Sei gogoeta izurriaz

Juanjo Alvarez. Erronka zaila izan da ordenamendu juridikoan izurriari aurre egiteko tresnak aurkitzea; kamutsak izan dira usu, eta eraginkorrak izan direnetan, zalantza handien sorburua izan dira. Zuzenbidean katedraduna izanik, Alvarezek adi-adi begiratu dio paradoxaz jositako amaraun horri.

«Ezin ulertuzkoa da gai honetan egon den legegintza nagikeria»

Izurriari aurre egiteko neurriak hartzeko eskumenen gaineko albisteak, horien egokitasunaren gaineko iritzi eta adierazpenak, hedabideetan naro ibili dira osasun krisi honetan, zalaparta artean usu. EHU Euskal Herriko Unibertsitatean Zuzenbide Pribatuko katedradun Juanjo Alvarezek onartu du (1964, Zumaia, Gipuzkoa) COVID-19aren pandemia erronka zail askoren sorburua izan dela beste alor askotan bezala zuzenbidearenean ere, eta motel ibili dela askotan. Zuzenbideak «erreminta kaxa» izan behar duela defendatu ohi du, konponbideetan lagundu behar duela; aldiz, errealitate berri eta korapilatsu honetan askotan «murru» izan dela ikusi du. Arranguraz egin du adierazpena; izan ere, inoiz baino garrantzi handiagoa izan dute erantzunaren egokitasunak eta doitasunak, izurria hesitze aldera neurri zorrotzak hartu behar izan baitira, herritarren oinarrizko eskubideak mugatu dituztenak, aurrez irudikatzen ere zail zen modu batean. Alarma egoeraren aldeko hautua egin dute hainbat administraziok bide horretan; Espainiako eta Frantziako gobernuek, adibidez. Izurriaren hastapenetan, hautuak dudak eragin zizkiola onartu du: «Lehen sentipena izan zen: proportzionala ote da? Ez zen bermeak bilatzen zituen ikuspegi bat antzematen hor, baizik eta salbuespenera begirakoa». Jardun legegileari begira kritikoa da, egoerari erantzuteko ordenamendu juridiko bat ehuntzen ez delako asmatu.

Juanjo Alvarez, Zuzenbide Pribatuko katedraduna
Juanjo Alvarez, Zuzenbide Pribatuko katedraduna. Jon Urbe, FOKU

Alarma egoeraren bitartez, eskubide ugari mugatu dira iragan hilabeteotan. Espainiaren kasuan, auzitan jarri du orain Auzitegi Konstituzionalak gobernuak ezarritako lehen alarma egoera, eta haren ondoriozko konfinamendua. Halako zerbait egiteko, salbuespen egoera ezarri behar litzatekeela ebatzi du. Zer iritzi duzu epaiaz?

Burugabekeria bat iruditzen zait ebazpen hori. Izan ere, itxura batean bermeen izenean, auzitan jartzen ditu gure askatasunak eta betebeharrak, eta atea irekitzen dio salbuespen egoerari. Ematen duen argudioa, gainera, oso pobrea da. Zera esan da ebazpen horretan: konfinamendua konstituzioaren kontrakoa izan zela alarma egoerak ez zuelako hori egiteko biderik ematen, baina hori ez da egia. Eta Auzitegi Konstituzionalaren beraren jurisprudentzia dago horren inguruan. Eskubidearen murrizketa, oso larria izanda ere —eta kasu honetan etxean utzi gintuen, etxeko balkoian jarri eta txaloka— kontrol bati lotua zegoen: ez zen desagertu. Konstituzionalaren ebazpenak dio marra gorri bat igaro zela: eskubidea mugatu ez, bertan behera utzi zela. Eta hori okerra da. Bertan behera uzten bada, eskubide bat desagertu egiten da; kasu honetan, ordea, erreklamazioak egiteko aukera eta bermea hor daude. Ebazpen horren argudioak nik ezin ditut estatu demokratiko batekin lotu.

Salbuespen egoera aipatzeak egiten du bereziki larria?

Guztiz. Ez dela hori gertatuko esaten ari dira. Ja, eta Vox gobernura heltzen bada? Baina, horretaz aparte ere, niri ez zait diskurtso hori gustatzen: nik nire eskubideak badiren bermea izan nahi dut. Ebazpena esaten ari da berme gehiago leudekeela salbuespen egoerarekin? Bada, behin egoera hori ezarrita, gobernuak nahi duena egiteko era du: nahieran. Ebazpena ikaragarria da, eta ez dakit zer-nolatan ez den horren aurrean erantzun legegile bat emateko urratsa egin. Legegileari dagokio bermeak ematea.

«[Eusko Legiltzarraren] Legea oso zuzena da sistematikoki,  garbia, baina ez da eraginkorra»

Juanjo Alvarez

Eta kasu honetan ez dira eman?

Espainiako botere legegileak nagikeria erakutsi du alde horretatik. Aurrera egite aldera, bi bide leudeke. Baga: pandemiaren kontrako lege bat egitea. Biga: egun osasun arloan dagoen legeria organikoa moldatzea. Espainiako Parlamentuko gehiengoak alarma egoeren luzapenak onartu bazituen, izan zen ikusi zuelako ez zegoela beste biderik. Hara, ba egin zezatela urratsa era ordenatuago batean, eta izan zitezela proaktiboak. Aurrea hartu behar zaio egoerari, eta alderdikerietatik aparte egon behar luke horrek; zuzenbideak erantzun egin behar du. Arduragabekeria izan da hori. Eta areago, burutazio bat dela esango dute hainbatek, baina nire ustez Eusko Legebiltzarra ere erabili behar litzateke bide horretan, hantxetik Espainiako Gorteei lege proposamen bat helarazteko. Ados, ez dute eskumenik legea aurrera eramateko, baina proposamena egin dezakete: hori ere bide erakargarri bat izan zitekeen. Baina, oro har, laburbilduz, ezin ulertuzkoa izan da gai honetan egon den legegintza nagikeria. Eta oraindik nabarmenagoa da hori Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenaren ostean.

Lege propio bat egitea, edo daudenak moldatzea. Bi aukera daudela esan duzu. Horiek garatuta, alarma egoerarik ez litzateke behar ja gehiago?

Salbuespenekoa litzateke. Egokiena litzateke propio pandemiaren kontrako lege bat egitea: gaiari buruz beste lege batzuetan jartzen duena jasoko lukeen lege bat. Beste lege horiek zentzua izaten jarraituko lukete, baina ad hoc egindako lege batek esparru juridiko arautzaile garrantzitsu bat emango luke. Horixe litzateke niretzat formularik egokiena.

Eusko Legebiltzarrak lege propio bat onetsi du pandemiei aurre egiteko. Zer moduzkoa da?

Sistematikoki oso zuzena da, aseptikoa, garbia; baina ez du egun daudenetatik aparteko erremintarik ematen, eta, beraz, ez da eraginkorra. Argia da hori. Erreminta juridikoak emate aldera, ez da eraginkorra.

«Errealitate zentralizatuan bestelakoa da egoera; Parisen erabakitzen duzuna Miarritzeraino heltzen da»

Juanjo Alvarez

Autonomia erkidegoen eskumenak bere ahultasunean erakutsi ditu krisi honek, ezta?

Areago, estatuak ere badira txikiegiak tamainako zerbaiti aurre egiteko. Pandemia bati aurre egiteko, dimentsio global batean jardun behar duzu, eta gero moldatu egin behar da beheragoko errealitateetara egokitzeko. Alde horretatik, Alemanian, lander-etan eta, hemengo arazoen antzekoak izan dituzte; politikoki era zuzenago batean bideratu dituzte, baina arazoak antzekoak izan dira. Euskadin, adibidez, pandemiari aurre egiteko eskumenak baditugu: testuinguru guztietan, gainera. Babes zibilean, osasungintzan, osasun publikoan... Eskumenak baditugu. Arazoa dator juridikoki murrizketak ezartzeko orduan; ezar daitezkeen murrizketa bakarrak lotuta daude tokietako edukierekin eta ordutegiekin. Besterik ez: populazio orokorrari begira, beste neurririk ezin da hartu.

Horiek horrela, auzitegietara jo dute behin baino gehiagotan autonomia erkidegoek, jarduteko baimen eske. Nafarroako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza ataka horretan ikusi ditugu. Ez da koherentziarik egon emandako epaietan: aski erantzun ezberdinak egon dira. Nolatan?

Askotan gertatzen da auzitegietan epaileek hartu behar dituztela erabakiak arrastorik ere ez duten gaiez; orojakitea jakintsuen kontua da. Epaileen lana izaten da errealitate bat hartu, eta errealitate juridiko batera eraman, iragazki horretatik igaro, eta ebazpen bat ebaztea. Kasu honetan argia ez den errealitate normatibo batekin egin dute topo: anbiguoa. Batetik, «behar adina neurri» hartzeko era ematen duen lege multzo bat; bestetik, eskubideak bermatzera egiten duen legeria bat, esaten dizuna kontuz ibiltzeko populazioari, era orokorrean, eskubideak murriztea ekarriko duten legeekin. Bi errealitate horiek aurrez aurre jartzen ditu epaile batek, proportzionaltasun irizpidea ere hor dago eta aztertzen du: «Hau egin dezaket? Eta beste hau?». Gero, zera hartu behar da kontuan baita ere, normalean epai on baten atzean, auzi eske on bat dago; ematen diren argudioek garrantzi handia dute.

Eusko Jaurlaritzak, adibidez, ezezko ebazpenak jaso ostean, utzia du oraingoz auzitegietako bidea. Berriz hartu behar luke?

Nire ustez, bai; Jaurlaritzak muturreraino eraman behar luke bide judiziala. Batetik, argudioen mailan. Bestetik, EAE Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak ez badu argi, zoaz Auzitegi Gorenera. Hartara, gero herritarrei azaldu ahal izateko zein den zure erantzukizuna. Batetik, politiko-instituzionala: alegia, kasu honetan Pedro Sanchezi eskatzea alarma egoera bat. Bestetik, lege bat egitea bultzatzea; ordezkari kopuru handi samarra dugu Madrilen, hor bultza zitekeen lege proposamen bat. Zergatik ez? Lortu akordio bat, eta sustatu. Ahalegindu: muturreraino. Eta esan bide guztiak erabili dituzula. Azaldu Sanchezengana jo duzula, eta atearekin eman dizula muturretan. Parlamentuan bidea egiteko ahalegina egin duzula, eta ez zaituztela aintzakotzat hartu, eta bide judiziala ere erabili duzula, eta ezin izan duzula gehiago egin hor ere. Baina ahalegindu.

Irudiaren deskribapena
 

Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek berak esan zuen Gorenak jurisprudentzia jar zezakeela auzi hauetarako, eta jorratzeko bide hori. Zer iruditzen zaizu?

Nire ustez, hor Espainiako Gobernuak egin zuena lardaskeria bat izan zen: hor lasterbide bat bilatu nahi izan duzu, epaile batek konpon dezan legearen bidez konpondu ez dena. Konpon ezazu lege baten bidez, eraman ezazu gaia parlamentura, eta bidera ezazu han. Hortxe dago lehen aipatu dudan nagikeria. Auzitegi Gorena ahalegintzen da erabaki koherenteak ebazten, baina Auzitegi Gorenak ez du erantzunaren filosofoen harria aurkituko. Hala ere, niri iruditzen zait merezi duela ate hori ere jotzeak.

Auzitegiek gaiaz eman dituzten sententziak taxu diferentekoak izan dira hilabeteotan, eta horren motiboak zein diren azaldu dituzu. Halakoek, hala ere, ez dute okertzen justiziarekiko ikuskera?

Bai, eta mesfidantza sortzen dute justiziarekiko. Baina esan dut, hori bestela ere gertatzen da: dibortzioetan, enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteetan, bestelako auzitan... Zer egin behar da hori urritzeko? Esparru normatibo bat eman behar duzu. Edozein arautan orientabide interpretatibo oso ezberdinak daudela ikustean, Auzitegi Gorenera jotzea izaten da hautu bat, jurisprudentzia harmonizatu bat eman dezan. Baina, bide batez, normalean botere legegileak lege ere bihurtzen du Gorenak emandako irizpide interpretatibo hori.

Beste herrialdeek nola bideratu dituzte murrizketak? Zer euskarri juridikorekin egin dituzte? Zer zailtasun izan dituzte?

Inork ez du hagaxka magikorik izan. Oro har, prozedurei dagokionez, neurrien egokitzapen hobe bat egon da; hemengo egoerarekin alderatuta, hori nabarmenduko nuke, batez ere. Baina, gero, kontraesanak mundu osoan egon dira. Begiratzeko ispilua Australia izan liteke? Ez dakit. Han hainbat neurri prebentibo hartu dituzte hemen bai botere legegileak, eta bai exekutiboak, asko pentsatu dituztenak. Estatu deszentralizatuetatik egin beharreko gogoeta bat bada hor, kogobernantza deitua behar dugunona. Nik ez dut gogoko hitz hori: kogobernantza. Ez da kogobernantza: gobernantza da, gobernu konplexu baten gobernua da, eta helburua da, betiere, erabaki eraginkorrak hartzea erabakiak hartzeko maila ezberdinetan. Nola uztartu hori dena? Alemaniak, esate baterako, nahiko ondo antolatu du. Errealitate zentralizatua duten herrialdeetan, berriz, bestelakoa da egoera; esaterako, Emmanuel Macron atera zen esaten txertatu gabeak ez zirela garraiobideetan sartuko, eta protestak izan dira, noski, baina politikoki inork ez du ezer egin. Jakina, Parisen erabakitzen duzuna Miarritzeraino heltzen da.

«Jaurlaritzak muturreraino eraman behar luke bide judiziala; Auzitegi Nagusiak ez badu argi, zoaz Gorenera»

Juanjo Alvarez

Espainiako Kongresuan ordezkaritza duten alderdien partetik, hartu behar izan diren neurrien inguruko eztabaidak politizatzera egin da sarri, ezta?

Guztiz ados, politizatu egin da, eta judizializatu, eta hori, maila horretan, ez da ikusi gainerako estatuetan. Debatea guztiz politizatu egin da, eta auzitegietara eraman. Eta horrek ekarri du segurtasun juridikoaren defizit bat. Politikoen arteko politikaren kutsadura ere heldu da eremu judizialera, eta ingurumari horretan, zer geratu da? Zuzenbideak, eraginkorra izateko ahaleginean, hutsaren hurrengo jardun du.

Prozesu honen ostean egon daiteke eskubideen galera bat? Eskubideak ahulago egite bat?

Ez nuke hori esango. Bueno, jakina, Auzitegi Konstituzionalak orain eman duen irizpidea nagusituko balitz, bai. Baina, oro har, esango nuke tentsio bat egon dela; gure oinarrizko eskubideak ukitzeak argudiatze juridiko irmo bat eskatzen duelako, eta legeak ez digulako eman. Debate hori konpontzeko dago, baina debate sano bat dela uste dut: dagoeneko konponduta behar luke, aspaldi, baina argi uzten du eskubideak erabaki politiko-publiko baten ondorioz ukitu nahi direnean, kortse asko daudela hor. Eta hori ez da txarra. Arazoa da dagoeneko konponduta behar lukeen debate bat kronikoa bihurtzea.

Zer ikasbide atera behar da?

Zuzenbideak produktu sozial bat izan behar duela, eta pandemiaren ondoriozko arriskua da zuzenbidea baliogutxituta geratzea gizarteko bizitza antolatzeko funtzio arautzailean. Horregatik, niretzat legegileek arduratsuak izan behar dute, aurrea hartu behar diete egoerei. Zuzenbideak ezin du zientzia forentse bat izan; sendatu egin behar du, prebenitu. Eta berandu gabiltza.