Herri txikietako zerbitzuak

Berragu liburutegi ibiltaria. Duela bi hamarkada, Berragu liburutegi ibiltaria jarri zuten martxan Nafarroako Pirinioetan. Liburutegiko liburuak etxeko ateraino eramaten dituen proiektua da.

Liburuen jakinduria, etxeko ateraino

Ezagutzak jaso eta zabaltzeko guneak, jakintzak partekatu eta jakin-mina asetzeko espazioak dira liburutegiak; sormena lantzeko eta aldi berean deskonexiorako uneak eskaintzen dituzte. Herri guztiek izaten dute bere liburutegia. Halaber, herri txikietan liburutegiak etxeetako egongela baten gisakoak izaten dira. Jendearekin topatzeko lekuak. Herritar guztiek, baina, ez dituzte erraztasun berak liburutegira iristeko. Arazo horri aurre egin nahian, eta ezagutzak eta jakinduria guztiengana iristeko, liburuek apaletatik salto egin dute Nafarroako Pirinioetan. Furgoneta batean sartu dira, sukalderaino sartzeko.

Irudiaren deskribapena
 

Hilabetean behin pasatzen da inguru bakoitzetik. Jagoba Manterola / Foku

Duela 22 urte abiatu zuen Berragu liburutegi ibiltariaren egitasmoa Martin Zaragueta Aurizperriko liburuzain izandakoak. Hain zuzen, Nafarroako Pirinioetan herri batetik bestera mugitzeko dauden zailtasunak eta garraio publikorik ezak bultzatu zuen. Orografia eta eguraldia direla medio, herritarrentzat nekeza izaten da batetik bestera aritzea. Halaber, herri askotan ez dago herrigunerik: biztanleak mendi inguruetako baserrietan sakabanatutako etxebizitzetan bizi dira. Horiek horrela, pentsatu zuen errazagoa zela pertsona bakarra mugitzea, kasu honetan liburuzaina, gainerako biztanle denak liburutegira joatea baino. Hala jarri zen martxan Berragu proiektua. Duela bederatzi bat urte, Mari Mar Agosek hartu zion lekukoa arduradun lanetan Zaraguetari. Aurizperri eta Meskiritz artean dagoen mendi baten izana da Berragu. Aurizperriko liburutegiko leihotik ikusten da, eta bertako jendearentzat leku misteriotsu bat da, ipuinetan asko azaltzen dena.

 

 

 

"Udan, gutxiago kostatzen da mugitzea, eta irakurleak liburutegira joaten dira zuzenean"

Mari Mar Agos. Liburuzaina

Proiektuaren hasierako urteetan, Aurizperriko liburutegitik irten, eta Erroren ibarra zeharkatzen zuen Zaraguetak. Zehazki, zazpi herritan eskaintzen zuen zerbitzua, eta astean bitan joaten zen etxez etxe. Hala, egitasmoaren arrakasta ikusirik, inguruko beste eskualdeak ere hasi ziren zerbitzua eskatzen, eta denborarekin asko handitu da proiektua; besteak beste, Aezkoa, Artzibar, Luzaide eta Orreagaraino iristen da orain. Horrela sortu zen Berragu liburutegiko mankomunitatea, forma juridikoa bermatzeko. Denborarekin, indartuz joan da, eta egun, orotara, 31 herri daude proiektuan.
Tamainaz handitu bada ere, liburuzainek duela bi harmarkada baino denbora gutxiago dute zerbitzua eskaintzeko. Agosek adierazi duenez, Zaraguetak hamabi ordu eskaintzen zizkion proiektuari astean, eta bi egunez ateratzen zen ibilbidea egitera. Egun, baina, Nafarroako Gobernuaren murrizketen ondorioz, lau ordu eta egun bakarra izaten du lan bera egiteko. «Aspaldiko aldarrikapena da proiekturako ordu gehiago izatea. Oso zaila da hainbeste herri hain denbora gutxian egitea; eskaera asko ditugu», adierazi du Agosek.

Erabiltzaile ugari

Erroibar, Artzibar eta Aezkoa ibarretara eta Auritz, Luzaide eta Arnegi herrietara iristen da egun Berragu liburutegi ibiltaria. Hilabetean behin izaten da eremu bakoitzean Agos: astean ibilbide bat egiten du. Hain zuzen, ostegun eguerdian egiten du normalean bidea. Joan aurretik, astelehenetan bisitatuko duen eskualdeko erabiltzaileei deitzen die, eskaera berriak jasotzeko eta zer liburu eraman jakiteko. Hala ere, normalean, liburu bat uzten dueneko, irakurriak itzuli eta hurrengoko eskaria egiten diote; hala, ez du deika ibili behar izaten; are gehiago, ez du izaten erabiltzaile guztiei deitzeko denborarik. «Deiak, askotan, ordua finkatzeko izaten dira, haiek jakin dezaten noiz joango naizen, eta, bestela, liburua non utz dezakedan galdetzeko», azaldu du. Horrez gain, eskolek azaltzen diote hurrengo hilabetean zer gai landuko dituzten, lotura duten liburuak eramateko. Halaber, asteartetan eskaera bereziak egiten ditu, presazkoak. Eta, zehaztu duenez, batzuetan gertatzen da eskualde bat egokitu arren beste batean eskaera ugari egotea eta plana aldatu behar izatea.

"Oso zaila da hainbeste herri hain denbora gutxian egitea; eskaera asko ditugu"

Mari Mar Agos. Liburuzaina

Erabiltzaileei dagokienez, Agosek adierazi du asko aldatzen direla astearen arabera. Bezeroetako asko kolektiboak dira, Pirinioetako eskolak, adibidez. Horrez gain, koronabirusarekin adinekoek zerbitzua erabiltzeari utzi diotela nabarmendu du; pandemiaren aurretik, aldiz, haiek erabiltzen duten gehien. Eskatutako liburuei erreparatuta, Agosek dio garaiaren arabera aldatzen dela, baina normalean gehienbat gertuko liburuak eskatzen dituztela. Pirinioetako gaiei buruzko liburuak edota bertako egileenak. «Nobelak dira gehien eskatzen diren liburuak», zehaztu du. Halaber, eskoletan ere asko eskatzen dituzte; hala, Berragu liburutegi ibiltariak haur liburu asko garraiatzen ditu. Bezeroaren profila aztertuz, erabiltzaile gehienak emakumeak direla argi utzi du Agosek. Bestalde, neguan eskari gehiago izaten dituela adierazi du, eskolak martxan egoteaz gain, jendeak mugitzeko arazo gehiago izaten dituelako. «Udan, gutxiago kostatzen da mugitzea, eta irakurleak liburutegira joaten dira zuzenean».

Liburuzaina baino gehiago

Liburutegi ibiltariarekin, erabiltzaileekin egiten diren harremanak familiartekoak direla nabarmendu du Agosek: erabiltzaileek etxeko ateak irekitzen dizkiote. Baserri barruraino sartzen da. «Niri kosta egiten zait ezetz esatea, eta denek kafea hartzera gonbidatzen naute», kontatu du. Udan, baratzeak goraino daudenean, behin baino gehiagotan etxera tomateekin ere itzuli dela aitortu du. Halaber, urruti, oso bakartuta bizi den jendearengana doanean, egun osoan ikusten duten pertsona bakarra izaten da liburuzaina, eta haientzat liburuzaina baino gehiago da: lagun edo konfidente bat. Denbora oso justuarekin aritzen bada ere, gustuko du haiekin tarte bat igarotzea. «Harreman oso berezia sortzen da, eta hori da gehien gustatzen zaidana nire lanetik». «Liburuzain guztiek eduki beharko lukete aukera hau: oso aberasgarria da», gaineratu du. Aurrez, Iruñeko liburutegietan aritu izan da lanean Agos, eta azpimarratu du Pirinioetan liburuzain izateak ez duela inolako zerikusirik hiriburuarekin. «Harremanak estuagoak dira. Pirinioetan, liburutegiak elkartzeko guneak dira, kultur jarduerak egiteko tokia. Neguan, irekita egoten den espazio bakarra izaten da ia; asko nabaritzen da erabileran».

 

Irudiaren deskribapena
 

Furgonetarekin, Nafarroako Pirinioetan ibiltzen da Mari Mar Agos, liburuak banatzen. Jagoba Manterola / Foku

Agosek aitortu du proiektuaren berri izan zuenetik beti nahi izan duela bertan lan egin: «Asko erakartzen ninduen». Aclebim liburutegi mugikorretako profesionalen elkarteko kide da Agos, eta bertako partaideei ere oso berezia egiten zaie proiektua. Espainian ohikoagoak dira bibliobusak, herri batera iritsi eta plazaren erdian liburutegia simulatzen duten autobusak. Agos, ordea, etxez etxe liburuak banatzen ibiltzen da. «Batzuetan, aitzakia da liburua edo irakurketa; jendearekin egotean datza zerbitzua», dio Aurizperriko liburuzainak. «Badut adineko bezero bat, eta behin egurra mozten eta bonbilla bat aldatzen lagundu nion», kontatu du. Harremanak oso estuak dira, eta erabiltzaileak, oso eskertuak.

Volkswagen markako furgoneta txiki batekin banatzen ditu liburuak. Bibliobusak inguru honetan ezin dira maneiatu. Bestela ere, errepidean hainbat arazo suertatu izan zaizkio, gehienak elurrarekin. «Aezkoa eta Luzaidera joateko, Ibañeta pasatu beharra dago, eta, eguraldi txarra bada, ibilbidea aldatu behar izaten dut. Batzuetan, bertan behera ere utzi behar izaten dut». Furgoneta ondo prestatua dago: atzeko aldean lau kaxoi handi dauzka. Ordenagailua ere eramaten du bertan, eta mahai txiki bat, maileguak egiterakoan barra kodea pasatzeko. Nafarroako Gobernuak duela bi urte emandako diru laguntzarekin lortu dute furgoneta. Hasieran, Zaragueta eta gero Agos bere auto propioarekin aritzen ziren. Orain, furgoneta ondo seinalatua dago, eta herritarrek urrunetik sumatzen dute Berragu liburutegi ibiltaria gerturatzen.