Ilustratuak

Maite Mutuberria. Lehenik ikus-entzunezko komunikazioan trebatu bazen ere, azkar konturatu zen bere adierazteko modua marrazkia zela. Hainbat liburu ilustratu ditu, eta, 2018an, bakarkako lehen lana argitaratu zuen, ‘Lohia’.

«Perfektuak ez diren marrazkiek asko komunika dezakete»

Irudia komunikatzeko tresna bat da Maite Mutuberriarentzat (Eltzaburu, Nafarroa, 1985), eta haren obrari aplika dakioke ideia hori, asko adierazten duten marrazkiak sortzen baititu. Literatura lanak ilustratzen ditu nagusiki; hala nola Iñigo Astizekin sortu zuen Joemak eta polasak (Elkar, 2019), iaz Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria jaso zuena. Haren lanik pertsonalena Lohia da (Pepitas de Calabaza, 2018), eta aurki beste bat argitaratuko du.

Arbolidades. Kalandraka, 2020. Testua: David Hernandez Sevillano.
Arbolidades. Kalandraka, 2020. Testua: David Hernandez Sevillano.

Betidanik marraztu izan duzu?

Bai, guztiok marrazten dugu txikitan; batzuek marrazteari uzten diote, eta beste batzuek jarraitzen dugu. Nik jarraitu nuen, eta ogibide bihurtu.

Noiz erabaki zenuen ogibide bihurtzea?

Batxilergo artistikoa ikasi nuen, baina, lanbidea errazagoa izango zelakoan, Ikus-entzunezko Komunikazioa egin nuen. Madrilera joan nintzen lanera, baina utzi nuen; marrazkiari lotutako zerbaitetan hasi nahi nuen, bestela ez nuelako inoiz egingo. Ilustrazioa ikasi nuen, eta lanean hasi nintzen, 26 urte ingururekin.

Zure biografiak dio horren aurretik zientzien eta artearen artean erabaki behar izan zenuela.

Bai. Zientziak gustatzen zitzaizkidan, eta horretara bideratzen ninduten, ikasle ona nintzenez arteetara bideratzea desegokia zelakoan. Baina batxilergoa hasi aurretik ekarri zizkiguten txostenetan ikusi nuen artistikoan pintzelak-eta agertzen zirela, eta hori egitea erabaki nuen.

Zeintzuk izan ziren zure lehen urrats profesionalak?

Publizitate agentzia batean hasi nintzen; hezkuntzarako liburuak ere egiten nituen. 2013an, Elkarrentzat lan bat egin nuen, eta, urte berean, Etxepare saria irabazi nuen Leire Bilbaorekin batera. Sariek ikusgaitasuna ematen dutenez, deika hasi zitzaizkidan, antzeko lanak eskatuz. Literaturan murgiltzen hasi nintzen, eta hori da gehien gustatzen zaidana.

«Guztiok marrazten dugu txikitan; batzuek marrazteari uzten diote, eta beste batzuek jarraitzen dugu»

Maite Mutuberria. Ilustratzailea

Etxeko urak. Susa, 2020. Testua: Leire Bilbao.
Etxeko urak. Susa, 2020. Testua: Leire Bilbao.

Zer motatako liburuak ilustratzea maite duzu gehien?

Poesia asko ilustratzen dut: gustuko dut oso irekia delako, irudiz beteta dagoelako, eta askatasuna ematen duelako.

Zeure kabuz sortzean, zein izan ohi da lehen txinparta?

Denetarik. Batzuetan, ikusi dudan zerbait marrazten dut: iaz, bidaia batean ikusi nuen kakalardo berezi batetik abiatu nintzen. Beste batzuetan, nola sentitzen naizen islatzen saiatzen naiz.

Ondoren, erritualik ba al duzu prozesuan?

Pixkanaka, erritual bat sortu dut, bai. Besteen testuekin lan egin ohi dudanez, testua sakonki irakurtzen dut, eta, gero, alde batera uzten dut, askatasunez marrazten hasteko. Hor ematen ditut behar diren egun guztiak. Inprobisazioan sortzen zaizkit ideiak. Bozetoak egiten ditut, eta hasieran irekitako bidea estutuz joaten naiz.

Ilustrazioa irudiekin komunikatzea dela diozu. Zergatik?

Neure burua ez dut jotzen artistatzat. Iruditzen zait artistak adierazkortasuna lantzen duela, baina nik norbaitentzat ilustratzen dut, eta hori kontuan izaten dut. Saiatzen naiz argi izaten zer komunikatu nahi dudan, eta horretarako nire baliabideak dira koloreak, formak, konposizioa... Iruditzen zait lan funtzional bat dela.

«Besteen testuekin lan egin ohi dudanez, testua sakonki irakurtzen dut, eta, gero, alde batera uzten dut, askatasunez marrazten hasteko»

Maite Mutuberria. Ilustratzailea

Lohia lana krisi pertsonal batek bultzatuta sortu zenuen. Zure ibilbidean mugarri garrantzitsua izango zen...

Gauekoak (afixa). Jatorrizko ideia: Jon Maia Sein. Kukai Dantza, 2019.
Gauekoak (afixa). Jatorrizko ideia: Jon Maia Sein. Kukai Dantza, 2019.

Bai, nik horrela bizi izan dut. Pauso handia izan zen niretzat. Libreago sentitzen naiz liburu hori egin nuenetik: aurretik saiatzen nintzen marrazkiak formalki eta estetikoki asko zaintzen, eta orduan ikusi nuen nire marrazteko modua koadernoetan nuen hori zela agian. Ikasi nuen perfektua ez den marrazki batek ere asko komunika dezakeela.

Nola bizi izan zenuen Iñigo Astizek Euskadi Saria jaso izana?

Oso pozgarria izan zen, laguna dudalako, eta maitasun handiz egindako lan bat izan zelako. Oso polita izan zen elkarlanean aritzea: elkarrekin ikasi genuen txikitan, eta orduan beti ibiltzen ginen elkarrekin gauzak egiten. Horretara bueltatzea izan zen.

Zer duzu esku artean orain?

Irri Mola liburua egin nuen Elkarrekin, baina oraindik ez da atera. Leire Bilbaorekin Barruko zaratak poema liburua egiten ari naiz. Beste proiektu pertsonal bat daukat, baina ezin dut gehiago esan.