Ilustratuak

Malen Amenabar eta Mariñe Arbeo. Txakur Gorria sormen laukotearen lanei irudiak jartzen dizkiete. Talde gisa ekoizpen propio ugari plazaratu dituzte urteotan, baina besteren proposamenak ilustratzeko lanetan ere aritzen dira sarri.

«Testurek erakartzen gaituzte; horien bila joaten gara»

Ideia bat bururatzetik plazaratzera bitarteko prozesu guztia modu kolektiboan lantzea. Xede horrekin jaio zen Txakur Gorria, lau emakume sortzailek osatzen duten taldea. Nerea Ibarzabal Salegi eta Ane Labaka Mayoz testuez arduratzen dira; Malen Amenabar Larrañaga eta Mariñe Arbeo Astigarraga, berriz, irudiez. Hamaika lan propio eman dituzte urteotan, eta besterentzat ere aritzen dira.

Malen Amenabar eta Mariñe Arbeo ilustratzaileak, Azkoitian, Oteizaren frontoietan
Malen Amenabar eta Mariñe Arbeo ilustratzaileak, Azkoitian, Oteizaren frontoietan. Raul Bogajo / FOKU

Noiz hasi zineten marrazten?

MALEN AMENABAR: Umetan...

MARIÑE ARBEO: Bai. Ahizpa jaio zen eguneko marrazki bat gordeta daukat, 6 urte nituenekoa.

AMENABAR: Nik umetako koaderno batzuk ditut gordeta; udan, eguneroko moduko bat egiten nuen, idatziz eta marraztuz.

Eta noiz hasi zineten elkarrekin?

ARBEO: 2012an hasi ginen Arte Ederretako karreran; han ezagutu, eta elkarrekin bizi izan ginen 3. eta 4. mailan. Gradu amaierako lana ere elkarrekin egin genuen.

AMENABAR: Gradu amaierako lan hori giltzarria izan zen.

ARBEO: 2016an izan zen hori, eta, paraleloki, Txakur Gorria hasi zen: Nerearekin hasi ginen hainbat kontu ilustratzen, eta...

Non lan egiten duzue, normalean? Nolakoa da zuen lantokia?

AMENABAR: Andoainen aritzen gara, biok mahai berean, aldamenean jarrita, eta, orain, normalean, bakoitza bere tabletan.

Tableta aipatu duzue; eskuz, digitalean... nola aritzen zarete?

AMENABAR: Kontua da tabletak aukera ematen duela eskuz egiteko, baina digitalean.

ARBEO: Hori da. Orain, gero eta gehiago ari gara digitalean. Uste dut jendeak lotzen gaituela —eta gu identifikatuta sentitzen garela— testurekin, collage estiloko lanekin, eta tabletak berdin-berdin uzten digu horiek lantzen.

Zein izan zen lehen argitalpena?

ARBEO: Txakur Gorria izan zen, izena eman zigun liburuxka txiki bat. Nereak idatzi, eta guk ilustratu genuen. 20 ale atera genituen, eta eskuz azaleztatu.

Hackerra. Atopia rol jokoa, 2019.
Hackerra. Atopia rol jokoa, 2019. (egin klik handian ikusteko). Txakur Gorria

Eta, ordutik, zenbat lan eman dituzue argitara?

ARBEO: Hamar bat izango dira guk autoeditatutakoak. Adibidez, Ziklope, orain arteko azkena, edo Orainmenean, Lankurekin elkarlanean atera genuena.

AMENABAR: Kolektiboki lan egiten dugu, baina proiektu bakoitzean modu diferenteetan.

Zuen proiektuez gain, besteentzako lanak ere egiten dituzue...

AMENABAR: Kartelak egin dizkiogu Durangoko Azokari, Zinemakumeak gara! egitasmoari...

ARBEO: Liburuen artean, adibidez, Madelon dago: guk ilustratu eta maketatu genuen. Eta, gero, beste asko jendearen proiektu pertsonalak izaten dira.

AMENABAR: Marka pertsonal pilo bat ere egin ditugu. Kantitatez, askoz gehiago dira halakoak, gure autoedizio lanak baino.

ARBEO: Kooperatiba bihurtu ginen 2018an, eta horri eusteko eta honetatik bizi ahal izateko, aldi berean egiten ditugu kanpoko eskaerak eta geure lanak.

Zer lan duzue esku artean?

ARBEO: Bada, momentuz, Denboraz deitu diogu, eta udaberrian ateratzeko asmoa daukagu.

AMENABAR: BERRIAn argitaratutako zutabeetan oinarrituko da.

Zein estilo maite duzue?

ARBEO: Testurek erakartzen gaituzte, eta horien bila joaten gara.

AMENABAR: Askotan, testuetan oinarritzen gara, baina gure irudiek bere hartan zerbait kontatzea ere nahi izaten dugu.

Eta zein gai?

Hiposmia Berria, Iritzia saila, 2021.
Hiposmia Berria, Iritzia saila, 2021.. Txakur Gorria

AMENABAR: Ez dakit gairik dugun, baina iruditzen zait emakume eta gazte izate horretatik abiatzen direla gure lanak.

ARBEO: Bai, gaiak buruan izatea baino gehiago, hori da: gure posizioa. Guztiz baldintzatzen gaitu; mila gauzak zeharkatzen gaituzte, eta hori agertzen da azkenean.

Zerekin egingo zenukete orain aproba gustura?

AMENABAR: Gure gradu amaierako lana animazio bat zen; ideia handirik izan gabe egin genuen. Lan handia egin genuen gidoian, iruditeria guztia pentsatzen... eta berriz egin nahi nuke: gidoi hura hartu, irudiak berritu, eta animatu, baina ondo [barrez].

ARBEO: Hori bada beti hor eduki dugun zerbait. Egin dugu lanen bat edo beste animazioan, baina inoiz ez gara gelditu guztiz gustura... ez dugu kontrolatzen. Beste batzuek animatu dituzte gure irudi batzuk, eta gozamena da.