Tomatea

Ekoizleak eta landatzeko moduak. Ekoizle bakoitzak tomatea modu jakin batera edo bestera landatzen eta zaintzen badu ere, gehienek «kalitatea» lehenesten dute beste ezeren gainetik. Erosleek ere hemengoaren eta kalitatezko zaporearen alde egiten dute.

Tomatea, nork bere erara

Udako elikagairik gogokoenen artean dago tomatea. Negua zain eman ondoren, kontsumitzaileek gogoz hartzen dute tomate garaia, tokikoaren bertakoaren eta kalitatezko zaporearen aldeko apustua eginez. Euskal Herriko azoketan zein dendetan hainbat tomate mota aurkitu daitezke: handiak, txikiak, bigunak, garratzak... Kalitatezkoak dira, baina tomate bakoitzak bere bereizgarriak dituen modu berean, ekoizleak eta landatzeko moduak ere badute zeresana.

Rakel Lopez ingeniari agronomoak, esaterako, nekazaritza ekologikoa egiten du. Gamiz-Fikan (Bizkaia) du Biolandare hazitegi ekologikoa, eta hazi eta landare guztiak %100 ekologikoak ditu. 6.500 metro koadro berotegi dauzka, eta horietatik 5.000 inguru erabiltzen ditu tomateak ekoizteko. Euskal Herriko hainbat tomate mota aurkitu daitezke haren berotegian, eta gakoa «erne» egotea dela nabarmendu du: «Ekologikoan lan egitea ez da bereziki gogorra, baina adi egon behar da etengabe». Garaian garaikoa ekoizten dutela azaldu du Lopezek, eta, ondorioz, tomateak tomate garaian baino ez dituzte izaten.

Irudiaren deskribapena

Lopezen amamaren tomateek ematen dute atentziorik handiena. «Oso handiak dira, potolo-potoloak», nabarmendu du. Joan den urteko tomaterik handienak, kasurako, bi kilo eta 250 gramo izan zituen. Hala ere, beste hainbat ere aurkitu daitezke Lopezen berotegian: baserri tomatea, loidi tomatea eta tomate pikoluzea.

Tomate mota arruntez gainera, tomate «bereziak» ere baditu berotegian. Kasurako, tomate beltz bat harrapatu du Lopezek eskuarekin. «Oso goxoa da, tomate zaporea du, baina berezia da». Ozioko (Araba) herritar batek eman zion probatzeko duela urte batzuk, eta, ordutik, urtero landatzen du. Azal gogorra duenez, gomendagarria da jan aurretik azala kentzea; eta, aproposena, fresko jatea dela dio: «Gazpatxoan edo entsaladan oso goxo geratzen da». Berezia da handik gertu dagoen Andeetako adar tomatea ere: «Piper baten itxura du». Adar formako tomateak dira, «gorriak eta mamitsuak».

Urtero-urtero landatzen dituen tomateez gainera, «probarako» landatu dituen tomateak ere baditu. Besteak beste, ananas tomatea, zebra berde tomatea eta Krimeako tomate beltza. «Horiek proba moduan landatu ditut, zein zapore duten jakiteko», azaldu du.

«Azkenean, oroimena saltzen dugu, nolabait; zaporearen bitartez, oroitzapen jakin batera bidaiatzen du erosleak»

Rakel Lopez. Biolandare hazitegi ekologikoko jabea

Horiek, gero, herrietako azoketan saltzen dituzte. Pandemiaren aurretik, gainera, Lopezek tomateak probatzeko aukera eskaintzen zien erosleei, eta gogoan du lehenengo tomatea ahora sartzearekin batera, erosleen aurpegia «eraldatu» egiten zela. «Azkenean, oroimena saltzen dugu, nolabait; zapore horren bitartez, oroitzapen batera bidaiatzen du erosleak», azaldu du. Herrietako azokekin ez ezik, akordio bat du Makro supermerkatuarekin ere.

Jose Antonio Odriozola, berriz, Donostiako Altza auzoko Pelegriñene baserriaren jabea da. 17.000 metro koadro berotegi dauzka, eta horietatik 3.000 metro koadrotan sistema berezi bat erabiltzen du: LED bidezko argiztapena. «Berez, ez da beharrezkoa argi espektro guztia», argitu du Odriozolak. Gehienbat argi gorria eta urdina erabiltzen ditu; landarea hazten laguntzen du kolore gorriak, eta loratzen, berriz, urdinak. «Kanpoan argi nahikorik ez dagoenean, argi artifizialaren bidez tomatea hazten laguntzen du sistema horrek, eguzkiaren indarraren osagarri da», azaldu du.

Arazo bati irtenbidea emateko «konponbide gisa» hartu zuen argiztapena erabiltzeko erabakia Odriozolak: «Guk ia urte osoan ereiten dugu tomatea, eta, neguan argi ordu gutxi daudenez, oso fruitu gutxi ematen du». Iaz hasi ziren sistema hori erabiltzen, baina argiak ez dituzte etengabe piztuak izaten: «Berotegiaren izkina batean neurgailu batzuk jarriak ditugu, eta horiek neurtzen dute eguzkiaren indarra. Tomatea hazteko nahikoa bada, ez dugu LED argirik pizten».

Irudiaren deskribapena

Bestalde, landarea lurrean erein beharrean, zakuetan ereiten duela azaldu du Odriozolak: «Lur gainean poltsa batzuk jartzen ditugu, eta poltsa horietan dago landareak behar duen materiala: nitrogenoa, fosforoa, potasioa...».

Jack motako tomatea landatzen dute gehienbat euren baserrian. Tamaina handiko tomateak izaten dira, «mamitsuak eta zapore handikoak», eta horiexek landatzen dituzte normalean uzta osoan zehar. Ondoren, denda txikiei saltzen dizkie tomateak Odriozolak, Merkabugati saltokietan, baina baita Altza inguruko dendetan ere. Oro har, urtean bi tomate uzta izaten ditu, eta bi bider aldatzen ditu tomateak: lehena urte bukaeran landatzen dute; eta bigarrena, berriz, ekain edo uztail aldean.

Ureztapena, ugaria

Tomateak beroa behar duen modu berean, ureztapenak ere berebiziko garrantzia du. Odriozolak «egunero-egunero» ureztatzen ditu tomateak, baina, eguraldiaren arabera, behar handia edo txikia izaten dute: «Gure berotegiak oso aurreratuta daude, eta behar denero ureztatzen dira, modu automatikoan». Egunean, gutxi gorabehera, hamabost aldiz bustitzen dituzte tomateak: «Sei bat minutu inguruko ureztatzeak dira; betiere, landarearen beharretara egokituz». Lopezek ere bat egin du Pelegriñene baserriko jabearekin: «Tomateak ondo mantentzeko, askotan ureztatu behar dira, baina ur kantitate txikiarekin». Biolandare hazitegi ekologikoaren kasuan, euri ura erabiltzen dute, «ahalik eta ur kantitaterik txikiena erabiltzeko».

«Askotan, tomatearen ekoizpena ez dago gure esku, baizik eta giroaren esku; hortaz, horretara egokitu behar dugu»

Jose Antonio Odriozola. Pelegriñene baserriko jabea

Orokorrean, tomatearen ekoizpenaren araberakoak dira prezioak ere. «Askotan, tomatearen ekoizpena ez dago gure esku, baizik eta giroaren esku; hortaz, guk ere horretara egokitu behar dugu», dio Odriozolak. Batez beste, mila hazi 150 euroan erosten dituzte, baina saltzeko orduan, merkatuaren egoera hartzen dute aintzat: «Merkatuaren egoeraren arabera, merke edo garesti saltzen ditugu, baina kalitateak eta tamainak ere zerikusia dute». Euro bat eta hiru euro artean saltzen ditu tomateak Odriozolak, baina, aurretik esana duenez, «prezioak aldakorrak dira».

Biolandareren kasuan, tomate mota guztiak prezio berean saltzen dituzte: kilora. «Saltsarako tomatea euro batean saltzen dugu, eta gainerakoak, berriz, 2,85 euroan; hala ere, bezeroaren edo kantitatearen arabera, prezioak aldatu daitezke», gaineratu du Lopezek.

Kasuak kasu, «kalitatea» lehenesten dute ekoizleek beste ezeren gainetik, eta erosleek ere horixe eskuratu nahi dute.

Etxean ere erein daiteke

Tomate haziak otsailean edo martxoan landatu, eta udaberri aldera, balkoira ateratzeko prest egongo dira. Landareak ezin du ur faltarik izan.

Etxeko loreontziak landare apaingarriz soilik bete beharrean, barazkiak landatzeko aukera ere badago. Tomatearen kasuan, «beroa eta eguzki asko» behar ditu, Usoa Arin nekazaritza ingeniariaren arabera. Hortaz, landarea eguzkiak gehien berotzen duen lekuan kokatzea da gakoa. «Paretak beroa mantentzen duenez, paretaren kontra jartzea aukera ona da», nabarmendu du.

Haziak otsail eta martxo artean landatu, eta etxe barruan gordeko dira: «Jogurt potetxoetan hazia landatu ondoren, etxeko goxotasunean gorde behar dira; betiere, lurra bustita mantenduz». Handik hilabetera, hiru edo bost zentimetroko luzera hartuko dute, eta, udaberri aldera, kalera ateratzeko prest egongo dira: «Betiere, eguraldiaren arabera». Ordurako, loreontzia aldatu beharko da: «Tomateak sustrai oso handiak dituenez, gutxienez, 30 zentimetro sakon den loreontzi batean jarri behar da». Horrez gainera, makila batekin lotzea ere komeni da, «eror ez dadin».

Irudiaren deskribapena

Lurrari dagokionez, ez du aparteko lur motarik behar. Hori bai, «ezinbestekoa» izango da ongarritutakoa izatea. «Dendan erosten den lurrari konposta, simaurra... gehitu behar zaizkio, oso ondo ongarritu behar da», azaldu du. Era berean, ur asko eskatzen duen landarea da. Normalean, nahikoa da bi egunetik behin ureztatzearekin. Hala ere, eguraldiaren arabera, gutxiagotan edo gehiagotan ureztatu beharko da: «Lurra ez da busti-bustita egon behar, baina aldi berean, ezin du ur faltarik izan».

Balkoietarako tomate motarik aproposena cherry tomatea dela dio Arinek: «Tomateak erraz ateratzen dira, eta hasiberrientzako aproposenak dira». Hala ere, sarritan, gaixotasunak ere izaten ditu. «Hezetasun handiko lekuetan arrisku handiagoa dago landarea gaixotzeko, eta, hemen, oso ohikoa da hori gertatzea», azaldu du. Hala ere, «komenigarria» da landareen onerako diren tratamenduak aplikatzea: «Landareak gizakiak bezalakoak dira, osasuntsu badaude, arrisku txikiagoa dute gaixotzeko».

Balkoian baratzea landatzea jarduera «osasungarria eta bizigarria» izatea proposatzen du Arinek. «Baratzea balkoira eramateak naturara hurbiltzen gaitu, kontsumo ohituretan eragiteko balio du», adierazi du. Ondorioz, kontzientzia hartzeko ere balio du, haren ustez: «Etxean tomateak landatuz gero, berehala konturatuko gara tomateak neguan ez direla ateratzen, hemen neguan ez duelako berorik egiten; eta horrek zer pentsatua ematen du».