Teknologia berriak eta lanbideak

Garraiolariak. Hainbat dira garraiolariengan eragina izan duten teknologiak, eta, zeruan ala errepidean izan, garraiolariek adierazi dute abantailak dakartzatela aurrerapen horiek. GPSa nabarmendu dute, baina baita «autonomoago» bilakatu dituzten beste gailu batzuk ere.
 

Garraiolarien norabideetan, teknologiak abantaila

 

Teknologia berriek eragin zuzena dute bizitzako arlo gehienetan, guztietan ez bada, eta, ondorioz, baita lanbideetan ere. Batzuetan, zaila da pentsatzea nola jarduten zuten garai batean horrelako aurrerapenik gabe. Baliteke azken hogei urteetan jaiotako askorentzat ere ezezagun izatea bazirela beste era batzuk gauzak egiteko. Esate baterako, zenbait garraiolari mapa fisikoak erabiliz aritzen ziren batetik bestera, hala nola kamioi gidariak. Taxi gidariengan ere izan dute eragina aurrerapenek, eta agertu dira komunikatzeko bestelako gailu batzuk. Eta, noski: hegazkin gidariek ere nabaritu dute aldaketa.

Kamioi gidaria da Jose Maria Lasa. 16 urterekin hasi zen lan horretan, eta jada 43 urte igaro dira. Izan ere, 59 beteko ditu irailean. «Nire aita ere kamioi gidaria zen, autonomoa; ikasketetan ez nintzen oso ondo aritzen, eta harekin batera hasi nintzen lanean». Hala ere, trailerrak gidatzeko baimena 21 urterekin eskuratu zuen, soldaduska amaitu eta gutxira. Orduan hasi zen bakarrik lanean. «Leku ugaritan ibili naiz lanean; Erresuma Batuan, Alemanian, Frantzian eta Herbehereetan, esate baterako, nazioartean, eta baita Espainian ere». Hala ere, adierazi du azkenaldian Euskal Herritik kanpo joanez gero soilik Espainian aritzen dela lanean, eta ez duela ia nazioarteko bidaiarik egiten.

Haren arabera, zenbait aurrerapen teknologiko atzeman dituzte urte hauetan guztietan. Horren adibide da GPSa. «Lehen herrialde guztietako mapa fisikoak erabiltzen genituen, eta helmugako herrira edo hirira iristean lantegira iritsi beharra zegoen». Erantsi du bilaketa horretan «denbora asko» galtzen zela, eta zailtasunak nabarmenagoak zirela, hala nola beste hizkuntza batean komunikatu beharra zegoelako. «Nik ez dakit ez ingelesez, ez frantsesez, ez ezer; ahal bezala moldatu naiz, gainontzekoen eran». Hala ere, nabarmendu du aurrerapen teknologikoekin «abantailatsuagoa» dela ia dena, eta horren adibideetako bat GPS truck dela. «Zenbait errepidetan debekatuta daude ibilgailu astunak; GPS horrek markatzen digu zeintzuk diren guretzako ibilbideak».

Eneko Villaluce bere taxian.Jose Mari Lasa kamioi gidaria. BERRIA

 

Taxietan ere eragina

Hamar urte daramatza taxi gidaria izaten Eneko Villalucek, eta haien sektorean ere teknologiak eragina izan duela nabarmendu du. «Lehen ahotsez funtzionatzen genuen: telefonistek hartzen zituzten bezeroen deiak, eta denok entzuten genuen non zegoen eskaria egina zuena, gertuen zegoen taxi gidaria bertaratzeko». Baina ezberdina da egun egoera, bilatzaileari esker bulegoan dagoenak badakielako non dagoen langile bakoitza eta zein den haren norabidea. «Telefonistak, orain, tekleatu egiten du, eta guri zuzenean iristen zaigu mezu bat telefonora esanez non jaso behar dugun bezeroa; teknologiekin lana pila bat aurreztu da».

"Teknologiekin pila bat aurreztu da lana; orain, telefonistek badakite zein den kokapena eta nor jaso dezakegun"

Eneko Villaluce. Taxi gidaria

 

Are, taxi gidariak badu teknologiak garatu aurreko anekdotaren bat ere. «Bazegoen 'jainkoa' deitzen zioten bat; bi zerbitzu egon zitezkeen, eta berak esaten zuen bietara joan zitekeela; leku guztietan zegoen aldi berean, nahiz eta hiriaren punta bat eta beste izan». Hala ere, nabarmendu du gaur egun kontrola ere «handiagoa» dela, bulegotik zein taxietatik langileetako bakoitza non dagoen ikusten dutelako. «Lankideak non dauden ikusi dezaket, libre daudenak, bederen, baina horrek abantaila bat ere badu: lankide asko dauden toki batera beharrean, inor ez dagoen geltoki batera gerturatu zaitezke». Lehen halakorik ezin zitekeela egin nabarmendu du, «itsuan» aritzen zirela, eta egon zitezkeela bost taxi gidari leku berean.

Gertaerei dagokienez, Lasak ere badu anekdota bat, egungo teknologiekin gertatzen zailagoa izango litzatekeela uste duena. «Batzuetan entzuten da kamioi bat mendi bide batean agertu dela; niri ez zait horrelakorik gertatu, baina bai autoentzako GPSekin aritzen ginenean bide estu batetik bidali izana; sekulako sustoa hartu nuen, eta bizilagunek autoak kendu behar izan zituzten alboetatik, trailerrarekin ezin bainuen atzera egin». Kamioi gidariak, ordea, behin baino gehiagotan azpimarratu du pertsonak direla ibilgailua gidatzen ari direnak, eta ez makinak. «Teknologiak ondo daude, baina gidaria da bolantearen atzean dagoena, guri ere meritu handirik ez kentzeko».

Eneko Villaluce bere taxian. Eneko Villaluce taxi gidaria. GORKA RUBIO, FOKU

 

Aireko ibilgailuak

Errepideko ibilgailuetan ez ezik, airean aritzen direnetan ere izan dute eragina teknologia aurrerapenek; hegazkinetan, adibidez. 2009an amaitu zituen unibertsitateko ikasketak Xabier Dorronsoro hegazkin gidariak. Irakasle kurtsoa egin zuen ondoren, eta hiru urtez aritu zen lanean pilotuentzako Hondarribiko eskolan (Gipuzkoa). Azkenik, konpainia baten hasi zen lanean, eta hor dabil orduz geroztik. «Bartzelonan dut [hegazkin] basea egun, eta hortik mugitzen gara; Espainian bidaia asko egiten ditugu, eta Europan eta Afrika iparraldean ere aritzen gara: urrutira eginda, Errusiara eta Islandiara ere iritsi gara». Hain zuzen, bidaia «motz-ertainak» egin ohi ditu, eta horietan guztietan atzemandako aldaketak ugariak dira.

Jatorrira egin du jauzi Dorronsorok aurrerapenez jabetzeko. Haren arabera, ehun urte baino gehiago igaro dira lehen hegalditik, eta orain 50 urteko adibide bat jarri du egoeraz ohartarazteko: «Lehen bi pilotu, mekaniko bat eta nabigatzaile bat joaten ziren, eta, sarritan, baita komunikazioaz arduratzen zen bat ere; gaur egun, igaro gara bi pertsona egotera eta dena batera gestionatzera». Haren ustez, hegazkinak «gero eta modernoagoak» dira, eta «erraztasun» handiagoak ematen dizkiete pilotuei. Hark ere GPSa izan du gogoan. «Hasieran, iparrorratz batekin aritzen ziren, aurretik kalkulu batzuk eginda, baina pixkanaka hasi ziren teknologiak agertzen, lurrean zegoenarekin komunikatzen, esate baterako». Halere, erantsi du egungo GPSek ematen dutela aukera «norbere kabuz» aritzeko, lurrean sistemarik eduki gabe eta sistema berriek markatzen dituzten puntuetatik zehaztasun «handiarekin» aurrera eginez.

"Teknologia asko ari da aurreratzen, eta oso azkar; ez dut uste atzerapen bat denik gure lanarentzat"

Jose Maria Lasa. Kamioi gidaria

 

Komunikazioarentzat abantaila izan diren beste aurrerapen batzuk ere egon dira urte hauetan guztietan, Dorronsororen ustez. «Aire kontrolatzaileen mezuak, esate baterako, orain idatziz iristen zaizkigu; horrekin lortzen dugu, besteak beste, oso garbiak izatea komunikazioak, ahoz beharrean idatzita dagoelako eta irakurri daitekeelako; era horretan, gutxiago dira hutsegiteak ere». Horrez gainera, aipatu du egungo hegazkinetako sistema guztiak monitorizatuta daudela, eta matxuraren bat egonez gero abisua iristen dela. Esate baterako, aipatu du egon daitekeela akats bat sistema hidraulikoan, baina makinek abisatzen dutela non dagoen arazoa eta baita zeintzuk diren eman beharreko pausoak ere.

Eneko Villaluce bere taxian.Xabier Dorronsoro hegazkin gidaria. BERRIA

 

Abantailak, gehiago

Hiru garraiolariek bat egiten dute: teknologiek desabantailak baino abantaila gehiago dituzte. «Teknologiek erraztasunak ematen dituzte, baita segurtasun handiagoa ere; estatistikek hori diote, eta arrazoia dute», adierazi du hegazkin gidariak, eta baita erantsi ere garai batean horrelako aurrerapenik gabe istripu gehiago gertatzen zirela. «Hegazkinetan, adibidez, pilotuek berandu jakiten zuten arazo bat zegoela, sistemak ez zuelako ondo abisatzen eta prozesuak ere ez zirelako zuzenak; egun, dena dago kontrolatuta, eta sistema guztiak hirukoiztuta». Hau da, sistema batek huts egiten badu, beste bi gelditzen dira, eta bigarrenak ere akatsen bat baldin badu, hirugarren bat dago. Hala ere, aitortu du «oso zaila» dela hirurek huts egitea.

"Erraztasunak ematen dituzte teknologiek, eta segurtasun handiagoa; estatistikek hori diote, eta egia da"

Xabier Dorronsoro. Hegazkin gidaria

 

Beste bi garraiolarientzat ere abantailak dakartzate aurrerapenek, eta Lasak uste du horri esker lortzen dela jardunean «autonomoagoa» izatea: «Teknologia asko ari da aurreratzen, baita oso azkar ere; ez dut uste atzerapen bat izango denik gure lanarentzako».

Villalucek ere ildo beretik eutsi dio gaiari, eta taxi gidarien adibide bat aipatu du horretarako. Azaldu duenez, haien kasuan, lehen, «agian», «gardenagoa» izan zitekeen beren lana, besteak beste, hiriko zerbitzu guztiez ohartzen zirelako, dena entzuten zutelako. Baina orain bakoitzari esleitutako zerbitzuen berri izaten dute soilik. Halere, esan du ez duela desabantailarik ikusten.