Iragana harrietan irarrita

Montorte. Mendatez mendate ibiliko da txangolaria, Toloño mendilerroari atxikita dagoen Montorteko
konglomeratuzko hormatzar trinkoa inguratzeko asmoz

Harrizko ahurra

Kripan (Araba), herri xumea izanda ere, ikuspegi zabaleko talaia batean gailenduta dago. Herriaren kokapen estrategikoari esker, gainera, Toloño mendilerroa zeharkatzen duten harbide eta galtzada zaharren jagole izan da. Izan ere, Errioxa aldean zer defendatua bazen garai batean. Esaterako, Kripan herritik hurbil, Erdi Aroko harbide edo galtzada zahar baten aztarnak ikus daitezke oraindik, akaso erromatarrak izan zitezkeenak.

Ibiltaria Kripango (Arabako Errioxa) Koso izeneko plazatxoan hasiko da ibilian-ibilian. Aspaldi seinalatutako ibilbide sareari buruzko jakingarriak irakurtzeko aukera dago bertan. Urteak igaro diren arren, zutik irauten du zidorrak ondo azalduta dakarren informazio taulak. Matilla kalean aurrera eginda, oinkaria tipi-tapa hasiko da urratsak egiten, Toloño mendilerro aldera. Herriko saihesbidera iritsita, asfaltoa gurutzatu, eta, noranzkoari eutsita, zuzen jarraituko du. Igerileku zaharren parean, nekazari bideari ongi oratu ostean, mendilerro malkartsuak eskaintzen dituen talaia ezagunez gozatzeko parada izango du bidaztiak. Panorama, ezin hobea! Barrera orografiko garrantzitsu horretan, besteak beste, Palomares, Larrasa, Castillo, San Tirso eta Peñalta tontorrak nabarmenduko dira. Geologia interesgarriko lekuei dagokienez, aipagarriena —akaso— Goi Kretazeoko kareharriek eratzen duten San Tirso baselizaren ondoko monolito lirain eta sendoa. Zutarri dotorea, zinez, haren altzoan kulunkatzen lagatzeko modukoa. Gailurreria nagusitik 100 metro ingurura gailentzen baita monolitoa, harrizko itsasargi baten moldean nabarmenduko da.

Konglomeratuak

Astigar batzuen artetik igaro eta gero, ur biltegi handi batera iritsiko da ibiltaria. Eraikin hori eskuma aldean laga, eta PR-A 85 kodeari egokitu zaion Mendateetako itzulia zidorrari jaramon egingo zaio segidan. Antena bat atzean utzita, hareharrizko xendaz gozatzen hasiko da bizkor-bizkor. Adi ibiliko da han ibiltaria, argi zutoinen parean baitoa aspaldiko zidorra. Bidarriaz ez ezik, paisaiaz ere gozatzeko aukera izango du ibiltariak. Horiek horrela, Toloño mendilerroko kareharriak bertikalean jarrita daudenez, erraz egingo zaio zaleari labana zorrotzoi erreparatzea. Geologoen esanetan, 60 metro inguruko lodiera dute hormatzarrok, guztiak kareharri hareatsuz, kareharri bioklastikoz, kalkarenitaz eta dolomiaz osatuta. Fronte horren zamalkadura sistemaren konplexutasunari erreparatuko dio so-egileak aski soseguz, egitura hura Toloño mendilerroko hainbat sektoretan ageri baita. Estanpa pintoreskotik ihes egin ezinik, hortaz, El Nacederoko iturburu eta atseden eremura doan basabidearekin bat egin du bidaztiak.

Irudiaren deskribapenaToloño mendilerroari oratuta agertzen da Montorte multzo konglomeratikoa. JOSEAN GIL-GARCIA

Baina San Tirsoko monolitoa eta kareharrizko horma bertikalak ez dira oinezkoari arreta emango dioten altxor geologiko bakarrak. Kripango Oligozenoko konglomeratu ikusgarriak antzematea erraz izango da, mendilerroaren fronteari oratuta agertzen baitira kolore gorrixkako pareta bertikalak. Montorte izena hartzen du Kripan inguruko multzorik garrantzitsuenak. Altzoko Handiaren ezohiko hazkundearen kasuan bezalaxe, Montorte masa trinkoa erraldoi baten esku zabalaren antzera barreiatzen da garbi-garbi El Avellanal muinotik mendigunearen oinaldea zulatzen duten Peña Larga eta Balantziegoko aztarnategi arkeologikoetaraino. Gainaldean estugune eta ubide batzuk ireki dituzte azaletik joan ohi diren euri urek, eta, euriteen ondoren, jariatze urak —ez baitu iragazketarik egiten— ur emaria tupustean amildu eta ur-jauzi bitxiak sortu ohi ditu.

Mendatez mendate

El Nacederora jo gabe, eskuinetik jarraitzen duen harbideari men egingo zaio. Erkameztiaren babesean Kripan eta Bernedo lotzen zituen galtzada zaharraren arrastoak agertuko dira bide ertzean. Hari segika, goratasuna hartu eta minutu gutxira, basabide zabal batera iritsiko da. Ezkerrera egingo du ibiltariak orduan, eta Villafriako mendaterantz pauso arinak emango ditu. Basabideak eskuinera egiten duenean, zuzen ekingo dio, Montorteko ekialdeko aurpegi gorrixka aurrez aurre. Bide harritsuan gora segituta, erkameztiak berehala emango dio bidea pagadiari. Hurrengo bidebanatzean, ordea, Puerto Nuevora doan zidorra laga, eta zuzen jarraituko du ibiltariak, noranzkoa aldatu gabe. Pagadiaren babesean ehunka metro egin ostean, eskuinera okertu eta aldapa pikoari aurre egingo dio oinezkoak. Aldatsa amaitzeko gutxi falta dela, ezkerrera egin eta Montorteko gailurrera igoko da.

Irudiaren deskribapena

Ur-jauziak gertatzen dira hormatzarrean. JOSEAN GIL-GARCIA

Besteak beste, Kripan, Elvillar, Lantziego eta Guardia dira ibiltariak harri ukaldi batera izango dituen herriak. Errioxa aldeko mahastiek eta galsoroek okupatzen duten lur eremuaren banaketak atentzioa emango dio paisaia arretaz behatzen duen orori. Galsoroak eta zereal labore horiak Toloño mendilerroaren babesean agertuko dira; urrunago, ordea, Ebro ibaiaren altzoan eta magalean, mahastiek osatzen duten itsaso barea.

Kripanera itzulera

Montorteko tontorretik aurreko bidebanatzera itzulita, lepora iristeko falta ziren azken metroak egingo ditu. Iparraldeko isurialdera igarota, zehar-zehar jarraituko du, mendebalderantz, hots, San Tirso gaina eta hari dagokion monolitoa altxatzen diren tokirantz. Ezkerraldean goititzen den El Avellanedo gaina guztiz inguratu delarik, Abelbidearen mendatera iritsiko da. Kripan, Bernedo eta Guardia udalerriek bat egiten dute zoko horretan, mugarriak adierazten duen legez. Unea iritsi da, beraz, gandorra lagatzeko eta Kripan aldera egiteko. Bidexkak sigi-saga egingo du hegoaldean barreiatzen den pagadian zehar. Hostozabalen enbor lirainen artetik, Montorteko gune trinkoa begiztatuko da tarteka-marteka. Pagadia atzean uztear dela —ehiza barrutia dioen seinale txiki bat dago—, xenda nagusia utzi, eta ezkerretik segituko du, pagadiaren babesean ostera ere. Argiaren habe batera heldutakoan, basabidean behera egingo du. Eta, Balantziegoko haranean gora doan bidearekin bat egitean, eskuinetik segitu eta Kripan herrira iritsiko da Donibaneoste kalean aurrera eginda.

Bihar: Iragana, harrietan irarrita (IV): Urregarai.