Han eta hemen

Ane Pikaza. Ilustratzaile eta antzezle lanetan aritzen da: bi diziplina ezberdinetan, ezinbestean eta etengabe bat egiten dutenetan. Ez da saiatzen ogibideak bereizten, elkarri ekarpenak egiten baitizkiote. Antzerkiak talde hausnarketa eskaini ohi dio, eta ilustrazioak bakardadea tarteka.

«Gorputzak ezartzen du zer garen eta nolako lanak egiten ditugun»

Betidanik afizio izan ditu Ane Pikazak (Bilbo, 1984) ilustrazioa eta antzezpena, eta ofizio ere izaten hasi zitzaizkion unibertsitate garaian. Bataren eta bestearen artean ibili da geroztik, aukerek ahalbidetzen zutenaren arabera ilustratzaile edota antzezle arituz. Buruhausteak ez dira gutxi: izan ere, lan erregimen ezberdina dute biek. Sortzaileen eskubideak babestuko lituzkeen estatutua du jopuntuan aspalditik.

Ane Pikaza ilustratzaile eta aktorea
Ane Pikaza ilustratzaile eta aktorea. Monika del Valle, FOKU

Nola hasi zinen ilustrazioarekin eta arte eszenikoekin?

Biekin batera hasi nintzen. Urte askotan dantza egin nuen, eta Arte Ederrak ikasten hasi nintzenean, lehenengo urtean, antzerki ikastaro batean hasi nintzen. Bi diziplinak landu nituen aldi berean: karrerako bigarren urtean jada lanean hasi nintzen Goenkalen. Arte Ederren ikasketak bukatu nituenean, Florentziara [Italia] joan nintzen Erasmus beka batekin, eta bueltan EHUren antzerki titulu propio bat egin nuen. Gerora, antzerki ikastaro asko egin nituen, eta, ondoren, ilustraziora bueltatu nintzen berriro.

Eta unibertsitatera sartu aurretik, zer harreman izan zenuen diziplina horiekin?

Ez neukan hain argi zer ikasi: biologia eta osasun zientzien batxilergoa egin nuen, gero Arkitekturan sartu nintzen, matematiken ildotik; hasi eta urtebetera joan nintzen Arte Ederren karrerara. Baneukan aurretiko joera bat: dantza eta agertokiak gustuko nituen eta txikitatik asko gustatzen zitzaidan mozorrotzea; bestalde, oso lotsatia nintzen beste gauzetarako. Nire aitak pintatu egiten zuen, eta igandero joaten nintzen Arte Ederren Museora harekin. Interesa banuen; ez nekien agian profesio bat izan zitekeenik.

Aipatu duzu unibertsitatearen ondoren antzerkira jo zenuela, eta gero berriro itzuli zinela ilustraziora. Nolakoa izan da diziplinen arteko joan-etorria?

Lanaren araberakoa izan da, momentuan nituen aukeren araberakoa. Bilbo Arten egonaldi bat eman zidaten; orduan Euskal Aktoreen Batasunean egiten nuen lan, aktore moduan ezin nintzelako bizi. Gero, aktore lan gehiago irteten hasi zitzaizkidan, eta hortik jo nuen. Ondoren, sei urtez egon nintzen lan egiten antzerki konpainia baten ekoizpenean; arlo hori asko gustatzen zait —gerora kudeaketa kulturalaren inguruko master bat egin nuen—. Niretzat oso onuragarria izan zen antzerkiari leku guztietatik begiratzea: ekoizpenetik, diru laguntzetatik, lantaldetik... aktore moduan egiten duzunaz gain, beste mundu bat dago, eta niretzat oso interesgarria da kulturaren mundua orotara.

Ilustraziora itzuli nintzen, ikuskizunen kartelak egiten hasi nintzelako; ilustrazioko eta arte plastikoetako ikastaro batzuk ere egin nituen, eta mundu horrekin apur bat gehiago erlazionatu nintzen. Ze, azkenean, nahiz eta biak diziplina artistikoak izan, mundu oso ezberdinak izaten dira batzuetan. Eta gerora konturatu naiz uztartzen joan direla: Kabia teatrorekin egin genuen Alicia después de Alicia antzezlana, eta ikuskizunaren emanaldietarako ilustrazioak egin nituen Gheada estudioko Ruth eta Raquelekin. Orain, Yerma egiten ari gara, eta zuzenekoan gauza batzuk irudikatu egiten dira. Badituzte uste baino kontu komun gehiago.

«Aktore gisa, alta eman behar didate, baina, ilustratzaile gisa, autonomoa izan behar dut, eta kontratuek epemuga bat dute»

Ane Pikaza. Ilustratzaile eta aktorea

Kronologikoki ez ezik, diziplinek bat egin dute beste alde batzuetan ere? Gaietan, adibidez?

Ez naiz banantzen saiatzen. Gainera, uste dut oso onuragarria dela diziplina eta erreferentzia ezberdin asko izatea sortzen dugunean. Ilustratzeko izan ditzaket pelikuletako erreferentzia batzuk, edo ez bakarrik diziplina artistiko baten erreferentzia, baizik eta paisaia bat, adibidez. Eta alderantziz: antzerkia egiten dugunean ere, askotan iruditegi bat sortzen dugu musika batetik abiatuta, esaterako. Erreferentziek irekiak izan behar dute. Ez dut uste diziplinak mugatu daitezkeenik; bestela, errepikapenera eta autofagozitaziora besterik ez ginateke iritsiko.

Adierazteko bi modu ezberdin dira. Moldeak berak eragiten al du gaien aukeraketan?

Publikoa ezberdina da, formatua ere ezberdina da... segun noiz. Ni ilustrazioaren munduan nabil orain, baina ez arte plastikoenetan; lan egiteko modu ezberdinak dira agian: ilustrazioa aurkitu dezakezu erakustokietan, baina proiektuak beste toki eta formatu ezberdinetatik daude planteatuta. Ilustrazioak askotan badauzka bide arinago batzuk: argitaletxe batean irudi bat behar badute, gai bat jorratzen duzu, baina laburragoa da hausnarketa, ez dauka hainbesteko sakontasunik. Baina gerta daiteke liburu bat egitea, eta hor badago sakontasuna. Denboraren araberakoa ere bada, esango nuke. Antzerkian denbora pila bat pasatzen da ideia bat buruan daukazunetik ideia hori taula gainera eramaten denera arte. Hala ere, ilustrazioan ere gertatu izan zait lana luzatzea. Gaiak jorratzeko momentuan gauza ezberdinak azpimarratu edo airean uzten dituzu, publikoaren arabera.

Zer baliabide eskaintzen dizkizu formatu bakoitzak?

Normalean, antzerkiak beti ematen didana da lantaldeko hausnarketa bat, talde batekin sortzen duzulako, nahiz eta bakarrizketa bat izan. Hor badago elkarrekintza handia, uste dut ideiak ez direla %100 puruak; taldekideekin izandako elkarrizketen ondorioz sortutako proposamenak dira. Badago nahaste bat, eta oso aberatsa da. Antzerkiak ematen dit aukera hitz egiteko eta aurreiritzietatik alde egiteko.

Ane Pikaza

Ilustrazioak eskaintzen dit agian hausnarketa pertsonalagoa... bada bakartiagoa, denbora gehiago ematen duzulako gai bati bueltak ematen, kontatu nahi duzun hori azaleratzeko. Baina gerta liteke gai horren inguruan beste norbaitekin hitz egitea; liburu bat egiten ari bazara, editore batekin; edo, enkargu bat izatekotan, adieraziko dizute: «Hori gehiago azpimarratuko nuke» edo «beste hori ez da hain beharrezkoa». Kasu horietan ere elkarrizketa bat sortzen da, baina lana bakartiagoa da, berez.

Bakardade horrek askatasun gehiago ematen dizu?

Ez dakit, beldurrak ere izaten ditugulako, eta orduan geure burua mugatu egiten dugu. Agian, ez zara zerbait egiteko gai ikusten, baina, jendearekin zaudenean, egin dezakezula esango dizu zuzendari batek edo beste aktore batek. Bakarrik zaudenean, zuk bultzatu behar duzu zeure burua, nolabait. Eta enkarguek mugatzen dute lan pertsonalari eskaintzen diozun denbora; agian ez naiz hain libre sentitzen edozer gauza egiteko. Erantzukizun bat daukat dena delako enkargua eskatzen duenarekiko, epe batean entregatu behar ditut lan horiek... Batzuetan baduzu aukera proiektu pertsonalean gehiago sakontzeko, eta orduan badago askatasun hori, edo argiagoa da.

Bi diziplinen ezberdintasunik agerienetako bat da gorputzak presentzia handia duela: arte eszenikoetan erabatekoa da; ilustrazioan, aldiz, ezkutuan dago.

Nik uste dut gorputza badagoela, ilustrazio motaren arabera: normalean, txikiak izaten dira, baina taula handi batean pintatzen duzunean... trazu edo orban batek ezaugarri zehatz batzuk dauzka. Badakizu ilustrazioaren atzean gorputz bat egon dela, baina ez da zuzenean ikusten den zerbait. Nire ilustrazioetan ez da hainbeste antzematen, uste dut, eta oraintxe, gainera, formatu txikiago batean ari naiz lanean. Ilustrazioan, hor nonbaiten ikus dezakezu badagoela, eta antzerkian hor dago guztiz. Antzerkia lotuta dago hemen eta orain horretara, eta ezinbestekoa da fisikoki gorputza hortxe bertan egotea. Baina ilustrazioa egin bitartean ere hor eta orain egon behar duzu, nahiz eta hor eta orain hori gero antzeman daitekeen edo ez.

«Niretzat oso onuragarria izan zen antzerkiari leku guztietatik begiratzea: ekoizpenetik, diru laguntzetatik, lantaldetik...»

Ane Pikaza. Ilustratzaile eta aktorea

Nola eragiten du gorputzak?

Unibertsitateko irakasle batek esaten zuen: «Gure mugak ez dira ezintasunak, baizik eta osatzen gaituen hori». Nire gorputzak muga batzuk dauzka, gizakia naizen heinean. Eta ilustratzaile moduan ere bai. Gorputzak ezartzen du zer garen eta nolako lanak egiten ditugun.

Harrerari dagokionez, ezberdintasunak daude diziplina bateko eta besteko lanen artean?

Proiektu batean, eskolekin aritu naiz lanean. Aurreko batean, eskola horietako batera joan nintzen, eta zaintzaile batek nire izena ezagutzen zuen ilustrazio lanarengatik, baina ez ninduen ni ezagutzen. Antzerkiko kontu bat egitera joan nintzen, eta esan zidan: «Aktorea ere bazara? Ez zintudan ezagutzen, eta asko gustatzen zaizkit zure ilustrazioak». Eta polita iruditu zitzaidan. Ingurukoek badakite bi gauzak egiten ditudala, baina jende askok ez daki aktorea eta ilustratzailea naizenik. Baina harrera ez da ezberdina. Alde horretatik, lana dator orain: azkenaldian oso digitala izan da dena, eta COVID-19aren ostean antzokietan egon gara, baina ez dugu aukera izan publikoarekin hitz egiteko; errazagoa izan da sare sozialen bidez komunikatzea eta hortik ikustea zelan jasotzen zuen jendeak gure lana, zuzenean baino gehiago.

Horri dagokionez, nola ikusten duzu etorkizuna?

Gauza on asko etorri dira luzarorako, eta espero dut gauza asko ere laster joatea. Jendea biltzean sortzen den energia oso beharrezkoa da. Askotan, uste dugu beste diziplina batek, agian ilustrazioak, aguanta dezakeela urruntasun fisiko hori, baina ez da hala: izaki sozialak gara, eta edozer gauza egiteko behar dugu gertutasuna eta hartu-emana, dela musika, literatura, ilustrazioa, antzerkia...

Ane Pikaza

Gustuko bi diziplina ogibide izatea bi modutara ikus daiteke: batetik, aukera gisa; baina, bestetik, izan daiteke sektoreotan dagoen prekaritatearen erakusle ere.

Nik orain biak behar ditut bizirik irauteko, hori da nire errealitatea. Baina baditut soilik arte eszenikoetan lan egiten duten lagunak, baita bakarrik arte plastikoaren aldean lan egiten ari direnak ere.

Nire kasuan, aktore moduan, alta eman behar didate, baina, ilustratzaile moduan, autonomoa izan behar dut; bestalde, kontratuek beti epemuga bat izaten dute. Horrek agerian uzten du oso zaila dela erantzun bakarra ematea alde praktikoan, ekonomiari eta ogasunari dagokienez. Kulturaren inguruan lan egiten dugunon artean argi dugu prekaritate eta ezegonkortasun handia dagoela. Aspalditik gabiltza Artistaren, Sortzailearen eta Kultur Langilearen Estatutuaren atzetik, sortzaileen eskubideak babesteko, kontratazioak erregulatzeko eta sortzaileentzako aproposak diren neurri berriak sortzeko.

Prekaritatea, bestalde, oso lotuta dago kultura ulertzen dugun moduarekin eta oinarritik ematen diogun balioarekin.

Bihar: Oier Guillan.