Hutsunea betetzeko lanean

Aldudeko ibarra. Aspaldian, Banka, Aldude eta Urepele biltzen dituen ibarrak biztanle anitz galdu ditu. Azken urteetan egoera hobetu bada ere, zaila da biztanleria eta lekuko ekonomia mantentzea.

Biziarazteko ahaleginetan

Nafarroa Behereko hiru herrik osatzen dute Aldudeko ibarra: Bankak, Aldudek eta Urepelek. Insee Frantziako Estatistika Institutuaren arabera, 1968. urtean Bankak 634 biztanle zituen; Aldudek, 718 eta Urepelek, 561. Berrogeita hamar urte berantago, 2018an, biztanle kontaketa egin zuten azken aldian, Bankak 347 herritar zituen; Aldudek, 327 eta Urepelek, 280: biztanleriaren erdia galdu du ibarrak mende erdi batez.

Hala ere, ematen du azken hamar urteetan kurba berriz goititzen hasi dela. Inseek argitaratu dituen 2013tik 2018ra bitarteko datuen arabera, Bankako biztanleria %2,97 emendatu da, eta Aldudekoa, %1,7. Urepeleko biztanleria, berriz, %8,2 apaldu da, eta zenbaki nahiko kezkagarria da herriarentzat. Dena dela, Bankaren eta Aldude herriaren demografiaren emendatzea gogoeta anitzen ondorio da. Erraterako, hiru herriko etxeek eta AIBA Aldudeko Ibarra Beti Aitzina elkarteko kideek elkarrekin egin dituzten proiektuen ondoriotzat jo dute biztanleria zenbait puntuz emendatu izana.

Aldude
 

Azpimarratzekoa da ere, Aldudeko ibarrak biztanleen atxikitzeko edo lortzeko zailtasunak izanik ere, langabezia tasa zinez apala duela: %3koa. Ibarreko lanpostuak eta bertako ekonomia laborantzan oinarritzen dira nagusiki. Besteak beste, Kintoa zerriaren hazkuntza garatu dute ibarrean azken hamarkadetan, eta baita amuarrain hazkuntza ere.

Biziarazteko proiektuak

Pascal Darrieumerlou AIBA elkarteko animatzailea da, eta lurralde hustuetan diren jarduera ekonomikoak, enpleguen sortzeko edo mantentzeko zailtasunak, eta garraioen arazoak esplikatu ditu, betiere «behetik gorainoko logikaren» garrantzia azpimarratuz. «Biziki inportantea da herri txikien problematiken entzutea eta hor izatea haien beharrei erantzuteko», segurtatu du. Pentsamendu horretatik abiatuz, hainbat gogoeta eraman ditu elkarteak, eta Darrieumerlouk uste du «dinamika eder bat» sortu dela haranean, elkartearen sorreraz gero.

AIBA elkarteak badu aitzinekorik: 1992tik 2012ra bitartean, ACVA Aldude Ibarreko Merkatarien Elkarteak haraneko ate irekiak antolatu zituen bi urtetarik behin. Gaur egun, ate irekiak antolatuak dira oraindik ere, eta «parada da ibarra ezagutarazteko, baita lekuko mozkin eta ekoizpenak agerian ezartzeko ere».

«AIBA elkartea motor bat da Aldudeko ibarra biziarazteko, proiektu eta gogoeta bultzatzaile baita »

Xole Aire. Urepeleko auzapeza

2006an, elkarteak ibarrean eragiteko behar gehiago ikusirik, hozka bat igotzea deliberatu zuen: urte oro gai berezi baten inguruko gogoetak plantan jarri zituen, aterabideak atzemateko eta eztabaidak sustatzeko helburuarekin. Hala, 2012an, ACVA zena AIBA bilakatu zen: orduraino, ekonomiaren, turismoaren eta laborantzaren gaietan soilik oinarritzen zen elkartea, baina beste arlo batzuetara zabaltzea ere erabaki zuen. Geroztik, ingurumena, gizarte langintza, kultura eta kirola ere sustatzen ditu elkarteak.

Lekuko ekonomia

AIBA elkarteak lurraldeko hiru herriko etxeekin batera eramaten ditu proiektuak, ekonomia lokala mantendu eta sustatu ahal izateko. Erran bezala, 2006tik geroz antolatu dituzten ibarraren ate irekitzeen karietara ateratako gogoetak plantan ezarri dituzte proiektu jakin batzuen bidez. Pascal Darrieumerlouk argi ditu AIBAk tokiko ekonomia sustatzeko aitzinera eraman dituen ardatz nagusiak: lana eta zerbitzuak, garraioak, erakargarritasuna eta integrazioa.

Gai horien ildoan sortutako proiektuak anitz dira. 2016an, kasurako, garraioaren gaia landu zuten. Geroztik, Urepele eta Arrosa (Nafarroa Beherea) herriak lotzen dituen joan-jinkaria plantan jarri dute, eta egunero ari da, eta, duela gutxi, larunbat eta igandeetan ere erabilgarria da. Gainera, haranaren barruko auto partekatze sistema bat ere sortu dute, Txik Txak Kovoit webgune eta aplikazioaren bitartez. Hala, hurbileko zerbitzuak eskaintzea izan da helburua. Elkarteak bizikleta elektriko bat ere ezarri du herritarren esku, autoaren erabilera murrizteko nahikeriarekin.

Aldude
 

Gainera, 2018an, AIBA elkarteak kanpaina bat eraman zuen 50 urtetik gorako ibarreko enpresaburuen ikustera joanez. Helburua segidarik ez zuten negozioei buruzko gai tabuen haustea izan zen. Izan ere, Darrieumerlouk azaldu du barnealdean «zaila» izan daitekeela familiako enpresa bat familiakoa ez den erosle baten esku uztea, hala nola laborantza etxaldeen kasuan. Kanpaina horren bidez, enpresa batzuek segida aurkitu ahal izan dute, ohiko familiako segidatik kanpo.

Era berean, bertako enpleguak sortzeko, Bankan eremu berri baten sortzearen ideia aipatu zuen AIBAk, Euskal Hirigune Elkargoarekin partaidetzan. «Pandemia garai honetan ontsa ikusi dugu lan egiteko manera berriak badirela; leku berri hori telelanaren bultzatzeko erabiltzen ahalko litzateke, gazteak haranetik bertatik lanean aritu daitezen, eta haien baitatik proiektu berrien muntatzeko baliabide egokiak ukan ditzaten», esplikatu du.

Horrez gain, 2020an, klima aldaketa, hidroelektrizitatea, elikadura baliabideen garapena eta ingurumenari loturiko beste gai batzuen inguruko gogoeta eraman zuen AIBAk.

Gerora begira, AIBAk etxebizitzaren inguruko lan bat eramateko xedea du. «Etxebizitzaren gaia lantzea ezinbestekoa da, aterabideak proposatu behar baititugu gazteak gure herrietan egon daitezen», erran du Darrieumerlouk. Haren arabera, ibarreko etxeen %19 hutsik daude. Etxe hutsen arazoari aterabideak atzemateko, Euskal Hirigune Elkargoarekin eta etxe berrikuntzan espezializatutako arkitektoekin lanean aritu dira azken urte eta erdian, «ahal bezain laster etxe horietan gazteak bizi ahal izan daitezen».

Biztanle kopurua emendatzeko, berriz, integrazioaren gaia lantzen du AIBAk, kanpotik etorritakoen etorrera errazteko asmoz. Darrieumerlou: «Demografiaren berriz abiarazteko, ibarrekoak ez diren jendeen behar handia dugu ere, eta horien integratzea ezinbestekoa da».

Urepele, beti beheiti

Aldudeko ibarraren parte diren Aldudeko eta Bankako herriek demografiaren hobetze bat izan duten arren, Urepeleko herria biztanleak galtzen ari da oraindik ere. Herriko auzapez Xole Airek dioenez, «zahar anitz bada, sortze anitzez gutxiago, eta gazteak ez dira hainbeste herrian egoten».

Haren ustez, gaur egun, herriak bi desafio nagusi gainditu behar ditu: «Gazteak atxikitzea, eta jende berriari ongietorria egitea, urte guzian». Ibarrean bertan enpleguak izanik ere, orokorrean, «lanera heldu dena beheiti doa berriz, Baigorrira edo Orzaizera». Haraneko hiru herrietarik, «Urepelek sufritzen du gehienbat». Azalpen geografikoa eman dio Airek arazoari: «Ibarreko herririk urrunduena da. Ederra da, segur, baina hori ez da aski».

«Biziki inportantea da herri txikien problematiken entzutea eta hor izatea haien beharrei erantzuteko»

Pascal Darrieumerlou. AIBAko kidea

Hala ere, auzapezak badu esperantza. «Gazte andana bat herriko etxean sartu dira, Urepelek lan altxatzen du, eta entseatzen gara zerbitzuak plantan ematen. Baina egia da ez bazira laboraria ez dela lan handirik Urepelen», aitortu du. Zerbitzuetan ere eskasiak badira: kasurako, ez da medikurik, eta saltegi ttipi bakarra ibar osoarentzat. Airek dio horiek garatu behar direla gazteak bertan egon daitezen: «Zerbitzuak garatzekoak dira, baratzezain baten instalatzeko proiektua ere plantan jarri da, eta horren itzulian dinamika bat sortuko dugu, lanpostuekin ere, beharbada», erran du.

Beste proiektuetako bat haur eta gazteei animazioen eskaintzea da, «beti ibarretik atera behar baitute, Orzaizera edo Donibane Garazira». Arazo horren aterabidea proposatu berri dute ibarreko hiru herrietako herriko etxeekin. Izan ere, duela aste batzuk, Gaintiar Gazte elkartea sortu zuten Banka eta Aldudeko herriekin batera. Elkarte sortu berria Urepelen kokatu dute. «Aste honetatik goiti, bertako haurrei eta gazteei animazioa eskainiko zaie bi Urepeldar gazte diplomadunekin», azaldu du Airek.

AIBA elkarteari dagokionez, Urepeleko auzapezak gauzak argi ditu: «Uste dut hiru auzapezak ados garela gai horrekin: AIBA motor bat da gure ibarra biziarazteko, proiektu eta gogoeta bultzatzaile baita. Gogoeta horietarik, gero, obratzen ahal diren proiektuak sortzen dira. Biziki garrantzitsua da AIBA eta herriko etxeen arteko lotura».

Gainera, AIBAk alderdi politikorik ez ukaitearen garrantzia azpimarratzen du Airek. Haren aburuz, horri esker «herriko etxean sartzen ahal ez den edo sartu nahi ez duen herritarrak inplikatzeko» tresna egokia da.

Bihar: Nafarroako Pirinioak.