Komunismoak euskal herrian ehun urte

Dolores Ibarruri. Lorratz sakona utzi zuen Dolores Ibarrurik, Gallarta (Bizkaia) bere sorterrian ere bai, nahiz eta Pasionariak ezagutu zuen Gallarta meatzari hura gaur egun desagerturik egon; garai hartan, herri osoa suntsitu zuten, beste meategi bat zulatzeko.

Ezabaturiko lorratzen bila

Seguru asko, Dolores Ibarruri Pasionaria izan zen XX. mendeko euskal emakumerik ezagunena mundu osoan. Historiaren norabidea markatuko zuten zenbait gertaera garrantzitsutan lekuko eta protagonista izan zen, bekoz beko jardun zuen estatuburu eta presidente ugarirekin, eta haren irudia mundu osoko aldizkari eta liburutan agertu zen. Haren jaioterrira joz gero, Abantoko Udaleko Gallarta herrixkara (Bizkaia), erraz aurki daiteke Dolores Ibarruri institutua, eta izen bereko plaza ere bai handik gertu, Alderdi Komunistako buruzagiak bere herrikideengan utzitako aztarnaren oroigarri.

Baina hortik landa, ia ezinezkoa da Ibarruriren lorratzak aurkitzea Gallartan. Ez dago hura jaio zen etxea bisitatzerik, hark ikasi zueneko eskolarik ez dago, Ibarruri ibilitako kale eta bazterrak desagertu dira. Izan ere, 1950eko hamarraldiaren amaieran herria erabat birrintzen hasi ziren, eremu hartan beste meategia zulatzeko, eta erabateko suntsitzea urte batzuk geroago amaitu zuten. Handik metro batzuetara eraiki zuten Gallarta berria, eta biztanleak etxe berrietara eraman zituzten, baina Ibarrurik ezagututako Gallarta zahar hura betiko galdu zen.

Herriko irteeran, Kontxa II meategiak utzitako zulo erraldoiaren ondoan, Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa dago, eta horrek badu Ibarruriri eskainitako gela oso bat. Ezabatu ez dituzten lorratzak han daude: Ibarruriren idazmakina, Moskuko etxean zituen zenbait altzari eta tresna, bere liburutegi partikularretik ateratako liburuak, marxismoari buruzkoak horietako asko, agiriak, argazkiak, afixak.

Ameli Ortiz (Gallarta, Bizkaia, 1954) museoa sortu eta kudeatzen duen kultur elkarteko gaur egungo presidentea da. Zenbait meatzari ohik eta meatzaritzari loturiko kultura gorde nahi zuten herritar batzuek sortu zuten fundazioa 1986an. Ortizek Ibarruri ezagutu zuen erbestetik itzuli eta Gallartara bisitan etorri zenean, eta harreman handia izan du Pasionariaren alaba Amaia Ruiz Ibarrurirekin eta Dolores Sergueieva bilobarekin.

Ameli Ortiz, Meatzaritzaren Museoan

"Batzuek diote mendeku modu bat izan zela, Gallarta suntsitu zutela Pasionariaren herria zelako"

Ameli Ortiz. Meatzaritzaren Museoa fundazioa

 

1977an itzuli zen Ibarruri erbestetik, 81 urte zituela. Hiru bat urte geroago Gallarta bisitatu zuen, Irene Falcon bere idazkariarekin batera: «Berak bazekien garai batean ezagutu zuen Gallarta hura ez zela existitzen», azaldu du Ortizek, «baina, hala ere, sorterrira itzuli nahi izan zuen. Moskun edo Parisen bizi izanda ere, harentzat Gallarta oso garrantzitsua zen. Hori haren alaba Amaiak esan ohi zuen, harentzat etxea Gallarta zela. Nik uste dut min handia hartu zuela ikusita bere betiko Gallarta desagerrarazi zutela».

Haatik, min hura ez zen Ibarrurirena bakarrik: «Ni ere etxe horietako batean jaio nintzen, handik bota ninduten, eta hori beti eramaten da bihotzean. Oso eraso bortitza izan zen guretzat. Gainera, ez ziren egun batetik bestera etorri etxea eraistera; urte askoan pairatutako sufrimendu luzea izan zen. Batzuek diote mendeku modu bat izan zela, Gallarta suntsitu zutela Pasionariaren herria zelako. Jakina, hori egiaztatzea ezinezkoa da, interes ekonomiko pila tartean egon zirelako, baina litekeena da horrelako zerbait egotea».

Bizilagunen etxean

Ameli Ortizek dioenez, Dolores Ibarrurik hil aurretik egin zituen azken bisitaldi haietan, herriko bizilagunen etxeetan hartzen zuen ostatu. Bisita horietako bat du bereziki gogoan: «Ni maistra nengoen herrian, eta zera esan zidan: 'Gazteak errebeldian hazi behar dira'. Gero, eskolak ematen ari nintzela, askotan gogoratu ditut hitz horiek».

Dolores Ibarruriren gela, Meatzaritzaren Museoan
Dolores Ibarruriren gela, Meatzaritzaren Museoan. RAUL BOGAJO, FOKU

Meatzaritzaren Museoa sortu zenean, fundazioko kideek argi izan zuten areto bat Ibarruriri eskaini behar ziotela. Horri esker, harremanak estutu dituzte Ibarruriren familiarekin, bereziki Amaia Ruiz Ibarruri alabarekin 2018an hil zen; ordura arte, normalean Ortizek etxean hartzen zuen Gallartara bisitan etortzen zenean eta Dolores Sergueieva bilobarekin. Ordu asko eman ditu biekin hizketan, eta hortik Ibarruriren beste irudi bat lortu du, etxekoagoa, intimoagoa.

Gainera, bi familien artean lehenagotik ere bazegoen antzekotasunik. Ortizen birraitona Arratiatik iritsi zen Gallartara meategian lan egitera, Ibarruriren aira Gernika aldetik iritsi zen garai bertsuan. Euskaldunak ziren biak, eta haien familiek harremana izan zuten: «Nire amama, esaterako, Doloresen ahizpa Bernandinaren oso laguna zen», azaldu du.

Amamak kontatuta, Ortizek badaki Ibarruriren jarrera «ulertzeko zaila» suertatzen zitzaiela bere garaiko emakumeei: «Gogor hitz egiten zuen, ordura arte gizonezkoena izandako arlo batean, eta hori zaila zen nire amamarentzat eta bera bezalako orduko emakumeentzat».

Ortizek dioenez, Ibarrurik bizitza osoan eutsi zien Meatzaldeko emakumeen bereizgarri izan diren zenbait ezaugarriri: «Adibidez, garbitasuna. Hainbat ikerlanetan jasotako kontua da eskualdeko emakumeak garbitasunera oso emanak izan direla, eta horrek badu bere azalpena: esplotazioaren garaian, hori zen izurriak galarazteko zeukaten modu bakarra, botikarik eta horrelakorik ez zutelako. Amaiak [Ruiz Ibarruri] esan ohi zuen bere ama obsesionatuta zegoela garbitasunarekin, eta egunero mugitzen zituela altzariak bazterretan garbitu ahal izateko. Horrelakoak entzunda konturatu naiz gure amamak, eta nik ezagututako Meatzaldeko adineko emakume guztiek berdin egiten zutela».

"Egunero igaro behar zuen alabatxoak lurperaturik zeuzkan kanposantutik; Dolores emakume zauritua zen"

Ameli Ortiz. Meatzaritzaren Museoa fundazioa

 

Horren adibidea ere bada Ortizek bere amamarengandik jasotako beste pasadizo bat. Juliana Gomezek, Dolores Ibarruriren amak, odolkiak saldu ohi zituen Gallartako kaleetan: «Gure amamak beti esaten zuen Julianaren zapiak, odolkiak estaltzeko erabiltzen zituenak, elurra bezain zuriak zirela».

Ibarruriren 'En la lucha. Palabras y hechos 1936-1939' liburua, Meatzaritzaren Museoan
Ibarruriren 'En la lucha. Palabras y hechos 1936-1939' liburua, Meatzaritzaren Museoan. OSKAR MATXIN EDESA, FOKU

Ibarruriren gurasoen etxean oso pobreak ziren, baina ez ziren miseria gorrian bizi: aita, Antonio Ibarruri, artillaria zen, eta haren soldata meatzari soilena baino apurtxo bat handiagoa zen. Gainera, haien seme-alabetako batzuek ere lan egiten zuten. Horri esker, Dolores 15 urte bete arte egon zen eskolan, garai hartan oso ohikoa ez zena. Museoan badago eskolako umeen argazki bat: irudian Ibarruri da zaharrena, eta badirudi maistraren laguntzailea dela. Maistra izateko lehenengo ikastaroa egin zuen, baina utzi egin behar izan zuen etxean laguntzeko.

Gauzak asko okertu ziren ezkondu zenean. Ibarruriren senarra Julian Ruiz meatzari sozialista zen, eta, Ortizek dioenez, Ibarruri «oso maitemindurik» ezkondu zen, baina «bizimodu tragikoak» bikote gaztea harrapatu zuen: bere jarduera politikoagatik Ruizek bolada luzeak ematen zituen espetxean edo ugazaben jazarpena jasaten zuen, eta, ondorioz, etxean pobrezia Ibarruriren gurasoenean baino handiagoa zen.

Bikotearen lehen alaba, Esther, hiru urte zituela hil zen; 1923an Ibarrurik hirukiak izan zituen, eta hiru alaba haietatik bakarrak iraun zuen. Beste alaba bat izan zuen urte batzuk geroago, hiru hilabeterekin zendu zena.

«Julianek meategian lan egiten zuen», azaldu du Ortizek, «eta Doloresek, meatzarien gainerako emazteek bezala, bazkaria eramaten zion lantokira. Hara joateko, baina, kanposantutik igaro behar zuen, eta han hildako alabatxoak zeuzkan lurperaturik. Egunero-egunero pasatu behar zuen handik. Hori edozein puskatzeko modukoa da. Nik uste dut Dolores emakume zauritu bat izan zela».

Gallarta zaharra suntsiturik, bizilagunen oroitzapenak dira meatzari haien sufrikariotik gelditzen diren aztarna bakarrak. Horiek, eta Meatzaritzaren Museoan bildutako objektu eta agiriak, jakina. Pasionariari dagokionez, elkarteak harremanetan jarraitzen du familiarekin, eta laster oroigarri gehiagoz hornituko dute hari eskainitako gela, lorratzak gal ez daitezen: «Dolores Ibarruri oso pertsona garrantzitsua izan zen. Baina, aldi berean, ez zion inoiz utzi Gallartako emakume arrunt bat izateari. Oso hurbila zen».

Alberto Barandiaran, kazetaria eta idazlea

 

«Ibarrurik pasioa lehenetsi zuen doktrina politikoaren gainetik»

 

Alberto Barandiaran
Alberto Barandiaran. GORKA RUBIO, FOKU

Alberto Barandiaran (Altsasu, Nafarroa, 1964) Euskaldunon Egunkaria-n eta BERRIAn aritutako kazetariak argitaratu zuen 1998an Dolores Ibarruri Pasionaria-ren euskarazko biografia.

Zerk eraman zuen Ibarruri Alderdi Komunistara?

Bera familia tradizionalista batean jaio zen; aita eta aitona karlistak eta oso erlijiozaleak ziren. Senarrarekin ezkondu eta Somorrostron (Muskiz, Bizkaia) bizitzen jarri zenean sekulako baldintza gogorrak topatu zituen alde guztietatik: gosea, miseria, eritasuna eta abar. Sei seme-alaba izan zituen, eta lau gose hutsak hil zizkion. Harentzat, komunismoa zen justiziaren alde eta miseriaren kontra borrokatzeko modu bakarra. Hautu hori egin zuen; egia esateko, bere bizitza osoan idatzi eta egin zituenak aintzat hartuta, nekez irudika dezakegu Ibarruri Alderdi Sozialistan.

Beti esaten da ikasketa handirik gabeko emakumea zela eta politikaz zekien guztia eguneroko jardunean ikasi zuela.

Nik uste dut oso emakume azkarra zela. Ez zuen prestakuntza handirik: maistra izateko ikasi zuen, baina ikasketak utzi egin behar izan zituen etxeko egoerak behartuta. Ezkondu eta berehala hasi zen artikuluak idazten, oso giro maskulino batean; horrek erakusten du azkarra eta nortasun handikoa zela. Berak beti esaten zuen ez zela intelektual bat, eta inoiz [Jorge] Semprun eta «intelektual txoriburuen» kontra mintzatu zen. Ekimen handiko emakumea zen, erraietatik hitz egiten zuena eta ekintza maite zuena. Pasioa lehenesten zuen doktrina politikoaren gainetik.

Ibarruri feminismoaren aitzindaritzat har daiteke?

Bere idatzietan ez dago feminismoaren aipamenik, baina oso emakume indartsua izan behar da berak egin zuen ibilbidea egiteko, eta asko duindu zuen emakumearen irudia. Ez zuen beldurrik izan giro oso maskulino batean eta oso gizon boteretsuen aurrean aritzeko eta pentsatzen zuena esateko. Egia da bere emakumetasuna nolabait ezkutatuta gelditu zela borroka politikoaren atzean, baina nortasun handiko emakumea izan zen.

XX. mendean PCEk gorabehera handiak izan zituen, estalinismotik eurokomunismora, eta banaketak ere izan zituen, baina Ibarrurik beti eutsi zion alderdiaren unean uneko ildo ofizialari.

Hala da, eta askotan kritikatu egin diote hori; adibidez, Stalinen garaian benetako garbiketak egon ziren, eta Pasionariari leporatu diote hori inoiz salatu ez izana. Are gehiago, purgarik pairatu gabe iraun zuen bakarretako bat izatea ere salatu dute inoiz. Hori kritikatu diotenek badituzte horretarako argudio sendoak, baina ahazten dute Ibarrurirentzat ez zela hain garrantzitsua ideario politiko zehatz bat izatea edo bulego batean koordenatu geopolitiko batzuen arabera diseinatutako estrategia bat izatea: berarentzat justiziaren aldeko eta pobreziaren kontrako borrokak zuen garrantzia, eta, bere ustez, justizia zen berak txikitan ezagututako hori desagerraraztea.

Hitz gutxitan, nola definituko zenuke?

Alderdi Komunistaren bidez definituko nuke, oso zaila delako Pasionaria eta ideia komunistak bereiztea. Egora miserable batetik atera eta munduko pertsonarik ezagunenetako bat izatera iritsi zen, baina inoiz ez zen garaile izan. Oso bizitza pertsonal gogorra izan zuen; eta politikoki ere, egia da gaur egungo lorpen asko orduko komunisten borrokari esker lortu zirela, baina Pasionariaren belaunaldikoek gerra galdu zuten, eta gero, 1977tik aurrera, ez zuten arrakastarik izan. Ibarruri hil zen bere sufrikario luzearen emaitza politikorik ikusi gabe.