Tomatea

Motak. Milaka dira Lur planetan dauden tomateak, eta guztiak katalogatzea ez litzateke lan erraza izango. Karabeleko etxalde esperimentalak tokian tokiko tomateak, komertzialak eta antzinakoak multzokatu ditu, eta bakoitzaren ezaugarriak ikertu. Haien ustez, horiek guztiak dastatu beharko lituzke kontsumitzaileak, horrek «aberastasuna» dakarrela iritzita.

Tomateak, nahieran

Borobil-borobilak, ahalik eta gorrienak, eta kirten berde batekin gainean; ahal dela, erdialdean kokatuta. Horrelako tomateak bilatu ohi ditu sarritan kontsumitzaileak, lehen begi kolpe batean itxurarik onena dutenak, bederen. Ezbairik gabe, perfektuak. Estetika jakin bat jarraitzen duten barazkiak dira, edo, izan baino gehiago, era horretakoak bilakatzen dituzte; are, baldintza horiek bete ezean, erakusleihotik kanpo gelditzeko arriskua izan dezakete. Hala ere, batzuetan, ez dira egokienak eta goxoenak izaten, badirelako itxuraz inperfektuagoak diren tomate hobeak ere, nahieran aukeratu eta dastatu daitezkeenak. Hori hizpide hartuta, tomate motei buruzko hainbat ikerketa egin dira urtetan, eta horietako bat da Karabeleko etxalde esperimentalean (Hernani, Gipuzkoa) eginikoa.

Tomate ekologikoak, komertzialak eta antzinakoak landatu zituzten. 2015ean izan zen hori, baina bertatik ateratako ondorioek egungo ekoizpena baldintzatzen dute oraindik ere, hainbat barietate gogoan baitituzte ordutik. Proiektuko kideetako bat da Amaia Odriozola, eta haien kezketako bat azaldu du: «Barazki barietate aberastasunaren zatirik handiena galdu egin da azken mendean, belaunaldiz belaunaldi eginiko lana eta aberastasun genetikoa; tomatea ere horren adierazgarri da». Haren arabera, gaur egun, eta Gipuzkoa hizpide hartuta, tomate hibrido komertzialak landatzen dira batez ere, eta, ondorioz, bazterrean utzi ohi dituzte tokikoak, antzinakoak eta berreskuratutakoak. «Milaka tomate barietate gozo izanda munduan, bakoitzak bere kolore, zapore eta testurarekin, pena bat da ez probatzea, aberastasunak ematen baitie bizitza baratzeari eta kontsumitzaileari».

Jack motako tomatea, Karabeleko etxaldean

Tomate barietate horien guztien portaera ikertzeko asmoz, beraz, ekoizpenerako informazioa bildu zuten lehenbizi, baita produktuaren merkaturatzea ikertu ere. Uste nagusi batetik abiatu ziren ordu hartan, eta, egun ere, horri eusten diote: «Antzinako barietate hauek asko dute eskaintzeko, baina ez ezagutzeak ez kontsumitzea dakar, eta azken horrek, berriz, betiko galtzea». Haren iritziz, tomate mota horiek babesteko ezagutarazi egin behar dira, eta, era horretan, kontsumitzailea ausartu behar da beste zapore batzuk probatzera. «Haiek, orokorrean, tomate mota bakarra jaten dute, eta ia beti heldutasun maila berdinean; egoskorrak gara janari kontuetan, eta gauza berriak probatzea kosta egiten zaigu; halere, harritu egin zaitezke». Tomate bakoitza «mundu bat» dela dio Odriozolak, eta, beraz, hainbat adibide eman ditu.

Hiru kategoria

Euskal Herria «txikia» dela azaldu du Karabeleko kideak, baina jatorria bertan duten aukerak ere badaudela: «Tokiko tomate barietate goxo asko ditugu, eta euren artean ezberdintasun handiak izaten dituzte; gure ondarea bizia izanik, baloratzea eta ezagutaraztea bilatzen dugu». Hori dela eta, orain arte mantendu diren ia tomate gehienak landatu zituzten ikerketarako, eta egun ere hala egiten dute zenbaitekin. Horren adibide da, esate baterako, Aretxabaleta tomatea. Herri horretan bertan du jatorria, Gipuzkoan, eta, gerora, kilometro gutxira, Antzuolara (Gipuzkoa) zabaldu zen. Pikoluze, berriz, Lea-Artibai (Bizkaia) inguruko tomate mota bat da. Horiez gain, baina, badaude beste batzuk ere; esate baterako, St.Michel, Loidi, Igeldo, Tuterako zatarra eta beste hainbat.

Tokiko tomateez gain, badira beste herrialde batzuetatik eratorritakoak ere, eta etxaldean gogoan izan dituztenak. Izan ere, Odriozolak uste du «aberasgarria» dela ezaugarri klimatiko antzekoak dituzten eta Lur planetako beste txoko batekoak diren antzinako barietateak landatzea. Multzo horretan, sei azpimultzo egin ditu: tomate berdeak, horiak, beltzak, gorriak, arrosak eta adar itxurakoak. Horien barruan ere mota bat baino gehiago daude. Adibidez, Tulako beltza, Cherokee Purple, Errusiar beltza eta Early Pack. «Tokiko tomateak eta antzinako horiek askeak dira; haziak polinizazio irekitik sortuak dira, eta geure baratzean ekoiztu ahalko ditugu urtez urte».

«Tokian tokiko tomate aldaera goxoak ditugu; ondarea bizia izanik, baloratu eta ezagutarazi egin nahi ditugu»

Amaia Odriozola. Karabeleko etxaldeko kidea

Bi mota horiez gain, ordea, bada beste hirugarren bat ere: komertziala. «Gaur egungo gizarte ereduaren beharrei egokituta ekoizten dira, eta kanon jakin batzuei erantzuten die; homogeneoak eta gogorrak izaten dira, esate baterako». Horrez gain, azaldu du batetik bestera garraioetan egin beharreko bidaietan «ahalik eta ondoen» irauteko eta «emankorragoak» izateko hautatzen dituztela, eta gehienak hibridoak direla. Are, erantsi du haziak ere konpainia handiei erostera «behartuta» daudela. Talde horretan daude, besteak beste, Robin, Raf eta Jack tomate motak.

Tomateak landatze

Odriozolak nabarmendu du «ziklo motzeko eta indar handiko» landareak dituztela Euskal Herrian oro har, uda motza izaten delako eta klima hezea. Horiek negutegian landatu ohi dituzte, kanpoaldeak eskaini ezin ditzakeen baldintzak izateko. Izan ere, erantsi du tomatea «erdi basamortuko» landare bat dela, hostoetan hezetasuna izatea gorroto duela eta sustraiak bustitzea gustuko. Halere, esan du lurrean beti hezetasuna eta janaria izanez gero hazi besterik egiten ez dela, eta fruitu gutxiago ematen. «Negutegian landatzean uraren eta hezetasunaren kontrola dugu, tenperatura beroagoa da, eta azkarrago hasten da; landarea egiten dugun unetik urik gabe egotera behartzen dugu, eta, era horretan, etorkizunean fruituak emateko joera izango du; ez da horrenbeste hazten». Hau da, landatzean ur asko botatzen diete, eta gero hilabete baten bueltan ez dute ureztatzen, sustraiak haztera behartzeko.

Jack motako tomatea, Karabeleko etxaldean

Hainbat dira landatzen dituzten tomateak, baina Odriozolak bat aipatu du: gerezi tomatea. «Oso fama txarra dute tomate horiek, eta arrazoia da supermerkatuetan eta garaiz kanpo saldu ohi dituztela; ez dute zaporerik, eta askotan oso azal lodikoak erabiltzen dituzte, komertzializaziorako errazagoa delako». Hala ere, nabarmendu du, izatez, gerezi tomateak baratzerako «indartsuak eta osasuntsuak» direla, baita klima hezeari aurre egiteko «gogorrenetakoak» ere. «Etxean ekoiztutako tomatetxo hauen zaporea izugarri ona da; oso goxoak eta usaintsuak dira». Jakinarazi du udaro ekoitzi ohi dituztela era horretako tomateak, hiruzpalau koloretakoak, oro har, baina baita gehiago ere. Are, urtero mota berri bat ere ekoizten dute, eta aurten, idi bihotz markako batekin ari dira lanean, jarraipen zehatzik egiten ari ez badira ere.

Tomate motez gainera, beste zenbait ikerketa ere egin dituzte, maila apalagokoak, hala nola izurriteekin eta gaixotasunekin, eta tratamendu biologikoekin lotutakoak. Hala ere, Odriozolak aitortu du gerora ere, maila batean edo bestean izan, jarraituko dutela barietateen ikerketa lanak egiten, azken batean proiektuaren parte handi bat dela iritzita. Hala ere, oraingoz, proiektua egonkortzen jarriko dute indarra, lehen sektoreko lanbideek «ospe galtze izugarria» dutela iritzita. Beraz, orain arte ekoiztutako tomateez gozatu nahi duenak eta, Odriozolak behin baino gehiagotan azpimarratu bezala, horiek dastatu nahi dituenak, etxaldean bertan dagoen dendara bertaratzeko eta bertan zer dagoen kuxkuxeatzeko aukera dauka.

Bihar: Tomateen ikerketak.