Ilustratuak

Joseba Larratxe 'Josevisky'. Marrazkilaria da margolaria bainoago, eta komikilaria oroz gainetik. 'Basolatik berri onik ez' du lan berriena. Komiki baino ilustrazio gehiago egin behar izaten du, ordea; hilero 'Argia' aldizkarian, besteak beste.

«Gaia gordina baldin bada, marrazkia gordina izango da»

Joseba Larratxe Josevisky-k (Irun, Gipuzkoa, 1985) Arkitektura ikaslea zen garaian eman zituen argitara aurreneko umore zintak; urte batzuen ondoren, komikizaleek lehenengo begi kolpean antzematen dute dagoeneko haren eskuak eusten diola pintzelari Argia aldizkariko ilustrazioetan eta Larrun gehigarriaren azaletan, eta Joana Maiz (2019) eta Basolatik berri onik ez (2020) komikietan, besteak beste.

Joseba Larratxe, Kabienen, Usurbilgo autonomoen elkarlanerako gunean.
Joseba Larratxe, Kabienen, Usurbilgo autonomoen elkarlanerako gunean. Jagoba Manterola / FOKU

Beti marraztu izan duzu?

Nik bai, eta zuk ere bai, segur aski. Gero eten bat egoten da. Esaten digute marrazteko, baina bat-batean ematen du hori haurrentzako kontu bat dela...

Baina zuk jarraitu egin zenuen...

Ez dakit zer datorren lehendabizi, zaletasuna, edo ona izatea eta horrek jarraitzea eragiten zuela. Dragoi bola-rekin ikasi nuen marrazten. Saioak grabatzen nituen, eta gustuko irudietan geratu egiten nuen bideoa, kopiatzeko. Oraindik ere, kasik begiak itxita marraz dezaket Son Goku.

Zer izan zen argitaratu zenuen lehen lana?

Zinta bat egin nuen BERRIAren Matraka gehigarrian pare bat urtez, Euskal friki izenekoa. Lehen komikia Katu hegoduna izango zen, Yurre Ugarteren gidoiarekin.

Aldaketa handia da gidoilariekin lan egiten hastea?

Egia esan, uste dut nik ere badudala zer kontatu, baina pentsatzen dut editoreek edo arduradunek uste dutela marrazkilari hobea naizela idazlea baino, eta, horregatik, beti jartzen didate gidoilari bat [barrez]. Kolaboratzea beti da polita; asko ikasten duzu, eta dibertigarria da.

Gehiago idatzi nahi duzu?

Etorkizunera begira, helburua hori da; ea lortzen dudan nire gidoietan oinarritutako zeozer egitea. Baina, jakina, hain jende bikainarekin lan egiteko aukera etortzen baldin bazaizu, tontakeria bat litzateke ezetz esatea...

Joana Maiz. Harriet Ediciones, 2019. Gidoia: Yurre Ugarte.
Joana Maiz. Harriet Ediciones, 2019. Gidoia: Yurre Ugarte

Ilustrazioak ere egin arren, komikilaria zara, batez ere?

Komikitik nator, eta nire onena komikian eman dut, segur aski. Lan egiteko modu antzekoa daukat; azken finean, gauzak kontatu nahi dituzu. Kontua da ilustrazioa askoz errentagarriagoa dela; aldizkari baten azala, adibidez, komiki orrialde bat baino gehiago kobratzen da, nahiz eta hori niretzat askoz lan handiagoa den.

Nolakoa da zure estiloa?

Nahiko fisikoa da. Alegia, nahiz eta pertsonaia karikaturizatu, nire figurek eraikuntza fisiko bat dute. Ez ditut egiten forma etereoak. Saiatzen naiz itzalekin bolumen bat ematen, anatomia fidel marrazten... Agian horrek badu zerikusia Arkitektura ikasketekin. Bestalde, nire marrazkia marran oinarritzen da kolorean baino gehiago. Marrazkilaria naiz, margolaria baino gehiago.

Zer gairi buruz marrazten duzu?

Ematen dizkidatenei buruz: mertzenariotxo bat naiz [barrez]. Ez zait gustatzen gauzak edulkoratzea. Batek baino gehiagok esan izan dit nire marrazkiak gogorrak direla; nik esango nuke gauzak diren bezala adierazten ditudala. Gaia gordina baldin bada, marrazkia ere gordina izango da. Ez zaizkit gustatzen morboa eta doako krudelkeria, baina gordinkeria kentzen baduzu, zuritzen ari zara.

Trazua paperean egiten duzu eta kolorea digitalean?

Basolatik berri onik ez. Xabiroi, Ikastolen Elkartea, 2020. Gidoia: Asisko Urmeneta.
Basolatik berri onik ez. Xabiroi, Ikastolen Elkartea, 2020. Gidoia: Asisko Urmeneta

Horrela egitea gustatzen zait. Pantaila ukigarri bat daukat; oso erosoa da, eta batzuetan, denbora faltagatik eta lana errentagarri bihurtu nahian, marrazki batzuk ordenagailuan egin izan ditut zuzenean.

Non lan egiten duzu?

Usurbilen [Gipuzkoa] lan egiten dugu, Kabienen, autonomo batzuen artean antolatutako bulego autogestionatu batean. Etxetik lan egin ahal izatea ona da, baina horretara kondenatua izatea ezta batere.

Komikiei buruzko hitzaldiak eman izan dituzu. Dibulgazioa behar da?

Azkenaldian esan izan da komikia boladan dagoela. Hori entzuten daramatzat hamar edo hamabost urte, eta ez da lehertzen. Gero eta jende gehiagorengana iristen da, askotariko lanak egiten dira, baina kalean galdetuz gero jende askorentzat komikia ez da izango artea ere, eta, gainera, haurrentzat izango da. Kuriosoa da: denda espezializatuetan ez dago ia haurrentzako komikirik.