Ilustratuak

Adur Larrea. Artista bilbotarrak eskuzko teknikak eta programa digitalak uztartzen ditu bere obretan. Baliabide berriok «gradualki» barneratu ditu bere lanean, dioenez. Artista eta proiektu asko ere ezagutu ditu teknologia berriei esker.

«Ez dut izaten nire proiektuetarako denbora askorik; seinale ona da»

Istorio ugari kontatutakoa da Adur Larrea ilustratzailea (Bilbo, 1982): Gabriel Aresti idazlearen bizitza izan zuen hizpide Gabriel Aresti BioGrafikoa-n (Erroa, 2015), Santi Brouarden erailketa Antzara eguna-n (Txalaparta, 2019) eta Burgosko auzia Iraultza eta bizi!-n (Gara, 2020). Argia astekarian kolaboratzen du egun. Enkarguek lan propioak garatzeko tarte txikia uzten diote, baina, halere, gehienetan aukera izaten du proiektuak bere egiteko.

Adur Larrea ilustratzailea, Ziburun (Lapurdi)
Adur Larrea ilustratzailea, Ziburun (Lapurdi). Guillaume Fauveau

Nola hasi zinen ilustrazioan?

Beti interesatu izan zait marrazkiaren eta ilustrazioaren mundua, eta beti marraztu izan dut bai etxean bai kolaborazioetarako. Horrela hasten zara, normalean: zinta edo pastel bat egiten fanzine, lagunarteko proiektu, elkarte edo herri aldizkari baterako. Eta, gero, momentu batean, diru pixka bat jasotzen hasten zara horregatik.

Beraz, profesionalizazioa ezustean etorri zen?

Tira, erreferente batzuk ikusten dituzu, eta badakizu jende bat horretatik bizi dela eta proiektu interesgarriak dituztela. Norabide bat markatzen hasten zara, edo gertaerek eramaten zaituzte horretara. Kontua da profesionalizazioarena muga nahiko lausoa dela: ongi kobratzea da profesionala izatea? Gure negozio hau ez denez oso normatiboa, kontuz hartu behar da.

Baduzu zure ibilbidean bereziki gogoan duzun lanen bat?

Niretzat garrantzitsua izan da telebistaren mundutik pasatu izana. Grafismoekin animazioak sortzen lan egin nuen, eta asko ikasi nuen. Agian ez da hain eskuragarria animazioan aritzea. Aldi berean, marrazkian gehiago trebatzeko ere balio izan zidan.

Argia astekaria. Bineta. 2020ko abuztuaren 2a.
Argia astekaria. Bineta. 2020ko abuztuaren 2a.

Nondik hasten zara ilustrazioa egiten?

Segun. Adibidez, liburu baten ilustrazioaz ari bagara edo testua duen ilustrazio batez, testutik edo kontatu nahi den horretatik abiatzen zara, noski. Interesgarria egiten zaizun ideia edo metafora bat beste modu batera errateko baliatzen duzu irudia; testuak dioena hitzez hitz jartzen baduzu, agian ilustrazioak ez du zentzu handirik. Zinta batean, irudi edo ideia batetik abiatzen zara normalean: ilustrazioak oso sintetikoa izan behar du, hitzak askoz gutxiago direlako. Irudi edo ekintzen bidez esplikatu behar duzu gertaera bat, eszena bat...

Orokorrean, nola deskribatuko zenuke zure marrazteko estiloa?

Nik maite dut eskuz, tintaz edo arkatzez zikintzea, baina programa digitalak ere baliatzen ditut, kolorea emateko, hiru dimentsioko gauza bat sortzeko... maite dut eskuz egindako trazuak batzuetan duen baldarkeria, inperfekzioa. Ziurrenik, nire marrazketa oso inperfektua da.

Arlo digitala aipatu duzu: zer harreman izan duzu zure ibilbidean baliabide digitalekin?

Gradualki barneratu ditut nire lanean. Programa mota batekin hasten zara: ez dakizu oso ondo nola dabilen; autodidakta zara, edo ideiak trukatzen dituzu lagunekin, lankideekin edo horretan dabiltzanekin. Gero, emeki-emeki erabiliz zoaz, beharraren arabera: nik asko behar izan ditut animazioaren arloan.

Burgosko auzia. Iraultza eta bizi! Eleberri grafikoa, Gara, 2020. Testua: Mikel Antza
Burgosko auzia. Iraultza eta bizi! Eleberri grafikoa, Gara, 2020. Testua: Mikel Antza

Eta zer harreman duzu enkarguekin? Zure estilora gehiago egokitzen diren lanak bilatzen dituzu? Uzten dizute proiektu pertsonalak garatzeko betarik?

Normalean, ez dut izaten proiektu pertsonalak bideratzeko denbora askorik, eta hori seinale ona da. Enkarguak dituzun artean, ongi. Askotan, zeurera ekarri nahi dituzu gauza interesgarri bat egiteko, eta proiektu pertsonala garatzeko, ahal den neurrian. Enkarguak neure egiten saiatzen naiz, eta horrela plazer handiagoa ematen dute, nik uste. Normalean, ez dira izaten proiektu itxiak; tarte bat dago beti zure eskuak pixka bat sartzeko.

Badago oraindik jorratu ez duzun gai, estilo edo teknikaren bat helburu duzuna?

Pila bat. Ez nuke jakingo nondik hasi. Gaur egun, sarean badira milaka marrazkilari oso onak, zeintzuei sekulako inbidia diezun, edo animazio batzuk ez dakit nola eginak; noski, nahiko zenuke haiengandik ikasi edo halako proiektuetan parte hartu. Beti daude berritasunak; amua hor dago beti.