Hutsunea betetzeko lanean

Estellerria. Azken 30 urteetan Lizarran eta sei herri handienetan biztanleria %7 handitu da, baina herri txikietan gainbehera izan da. Arrazoi asko daude atzean; tartean, zerbitzu eta azpiegitura gabeziak eta etxebizitza falta.

Gurpil zoroa eten eta irauli nahian

Nafarroan, despopulatzeko arriskua dute lau herritik batek. Estellerrian, adibidez, Lizarratik edo Ebro ibarretik zenbat eta urrutiago edo komunikazioa zenbat eta zailago, arazoa are eta ageriagoa da. Egoera argi ikusten da Arabarekin muga egiten duen Aguilar ibarrean, Lokizko mendiaren hegoaldeko Lana haranean, Urbasa eta Andiaren magaleko herrietan eta Berrotzan. Dena den, gainerako lekuetan ere antzematen da gainbeheraren itzala.

Despopulazioa, Estellerrian
Despopulazioa, Estellerrian.

Elkar elikatzen duten faktore batzuek hauspotzen dute gurpil zoroa. Iñigo Nagore Teder landa garapenerako agentziako arduradunak halaxe laburbildu du: «Gehienak herri txikiak dira, zerbitzuen eta azpiegituren defizit handia dute. Zerbitzu falta horrek eramaten ditu gazteak herria uztera. Seme-alabak ikastera urrutira eraman behar baditut, azkenean herriak hustuz doaz, eta zaharrak bakarrik geratzen dira, eta zaintza behar dutenean ere Lizarrara edo Iruñera datoz». Egunez egun eta urtetik urtera, oharkabean doan prozesu isil horri izena jarri zaio. Hori da lehen urratsa: «Duela urte batzuk ez zegoen kezkarik, baina uste dut orain kontzientzia badagoela».

Batzuetan, baina, zerbitzu falta ez da arazoa. Los Arcosen modura, Allok autobidea nahiko gertu du, osasun etxea eta ikastetxea ditu, eta, hala ere, biztanleria galtzen ari da. Batzuetan, kopuruek kontzientziaren iratzargailua pizten dute: «Apurka-apurka doan prozesua da. Guretzat, esanguratsua izan zen mila biztanletik behera jaitsi ginenean, eta udal bozetan bederatzi zinegotzitik zazpira pasatu ginenean. Biztanleria zahartzen ari da, 65 urtetik eta 80 urtetik gorako pertsona asko ditugu herrian», adierazi du Susana Castaneda PSNko alkateak. 1989tik herritarren %20 galdu ditu Allok, eta 15 urtetik beherako haur bakoitzeko 65 urtetik gorako 2,2 adineko daude.

Allo joera orokor baten isla baino ez da. Estellerriko zazpi herririk handienetan Lizarran, Aiegin eta Ebro ibarreko herri handietan bizi da bertako populazioaren %59, eta azken hiru hamarkadatan %7 handitzea lortu dute. Alderantziz, beste herri batzuetan biztanleak galduz eta zahartuz doaz. Ibarraren arabera, joera gordina edo arina da. Mapan urdin ilunez ageri diren udaletan, 30 urtean biztanleriaren %25etik gora galdu dute, eta horietako askok erdiak baino gehiago. Joeraren muturrean, bi adibide: Azuelok herritarren %65 galdu ditu, eta Bargotak haur bakoitzeko 65 urtetik gorako hamar adineko ditu.

Etxebizitza, arazo

Andiako mankomunitateak Deierrin, Abartzuzan, Gesalatzen, Jaitzen, Lezaunen eta inguruko herrietan egindako inkestan agertzen denez, gazteen eta 40 urte bitarteko helduen %91k eskualdean bizi nahi dute, baina bi kezka nagusi dituzte: enplegua eta etxebizitza. «Paradoxaz, etxebizitza arazo larria da. Aurkitu dugu herrira etorri nahi duen jendea, baina ez dute etxerik erosteko edo alokairuan hartzeko. Etxebizitza politika guztia Iruñera begira egiten da, eta ez dago neurririk herri txikientzat», azaldu du Nagorek.

«Etxebizitza arazo larria da. Aurkitu dugu herrira etorri nahi duen jendea, baina ez dute etxerik alokatu edo erosteko»

Iñigo Nagore. Teder elkarteko gerentea

Nastat estatistika erakundeak uztailean kaleratuko txosten batean ageri denez, mila biztanletik beherako herrietan batez beste etxeen %35 hutsik daude —Azuelon, berriz, %76—.

Susana Castanedaren arabera, etxebizitza «arazo larria» da, eta espero du aurki hirigintza plan berria onartuko dela. Beste neurri batzuk eta ideia batzuk ere aplikatzen ari dira herrian. Irailean, balioaniztasun zentro bat inauguratuko adineko jendeari begira: «Zaintzaren eredu zaharkitua gainditu nahi dugu, eta zahartze aktiboa bultzatu jendeak ahalik eta denbora gehiena eman dezan etxean». Proiektu hori beste herrietara eraman nahi dute. Horrekin batera, landa eremuan ekintzaileak sustatzeko Rural Hub proiektuan parte hartu du, eta legedia landa eremura egokitzeko G-100 sarean parte hartzen ari da. Herri txikiagoetan, baliabiderik ez dagoenez, elkarlana izan daiteke gakoetako bat. «Alkateak jabetzen gara batuta gehiago garela, eta eskuz esku lan egiten dugu, baten onura bestearena ere badelako».

Udalez gaindi, legealdi honetan Nafarroako Gobernuak despopulatzeari aurre egiteko zuzendaritza bat sortu du. Iñigo Nagoreren arabera, «gauza asko egiten ari dira, baina, beharbada, ikuspegi osoagoa izatea falta da. Departamentu bakoitzak bere ikuspegia du, eta laguntza lerroak diseinatzen ditu, baina ez dago koordinazio egokirik».

Turismoa eta industria

Dena den, funtsezkoa da gainbehera jasaten duten tokietan jarduera ekonomikoak sustatzea. «Turismoa palanka ona da, eta potentzial handia du», Nagoreren arabera. Donejakue bideaz eta Urbasa-Andiaz gain, «ezezagunagoak diren beste natur eta kultura baliabideak ditu Estellerriak: Jaizko gatzaga, Lokizko mendilerroa, Berrotza ibarreko ondasun erromanikoa eta natur baliabideak, Lizarratik Gasteizera zihoan trenaren bide berdea...».

Zudairi, Ameskoabarrenean

Dena den, Nagorek nabarmendu du Lizarran industria bultzatu behar dela. «Apurka, gain behera doa. Arte grafikoen industriak garrantzia izan du, eta sektore hori gehiago garatu behar da». Arte grafikoen Lanbide Heziketako zentro bat sortzeko aukera dago. «Proiektu indartsua izango litzateke, eta, industria garatuz, jendea erakartzeko modu bat izan daiteke».

Despopulatzea lehen sektorearen gainbeherari ere estu lotuta dago, eta hura bultzatzea ere giltzarri izan daiteke. Helburua egungo gurpil zoroa etetea eta iraultzea baita.

Bihar: Arabako Mendialdea.

«Hasiera gogorra da, baina ilusioak aurrera narama»

Leire Carlos Otxoa. Allon bizi da, eta ADD Home Staging proiektua abian jarri du: saldu edo alokatu nahi diren etxeak prestatzen ditu, erosleak erakartzeko asmoz. Maiz, ez da erraza lana eta bizitza pertsonala elkar lotzea. Leire Carlos Otxoa alloarra oreka zail hori bilatzeko borrokan dabil. Bartzelonan diseinu ikasketak egin, eta Lizarran lana topatu zuen, moda diseinatzaile gisa, etxetik gertu. Alta, 11 urtez lan egin ostean, enpresak kaleratu egin zuen, haurdun zelarik. «Mundua gainera erori zitzaidan, uste bainuen nire esperientziak ez zuela tokirik nire herrian, Allon». Haurra izan, eta hura hezteko baliatu zuen unea, baita burua berregokitzeko ere. Beti atsegin izan zaio dekorazioa, eta aukera ikusi zuen.

Hasierako bidea luzea izan da, hiruzpalau urte kostatu baitzaio ADD Home Staging abian jartzea. «Hasiera gogorra da, baina ilusioak aurrera narama». Arazoetako bat da ez dela ezaguna home staging higiezin arloko marketin teknika: «Etxeak egokitu egiten dira bertsiorik hoberenean merkaturatzeko». Leire Carlos Otxoaren arabera, agentzia askotan agertzen diren argazkiak ilunak dira, eta akastunak.

«Tantaka-tantaka doan prozesua da. Allon, guretzat esanguratsua izan zen mila biztanletik behera jaitsi ginenean»

Susana Castaneda. Alloko alkatea

«Zer aukera dauden ikusten dut, eta gomendioak eman». Espazioa garbitu eta argitu ostean, jabeen arrasto pertsonalak kendu ohi ditu ikur erlijiosoak eta bestelakoak: «Neutroa izatea lortu nahi dugu, bertara joaten den pertsonak irudika dezan tokia». Hutsik diren etxeetan, kartoizko altzariak jartzen dira: «Bezeroak etxea altzari gabe saldu nahi badu, hori egin daiteke, ez da nabari kartoizkoak direla». Alokairuetan, altzariak taxuz jartzea gomendatzen du, eta «ez etxean sobera diren gauzekin». Bukaeran, argazkiak ateratzen ditu. «Kostatzen da ikusaraztea inbertsio txiki bat eginda saldu ezin zitekeen etxe bat sal daitekeela, edo bisita gehiago hartu».

Inguruko herrietako bezeroekin eta agentziekin lan egiten du, hasi berritan. Aurrera jotzeko aukera ikusten du. Despopulatzea jasaten duten herrietan etxe huts asko dira, eta, haren ustez, arazoa da jendeari asko kostatzen zaiola saltzea: «Jendeak dio saldu nahi duela, baina benetan ez du nahi, prezio handiak eskatzen baititu, eta, etxeak zaharberritu behar direnez, bikote gazteei ez zaie interesatzen».

«Utziak sentitzen gara, bizitza osoa daramagu hala»

Martin Lopez Zubiria. Duela 30 urte, Viveros Ametza mintegia sortu zuen Zudairin. Bertako 50 zuhaitz espezie hazten ditu. Hasiera ez zen erraza izan, baina orain lasaiago bizi da. Aurreko legealdian Ameskoabarreneko alkate izatea egokitu zitzaion Martin Lopez Zubiriari. Duela gutxi, banda zabala iritsi da ibarrera, eta ehun urte inguruko eskola zaharberritu da, baina Lizarrarako errepidea gaizki dago oraindik ere: «Ez da landa eremuan inbertitzen, utziak sentitzen gara, bizitza osoan izan da hala». Nafarroako Gobernuak 1,2 milioi euroko deialdia abian jarri zuen uztailean, despopulatze arriskuan diren 319 udalentzat: «Bakoitzarentzat 3.800 euro lirateke. Zer egiten dugu horrekin? Ezertxo ere ez». Aldiz, haize errotak jartzeko inbertsio handia egiten dela aipatu du, baina «herrien iritzia aintzat hartu gabe».

Irudiaren deskribapena

Gazte zelarik, Iruñera joan zen lan egitera, eta, garraio enpresa batean soldata ona izan arren, 28 urterekin Ameskoabarrenera itzultzea erabaki zuen, mintegi eta lorezaintza ikastaroa eginda. 1990eko hamarkada hasieran, Europako Batasunak diru laguntzak jarri zituen produktibitate txikiko lur eremuak jartzeko helburuz. Viveros Ametza proiektua sortu zuen, baina hasiera ez zen erraza izan. «Hasteko, mintegi bat jartzeko tramitazioa ez da erraza. Orain, Teder garapen agentziaren laguntza izan daiteke, baina, orduan, itsuan egiten zen». Sendiak zoru bat alokairuan utzi zion, baina EBko laguntzak azkar amaitu ziren, eta, Lopez Zubiriaren arabera, Nafarroako Gobernuak ez zuen nahi mintegi pribatuak Miluzekoarekin lehiatzea: «Ikuskaritza ugari egin zizkiguten. Teknikari batek esan zidan ea zergatik jarri nuen Iruñean beste bat izanda». Zailtasunen gainetik, aurrera jo zuen, Nafarroatik kanpo, batik bat Gaztelan, bezeroak bilatuz.

Azaldu duenez, lan eskerga egin du 30 urtean. Landare eta zuhaitz autoktonoekin egiten du lan, 50 espezierekin. 2011rako, sektoreak beheraldia jasan zuen, baina ordurako bankuarekin estualdiak amaituak zirenez, ekoizpena eta lan erritmoa jaitsi zituen: «Ez duzu gehiago irabazten, baina gutxiago lan egiten duzu. Bizi kalitatea hobea da». Orain, lasaiago dabil, baina bi lanpostu sortu ditu: bata finkoa, eta hiru lagun sasoika.