hotzeko ekialdeko blokean kokatutako estatuen laguntzaz. Estatu kolpe berri bat sorrarazi zuen horrek Sudanen 1985ean. Ordukoan, junta militarrak hauteskundeak antolatu zituen berehala, eta Sadih al Mahdi lehen ministroak hartu zuen Khartumeko gobernuaren gidaritza, eta koalizio handi bat osatu zuen, Hassan al Turabik gidatutako NIF alderdi islamista ere erakarrita.

John Garang erakartzen ere saiatu zen junta militarra, eta su-eten bat eskaini zuen. Koka Dameko akordioan urratsak egin zituen, eta oposizioko alderdi batek, DUP Batasun Demokratikorako Alderdiak, SPLArekin aurreakordio bat ere sinatu zuen. Khartumeko kaleetan aukera haren balioa aldarrikatu zenean, DUP alderdia gobernu koalizioan sartu zen. Baina NIF alderdia koaliziotik atera zen, eta beste estatu kolpe bat prestatzen hasi zen —xaria legea indargabetzea eskatzen zuen, besteak beste, SPLAk—.

Beste aldera, Al Mahdi lehen ministroa AEBen arerio bihurtu zen, Gadaffirekin zituen harremanengatik eta AEBen aginduei uko egiteagatik. Khartumen eta Washingtonen arteko harremanak are gehiago okertu ziren gero, NIFen estatu kolpearekin Omar Al Baxirrek boterea hartu zuenean. Gobernu berriak SPLA Ugandara eta Etiopiara kanporatzea lortu zuen, hegoaldeko matxinoen aurka jihadaren teoria erabilita. Eta horrek itxuraldatuko zuen gatazka betirako, orduan irabazi baitzuen John Garangek AEBen eta haren aliatuen laguntza militar eta politikoa, estreinako aldiz.