Iragana harrietan irarrita

Urregarai. Paisaia karstiko batean barrena ibiliko da bidaztia Markina-Xemeindik Urregarai-Bedartzandi mendiguneraino. Ibilian-ibilian, magal urgondarrak mito eta elezaharrez jantziko dira.

Urregarai harrigarria

Mendiguneek eragin berezia izan dute beti gizakiengan. Erakarpen magnetikoaren moldean-edo, naturguneak oso-osoki miretsiak izan dira. Izan ere, jainkotzat edo jainkoen bizilekutzat hartu izan dira Euskal Herria egituratzen duten hainbat eta hainbat gune. Akaso horrexegatik, landareek eta animaliek hizketan zekiten garaian, izaki mitologiko ugarik babesa topatu nahi izan zuten natur eremuetan. Urregarai mendi kuttuna ametsezko babesleku horietako bat da, inolako zalantzarik gabe. Eremu karstikoan baseliza ttipi bat dago, eta hamaika mitok eta elezaharrek aipatzen dute.

Urregarai./ Josean Gil-Garcia
Urregarai./ Josean Gil-Garcia

Tontorraren izenari dagokionez, esaterako, Barandiaran ikerlari ezagunak jasoa du urrezko kanpai edo kaxa bat ezkutatzen dela mendiaren barrualdean. Batek daki egia ote den! Baiezta daiteke, ordea, Urregarai-Bedartzandi mendiguneak kareharrizko paisaia ederra osatzen duela Bizkaian. Azaleko harrizko morfologia bitxia bada, askoz harrigarriagoa litzateke lur azpian gordetzen den errainua. Izan ere, mendigune horrek Behe Kretazeoan sortutako kareharrizko fazies bat osatzen du, karstaren garapenarekin oso lotuta dagoena.

Beste kontakizun bat jentilen presentziaz mintzo da, betiere Xemeingo elizaren eraikuntzaren tamaina argitze aldera. Nonbait, izaki mitologiko indartsu horiek, habaila erabilita, harri puskak jaurtitzen zituzten, indarrez. Behialako beste kondaira baten arabera, Urregarai eta Bedartzandi mendiek osatzen duten mendigunean Alarabi izenez ezaguna zen numen izugarri bat bizi omen zen. Izakia hain handia zenez, tontor biak behar zituen oinak pausatzeko. Izaki erraldoi horren antzera-edo, egungo bisitariari ere tontor bietan pausatzeko gogoa etorriko zaio; izan ere, txangolari askok bi sabaiak kateatzeko desira agertzen dute behin Urregaraiko lepora iritsita.

Urregaraiko tontorrean dagoen Santa Eufemia baseliza./ Josean Gil-Garcia
Urregaraiko tontorrean dagoen Santa Eufemia baseliza./ Josean Gil-Garcia

Luis Pedro Peña Santiago etnologoak jaso zuenaren arabera, Santa Eufemia baseliza tradizio handiko tenplua zen garai batean. Tontorreraino igotzeko ohitura zegoen orduan, gerriko mina arintzeko. Ikerlari gipuzkoarrak gogora ekartzen zuenez, bizilagun ugari metzarrak edo argizariak gerrian jarrita igotzen ziren Urregarairaino. Nekea eta izerdia ez ziren desenkusa santuaren adeitasuna eskertzeko.

Markina abiapuntu

Urregaraiko tontorrera igotzeko asmoz, Markinako plazan jarriko da abian ibiltaria (Bizkaia). Elizaren eskumaldetik jaisten hasiko da, parke zabala zeharkatuta. Aldaola kalean aurrera eginda, Lekeitio eta Ondarroara doan errepidearekin topo egingo du berehala. Ibaia gurutzatzeko zubi txikia baliatu eta gero, errepide nagusiaren azpitik doan tunela igaroko du. PR-BI 27 ibili laburreko zidorra bidelagun, Urregarai eta Santa Eufemia aldera urratsak egiten jarraituko du, astiro-astiro.

Elsa Scheelen, kritika
Urregarai-Bedartzandi mendigunea karstikoa da./ Josean Gil-Garcia.

San Hiazinto baselizara iritsi gabe, ezkerrera hartuko du bidebanatzean, eta Ituarte baserri zaurituaren paretik igaroko da. Eskuinera joko du han, eta asfaltoan gora egiten hasiko da. Olabe baserria alboan lagata, pinudian aurrera egingo du, harik eta aldatsa samurtzen den arte. Bihurgunea egin eta berehala, asfaltoa utzi eta ezkerretik arriskatzen den zidor estuari men egingo dio. Alboko argi transformadore zaharra erreferentzia ona izaten da.

Mendiko maldetan gora jarraituko du bidaztiak, insignis pinu orrazdunak lagun. Koniferoen artean aski maskaraturik, baina so egileak ikusiko du espezie hostozabalak ere hazten direla; gaztainondoak, akaziak eta ereinotzak, besteak beste. Harbidean gora, eskailera mailen antzera kokatutako kareharrizko bloke xumeak ikusiko ditu bidezidorrean. Sigi-saga, bidarria baliatuta, porlanezko pistara irtengo da laster. Basabidea zeharkatu, eta gora egiteari eutsiko dio orduan. Espezie hostozabalen magalean, orkatx arrunt (Hypericum androsaemum) ugari ikusteko parada izango du ibiltariak. Europan, landare aski ezaguna da; sendabelar gisa erabili izan da Erdi Aroatik. Landareak inguru hezeak ditu gustuko, baita itzaltsuak ere. Orkatx arrunta bakarrik ez, endalar landare igokaria ere ikusiko dugu, gora eta gora egiten, adar arantzatsuak zuhaixka geruzetan harroturik.

Urregaraiko terraza

Galtzadan barrena jarraituta, bidaztia basabidera irtengo da berriz ere. Eskuinetik segituko du ehunka metro, leun-leun. Lau bide elkartzen diren gunera helduta, ezkerrera hartu, hango barrera igaro eta Igotz baserrirantz abiatuko da. Goratasuna hartzeari eutsiko zaio, atsedenik gabe. Bi urki hazten diren tokira iritsita, ezkerrera egin, eta, porlan bidea gogaide, Igotz baserrira helduko da. Eraikina babesten duen pago sendoaren aurrean igaro, eta, bide nagusitik aldendu gabe, lepo batera helduko da. Ibiltariak Jantzilekuko gailurreria karstikoa bistaratuko du, baita kareharriari kilimak egiten dizkion artadi kantauriarra ere.

Harrizko maila ugari igo behar dira Santa Eufemia baselizara iristeko./
Harrizko maila ugari igo behar dira Santa Eufemia baselizara iristeko./ Josean Gil-Garcia

Sakonunearen beste aldean, Larruz baserria antzemango du. Gure bidazti trebeak haraino bideratuko ditu pausoak. Hala, tipi-tapa porlanezko bidean aurrera, pagoak, lizarrak, hurritzak eta urkiak janzten duten eraikin zahar batera helduko da. Gero, bigarren sakonune karstikoa inguratuta, Urregaraiko atsedenlekura iritsiko da. Lepo luzea zeharkatuta, Atxagaraiko aterpetxera helduko da. Bidaiariak haren atzetik jarraituko du, goratsuna hartuz eta urki eta pago bikainek ederki babestuta. Bedartzandiko gune karstikoa bete-betean harrapatuko du oinezkoak, zelaigune batera iritsitakoan. Eskuinera egingo du han, eta, harrizko eskailerak banan-banan zapaldu ostean, Santa Eufemia tenplura iritsiko da. Tontorra hurbil dago, baselizaren ondoan dagoen goranzko bidexka hartuta.

Bihar: Iragana, harrietan irarrita (V): Jaizkibelgo paramoudrak.