Hego sudan independentziatik hamar urtera

Etorkizuneko erronkak. 2018ko bake itunak trantsizio aldi bat abiarazi zuen Hego Sudanen. Azken urteetan urrats batzuk egin diren arren, bakea ez da egonkortu. Prozesua motel doa, etnien arteko indarkeria ez da eten, eta muturreko pobrezia gizartean hedatua dago oraindik ere.

Gerra eta miseria nola utzi iraganean

Gerra berriz lehertzeko mehatxua uxatu gabe bete ditu hamar urte Hego Sudanek, gaur. 2011ko uztailaren 9an estatu independente bihurtu zen Sudandik bananduta, eta ordutik bost urte baino gehiago eman ditu barne gatazka armatuan. Dinka eta nuer etnien arteko borrokek herrialde osoa hartu zuten. 2013tik 2018ra iraun zuen. Urte horretan, bake prozesu bat abiatu zuten herrialdean, egonkortasun politikoa lortze aldera. Azken hilabeteetan zenbait urrats egin ditu gobernuak bide orrian aurrera egiteko, baina oraindik ahulak dira prozesuaren oinarriak, eta ugari hura oztopa dezaketen arriskuak. Azken bake itunetik hiru urtera, herrialdea katramilatuta dago etnia eta komunitateen arteko borroketan. Bake prozesua garatzearekin batera, munduko estaturik gazteenak muturreko pobreziari aurre egitea, ekonomia garatzeko oinarrizko azpiegiturak eratzea eta ustelkeriaren kontrako borroka ditu erronka nagusi. Ez da urteurrenari lotutako ospakizun ekitaldirik izango gaur. Salva Kiir presidenteak guztiak utzi ditu bertan behera, «jendea gose delako».

Hego Sudango Gobernuak joan den maiatzean aitortu zuen «oso konplexua eta gauzatzeko zaila» dela 2018ko bake ituna, eta bidean «eguneroko arazo asko» konpontzea eskatzen duela. Trantsizioa babesten duten eragileei ziurtatu zien prozesuaren erritmo motela ez dela neurriak ezartzeko borondate politiko faltaren ondorio, eta gobernuaren konpromisoa berretsi zuen hasitako bidearekiko. Juba jakitun da nazioartean indartzen ari dela prozesuari buruzko kezka, hura trabatzeko arriskua ere handitzen ari dela iritzita.

Segurtasun falta eta erasoen zigorgabetasuna dira bakearen arriskurik handienak, hainbat eragileren iritziz

 

Kiir presidenteak eta Riek Machar presidenteordeak —gerran nuer matxinoen buru izandakoak— batasun gobernu bat adostu zuten 2020ko otsailean. Prozesua herrialderako konstituzio baten onarpenarekin eta hauteskundeekin amaitzea aurreikusten du bide orriak. 2023an egingo lirateke aro politiko berri baterako lehen bozak.

Orain arte, bake itunaren lehen kapituluan jarri ditu indarrak gobernuak. Hau da, estatu erakundeak eratzeko eta botere banaketarako neurrietan, eta zenbait pauso  eman ditu. Esaterako, joan den maiatzean hasi zuen konstituzio zirriborro bat osatzeko prozesua.

Hego Sudango independentziaren hamargarren urteurrena baliatuta, beste urrats bat irudikatuko du gobernuak gaur: karguari zin egingo diote herrialdeko parlamentari izango direnek; bai Estatuen Kontseiluko ehun kideek —parlamentuko goi ganbera—, baita Batzorde Legegile Nazionaleko 550 kideek ere —parlamentuko behe ganbera—.

Gobernua atzerapen handiagoarekin ari da, ordea, bake itunaren beste kapitulu batzuetan. Nazioarteko hainbat eragilek segurtasunari eta justiziari lotutako erreformak jo dituzte presazko, bakea sendotzeko. Neurri horiek ahal bezainbat azkartzeko eskatu diote Jubari. Hego Sudanen independentzia lagundu zuen troikak —AEBek, Erresuma Batuak eta Norvegiak—, Europako Batasunak eta NBE Nazio Batuen Erakundeak berritu diote eskaria azken asteotan, eta prozesua babesteko prest daudela berretsi dute.

Armada eta auzitegiak

Orain arteko aurrerapausoak txalotu zituen NBEren Hego Sudanerako misioak (UNMISS), atzo, independentziaren urteurrenaren harira kaleratu zuen oharrean. Duela hamar urte herrialdean zabaldu ziren «itxaropena  eta ametsak» egi bihurtzeko «aukera» aprobetxatzera deitu zituen agintariak, eta oraindik «asko dagoela egiteko», herritarrek beren «eskubide demokratikoa» gauzatu ahal izateko. «Indarkeria orokortuak —bereziki komunitateen artekoak— bake iraunkor eta jasangarri bat lortzeko helburua oztopatzen du oraindik ere», adierazi zuen Nicolas Haysom UNMISSeko buruak, ekainean.

Eraso horien atzean daude lurralde eta botere lehiak, urre meatzeen eta bestelako natur baliabideen kontrola eta estortsio bidezko irabaziak. Biztanleria zibilaren kontrako erasoak ugaritu egin ziren iaz, eta aurten ere maila handian gertatzen ari dira, bereziki, herrialdearen ekialdeko Pibor eskualdean, baina baita lurraldearen hegoaldeko Ekuatorian eta erdialdeko Warrap eta Jonglei eskualdeetan ere. Hilketak, emakumeen kontrako sexu erasoak, eta emakumeen eta haurren bahiketak salatu dituzte.

Erasotzaileek askotan estatu indarren edo oposizioko talde armatuen babesa izaten dutela ziurtatu du NBEren misioak. Herritarrek ere elite politikoa jarri dute jomugan: boterea eta zilegitasuna lortzeko, leinuen arteko zatiketa sustatzea leporatu diete. Hala jaso zuen bakearen aldeko elkarrizketa nazionalak herritarren arteko eztabaida prozesu parte hartzailearen ondorioetan.

Hego Sudango presidenteorde Riek Macharren aldeko indarrak, nuer etniakoak, Yuba hiriburuan. Phillip Dhil / EFE
Hego Sudango presidenteorde Riek Macharren aldeko indarrak, nuer etniakoak, Juba hiriburuan. Phillip Dhil / EFE

Komunitateen arteko indarkeriarekin amaitzeko, funtsezko bi neurriren beharra nabarmendu du NBEk. Batetik, gatazkarekin lotutako eskubide urraketak epaituko dituen Auzitegi Hibridoa eratzeko lanak azkartzea, zibilen kontrako erasoak zigorgabe geldi ez daitezen.

Urtarrilaren amaieran hasi zuen Hego Sudango Gobernuak Auzitegi Hibridoa eta justizia trantsizionalerako gainerako mekanismoak eratzeko prozesua, baita Egiaren Batzordea osatzekoa ere, baina auzitegia arautuko duen estatutua onartu gabe dago oraindik. «Bidegabekerien gaineko erantzukizun falta eta legerik gabeko egoera orokortua giza eskubideen urratze larrien zigorgabetasuna hauspotzen ari da Hego Sudanen», adierazi zuen UNMISSek otsailean.

Bestetik, dinka eta nuer etnietako soldaduak armada bakarrean integratzeko urratsak bizkortzeko eskatu dio Jubari, estatuko indarrek lurralde osoan segurtasuna eraginkortasunez berma dezaten.

Zibilak armagabetzeko kanpaina bat egiten ari da Hego Sudango armada, baina zailtasun handiak ditu helburuak betetzeko. Kasu batzuetan, zibilen eta soldaduen arteko borrokak piztu dira, militarrek herritarrei armak entregatzeko exijitu dietenean.

Kanpainak kritikak jaso ditu, askok uste baitute zibilak desarmatzea ez dela neurri eraginkorra izango estatuko indarrek zibilen segurtasuna bermatzen ez duten artean. Izan ere, zibilek beren buruak defendatzeko erosten dituzte armak, eta soldaduek armak kenduta ere azkar lortzen dituzte berriak.

Komunitateetako agintari tradizionalek leinuen arteko elkarrizketa prozesu bat sustatzeko eskatu diote gobernuari, 1999an dinka eta nuer etnien artean izan zen bake konferentzia eredutzat hartuta.

Gobernuak etnia aniztasunaren aldeko mezuak zabaldu ditu —60 etnia baino gehiago hartzen ditu estatuak—, Hego Sudango herri guztiek estatuari ekarpena egiten diotela nabarmendu du, eta adiskidetzearen beharraz mintzatu da. Ez da aski izaten ari indarkeria apaltzeko.

Elikagai behar larria

Etnien arteko indarkeriak eragin duen segurtasun faltaren ondorioz, nekazariek askoz ere lur azalera murritzagoa landu dute, eta horrek elikagai eskasia hedatu du herrialde osoan. Era berean, janari behar larria leinuen arteko gatazken iturri ere bada, goseak areagotu egiten dituelako ganadu lapurretak, eta, beraz, komunitateen arteko ezinikusiak eta mendeku nahiak.

Klima larrialdia ere kalte handia egiten ari zaio Hego Sudani. Uholde handiekin batera, desertifikazioak lur emankorren eremua txikitu du, eta horrek eragina du baita ere erasoen gorakadan, ugaritu egin dituelako lurren gaineko borrokak, herri nekazarien eta artzainen artean.

Gaur egun, Hego Sudango herritarren %75 inguru —8,3 milioi pertsona— bizi da elikadura ziurgabetasun egoeran, Unicef NBEren Haurren Laguntzarako Funtsaren arabera. Ohartarazi duenez, horietatik 4,5 milioi haurrak dira, eta horietatik 300.000 desnutrizio mailarik okerrena pairatzen ari dira, gosez hiltzeko arriskuarekin. «Inoizko daturik altuena», azaldu du erakundeak aste honetan argitaratu duen txostenean.

Egoera gerra garaian baino okerragoa da. Orduan, 7,5 milioi lagunekoa izatera iritsi zen elikagai beharrean zeuden herritarren kopurua. Unicefek adierazi du trantsizio gobernuak ez duela lortu elikagai gabeziaren arazoari aurre egitea.

Gobernuak konstituzio bat idazteko prozesua hasi zuen maiatzean, eta parlamentariek gaur hartuko dute kargua

 

Gerrak 400.000 hildako eragin zituen, eta lau milioi lagun baino gehiago behartu zituen beren etxeetatik ihes egitera. Egun, 4,3 milioi herritar daude oraindik desplazatuta, Iheslarientzako NBEren Agentziaren datuen arabera. Herritarrak beren etxeetara itzuli ahal izateko baldintzak sortzea da Hego Sudango agintarien beste erronka handietako bat. Munduko errefuxiatu krisirik handiena da herrialdekoa, Siriako eta Afganistango gerrek eragindakoen atzetik. Iheslari gehienak errefuxiatuak edo asilo eskatzaileak dira inguruko herrialdeetan: Ugandan, Sudanen, Etiopian, Kenyan eta Kongoko Errepublika Demokratikoan. Iheslarien %63 haurrak dira.

Herritarren ehuneko handi batek behar du laguntza humanitarioa bizirik irauteko, Hego Sudanek baliabide ekonomiko aberatsak izanagatik. Afrikako petrolio erreserbarik oparoenetakoa du. Saharaz hegoaldeko herrialdeetan, hirugarren handiena. Estatuak ez ditu, ordea, herrialdeko baliabideei etekina ateratzeko oinarrizko azpiegiturak. Gobernuaren esanetan, petrolio eta gas erreserben %90 esploratu gabe daude oraindik.

Hori dela eta, atzerriko inbertsioa erakartzeko kanpaina bat abiarazi du Jubak, bereziki, petrolioaren sektoreari begira. Ekainean egin zuen ustiatze eremuen lehen enkantea; orotara, 20.000 kilometro koadro ingurukoa. Egun, Txinako eta Malaysiako petrolio konpainiak dira inbertsiogilerik handienak.

Herritarrentzat onurarik ez

Inbertsioek ez dute dena konponduko. Dirua iristen denean ere, herritarrek onurarik ez dutela sumatzen salatu dute tokiko hainbat elkartek. «Estatu ekoizleetan ez da herritarrentzako zerbitzurik ezarri, eta ingurumena kutsatzen ari dira», adierazi zuen Natur Baliabideen Gizarte Zibileko Koalizioak hilaren hasieran, Juban, petrolioari eta energiari buruzko konferentzia batean. Koalizioak Gobernuari eskatu dio atzerriko konpainien inbertsioak osasun eta hezkuntza zerbitzuen garapenerako ere bideratzeko.

Hego Sudanek petrolioa ezkutuan kudeatu duela salatu izan du Munduko Bankuak. Petrolioaren irabazien gaineko datuak «sekretupean gorde» direla nabarmendu du. Herritarrek ere gardentasun gehiago aldarrikatu dute, eta ezinbestekotzat dute ustelkeriaren kontrako borroka ekonomiaren garatzeko eta bakea lortzeko bidean.

Hego Sudanek azken-aurreko tokia betetzen du Transparency Internationalek urtero ustelkeria pertzepzioari buruz egiten duen zerrendan; 179. postuan dago, Somaliaren aurretik.