Hutsunea betetzeko lanean

Pirinioak. Nafarroako Pirinioetako udalek eta tokiko eragileek 2016. urtean ekin zioten despopulazioaren aurkako lanari, eta, gobernuarekin batera, lau milioi euroren plana abiatu dute aurten.

Despopulazioaren aurkako borrokan

Tantaka-tantaka eta isilean, despopulazioa aurrerantz doa Pirinioetan. Nafarroako eskualde guztien artean egoerarik larriena bizi dute han. Erroibarretik Aezkoara eta Zaraitzutik Erronkarira, guztira 5.418 herritar bizi dira 32 udalerrietan, 2019ko erroldaren arabera. Gainbeheraren adierazle, hiru datu: lehenik, populazioaren erdia inguru galdu du azken mende erdian; bigarrenik, dentsitate apalena du —4,1 biztanle kilometro koadroko , Nafarroako batez bestekoa baino hamazazpi aldiz gutxiago; azkenik, zahartze indize handiena du —haur bakoitzeko lau adineko, batez beste—.

Azken urteetan, ahalegin betean ari dira borrokan Pirinioetan, despopulazio joeraren aurka. Egoeraz jabetzeko eta diagnostikoa egiteko lana lehendik badator ere, 2016an ezarri zuten mugarria. Inguru horretako gizarte eragileek eta udalek ozen jakinarazi zieten alderdiei eta gobernuari despopulazioari aurre egiteko neurriak eta plan bat behar zirela.

Pirinioetako despopulazioa
Pirinioetako despopulazioa. Nafarroako gobernua

Bost urteotan, bide esanguratsua egin da. Arazoaren erroak eta zergatiak askotarikoak dira, eta, eragile guztien arteko elkarlana funtsezkoa den heinean, Gu Pirinioak egitasmoa sortu dute. Mahai horrek hiru hanka nagusi ditu: lehenik, udalak, Pirinioetako Mahaiaren bidez; bigarrenik, gobernua, Lursarea agentziaren bitartez, eta, hirugarrenik, tokiko eragile ekonomiko eta sozialak, Cederna Garalur agentziaren bidez. Gai nagusiak lantzeko 11 lantalde osatu dira, eta lau langile dabiltza lanean. Guztiak koordinatzen ari da Arantxa Arregi Lursareko teknikaria: «Gobernantza berria deitzen diogu. Kontua ez da behetik gora edo goitik behera lan egitea, baizik eta denok parte hartzea erabaki horietan».

Hala, Nafarroako Gobernuak Pirinioetako Plana aurkeztu du aurten, eta 4,4 milioi euroren inbertsioak eta laguntzak jasotzen dira hartan. «Gauza guztiak bezala, lehenago etorri izan balitz, hobeto izango zen, baina ongi datorkigu orain ere. Bide egokia egiten badugu, aukera ona dugu», baloratu du Ana Sagardoik, Pirinioetako Mahaiko lehendakariak.

Planaren zutarrietako bat digitalizazioa da. «Internet bada, etxetik lan egin daiteke. COVID-19 ailegatu da, eta ikusi da telelana beharrezkoa dela. Turismorako eta beste jardueretarako aholkularitza eman daiteke Internet bidez», azaldu du Arregik. Orografia zailagatik eta dentsitate apalagatik, enpresa pribatuek ez dute inbertitzen. Gobernuak bi milioi euroko inbertsioa egingo du Itzaltzutik Garderaino zuntz optikoa hedatzeko, eta ibarreko zazpi udalei obraren %20 finantzatzeko eskatu die (400.000 euro).

«Kontua ez da behetik gora edo goitik behera lan egitea, baizik eta denok parte hartzea erabaki horietan»

Arantxa Arregi. Lursarea agentziako teknikaria

Era berean, udalek bultzaturiko inbertsioak eta azpiegiturak finantzatzeko 1,8 milioi euroren laguntza deialdia ireki da; 35 proiektuk jada lortu dute finantzaketa: Hiriberriko jarduera ekonomikoa bultzatzeko proiektua; Erron, erabilera anitzeko eraikinaren zaharberritzea; Zaraitzuko Erremendia abeltzaintza egitasmoa; Abaurregainan eta Espartzan, energia berriztagarrien arloko inbertsioak; hainbat natur bide eta turismo baliabideren hobekuntza... Ruben Goñi gobernuko proiektu estrategikoaren arduradunak dioenez, «aurrekaririk gabeko» egitasmoa da.

Jarduera ekonomiko bati ekitean, etxebizitza lortzean edo zerbitzuak erabiltzean, egunerokoa zailtzen duten «traba txiki asko» daude. Sagardoik azpimarratu du giltzarria dela eguneroko traba horiek kentzea: «Gauzak errazten baditugu, helburua lortuko dugu». Horretarako, baina, administrazioaren landa eremuarekiko begirada malgutu behar dela uste du. «Pirinioetako egoera ez da Iruñekoa edo beste toki batekoa. Hona etorri behar da, eta gauzak nola dauden ikusi, bulego batetik ez baita ikusten. Egoera erreala ukitu behar da, erantzun zuzenak eman».

Pirinioetan ez dago enpresa handirik, eta 2.600 biztanle aktiboren artean, 1.500 lanpostu inguru daude: gehienak autonomoei dagozkie. Arantxa Arregiren arabera, egungo egoerak zerikusia du lehen sektorearen gainbeherarekin, eta, horregatik, funtsezkoa deritzo alor hori biziberritzeari. Laborarien eta abeltzainen %11 baino ez dira 41 urtetik beherakoak. «Errelebo falta arazo larria da».

Halaber, iturginak, arotzak, argiketariak eta halakoak behar dira. Basogintzak ere tradizio handia du, eta hor aukerak ikusten dituzte: «Orain arte, oihanaren kudeaketa enkante bidez adjudikatu da, eta baliabideak herritik ateratzen dira. Baliabideok eskualdean bertan erabili ahal izateko modua aurkitu nahi dugu», azaldu du Arregik.

Aezkoak (Aribe), Zaraitzuk (Izize) eta Erronkarik (Burgi) poligono bana dute, eta Nasuvinsak eremuak sortu ditu negozio bat jarri nahi dutenentzat. Otsagabian eta Abaurregainan ere lanean ari dira Opposaren eraikin zaharra baliagarri izan dadin. Inkesta bat egiten ari dira eskualde osoan, zer behar dauden neurtzeko.

Otsagabia
 

Turismoa soilik ez

Turismoak ere lana sortu du. Dena den, Ana Sagardoiren ustez, zuhurtziaz jorratu behar da bide hori: «Hasieran, esaten zen turismoa lagungarria izan zitekeela, eta, orain, konponbide bakar moduan ikusten da. Jende asko bizi da turismoari esker, baina ez litzaioke begiratu behar arlo horri soilik».

Turismoak ondorioak ditu etxebizitzen parkean ere. «Etxe asko turistentzat alokatzen dira, eta beste zenbait beste nonbait bizi eta gutxi etortzen direnenak dira. Hemen bizi eta geratu nahi dutenek ez dute aukerarik alokairuan hartzeko», dio Sagardoik. Arregik gaineratu du eskaintzarik gabe ezin dela jakin zenbatekoa den eskari erreala. Horregatik, alokairu publikoko etxeak merkaturatuko dituzte Auritzen eta Aurizberrin.

Arregiren ustez, udalek badute zeresana. Ideia berritzaileak ezar ditzakete, eta, ohiko zerbitzuez gain, herriak biziberritzeko onak diren beste batzuk kontratatu. Adibidez, hutsik diren eraikinak tabernak edo dendak kontratatzeko balia ditzakete, funtsezkoa baita orotariko zerbitzuak eskaintzea herritarrek bertan bizitzea hobets dezaten. Baita adinekoek ere. «Bestela, seme-alaben etxera joaten dira, eta akabo. Etxe bat ixten da, eta herri bat hiltzen duzu».

Bihar: Zuberoa.

«Gehienek oso ongi hartu dute supermerkatua»

Koldo Landa. Orbaizetan bizi da, eta Carrefourren supermerkatu bat ireki zuen martxoan, Ariben. Gasolindegiarekin batera, 11 enplegu sortu ditu; pozik da emaitzarekin. Pirinioetan lan eta bizi leloa bere egin du Koldo Landak. Hogei urterekin Iruñetik Aezkoara joan zen bizitzera, Orbaizetara. Zortzi urtez Aribeko gasolina zerbitzugunearen ardura hartu zuen, baina kontratua berritzerako orduan ez zen ados jarri jabearekin. «Gero eta gehiago eskatzen zidan, eta esan nion ez nuela beretzat lan egingo». Nasuvinsak egokitu egin du Opposa sozietateak garai batean Ariben zuen eraikina, eta negozioak jartzeko gune bihurtu. Aukera ikusirik, Landak ehun metro koadroko Carrefour saltokia ireki zuen martxoan.

«Hona etorri behar da, eta gauzak nola dauden ikusi, bulego batetik ez baita ikusten. Egoera erreala ukitu behar da»

Ana Sagardoi. Pirinioko Mahaiko lehendakaria

Landa garapeneko planaren barruan, nekazaritzakoak ez diren jarduerak sortzeko inbertsio laguntza eman dio Nafarroako Gobernuak, eta babesa eskertu du. Nasuvinsaren alokairu prezioa ere «oso ona» dela deritzo: «Erraztasunak ematen dituzte. Bestela, ezingo nuke aurrera atera». Obra eginda, eskaintza bat egin zion gasolina zerbitzugunearen jabeari, eta beste bost urtez ustiatzeko akordioa lortu du; epea amaituta, erosteko aukera du.

Pozik dago martxotik izandako bilakaerarekin. «Batzuek diote ez dutela nahi Carrefourren moduko marka handirik, baina gehienek oso ongi hartu dute. Egunerokoa dendan erosi, baina erosketa handia Iruñean egin ohi zuten. Orain, supermerkatuan egiten dute erosketa handia». Era berean, Carrefour markak jende ugari erakartzen du.

Landaren ustez, zaila da Pirinioetara enpresa handi bat etortzea, baina lanbide bat izateko edo negozio txikiak irekitzeko erraztasunak daude: «Niretzat, zailtasun handiena da hemen gelditu nahi dutela esan, baina gero Iruñean zortzi ordu lan eginda kezkarik gabe egon nahi dutenak. Hemen ezin da hori egin».

Oraingoz, 11 enplegu sortu ditu. Gainera, gasolina zerbitzuguneko denda eta taberna zeuden eremuan zerbait jartzeko aukera eman zien bi ezaguni: batek burdindegia jarri du, eta besteak telebista eta tresna elektrikoak salduko ditu aurki. Garrantzitsutzat jo du Aezkoan zerbitzu hori izatea. «Prezioa apur bat garestiagoa da, baina bestela Iruñera jaitsi, ikusi, gastatu eta arazorik baduzu erreklamazioa jarri behar da».

«Uste baino errazagoa izan da Izizera etortzea»

Tete Sanz. Hogei urtez Zaragozan argiztatze saltoki bat izan ostean, Zaraitzuko poligonora mugitu zen iazko otsailean, konfinamendua ezarri aurretik. Oso pozik dago aldaketarekin. Erretiroa hartutakoan Zaraitzura bizitzera joatea pentsatua zuten Tete Sanzek eta haren senarrak, hangoa baita gizona, baina bizitzaren nondik norakoek amets hori aurreratzeko parada eman diete biei. Pozik dago emaitzarekin. «Oso ongi nago. Lasaiago, eta neure buruarekin konektatuago».

liderlamp

Ez da hasiberria, eta esperientziak haren alde jokatu du. 1999an, Zaragozan (Aragoi, Espainia), Logroñoko errepideko poligono batean, argiztatze eta dekorazio denda bat ireki zuen, Liderlamp. Bi hamarkadatan, argiztapen sektoreko ekoizle, hornitzaile eta ordezkari komertzial izan da. 2015ean, Internet bidezko salmentari ekin zion: «Interneteko salmentak hobetu ahala hasi ginen amesten hona etortzearekin». Denda alokairuan hartua zuten, eta 2019an jabeak hura saltzeko aukeraz hitz egin zien. Ordurako, Interneteko negozioak dendarena gainditua zuen, eta jauzia emateko garaia zela ikusi zuten. «Urtebete emateko eskatu genion, egokitzeko. Denda nahiko handia zen; hogei urteren ondotik, biltegian produktu asko zeuden, eta, negozio eredua aldatu dugunez, ez genuen dena ekarri nahi. Likidazioan saldu genituen produktuak».

Izizeko poligonoan ezarri ziren, Zaraitzun; nabarmendu du Nasuvinsa sozietate publikoaren laguntza izan dutela. «Babes handia eman digute. Zaragozakoekin alderatuta, alokairuaren prezioak oso ondo daude».

Zaragozako denda iazko urtarrilaren 29an itxi zuten, eta, otsailaren erdialderako, Izizekoa irekita zuten. «Berriz martxan jartzea oso ondo joan zen. Konfinamenduak ez gintuen harrapatu egun gutxigatik. Zortea izan dugu».

Beste negozio askorentzat ez bezala, COVID-19ak eragindako egoera aukera bat izan da. «Konfinamenduak etxean egotera behartu gintuen; behin han izanda, jendeak gutizia bat eman nahi izan dio bere buruari: eraberritzeak, altzariak eta argiztapena».

Orain, zerbitzua hobetu eta digitalizatzeko prozesu betean dira. Udazkenerako prest egotea espero du. Hori baita bere kexu nagusia: zuntz optikoa oraindik ez da ailegatu Izizera.