Han eta hemen

Oier Guillan. Poesia, nobela eta antzerki liburuen idazlea da; Metrokoadroka laborategiaren, Eztena antzerki jaialdiaren eta Hitzen Uberan literatura gunearen sortzaileetako bat; Edo argitaletxeko kidea eta Susako Ganbila bildumaren editorea. 'Miss Karaoke' saiakera plazaratuko du.

«Eguneko unerik onena gordetzen dut idazteko»

Zer izan ote zen aurrena: literatura edo antzerkia. Oier Guillanek (Donostia, 1975) eta bere lagunek fanzine bat plazaratzen zuten gaztetan: Momodijidopoak. Garai hartan, 1995ean, Mikelazulo elkarteak ateak zabaldu zituen; eta fanzinea han saltzearen truke, errezitalak egiten zituzten. Diziplina ezberdinetan ziharduten sortzaileak ezagutu zituen Guillanek: «Antzerki mugimendu bizia izan da beti Oreretan [Gipuzkoa] eta haiek antzerkiarekin eta gu poesiarekin, errezital konplexuagoak egiten hasi ginen». Antzerki erako errezital haietatik sortu zen Omo taldea: Oskar, Mario eta Oier. Orduan hasi ziren lehendabiziko ikuskizunak saltzen eta antzerki talde batzuetan parte hartzen.

Oier Guillan idazle eta antzerki zuzendaria

«Imajinario berri bat sortzeko premia sentitzen dut: poema liburu bat, jakiteko hurrengo urteetan zer egin nahi dudan»

Oier Guillan. Idazle eta antzerki zuzendaria

Zuk idazten segitzen zenuen beti, ezta?

Idazten, autoeditatzen, sariketetara testuak bidaltzen. Literatur kezka handiago bat eta hitzarekiko konpromisoa sortu zitzaizkidan. Niretzat, beti lehenbizi hitza egon da; eta hitza plazaratzeko beste modu bat zen antzerkia. Konturatu nintzen gorputzaren kodeak ez direla paperarenak. Orduan, gatazkan bizi nuen harreman hori: idaztea bakarkako ariketa da, baina antzerkian idazteko beste era batzuk daude; taldearen faktorea sartzen da bete-betean, honek testua eraldatzeko eskubidea dauka, eta jakin beharra dago taldearekin negoziatzen.

Zer ikasi zenuen?

Sistema ezberdinak direla, elkar osatzen dutela, eta ez elkar oztopatzen. Jabetzen naiz, liburu baterako idazten jartzen naizenean, oso kutsatuta nagoela. Poesia idazten dudanean, igartzen zait ahozkoaren erritmoa, oholtzari lotua. Narratiba idazteko ahalegina egin izan dudanean, konturatu naiz ia antzerkia dela. Arazo bat balitz bezala ikusi ordez, nire estiloaren markatzat jotzen dut.

Zein antzerki taldetakoa izan zara?

Omo, Moksa, Ainka... Mikelazulo izenarekin antzezlan mordoa egin genuen 2001etik 2008ra bitartean. Eta ondoren sortu genuen Metrokoadroka. Jende askorekin kolaboratu izan dudanez, beste lantalde batzuen fitxetan ere agertzen da nire izena; esate baterako, Dejabu, Rouge Elea, Anakrusa.

Noren artean sortu zenuten Metrokoadroka sormen laborategia?

Bost lagunen artean: Alvaro Ledesma, Maria de Bernardo, Allende Arnaiz, Idoia Beratarbide eta neu. Arlo askotako jendea: argazkia, eskultura, ilustrazioa, musika, arropa... Ni bakarrik nintzen antzerkikoa.

«Niri tartean dagoen guztia interesatzen zait, ‘trans’ den guztia. Tartean eta mugan, hor beti gertatzen da zerbait»

Oier Guillan. Idazle eta antzerki zuzendaria

Eskuen sustraiak poema liburua Susarekin argitaratu nuenean 2009an, eta hartan oinarritutako errezitalak egiten hasi, orduan ez genuen izenik. Berehala, Cafe Bar Bilbao saria irabazi nuen Herio heroi antzerki liburuarekin; eta hura muntatu genuenean ere, izenik ez. Ondoren, lan handiago bati ekiteko aukera sortu zitzaigun: Hura ez da lekua. Hor hartu genuen Metrokoadroka izena. Gero etorri zen Poza obra [2012], eta, harrezkero, marka ezaguna egin da eszenari esker, nahiz eta segitzen dugun askotariko sormen jardunetan. Orain, Oiartzunen [Gipuzkoa] gaude, Manuel Lekuona kalean, Irubide ondoan, Ehuntze espazioan.

Poza inflexio puntu bat izan al zen?

Guztiz eszenikoa zen Poza. Harrera oso ona izan zuen, kritika onak ere bai. Beste lan dinamika bat sortu zen. Era kontzientean kode propio baten bila hasi ginen taula gainean, lotura zeukana beste diziplina artistiko batzuekin. Performancearen munduarekin bat egiten zuen. Geure burua formatu genuen, ikasketetan eta tailerretan landuta. Proiektua hazten ari zen. Obra gehiago etorri ziren, kolektiboa handitzen eta egituratzen hasi zen. Miss Karaoke obrarekin iritsi zen hurrengo inflexio puntua.

Orain Ehuntze espazioan lan egiten duzu.

Idoia Beratarbidek sortu zuen Ehuntze, duela zazpi urte, lokal txiki batean. Oiartzungo dinamikan parte hartzen hasi ginen, antzerki programazioan eta abarretan. Murritz geratu zen leku hura, eta Manuel Lekuona kaleko etxepe honetara etorri ginen; 2019ko udan egin genituen konponketak, eta irailean hemen ginen lanean. Denbora gutxian gauzak gertatzen ari dira espazio honetan: bulego lanak, entseguak, bilerak eragileekin, ikastaroak.

Oier Guillan idazle eta antzerki zuzendaria

Zenbat lagun zarete Metrokoadrokan?

Hamazazpi, hor nonbait. Talde irekia eta malgua da. Bidean norbaitekin kolaborazioan topo egiten badugu, harekin feeling bat sortzen baldin bada, halako batean, berak nahi izanez gero, gure sareko kidetzat hartzen dugu. Proposamenen bat iristen zaigunean, sare horretara bideratzen dugu, eta hor ikusten da nori interesatzen zaion proiektua, edo nork parte har dezakeen, agenda kontuen arabera. Horrela azpitaldeak eratzen dira, eta, hortik aurrera, proiektu bakoitzak modu autonomoan funtzionatuko du.

Zein dira zure egitekoak?

Produkzio lan asko egiten ditut. Idatzi ere hemen egiten dut orain. Etxetik hona aldatu dut lantegia. Idazteko dinamika fisikoa erraza da niretzat hemen, paseatzeko egokia delako, terraza bat duelako, taberna bat dugulako aldamenean. Espazio intimo gozoa daukat. Yoga egiten dut, goizean idazten hasi baino lehen. Egunero idatzi behar dut; ordu erdiz, besterik ez bada. Idaztea da nire lana. Salbatu egin behar da idazteko momentua, gero laster etorriko dira-eta bestelakoak: mezu elektronikoak, telefono deiak eta abar. Sortze prozesuetan murgilduta gaudenean, horrek ere energia asko hurrupatzen du. Beraz, eguneko unerik onena gordetzen dut idazteko.

Aktorea, idazlea, zuzendaria, produktorea, koordinatzailea... Denetik egin duzu?

Antzerkian denok egiten dugu denetik lehen urteetan. Prekaritateagatik da; ezin da aktore bat kontratatu, edo ezin da argiztatzaile bat hartu. Norberak egin beharra dauka. Eta horixe da eskolarik onena. Aurreneko ikuskizunetan denok ginen aktoreak, denok geunden oholtzan: pintorea, argiztatzailea, musikaria... Nik ere ikasi dut apur bat argiez, tokatu zait arropak aukeratzea, tokatu zait salmentan jardutea, zuzentzea eta idaztea. Momentu batean tentazioa ere izan nuen denetik asko jakiteko, baina ohartuta nago ezinezkoa dela. Nolanahi dela, ikasi dut zein izaten diren bakoitzaren ardurak, zailtasunak, kezkak, estutasunak. Beraz, obra bat zuzentzen ari naizenean, badakit zer eska diezaiokedan bakoitzari. Hori gertatu da, lokatzetan sartuta egon garelako.

«Antzezlan asko idatzi izan da, tiraderetan gordeta dago, argitaratzeko piloa dago, eta dena ezin da paperean egin»

Oier Guillan. Idazle eta antzerki zuzendaria

Zein lokatzetan sartuta zaude orain?

Aktore lanak utzita dauzkat. Inguruan badira aktore iaioak. Miss Karaoke antzezlanean idazlea eta zuzendaria besterik ez nintzen izan. Azken aktore lanak egin ditut Kamikaz taldearen Kaffka eta Beheko Larraine konpainiaren Bidaietaz obretan; despedida moduko bat izan da. Idazketa eszenikoan espezializatu naiz: literatura eta dramaturgia. Eta, bestalde, zuzendaritzan eta produkzioan. Rol horiek onartu ditudanez gero, gai naiz besteei formakuntza ematen hasteko.

Idatzi eta zuzendu. Nola egiten duzu?

Literatura papererako idazten dut. Baina eszenarako ez dut inoiz aldez aurretik idazten, zuzentzen dihardudan bitartean baizik. Gorputzen bidez idazten dut, antzezleek ematen didatenarekin: haien keinuak, posturak, mugimenduak, irudiak, esanak... Abiapuntuko gaiarekin eta ideiarekin nahasten ditut horiek guztiak. Kontatu nahi dudana badakit; baina nola kontatu, antzezleekin egon arte ez dut erabakitzen. Horrela bat egiten dute idazketak eta zuzendaritzak. Obraren testua eta koreografia osatutakoan, eskaleta fisiko bat eta eszenak antolatutakoan, zentzu orokorra finkatutakoan, orduan hasiko da zuzendaritza teknikoa, muntaketa definitiboari begira.

Formakuntza tailerretan ere ari zarela ulertu dizut.

Jabi Barandiaran eta biok zuzendu genuen Miss Karaoke. Ondo osatu genuen elkar. Dramaturgia molde hark interesa piztu zuen, eta, harrezkero, formakuntza emateko eskaintza pilo bat iritsi zitzaigun eskoletatik: Dantzerti, Antzerki Labea, Baratza aretoa, Donostiako EHU; baita Gijonetik [Espainia] ere. Horretan sekula aritu gabeak ginen. Gure kodeak aztertzeko ariketa egin behar izan genuen, eta teorizatu. Satisfazio handia ematen du formakuntza lanetan jarduteak. Gure lengoaiaren bidez gazteekin konektatzeko aukera izaten ari gara. Eta, aldi berean, aukera izan dugu beren obra sortzera doazenentzat aholkulariak izateko. Intza Alkainek, Mikel Ibargurenek eta Edurne Azkaratek osatzen duten Formol taldearekin lan egin dugu, adibidez.

Oier Guillan idazle eta antzerki zuzendaria
 

Zein dira zure hurrengo antzezlanak?

Bidaide da bat, eta bestea da Zeozertan dabil baina ez dakit zertan. Urtarrilean estreinatuko da bat, maiatzean bestea. Bi obra berri egiteko bi lantalde sortu ditugu. Bidaide Idoia Beratarbidek eta Iraia Eliasek zuzenduko dute, eta oholtzan izango dira Idoia Hernandez Hatxe, Maite Aizpurua eta Ainhoa Alberdi; hor antzezlanaren idazlea izango naiz, eta produkzioaz eta komunikazioaz arduratuko naiz. Zeozertan dabil baina ez dakit zertan obran idazlea, zuzendaria eta produktorea izango naiz; Marina Suarezekin batera zuzenduko dut, eta oholtzan izango dira Edurne Azkarate, Jabi Barandiaran eta Maite Aizpurua.

Zertan diharduzu udan?

Beste konpainia batzuei laguntzen: Rouge Elea (zirkua), Aukeran (dantza) eta Mugmus (dantza, musika, bertsoa eta literatura).

Izurrite garaian liburu bat idatzi duzu.

Antzerki obra bat sortzeko prozesuaren ingurukoa da. Miss Karaoke antzezlanarekin deskubritu nuena idatziz jarri nahi izan dut. Saiakera literario bat da.

Emanaldi guztietara joan nintzen, eta publikoaren artean esertzen nintzen. Oholtzan ikusten zena eta publikoaren erreakzioak deskribatu ditut. Eszena bakoitzaren azpian dagoenaz gogoratzen naiz: nola sortu zen, anekdotak eta trikimailuak. Liburuaren bigarren zatian kontatzen dut nola hasten den testu bat modu literarioan eta nola bukatzen den oholtza gainean. Liburua Ehaze elkartearen bilduman agertuko da neguan.

Poesia idazteari utzi egin ote diozu?

Ez. Niretzat, poesia idaztea klabea da, jakiteko non nagoen eta norantz joan nahi dudan. Eskuen sustraiak [2009] eta Elkartasun basatia [2013] poema liburuak izan dira egin izan dudanaren aurkibide tematikoak eta estilistikoak.

«Bestelako ahots baten bila nabil poesian, aurrekoetatik diferentea, kezka politikoetara doana zentzu hertsian»

Oier Guillan. Idazle eta antzerki zuzendaria

Imajinario berri bat sortzeko premia sentitzen dut orain: poema liburu bat, jakiteko hurrengo urteetan zer egin nahi dudan. Bestelako ahots baten bila nabil poesian, aurrekoetatik diferentea, kezka sozialetara eta politikoetara doana zentzu hertsian.

Editorea ere bazara.

Mikelazulon liburuak egiten aritu nintzen, Edo argitaletxean ere bai. Gaur egun hiru antzerki bildumatan ari naiz: Eztena jaialdikoa, Ehaze elkartearena eta Susako Ganbila. Sareak sortu ditugu, eta ni koordinatzen aritzen naiz. Liburuak izugarrizko indarra dauka. Liburua proiektu sozial bat da niretzat: aglutinatzailea, ezagutarazlea, balio emailea, transmisio tresna.

Antzerkiak literaturari zer ematen diot ez dakit. Jendeak ez dauka argi antzerkia non kokatu literaturan. Beti tartean dagoen generoa da; eta niri tartean dagoen guztia interesatzen zait, trans den guztia. Tartean eta mugan, hor beti gertatzen da zerbait.

Antzerki testuak argitaratzeaz gainera, Ganbila web bat lantzen ari omen da.

Anbiziotsua da asmoa: defizitarioa delako, zaila delako antzerkia argitaratzea, hutsunea dagoelako, irakurleak sortu nahi ditugulako. Antzezlan asko idatzi izan da, tiraderetan gordeta dago, argitaratzeko piloa dago, eta dena ezin da paperean egin. Webgunearen tripak prestatzen dihardugu. Garaikideetatik klasikoetaraino, modu entziklopediko batean bildu eta eskaini nahi ditugu testuak eta kritikak.