Ilustratuak

Karmele Gorroño. Irene Iruretak eta Karmele Gorroñok Irrimarra ilustratzaile taldea osatzen dute 2016tik. Muralak, afixak eta liburuak egiten dituzte. Miren Amurizaren kontakizun bat eta Joseba Sarrionandiaren beste bat margotzen ari dira udan.

«Detaileak asko lantzea gustatzen zaigu: estanpatuak eta brodatuak»

Liluragarriak dira Karmele Gorroñok (Galdakao, Bizkaia, 1987) eta Irene Iruretak (Zumaia, Gipuzkoa, 1989) egindako muralak. Hamasei egin dituzte dagoeneko, hala nola Donostiako Ernest Lluch haur liburutegian, Bilboko El Perro Chico tabernan, Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Emakumeen Etxean, Urnietako (Gipuzkoa) musika eskolan, Galdakaoko haur parkean, Zumaiako Nikol tabernan, Bernedoko (Araba) euskal udalekuetan, eta Arrasateko (Gipuzkoa) liburutegian.

Karmele Gorroño, Galdakaoko bere estudioan
Karmele Gorroño, Galdakaoko bere estudioan. ARITZ LOIOLA / FOKU

Batzuentzat ezagunak izango dira liburuak egin dituztelako: esate baterako, Koldo Izagirrek idatzitako Altzoko Handia eta Kutixi album serieko sei aleen ilustratzaileak dira. Eta beste batzuek Booktegi.eus guneko bideozko ipuinetako irudiak ikusiko zituzten.

Irrimarra taldeko Karmele Gorroñorekin solas egin du BERRIAk.

Noiz hasi zinen marrazten?

Beti marraztu izan dut. Pintura eskoletara ere joaten nintzen txikitan. Arkitektura ikasten hasi nintzen, baina Arte Ederretara pasatu nintzen bi urteren buruan. Orduan ekin nion berriz marrazteari.

Noiz hasi zineten elkarrekin, Irrimarra talde gisa?

Leioan ezagutu genuen elkar Irenek eta biok, unibertsitatean. Jolasean bezala hasi ginen elkarrekin marrazten, tarte libreetan, denbora-pasa: batek forma bat hasi eta besteak irudia egiten segitu. Horrela hartu genuen ohitura lanak biok batera egiteko. Ikasketak bukatu eta gero hasi ginen Irrimarra izenarekin lanak egiten, 2016an. Irenek badu bere lan txokoa Zumaian, eta nik Galdakaon.

Nolakoa da zure lantokia?

Lonja bat da, etxe baten behealdean. Leihotik argi naturala sartzen da.

Nola margotzen duzu zuk?

Aulkian eserita. Mahai arrunt baten gainean.

Badauzkat nire zulotxoan. Ikaselkar, 2020. Testua: Alaine Agirre.
Badauzkat nire zulotxoan. Ikaselkar, 2020. Testua: Alaine Agirre.

Zein izan zen aurreneko argitalpena?

Uste dut Galdakaoko Udalak ordaindutako liburuxka bat izan zela, Soinu kuttunak deitzen dena. Galdakaon umeren bat jaiotzen denean, liburu hori oparitzen zaio. Istorioan kontatzen da neskato batek oso gogoko dituela soinuak.

Zenbat liburu egin dituzue?

Hamar edo hamaika. Koldo Izagirrerekin sei. Eta gainerakoak Pello Añorga, Karmele Mitxelena, Alaine Agirre eta Fito Rodriguez idazleekin.

Zeinentzat egiten dituzue zuen lan profesionalak?

Erein, Elkar eta Txalaparta argitaletxeekin atera dira liburu horiek. Baina udalentzat, liburutegientzat, eta diseinu eta komunikazio enpresentzat lan egiten dugu. Jatetxeren bat ere izan dugu.

Muralak egin izan dituzue?

Asko, bai. Hamasei. Liburutegietan, gazteleku batean, frontoi batean... Galdakaoko haur parkean egin dugu aurten. Agian beste lekuren batean egin beharko dugu udazkenean.

Zein lan egiten diharduzu orain?

Eskola agenda pare bat. Eta bi album ilustratutan sartuta gaude: Joseba Sarrionandiaren kontakizuna da bat, Ikaselkar etxearentzat; eta beste kontakizuna Miren Amurizarena da, pailazoentzat.

Zein estilo maite duzu?

Altzoko Handia eta Kutixiren gezurrak. Erein, 2018. Testua: Koldo Izagirre.
Altzoko Handia eta Kutixiren gezurrak. Erein, 2018. Testua: Koldo Izagirre.

Koloreen zaleak gara. Figuratiboak dira gure irudiak, bolumen nahikorekin. Detaileak asko lantzea gustatzen zaigu: jantziak, estanpatuak eta brodatuak. Disfrutatu egiten dugu horretan.

Zein dira gai nagusiak?

Gure irudietan gizakia ez azaltzea oso arraroa da. Edo animaliak. Gorputz osoak, aurpegiak ere bai laminetan eta koadroetan, denetik. Geuk asmatutako pertsonaiak izaten dira.

Zein tresna erabiltzen dituzue gehien?

Arkatza eta pintzela dira gure tresna nagusiak. Zirriborroak arkatzez egiten dira, eta, irudia osatuta daukagunean, pintzelez egiten dugu koloreztatzea, gouachez. Ez ditugu errotuladoreak eta argizariak erabiltzen. Eta arkatza bera ere ez da ikusten.

Zerekin aproba egingo zenuke gustura?

Josten eta brodatzen ari gara orain. Asko gustatzen zaigu. Arte Ederretan egiten genituen grabatuen eta serigrafiaren falta sumatzen dut, baina horretarako leku eta tresna bereziak behar dira.