Komunismoak euskal herrian ehun urte

Ludger Mees (elkarrizketa). EHUko irakasleak dioenez, hastapenetan Alderdi Komunista «oso erradikala» zen, eta horrek asko mugatu zuen haren eragina hedatzeko aukera. 1930eko hamarkadan hasi ziren estrategia aldatzen eta bestelako aliatuak bilatzen.

«Hasieran, Alderdi Komunista bakartuta egon zen, haiek hala erabakita»

Duela gutxi, El laberinto de la representación (Ordezkaritzaren labirintoa, Tecnos, 2021) izeneko liburua plazaratu da, Hego Euskal Herrian 1875etik gaur arte izan diren alderdi eta tradizio politikoak jasotzen dituena. Ludger Mees historialari eta EHUko irakasleari (Essen, Alemania, 1957) egokitu zaio euskal komunismoaren historiari buruzko atala idaztea.

Ludger Mess historialari eta EHUko irakaslea
Ludger Mees historialari eta EHUko irakaslea. Jon Urbe, FOKU

Nola sortu ziren alderdi komunistak Europako mendebaldean?

Nik uste dut hastapenak I. Mundu Gerratik datozela. Gerra hasi zenean, Europako alderdi sozialista ia guztiak zein bere gobernuaren gerra politikaren alde paratu ziren, eta hainbeste miretsitako elkartasun internazionalista hura bertan behera gelditu zen. Lubakietan langile alemanak langile frantsesen kontra aritu ziren, eta hori ezin zen ulertu. Internazional Sozialista ere bertan behera gelditu zen; mundu mailako langile mugimendua sekulako krisian zegoen.

Baina, orduan, Urriko Iraultza gertatu zen.

Lehenbiziko aldiz, bazirudien munduan langileen aldeko gobernu bat iritsi zela agintera. Horrek euforia piztu zuen ezkerreko sektore guztietan, eta erreferente bilakatu zen. Hori sendotzeko eta mundu osora hedatzeko sortu zuen Leninek gerora Komintern edo III. Internazional gisa ezagutarazi zena.

Zein asmo zegoen horren atzean?

Ideia zen sozialismoa ezarriko zuen iraultza mundu osoan gertatuko zela, ez herrialde bakar batean, eta, beraz, alderdi guztien ahaleginak batu behar zirela. Horrek, jakina, eztabaida piztu zuen munduko alderdi sozialistetan, baita Espainiako PSOEn ere. 1917tik aurrera, eztabaidak, polemikak eta ezohiko kongresuak ugaldu ziren, eta zatiketak ere bai.

«Errusiako iraultzak sortutako euforia bizirik zegoen, eta bazirudien alderdi berriak arrakasta lortuko zuela»

Testuinguru sozioekonomikoa ere kontuan hartu behar dugu: Lehen Mundu Gerraren ostean ia Europa osoan krisi larria egon zen, eta Euskal Herrian ere bai. Langabezia tasa gora joan zen, eta horrek erradikalizatze prozesu bat bultzatu zuen. Planteamendu erradikaletarako egokia zen testuinguru bat zegoen.

Euskal komunista batzuek garrantzia izan zuten prozesu horretan, ezta?

Bai. Hasteko eta behin, Dolores Ibarruri bera, gero PCEren idazkari nagusi izango zen Jose Bullejos bizkaitarra eta beste batzuk ere hasiera-hasieratik egon ziren.

Nola hedatu zen PCE Hego Euskal Herrian?

Errusiako Iraultzak hasieran sortutako euforia hori oraindik bizirik zegoen, eta bazirudien alderdi berriak arrakasta handia lortuko zuela. Bizkaiko Meatzaldeko zenbait lekutan, Gallartan esaterako, indar handia hartu zuten; Bilboko Herriko Etxea sozialisten eskuetatik komunistenetara pasatu zen; baita Donostiakoa ere tarte batez: Gipuzkoan, Hernanin, Tolosan , Pasaian eta beste zenbati tokitan hedatu ziren. Gelditu ezineko mugimendua zela zirudien.

Baina oso azkar ikusi zen gauzak ez zirela horren errazak, eta, pixkanaka-pixkanaka, Alderdi Sozialistak lortu zuen euforia horri buelta ematea.

Zergatik?

Kasu batzuetan, lidergoa edo itzal handiko buruzagi bat egotea garrantzitsua izan zen alderdi bat edo bestea gailentzeko. Soziologiari eta egiturari erreparatuz gero, ez dut uste desberdintasun handirik dagoenik Gallartaren eta Zugaztietaren artean, eta batean PCE gailendu zen, eta bestean PSOE. Baina horrelako faktore pertsonaletatik aparte, badago historialariok batzuetan aintzat hartzen ez dugun beste bat: memoria, alegia.

«Sozialistak ‘klase etsaiak’ ziren, eta hildakoak egon ziren sozialisten eta komunisten arteko liskarretan»

Zer esan nahi duzu horrekin?

Gogoratu behar da mugimendu sozialista sortu zenetik hainbat urte igaroak zirela, eta horrek azpiegitura bat eta, nolabait esateko, mikrokosmos kultural bat eta identitate bat sortu zuela. Jende askok oso lotura handia zeukan Alderdi Sozialistarekin eta UGTrekin. Leialtasun hori puskatzea oso zaila da. Batzuetan, koiunturak pasatu egiten dira, eta jendeak nahiago izaten du sustraietara itzultzea eta horri eustea.

Badago beste faktore bat: garai hartan, komunismoa oso mugimendu erradikal eta iraultzailea izan zen. Leninek ezarritako 21 baldintza haietan proletarioen diktadura sustatzea, indarra erabiltzeari muzin ez egitea eta abar zeuden. Sozialistek, berriz, bazuten ordurako tradizio parlamentarista sendo bat; hori atzean uztea eta dena karta bakar batera jokatzea, jakinda gainera karta horrek errepresioa zekarrela ezinbestean, langile askorentzat ez zen bide egokia. Pentsa: sozialistak «klase etsaiak» omen ziren, eta hildakoak ere egon ziren sozialisten eta komunisten arteko liskarretan. Jende askorentzat hori ez zen bide zuzena, eta komunistek urte asko behar izan zituzten horretaz jabetzeko eta estrategia aldatzeko.

Ildo politiko hori oztopo izan zen alderdiaren garapenerako?

Lehenengo urte haietan Alderdi Komunista bakartuta gelditu zen, haiek hala erabaki zutelako. Oso militante kopuru mugatua izan zuten: II. Errepublika iritsi zenean 800 militante inguru zituzten lau herrialdeetan. Hori oso gutxi da. Apurka-apurka alderdiko buruzagiak, eta Moskukoak ere, horretaz jabetu ziren.

1933an, Euskadi Roja astekaria sortu zen, eta 1935ean, berriz, EPK Euskadiko Partidu Komunista. Zergatik?

Erabaki horien atzean hainbat faktore daude. 1933an, estatutuari buruzko galdeketa egin zen, eta baiezkoak sekulako arrakasta lortu zuen, alderdi komunista aurka agertu zen arren. Nazio auzia pil-pilean zegoen. Eta batzuek gogoratu zuten Leninen doktrina ofiziala auzi honetaz: autodeterminazioa bultzatu behar zen, baina ez nazio bakoitzak horretarako eskubidea duelako, baizik eta estrategia ikuspegi batetik, estatuaren burgesia ahultzeko eta zapaldutako nazioaren langileak bereganatzeko. Euskadi Roja-n hainbat eta hainbat artikulu daude horren inguruan.

«Seguru asko, Langile Batzordeak sortu zireneko garai hura izan zen EPK-k eragin handiena zan duen aroa»

Hori bat dator Moskuk egindako aldaketa estrategikoarekin: «klasea klasearen kontra» estrategia hori alde batera utzi, eta beste sektore ezkertiar batzuekin nolabaiteko elkarlana bultzatu; betiere, beraiek kontrolatu eta hegemonia lortzeko asmoz. Langile aliantzak eratu ziren sozialistekin eta beste sektore batzuekin, eta leku askotan arrakasta handia lortu zuten. Jakina, horren atzean zegoen, hain zuzen, faxismoaren gorakadari aurre egin nahia Europako leku askotan. EPK sortzeak zerikusia du irekitze horrekin, eta erabakiak hemen hartzen direla adierazteko nahi horrekin.

Nolakoa izan zen PCEren jarrera frankismoan?

Frankismoaren kontrako borrokaren lehenengo urteetan, seguru asko, Alderdi Komunista aktiboena izan zen. Jesus Monzon nafarrak zuzendutako gerrillarien mugimendu hark porrot egin zuen, eta, 1950eko hamarkadaren erdialdera arte, azpiegitura handirik gabe ibili ziren, baina gero berriro hasi ziren oso indartsu Bizkaian. Seguru asko, Langile Batzordeak sortu zireneko garai hura izan zen Alderdi Komunistak eragin handiena izan duen aroa.

Baina trantsizioa iritsi zenean, hauteskundeetako emaitzak ez ziren indar horren araberakoak izan.

Seguru asko, lehen aipatu dudan memoriaren faktore horrek garrantzi handia izan zuen. EAJk eta ELAk tradizio handia zuten, leialtasuna landua zuten, eta hori ez da egun batetik bestera ahazten: jendeak jarraitu nahi du bizitza osoan landu duen leialtasun eta identitate horrekin. Komunistek ere bazuten tradizio hori sektore txiki batean, baina ez zuten lortu hortik ateratzea eta jende gehiagorengana heltzea.

Errealitatera hobeto egokitzeko ahaleginak

1933an, 'Euskadi Roja' agerkaria sortu zuten euskal komunistek, eta, bi urte geroago, EPK Euskadiko Partidu Komunista; biak ala biak Euskal Herriko nazio errealitatea aintzat hartzeko ahaleginak izan ziren. Hego Euskal Herriko errealitate politikora hobeto egokitzeko asmoz, PCEk bi mugimendu egin zituen 1930eko hamarraldian: 1933an, Euskadi Roja astekaria argitaratzen hasi ziren, eta bi urte geroago, 1935ean, PCEren Federacion Vasco-Navarra izenekoa alderdi bilakatu eta EPK Euskadiko Partidu Komunista sortu zen.

Juan Astigarrabia, EPK-ko lehen idazkari nagusia, 1937an alderditik bota zuten arte
 

Euskadi Roja astekariaren lehenengo zenbakia 1933ko martxoaren 25ean plazaratu zen. Agerkaria batez ere gaztelaniaz argitaratzen zen, baina tarteka euskarazko artikuluak ere bazekartzan: lehenengoa, Eusko abertzale langilleak, esnatu! izenburupean agerturikoa izan zen, maiatzaren 20koa.

Langile abertzaleen aipamena ez da debaldekoa: lehenengo zenbakitik, nazio auziari heltzeko asmoa nabaria da astekarian agerturiko artikuluetan: «Alderdi iraultzaile bat ezin da inperialista izan; erakunde proletario batek ezin du herriek euren buruaren jabe izateko duten eskubidea ukatu. Langile inperialista traidore bat baino ez da. Langile iraultzaileok, berriz, Euskadiren askapen sozial eta nazionalaren alde borrokatzera beharturik gaude». 1933ko apirilaren 22ko zenbakian agertutako pasartea da hori.

Nazio auzia langileen aldarrikapenekin uztartzeko asmo horretan, gaurko ikuspegitik harrigarri samarrak izan daitezkeen artikulu batzuk argitaratu zituen Euskadi Rojak. 1936ko azaroan, esaterako, Sabino Aranaren heriotzaren urteurrena azalera eraman zuen aldizkariak, eta artikulu hartan irakur daiteke EAJren sortzailea «Euzkadiren independentziaren aldarria egin zuen lehena» izan zela eta «bizitza aberriaren askapena antolatzeari» eskaini ziola.

«Lehenengo zenbakitik, nazio auziari heltzeko asmoa nabaria da ‘Euskadi Roja’ astekarian agerturiko artikuluetan»

Bestalde, euskal komunistek —edo orobazkunzaleek, aranismoz beteriko euskara hartan zioten moduan— 1935eko otsailean erabaki zuten EPK sortzea, eta alderdiak bere lehen biltzarra egin zuen urte hartako ekainean. Alderdi sortu berria PCEren sail bat izan zen aurrerantzean ere; ez zen alderdi independentea, Kataluniako PSUC izan zen moduan, baina haren planteamendu eta jarreretan nabaritzen da abertzaletasunera hurbiltzeko ahalegin bat. Adibidez, estatutuaren aurreko jarreran: 1933an, galdeketa egin zenean, PCE kontra agertu zen, hura «burgesiaren tresna» zelakoan; EPK-k, berriz, «herriaren garaipentzat» jotzen zuen.

Bilakaera hori ez zen denen gogokoa izan. 1937ko ekainean, Bilbo armada faxistaren eskuetan erortzen ari zen bitartean, PCEren Batzorde Zentralak Valentziara (Herrialde Katalanak) joateko agindu zien EPK-ko buruzagi Juan Astigarrabiari eta Jesus Larrañagari, eta han barne epaiketa egin zien. Beste zenbait akusazioren artean, «Euskadin iraun duen mugimendu zatikatzailea» sustatzea eta «Eusko Jaurlaritzan [Jose Antonio] Agirrek eraman duen politika atzerakoi eta amore emailean» parte hartzea leporatzen zieten. Auzibide horren ondorioz, EPK-ko idazkari nagusi Juan Astigarrabia alderditik kanporatu zuten.

Bihar: Dolores Ibarruri Pasionariak utzitako ondarea.