Komunismoak euskal herrian ehun urte

Jon Hernandez. EPK-ko idazkari nagusiaren hitzetan, Espainiako Gobernuan sartzea «apustu ausarta eta arriskuz betea» izan zen, baina pentsatzen du apustu hori «ondo» ateratzen ari dela, «kontraesanak kontraesan».

«Euskal komunismoa beti egon da errealitateari oso lotua»

Jon Hernandez (Irun, Gipuzkoa, 1978) ikasle garaian sartu zen Gazte Komunistak erakundean, eta, 2013tik, EPK-ko idazkari nagusia da. Eusko Legebiltzarrean Elkarrekin Podemos koalizioko kide gisa egiten duen lanak hartzen dio denbora gehien, baina, orain, alderdiaren mendeurrenaren ospakizunak prestatzen ere badabil, buru-belarri. Pandemiak galarazten ez badu, mendeurrena ospatzeko ekitaldi nagusia udazkenean egin nahi dute, eta herririk herri ibiliko den erakusketa bat prestatzen ere ari dira.

Zer sentitzen da ehun urte betetzen dituen indar politiko bateko kide izanik?

Alde batetik, harrotasun puntu bat, mende bat geroago oraindik ere badagoelako Alderdi Komunistan antolatuta egotea baliagarria dela pentsatzen duen jendea. Alderdia sortu zen mundu hobe baten alde, berdintasunaren alde eta langileen eskubideen alde borrokatzeko, eta pozgarria da jendeak pentsatzea oraindik tresna baliagarria dela zeregin horretan.

Zertan dira berdinak duela ehun urteko alderdia eta gaur egungoa? Eta zertan desberdintzen dira?

Jon Hernandez, Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkide eta EPKko idazkari nagusia
Jon Hernandez Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkide eta EPKko idazkari nagusia. Aritz Loiola, FOKU

Berdintasun handiena sorburu hori da: jende multzo bat konturatzen da mundua ez dela justua, uste du horren alde borrokatu behar dela, eta horretarako antolatzen da. Desberdintasunak, berriz, asko dira, ehun urte asko direlako eta munduak bilakaera handia izan duelako. Euskadin, duela ehun urte, komunismoa agertzen hasia zen errealitate bat zen, nahiz eta kide batzuk Alderdi Sozialistaren tradizio politikotik etorri, eta mundu osoan ere gauza berria zen. Ehun urte geroago, ideia horiek eta borroka hori finkaturik daude.

PCE 1921ean sortu zen, baina EPK hamalau urte geroago jaio zen. Pentsatzen duzue alderdiak bere egin dituela Euskal Herriaren nortasuna eta izaera?

Nik uste dut euskal komunismoa beti egon dela errealitateari oso lotuta. Alderdia, berez, lehenago sortu zen, munduko alderdi komunista guztiak III. Internazionalaren ondorioz sortu baitziren, eta Euskadik eta bereziki Bizkaiko Ezkerraldeak berebiziko garrantzia izan zuten Espainiako Estatuko komunismoaren sorreran. Hasieratik, erakunde politiko berri horren ernamuinean bazegoen euskal nazio identitatearen lorratza. 1935ean, izaera ofiziala eman zioten horri, EPK sortuta.

Euskal Herrian, dozena bat alderdi, talde eta erakunde daude sigletan komunista hitza daramatenak edo komunismoa aldarrikatzen dutenak. Banaketa al da komunismoaren ajeetako bat?

Egia da banaketa ez dela ona, baina nik komunismoaren eta sozialismoaren ideiak bizirik dauden seinaletzat hartuko nuke hori. Militantziako hogei urte hauetan ikusi dut belaunaldi gazteek beti izan dutela interesa sozialismoaren eta komunismoaren ideien inguruan. Gero, horrek isla du hainbat eta hainbat erakundetan, haien artean desberdintasun handiagoak edo txikiagoak dituztenak, baina uste dut hori sintoma ona dela. Beste auzi bat da komunistok nola antolatu behar dugun eraginkorragoak izateko; batzuetan desberdintasun horiek gainditzeko modukoak izan daitezke, eta, beste batzuetan, ez da hain erraza.

Gaur egun, EPK Ezker Anitza-IU federazioko kidea da, eta, aldi berean, Ezker Anitza-IUk Elkarrekin Podemos koalizioa osatzen du Ahal Dugu-rekin batera. Horrenbeste siglaren artean, ez al dago zuen alderdiaren izaera diluituta gelditzeko arriskurik?

Egia da batasuna bilatzen duzunean eta zure erakundetik harago doazen antolakundeak eraikitzen dituzunean, badagoela arrisku bat, jendeak zure siglak ez ezagutzeko arriskua, adibidez; egia esateko, EPKko komunistoi ez zaigu askorik axola arrisku hori, gure ardura nagusia delako jendearengana ideiak iristea, siglak baino gehiago, eta ideia horiek lan politiko eraginkor bilaka daitezela. Gainera, hori izan da Alderdi Komunistaren jokamoldea 1932tik.

Klase borroka da oraindik historiaren motorra?

Bai.

Ez duzu zalantzarik horretan.

Munduaren egoerari erreparatzea besterik ez dago. Egia da, adibidez, lehen mundua deritzon horretako gizarteetan langileek beste ongizate maila bat lortu dutela eta beharbada errealitate hori ez dela hain ikusgarria, baina ikusi besterik ez dago munduak nola funtzionatzen duen eta produkzio bideak noren eskuetan dauden.

«Banaketa ez da ona, baina [hainbat erakunde komunista egotea] ideia horiek bizirik dauden seinaletzat hartzen dut»

Jon Hernandez. EPK-ko idazkari nagusia

Aspaldiko eztabaida da nola uztartu klase borroka nazio auziarekin, sexu-genero zapalketaren kontrako borrokarekin, ekologismoarekin eta abarrekin. Zuek zer iritzi duzue?

Guk garrantzi handia eman diegu beti afera horiei. Feminismoaren auzian, esaterako, emakume komunistek aspalditik ekin zioten berdintasunaren aldeko borrokari. Ekologismoa ere aspalditik dago gure borrokan txertaturik. Sistema kapitalista batean bizi gara, eta horrek eragina du berdintasunean, ingurumenean eta beste zenbait arlotan. Gure ustez, horiek ez dira borroka sektorialak; osagai espezifikoak dituzte, eta borroka fronte jakinak, eta ondo dago hala izatea, baina ez dira bereizitako arloak.

Aspaldi honetan, sektore batzuk komunista berba irain edo deskalifikazio moduan erabiltzen ari dira berriro. Zer datorkizu burura horrelakoak entzuten dituzunean?

Komunismoa gaitz guztien sorburutzat jotzen zuen diktadura bat pairatu dugu denbora luzean; beraz, horrelako diskurtsoek jada ez gaituzte asaldatzen. Baina aitortuko dizut, eta hau nire iritzia da, batzuetan atsegina ere egiten zaidala hori. Badirudi komunistak erregimenaren eta boteretsuen etsaiak garela oraindik; oso ondo, hori zen asmoa. Jakina, diskurtso horrek arrakasta badu eta jendeak azkenean sinesten badu gu gaitzaren pertsonifikazioa garela, hori ez da positiboa. Baina nik uste dut Alderdi Komunistarekin bat ez datorren jende askok ere badakiela nortzuk garen, eta ez du sinesten propaganda hori.

Gaur egun, ministro komunistak daude Espainiako Gobernuan. Duela urte gutxi batzuk, guztiz pentsaezina zen hori.

Egia da. Gauza berria da, Errepublikaren garaitik inoiz ez delako egon ministro komunistarik.

Eta kontraesanak ere sortuko ditu horrek.

Gai konplexua da; bere garaian, eztabaida handia piztu zuen, komenigarria ote zen gobernuan sartzea edo ez sartzea, eta, jakina, kontraesanak sortzen ditu. Politika egiten duzunean, beti izango dituzu kontraesanak.

Espainiako erregimena krisian dago, eta trantsiziotik atera zen eredua, berriz, agorturik: horrek guztiak eta Podemos-en sorrerak abagune horretara eraman gaituzte, eta gobernuan sartuko ote ginen erabaki behar izan genuen, jakinda gobernu hori koalizio gobernu bat dela, ez dela izango gobernu iraultzaile bat, eta herrialdea ez duela eramango sozialismora, baina sozialismoaren defentsarako gure estrategia garatzeko aukera eman zezakeela. Apustu ausarta eta arriskuz betea da, baina, oraingoz, kontraesanak kontraesan, uste dut ondo ateratzen ari dela.

 

Siglen amaraunean

Historikoki, ugariak izan dira Euskal Herrian jardun duten alderdi eta erakunde komunistak; gaur egun ere, aniztasun handia dago euren burua tradizio politiko horretan kokatzen duten antolakundeetan. Komunismoaren esparru politikoa ez da homogeneoa izan. Aitzitik, esan daiteke aniztasuna eta, kasu batzuetan, euren burua alor ideologiko horretan kokatzen duten erakundeen arteko xextra eta ezinikusiak direla haren ezaugarririk behinenetako bat. Duela gutxi argitaratutako El laberinto de la representacion (Ordezkaritzaren labirintoa, Tecnos, 2021) liburuan, egileek 42 alderdi, erakunde eta koalizio zerrendatu dituzte, trantsizioaren garaitik hona lehia politikoan jardun dutenak. Gehienak desagerturik daude, baina liburuan biltzen ez diren zenbait talde eta erakunde berri agertu dira azken urteotan.

PCEren blokea manifestazio batean, Iruñean
 

Alderdi horietako zenbait PCEtik aldendutako adarrak dira. 1964an, PCEml alderdi marxista-leninista sortu zen, eta Hego Euskal Herrian ere jardun zuen. 1991n desagertu zen, baina beste erakunde batzuek bete zuten hutsune hori. 2006an, militante batzuek alderdia berreraiki eta PCEml siglak berreskuratu zituzten; beste batzuek PML Alderdi Marxista Leninista sortu zuten 2015ean. Azken hori da FO Langile Frontea izenekoaren sustatzaile nagusia. Biek ala biek oso presentzia urria dute Euskal Herrian.

PCEr Espainiako Alderdi Komunista Berrosatua 1975ean sortu zuten PCEtik aldendutako zenbait kidek. Legez kanpoko alderdia izanik, zaila da haren benetako hedadura ezagutzea, baina, historikoki, presentzia izan du Gasteizen eta Bizkaiko Ezkerraldean eta Meatzaldean.

PCPE Espainiako Herrien Alderdi Komunista ere PCEren banaketa batetik sortu zen, 1984an. Euskal Herrian Euskal Komunistak-PCPE izena dute, eta, 2016an, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hauteskundeetara aurkeztu ziren.

Azkenik, PCPEk ere beste banaketa bat izan zuen 2019an: PCTE Euskadiko Langileen Alderdi Komunista. Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskundeetan, zerrenda bat aurkeztu zuten Bizkaian.

ETAtik sorturikoak

Euskal Herrian jardun duten beste zenbait antolakunde komunistak ETA izan dute sorburu. 1966an ETAtik aldendu zen taldeak Komunistak izena hartu zuen, eta, handik, EMK Euskadiko Mugimendu Komunista jaio zen 1972an. Alderdi hori beste antolakunde batekin elkartu zen 1979an, OIC Ezker Komunistaren Erakundearekin.

Hego Euskal Herrian diharduten zenbait alderdi komunista PCEtik aldendutako adarrak dira

1970eko hamarraldian LKI Liga Komunista Iraultzailea osatu zutenek ere ETA erakundean zuten jatorria, zehazki 1970ean agerturiko ETA-VI izenekoan. EMK-k eta LKIk bat egin zuten 1991n, eta, hortik, Zutik antolakundea sortu zen. Bestalde, ezker abertzaleak haren alderdi eta zerrenden ilegalizazioa saihestu zuen 2005ean, hiru urte lehenago erregistratutako EHAK Euskal Herrialdeetako Alderdi Komunista aurkeztuta.

Gaur egun ere ugariak dira komunismoaren esparruan kokatzen diren talde eta erakundeak. Azken urteotan agerturikoen artean dinamikoenak, seguru asko, GKS Gazte Koordinakunde Sozialista eta haren ekimenez zenbait herritan sortutako Kontseilu Sozialistak dira. «Antolakuntza komunista bultzatzea» jarri zuten xede Iruñeko Kontseilu Sozialistaren aurkezpenean.

Gehiago ere badaude: UCE Espainiako Bateratze Komunista gaur egun, Recortes Cero koalizioaren sustatzaile nagusia da, eta asko nabarmendu da euskal abertzaletasunaren kontrako diskurtso oldarkorragatik, Antikapitalistak, Boltxe eta Herri Gorri kolektiboak, besteak beste.