Herri txikietako zerbitzuak

Guikuri jantzi denda ibiltaria. Herriz herri mugitzen da Guikuri jantzi denda ibiltaria Araban. Herri txikiei bizia eman eta arropa dendarik ez duten herrietara zerbitzua iristea da egitasmoaren helburua.

Moda gurpil gainean

Arabaren bihotzean, Gorbeia mendiaren magalean, Gasteiztik hamabost minutura dago Maurga herria. Zigoitia udalerriaren parte da, eta 60 pertsona inguru bizi dira han. Ostiral goiza da, uda hasi berri, eguzkiak gogor jotzen du, eta bada mugimendua herrian. Landa herri bat izanik, bizpahiru traktore pasatu dira minutu gutxian alde batetik bestera. Denek ezagutzen dute elkar, eta batak bestea agurtzen dute. Hala ere, isiltasuna da nagusi kalean; ez dago tabernarik, ezta janari dendarik ere.

Bide izkinan aparkatuta, autobus zuri bat dago, eta erdian logotipo bat dauka kolore urdinekin: Guikuri. Leihoak izango balitu, odola ateratzeko autobus horietako bat emango luke. Autobusa martxan jarri da, eta, halako batean, ateak ireki dira; ez dago ohatilarik, ez erizainik, ez orratzik: arropaz beterik dago. Hain zuzen, arropa denda ibiltari bat da Guikuri. Nuria Lopez de Letona eta Marixa Suso dira dendaren arduradunak. Asteburuan mugitu ahal izateko, autobusa txukuntzen ari dira; arropa batzuk atera eta beste batzuk sartzen.

Guikuri proiektua 2011. urtean sortu zen. Muruan (Araba) dagoen izen bereko landetxean ireki zuen denda Lopez de Letonak. Hasierako urteetan, landetxea izan zen dendaren espazioa, baina, duela hiru urte, Maurgara aldatu zuen, eta orduantxe batu zen proiektura Suso. Kale Nagusian lorategi zabal batek egiten dio ongietorria erosleari. Leku paregabean, egurrezko etxola bat ikus daiteke, beirate handiekin. Herriko zerbitzu bakarra da Guikuri arropa denda: ez dago beste ezer. Baina, arduradunen esanetan, arropa denda baino gehiago da, denetarik eskaintzen baitute. «Inguruko beste zerbitzu agente batzuekin lotzeko gauzak egiten saiatzen gara; horrek inguruko ekonomia mugiaraztea eta inguruan lan egiten dugunok elkar ezagutzea ekarriko du», adierazi dute. Dendaren bidez, herrian giroa sortzea eta jendeak gozatzeko aukera izatea ere lortu nahi dute.

Nuria Lopez de Letonak gidatzen du autobusa. Endika Portillo / Foku
Nuria Lopez de Letonak gidatzen du autobusa. Endika Portillo / Foku

Guikuri denda arrunt bat izatea zen hasierako helburua, baina, Susok eta Lopez de Letonak azaldu dutenez, laster ikusi zuten Maurga herri txikia izanik noizean behin lekuz mugitu beharko zutela, ezagutzera emateko: «Ez baita hiri baten erdiguneko kale batean dagoen erakusleiho bat; hemendik ez da ia inor pasatzen egun arrunt batean». Hala, asteburuetan denda zenbait herritara mugitzea erabaki zuten. «Lonja bat alokatzen genuen, jantziak eramaten genituen, eta han egoten ginen asteburu batez», azaldu du Lopez de Letonak. Ikusi zuten, baina, zailtasunak zituztela: «Lonja bilatzea, alokatzea, dena mugitzea... oso deserosoa zen». Hala, autobus ibiltariaren ideia bururatu zitzaien, eta probatzea erabaki zuten. «Beti muntatuta egotea nahi genuen, martxan jarri eta mugitu ahal izateko».

Autobus bila

Suso autobusen sektorean lan egina zen. Hala, autobus enpresa batera joan ziren lehendabizi, desegin nahi zuten ibilgailurik ba ote zuten begiratzera; aurkitu zuten eskaintzarik, baina gero oso zaila zen eserlekuak kentzea eta homologatzea. Beste enpresa batekin saiatu ziren; han hiru autobus zeuden, horietako bat RTVEko unitate mugikor bat izandakoa. Hura aukeratu zuten. «Enpresakoek guk eskatu bezala jarri ziguten». Ibilgailua aurkitu ostean, hurrengo pausoa gidabaimena ateratzea zen; hala, Lopez de Letonak, pandemia tarteko, joan den abuztuan eskuratu zuen baimena. Datozen hilabeteetako helburutzat dauka Susok.

"Denda beti muntatuta egotea nahi genuen, martxan jarri eta batetik bestera mugitu ahal izateko"

"Pandemia garaian, bezeroak ezin ziren Maurgara etorri, baina gu joan gintezkeen, eta horrek mesede egin digu"

Nuria Lopez de Letona. Dendako arduraduna

 

Joan den urteko martxoaren 13an, pandemia ezarri aurreko egunean sinatu zuten autobusa ordaintzeko mailegua banketxean. Proiektua apirilean martxan jartzea zuten helburu, baina atzeratu egin behar izan zuten. Hala ere, adierazi dute egoerak nolabait mesede egin diela, Euskal Herria herrika konfinatuta zegoen bitartean beraiek herrietara joateko tresna bat izan duteko. «Maurgara ezin ziren etorri, baina gu joan gintezkeen, eta horrek mesede egin digu». Arabako hiriburuan, Gasteizen, esaterako, denda eta arropa denda asko itxi zituzten, eta Guikuri dendak bizirik jarraitzen du.

Azkenik, 2020. urteko irailean jarri zuten martxan autobus ibiltaria, eta orduz geroztik hainbat herri bisitatu dituzte. Batik bat Arabako herri txikietan izan dira: Ribabellosa, Araia, Alegria, Maeztu, Kanpezu, Añana eta Murgian, besteak beste. Herrietan saldu ahal izateko, udalei kalez kaleko salmentarako baimenak eskatu behar izaten dizkiete; aparkatzeko, bestalde, gehienetan udalek prestatzen dizkiete kokapenak. «Leku batzuetan zailagoa da trastea mugitzea, baina, oro har, ez da arazo handirik izaten». Hain zuzen, 8,5 metro luze da autobusa, eta barruan 15 metro karratu inguru ditu erosteko. Probagela eta salmahaia ere baditu. «Badaude hirietan askoz denda txikiagoak».

Marixa Suso, dendako arduradunetako bat. Endika Portillo / Foku
Marixa Suso, dendako arduradunetako bat. Endika Portillo / Foku

Arropa dendarik ez dagoen herrixketara iristen da Guikuri autobus ibiltaria, eta horietan faltan dituzten zerbitzuetako bat eskaintzen diete herritarrei, ia-ia etxeko atean. Horrez gain, denda fisikoa ezagutarazteko modu bat ere badela diote. «Autobusean behin erosten dute, baina, gero, jendea animatu egiten da Maurgara etortzera». Gaineratu dute oso pozik daudela autobusean izaten ari diren salmentekin. Horrez gain, autobusaren iritsierak herriei ematen dien bizitza azpimarratu dute Lopez de Letona eta Susok. «Oso garrantzitsua da horrelako lekuetan, lotarako hiri bihurtzen ari diren herri txikietan, jarduera sortzea», adierazi dute. «Gure iritsiera festa handi bat izaten da, poz handia ematen diegu».

Harrera ezin hobea

Kontentu daude proiektuak izandako harrerarekin eta ezohiko erantzunarekin. «Orain arte, herrietan, fruta saltzailea, harakina, arrain saltzailea, okina... ezagutzen zituzten furgonetarekin hara eta hona; orain, baita arropa denda ere», adierazi dute. «Mundu guztia joan daiteke arropa erostera, baina, askorentzat, arropa etxeko atera hurbiltzea erosotasuna da». Nagiagoa izan daitekeen adineko jendearentzat, adibidez, abantaila dela adierazi dute. Haiei, berriz, lehia gutxi dagoen lekuetara joatea eta zerbait desberdina egitea eskaini die proiektuak.

"Oso garrantzitsua da horrelako lekuetan, lotarako hiri bihurtzen ari diren herri txikietan, jarduera sortzea"

Marixa Suso. Dendako arduraduna

 

Egun, lau lagunentzako lekua dago autobusean, eta sarritan ilara handiak sortzen dira kanpoaldean: «Jendeari itxaronarazi egin behar izaten diogu». Autobus handiago bat erosi arte horrela izan beharko duela diote, baina gainerakoan dena esperientzia ona izaten ari direla diote. Egungo moda kasual gisa definitzen dute Guikuriko arropa proiektuaren bultzatzaileek. «Saltzen dugun arropa batez ere guri gustatu behar zaigu», nabarmendu dute.

Askotariko arropa eta adin guztietarakoa eskaintzen dute. «Herrietan gustu guztietako jendea aurkitzen dugu, eta saiatzen gara guztiengana iristen; zaila da autobusera sartzen den norbaitek ezer ez aurkitzea». Oraingoz emakumezkoen moda eskaintzen dute, baina ez dute aterik itxi nahi. Esekitako arropaz gain, autobusean biltegiak ere badituzte. «Ia dendan baino leku gehiago dago autobusean», adierazi du Susok. Halaber, autobusean arropa merkeagoak eta neurri bakarrekoak eramaten dituzte, probatzea zaila izan ez dadin. Maurgako dendan, berriz, marka eta neurri gehiago daude.

Estilo askotako arropa saltzen dute. Endika Portillo / Foku
Estilo askotako arropa saltzen dute. Endika Portillo / Foku

Lokatzetan botata geratu izan dira, eta aitortu dute hormaren bat edo autoren bat ukitu dutela autobus handiarekin, baina halakoak mugitzen denari gertatzen zaizkiola diote. «Jende jatorra ezagutzeko aukera ere eman digu, herrietara iritsi eta kafearekin etortzen dira; asko maite gaituzte, eta nabaritzen dugu», diote, emozioz. Autobusak, esaterako, ez dauka komunik, eta etxeko ateak ireki izan dizkiete, eta ez bi edo hiru aldiz, herri guztietan, baita bazkaltzera gonbidatu ere. «Konfiantza sortzen dugu herritarrekin, eta, askotan, psikologo lana egiten dugu; jendeak hitz egin nahi izaten du, eta bezeroen erdien bizitza ezagutzen duzu».

Herri txiki batean bizitzea aukera paregabea da Lopez de Letona eta Susorentzat, hiriak ez dituen abantaila batzuk ematen dituelako. «Guretzat, hemen egoteak arrakasta izan du. Hiri batean, kaleko denda bat gehiago izango zen». Halaber, herri txikiek ustiatzeko potentzial bat dutela uste dute, ustiatu gabe dagoena, baina iruditzen zaie itzultzen ari dela, eta are gehiago pandemia baten ondoren.

Etorkizunera begira, bide oparoa ikusten diote proiektuari Lopez de Letonak eta Susok. Jantzi denda ibiltaria bestelako erosketa esperientziatzat daukate, eta landa ingurunean bi soldata izatea lortu duten garaiotan, oso pozik daude. «Ilusio handia egiten digu, eta are gehiago gure herrian». Etorkizunera begira, ez dute aterik itxi nahi. Guikuri kooperatiba, hain zuzen, estatutu malguekin sortu zuten. Hala, hilabete batzuk barru, arroparenak funtzionatzen ez badu, bestelako ekitaldiak antolatzen ikusten dute beren burua. «Beti gelditu gabe, baina herritik asko urrundu gabe». Oraingoz, sare sozialak dira haien arma autobusa ezagutarazteko. Guikuri Moda Facebook eta Instagrameko profiletan, aste hasieran jartzen dute hurrengo asteburuan non izango diren.