Herri txikietako zerbitzuak

Medikua Zestoan. Osakidetzak etxez etxeko mediku zerbitzua eskaintzen die etxetik irteteko arazoak dituzten herritarrei. Herri txikietan ohikoagoa da osagileak mugitzea, etxebizitzetatik osasun zentroetara dauden distantziak aintzat hartuta.

Kontsulta egongelan

San Joan bezpera, eta eguerdiko hamabiak dira Zestoako (Gipuzkoa) osasun zentroan. Bi mediku egoten dira normalean bertan. Itxaron gela nagusian mugimendu gutxi dago: zain zegoen adineko bikote bat sartu da kontsultetako batean, eta ama-seme batzuk handik bost minutura aldameneko beste kontsultan. Harrerako langileak hizketan ari dira; goiz lasaia dirudi.

Osasun zentroaren albo bateko sarreran, baina, bada mugimendua. Dozena erdi herritar kalean ilara egiten ari dira, eta barruan, astronauta itxurarekin goitik behera ekipatutako erizainak. Guztiz babesturik, zotzak eskuan, sudurrak jomugan. Duela urtebetetik, koronabirusa atzemateko PCR probak egiteko lekua egokitua dute bertan, eta egunero ordu berean deitzen dituzte gaixotasuna izan dezaketen herritarrak. «Hau guztia hasi zenean, argi izan genuen espazio bat beharko genuela osasun zentroan». Pandemia egoera ezarri baino lehen, Naiara Campos zentroko familia medikuak, etorriko zenaz beldur, neurriak hartzea erabaki zuen, eta baita lortu ere. Hala, herria txikia izanik ere, zestoarrek ez dute herritik atera behar PCR probak egiteko, eta, era berean, proba egitera doazen herritarrak ez dira kontsultetakoekin nahasten.

Urte zaila izan da osasun zentroetan, eta are gehiago bertako medikuentzat, lehen lerroan lanean aritu direnentzat. Baina ari dira gutxika nolabaiteko normaltasunera itzultzen, aurrez aurreko kontsultak eta pazienteekin harremanak berrezartzen. Osakidetzan, mediku bakoitzak batez beste 1.500 paziente artatzen ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Horietatik ia gehienak osasun zentrora joaten dira, baina badaude zerbitzua etxean jasotzen dutenak, batik bat mugitzeko edota osasun zentrora iristeko arazoak dituztelako. Herri txikia zein handia, zerbitzua udalerri guztietako herritarrei eskaintzen zaie; hala ere, datuen arabera, txikietan handiagoa da eskaera, herritar asko herrigunetik aldenduta bizi direlako, baserrietan.

Etxeko bat gehiago

Campos doktoreak bukatu ditu goizean kontsultan artatu beharrekoak, eta eguneko irtenaldia prestatzen ari da. Egunero, denbora mugatua izaten du pazienteei bisita egiteko: ordubete inguru. Fonendoskopioa, tentsiometroa eta bestelako tresnak ondo desinfektatu, maletan sartu, eta atera da osasun zentrotik. «Ramonari bisita egitera noa; urgentziarik bada, mesedez, deitu», adierazi die harrerako administrariei. Osasun zentroko ate nagusiaren parean dauka aparkatua auto zuri bat, berea, pribatua. Udalak erreserbatutako aparkalekua gordeta daukate osagileek erraz irten eta sartzeko. «Beste zerbitzu batzuetako langileekin konpartitzen dugu lekua, asteko egunaren arabera», zehaztu du Camposek. Baserri bide estuetatik Zestoako Arroa Goikoa auzoa bisitatzea tokatzen zaio gaur; Ramona dauka han zain. Nabari zaio errepideak ezagunak dituela eta makina bat aldiz igaro dela haietatik, erraz mugitzen baita batetik bestera.

"Sarritan, osasun zentroan lanaldia bukatzen dudanean joaten naiz pazienteak ikustera"

Naiara Campos Medikua


Iritsi da helmugara, eta, hasteko, txakur bikotea du zain, adi. «Agian gutxien gustatzen zaidana hau da, baserri guztietan txakurrek egitea ongietorria; ari naiz ohitzen, baina errespetu handia diet», kontatu du, umorez, Camposek. Mari Carmen Uzkudun alabak egin dio ongietorria Arbe baserrian, eta medikuak arropa egokiak jantzi ditu atarian: maskara aldatu, eskularruak... Ramona, senarraren aldamenean, telebista ikusten ari da, goxo, eta etxeko beste edonor balitz bezala hartu du sendagilea. Egongelako sofan egin dute kontsulta. Errutinazko bisita da gaurkoa. Campos oporretara doa hurrengo egunetan, eta badaezpada dena ondo dagoela ziurtatu nahi izan du. Medikamentuen errezetak ere ekarri ditu bide batez.

Uzkudunek adierazi duenez, lasaitasuna eta erosotasuna ematen die beraiei medikua etxera etortzeak. «Ama dela eta, sarritan etorri behar izaten du, eta eskertzekoa da abisatu eta berehala, ahalik eta azkarren, hemen egotea». Ramonak, beste zenbait gaitzen artean, mugitzeko arazoak ditu, eta, hori dela eta, eskubidea dauka zerbitzua etxean jasotzeko. Uzkudunek azaldu du gurasoak hasieratik konforme agertu zirela medikua etxera etortzearekin. «Ez zitzaien arrotza egin. Lasaiago daude horrela; bestela, etxetik ateratzeko, asko urduritzen dira». Badaramatzate zenbait urte etxeko ateak parez pare medikuari irekitzen. Etxe barruraino, sukalderaino sartzen da medikua etxez etxeko bisitetan. Gertuko pertsona bihurtzen da, familiakoa, eta harreman estua sortzen da medikuaren eta pazientearen artean. «Pazienteak bere intimitate osoa erakusten digu», dio Camposek. «Norbere etxea baino ezer intimoagorik ez dago», gaineratu du. Dozenaka urte ditu Osakidetzaren etxez etxeko zerbitzuak.

Zestoako auzoetara joateko, autoa hartu behar du.. Jagoba Manterola / Foku
Zestoako auzoetara joateko, autoa hartu behar du. Jagoba Manterola / Foku



Dena ondo dagoela ziurtatuta, bisita azkarra izan da. Gehiago molestatu gabe, badoa medikua. Ramona ez da oso ondo jabetu egoeraz, baina nabaritu du nobedadea inguruan, eta anekdota utzi du bisitak: «Naiara, gaur zer zatoz, senarrarekin eta alabarekin?», galdetu du, inozentzia osoz, kazetariari eta argazkilariari erreferentzia eginez. Jantziak zaborretara bota, eta, «laster arte» batekin, elkar agurtu dute. Camposen opor egunetan, osasun zentroko beste medikua joango da behar izanez gero.

Ez da mediku bera

Gaur bisita bakarra izan du Camposek, osasun zentrotik nahiko gertu, eta, ondorioz, ordu erdi eskasean egin du buelta. Egunean etxez etxeko bisita bat egitea izaten da ohikoena, baina, Camposek adierazi duenez, egun batzuetan bizpahiru bisita egin behar izaten ditu, eta bata bestetik urrun. Hain zuzen, zortzi bat auzo ditu Zestoak, bata bestetik urruti samar. «Sarritan, osasun zentroan lanaldia bukatzen dudanean, joaten naiz pazienteak ikustera, etxera bidean». 08:00etatik 15:00ak bitarte behar luke lanaldiak, baina, arreta ahalik eta onena emateko, askotan luzatu ohi du.

Harreman berezia sortzen da pazienteekin, haien etxean artatzearen ondorioz.
Harreman berezia sortzen da pazienteekin, haien etxean artatzearen ondorioz. Jagoba Manterola / Foku

Halaber, etxeen arteko distantziak direla medio, denboraz larri ibiltzen da. Are gehiago, azken hilabeteotako osasun egoera dela eta, protokolo zehatzak bete behar izan dituzte eta betetzen dituzte oraindik ere; etxe bakoitzera sartzeko ekipamendua izaten dute, adibidez, eta hori guztia denbora tarte berean egin behar dute.

Zestoan aritu aurretik, Gipuzkoako herri handiagoetan aritu izan da Campos lanean: Donostiako Altza auzoan eta Zarautzen, besteak beste. Hala, aldea nabaritzen du herri txikietako eta handiagokoetako pazienteen artean. «Hemen, paziente batek deituz gero etxera joateko, ez dut bi aldiz pentsatzen: segituan joaten naiz». Herri txikietan medikuari deituz gero arrazoia larria izaten dela kontatu du. Bat dator Aintzane Zubeldia Zestoako beste medikua ere. Aitzitik, aitortu dute posible dela zerbitzuaz herri txikietan gehiago abusatzea. «Hiri batean, ni oso gutxi mugitzen nintzen etxeetara», dio Zubeldiak, baina azpimarratu duenez, herri txikietan mina dutela adierazten badute, benetan izaten dute: «Asko itxaroten dute medikuari deitu aurretik».

Lankideen harremana

Pazienteen izaera nabarmendu du Camposek, eta, ondorioz, familia medikuarekin sortzen den harremana. Halaber, dioenez, desberdina da osasun zentrotik kanpo pazienteekin sortzen den harremana. «Hiri batean, beste herritar bat nintzen, eta agian paziente denak ez nituen ezagutzen; hemen, ordea, osasun zentrotik aterata ere, Naiara medikua naiz, eta jendea kontsultan bezala etortzen da gauzak galdetzera», kontatu du. Horren erakusle, Campos doktorea, egoera nolabait baretu zenean, pandemia garaian baztertuta sentitu diren bere gaixo kroniko guztiekin jarri zen harremanetan, nola dauden galdetu eta beharrezko probak egiteko. «Paziente kopurua herri handi bateko bera da, baina inplikazioan bada aldea, eta herritarren izaerak asko laguntzen du».

Bestalde, herri txikietako eta handietako osasun zerbitzuak alderatuz, Camposek alde handi bat nabaritzen du lankideen arteko harremanean. Dioenez, herri txikietan benetako talde lana dago. «Lankideak ez gaude estamentuetan banatuta: denak gaude talde berean, eta elkar laguntzen saiatzen gara», azaldu du. «Familia txiki bat bezalakoa gara», nabarmendu du. Aitzitik, alde txar gisa, bakardadea aipatu du: «Batez ere, opor garaian». Unean-unean sortzen zaizkien zalantzak edo kezkatzen dituen kasu bereziak inorekin ezin komentatu izateak ardura handitzen duela dio. «Zentro handi batean, beti topatuko duzu norbait».