Teknologia berriak eta lanbideak

Kazetaritza. Analogikoa zena digital, eta geldoa zena bizkor. Teknologiak abantailak ekarri dituela diote kazetari adituek, baina galdu direla gauzak bidean: aurrez aurreko harremanak, esaterako.

Irabazi bai, galdu ere bai

Iñaki Elorzaren lehen sakelakoak hiru kilo pisatzen zituen, Elixabete Garmendiak metalezko tipoekin egiten zituen zuzenketak, eta Jose Mari Pastorren ikasleek ez dakite zer den tipometro bat. Digitalak analogikoa ordezkatu zuen garaiko kazetariak dira, arinak pisua ordezkatu zuenekoak, presak lasaia eta berehalakoak berandua zanpatu zituztenekoak, eta kazetaritza aurrez aurre egiten zenekoak. Ez dira nostalgiaz mintzo, espiritu kritikoz baizik. Eta ez da hori teknologia berriek utzitako ondare bat izango. Hirurak datoz bat: sekulakoa da kazetariak teknologiari esker irabazi duena. Hirurak datoz bat: sekulakoa da kazetariak teknologiaren ondorioz galdu duena.

kazetaritza
 

Iñaki Elorza Txapas (Azpeitia, Gipuzkoa, 1952) erretiroa hartuta dago ofizialki. Besterik da haren datu basea ere hala ote dagoen. Irratian urtetan pilatutako eskarmentutik ari da, eta pasadizoz janzten daki kontakizuna. Nola egin zuen Euskadi Irratiak analogikotik digitalerako jauzia, Donostiako kaletik Miramonerakoa. Biniloak eta CDak akorduan. Eta irratsaio hura: Konpaktuaren ordua. Eta sakelakoen garaiotan, nola ez zegoen haren garaietan telefono finkorik ere etxe guztietan: «Komeriak izaten genituen elkarrizketa lotzeko. Norbaitek esaten zizun elkarrizketatuari buruz: 'Kafea hartzen du halako tokitan eta halako ordutan'. Eta deitzen zenuen tabernara esanez deituko zenuela 13:30ean, eta erantzuten zizuten: 'Ados, bai, hemen egoten da Fernando Tapia ordu horretan'».

Kirol emankizunari, zuzenekoari eta kaleari lotuta beti Txapas. Gaurtik begiratuta, irudikaezinak dirudite pasarte batzuek. «Txirrindularitza probetan ere ez zegoen sakelakorik orduan. Kabinetatik bidaltzen genituen kronikak, edo lasterketa pasatu aurretik galdetzen genuen. Akordatzen naiz behin Donezteben. Kalean ni, eta bigarren solairuan emakumezko bat. 'Badaukazue telefonorik etxean?', nik. 'Badaukagu, igo nahi baduzu!', berak. Haien logelatik bidali nuen kronika».

Txapas
 

Lehen sakelakoa: hiru kilo

Txapasek gogoan du Aralarko Hamalau Orduko Martxa. Lau urtez behin egiten zela, eta izango zela 1984a edo 1988a. «Gipuzkoan sakelako bi telefono bakarrik zeuden orduan: Gobernadore Zibilarena bata, eta Euskadi Irratiarena bestea. Garai hartan, 500.000 pezeta balio zuen. Bi edo hiru kilo pisatzen zuen. Martxa hartan estreinatu nuen neronek. Jendeak harrituta begiratzen zidan: 'Baina nolatan ari zara hitz egiten mendi puntatik?'».

Pisuak arindu egin dira geroztik; grabazioak ere beste modu batera egiten dira orain —«Whatsapp bidez eskatzen dira askotan»—, ez dago lehen bezala deika aritu beharrik eta kontrola libre eduki beharrik grabazioa egiteko: «Hor, dena irabazi dugu». Baina badago bidean galdutakorik ere: «Lehen, futbol partida bat zegoenean, pilota partida bat... kazetaria bertara joaten zen. Orain nik ulertzen dut komunikabideak daudela dauden egoeran, eta Gasteizen jokatzen den partidara ez dutela kazetaririk bidaltzen, telebistaz ikusten dutela eta horrela aurrezten dituztela gastuak eta denbora. Baina behin telebistaz egitera ohitzen zarenean, jada, ez zoaz». Zer galtzen da? «Kirolariarekiko harremana, futbolaren kasuan zuzendaritzekiko harremana, eta pilotari dagokionez... nik beti esaten dut frontoia ez dela bakarrik partida. Nik albisteak askotan artekarien bidez jakiten nituen, haiek denaren berri izaten baitute, edo familiaren bidez. Denen laguna egiten saiatzen bazara, albisteak lortzen dituzu. Galdu da gertutasun hori, galdu da berotasun hori. Lehen denekin egoten zinen, eta orain, inorekin ez».

«Sinesgarritasuna kalean irabazten da. Jendea ohartzen da ikusten ari zarena kontatzen duzula, ez beste batek kontatua»

Iñaki Elorza, ‘Txapas’. Kazetaria. Euskadi Irratian aritutakoa, besteak beste

Aldagai garrantzitsu bat dakar, hurrena: sinesgarritasuna. Garbi dauka nola lortu zuen berak berea: «Ni kalekoa naiz. Kaleari esker lortu dut lortu dudan guztia. Batez ere, sinesgarritasuna. Jendea ohartzen delako ikusi duzuna ari zarela kontatzen, eta ez beste batek kontatu dizuna».

Horregatik nabarmendu du Txapasek sare sozialen «iruzurra». Nola bihurtu den «jende guztia» kazetari. «Berdin dio egia esan, gezurra esan, nahi duzuna esan... eta jendearen erreakzioa da: 'Bai, baina hor azaldu bada, zerbaitengatik izango da'. Bai, baina nork esan du? Egiaztatu al du norbaitek? Iturri bakarrarekin egin behar da lan? Asko kezkatzen nau gure gremioan horrekin gertatzen ari denak».

Eta ez da bakarra. Kezka berbera plazaratu baitu Elixabete Garmendiak ere (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1953). Zeruko Argia-n hasi eta jarraitu, ETBn segi eta bukatu. Idazle eta BERRIAko kolaboratzaile. Akorduan du oraindik nola hasi zen Zeruko Argia-k Iruñean zuen inprenta hartan, probak zuzentzen. «Karrerako azken kurtsoa nuen: 1975. Tipografia ezagutu nuen han. Metalezko tipoak kaxetan sartuta egoten ziren. Letren eta zeinuen eskaparate moduko bat zen. Haien bidez osatzen ziren testuak, eta zuzenketak ere tipoz tipo egin behar ziren. Ondare bat utzi dit hark, kazetaritzarekiko eta inprentarekiko halako lotura bat. Letrekin neukan harreman fisiko, harreman organiko bat».

Kontatu du Zeruko Argia-ren erredakzioan ez zegoela teletiporik, idazmakinak bakarrik. Astekaria izanda, irratiak eta egunkariak zirela oinarria, eta oinarri horren «beste tratamendu bat» egiten zutela haiek. «Baina, informazioa jaso, zuzenean jasotzen genuen. Gure lehengaia zuzenean jasotzen genuen. Zuzeneko iturriak ziren. Elkarteak, gizarte mugimenduak... postaz, telefonoz... Eta kalean ibiltzen ginen; asko. Jendea ezagutu eta tratatu. Hori zen gure balioa».

Elixabete Garmendia 'Carlos Garaikoetxea. Lider bat lehendakari' liburuaren aurkezpenean, Kondestable jauregian.
Elixabete Garmendia 'Carlos Garaikoetxea. Lider bat lehendakari' liburuaren aurkezpenean, Kondestable jauregian. Iñigo Uriz, FOKU

ETBn bizi izan zuen analogikotik digitalerako pausoa. «Sekulako aurrerapena» izan zela dio, «batez ere, kamerarientzat eta euren bizkar eta aldakentzat». Gogoan ditu editatzeko geletan sortzen ziren «borrokak», eta norberak bere ordenagailutik editatu ahal izateak ekarritako aurrerapena: «Zuk lortzea irudiak, ahotsa bertan sartzea... Aurrerapen handia izan zen hori lan egiteko moduari dagokionez».

Goratu egin du Garmendiak «aro digitala». Dio informazio iturriak «ugaritu» dituela, «azkartu» dituela, eta asko irabazi dela «irismenean». Baina izan direla «galerak» ere: «Irisgarritasun horrek talka egiten du aurrez aurrekoaren kontra. Esate baterako, ganorazko elkarrizketa pertsonal bat egiteko, kazetariak elkarrizketatuarekin egon behar du aurrez aurre, elkarri usaina hartzeko moduan. Nik horretan sinesten dut. Beharrezkoa da kazetaritzan». Baina ez elkarrizketetan, bakarrik: «Berdin kaleko istiluetan, edo festetan... han egon behar du kazetariak. Telebistara iristen zaizkizu ekipoak hartutako irudiak eta muntatzen dituzu han egon gabe? Faborez. Kazetariak han egon behar du. Ez dakit gure belaunaldiaren azken testamentua izango den hau, baina kazetariek oso kontuan hartu beharko lukete hori»

Garmendiari «oso inportantea» iruditzen zaio, horregatik, «espazio publikoaren galeraz» jabetzea. Nabarmendu du «degradazio ikaragarria» ari dela gertatzen: «Irisgarritasuna eta erraztasuna bai teknologia berriei esker, baina beste faktura bat ari da hori pasatzen». Horregatik dio kazetaritzaren «oinarrietara» bueltatu behar dela. «Prentsa oharren kazetaritza egiten ari gara. Ohartu gabe erosotze hori ofizioa edukiz hustea dela».

Iturrien eta sare sozialen «anabasa» horretan, inoiz baino beharrezkoagoa iruditzen zaio Garmendiari «kazetaritza irizpideak» ezartzea. «Zu kazetari? Bai. Eta zu mediku? Merkromina ematen dakizulako?». Etor daitezkeen aldaketa teknologikoak gutxietsi gabe —«auskalo zeintzuk izango diren»—, kazetaritzaren «funtsa» ez ahazteko eskatu du: «Kazetaritzak gizartea ehuntzen lagundu behar du, eta hura sendotu, ehuntze horren bidez. Aldaketa teknologiko horien aurrean, kazetaritzaren papera eta tokia aldarrikatu behar ditugu, eta ez diot korporatibismoz».

«Azkartasunean irabazi da, baina ez dago gauzak patxadaz pentsatzeko eta egiteko astirik. Gure garaien seinalea da»

Jose Mari Pastor. Kazetaria eta EHUko irakaslea. ETBn, Egunkaria-n eta Berrian aritutakoa

Eskarmentu handiko kazetari batek egindako ohartarazpena da, eta eskarmentu handiko beste batek hartu dio hitza. Jose Mari Pastor (Barakaldo, Bizkaia, 1961) EHUko irakaslea da egun, eta kazetari gisa ibilbide luzea egindakoa, hasi Anaitasuna astekarian (1982), eta, ondoren, Egin-en, ETBn, Euskaldunon Egun- karia-n eta BERRIAn. «Garai desberdinak ziren. Prentsak ere beste funtzio bat zuen, edo gehiago nabaritzen zitzaion puntu errebelde hori. Esango nuke orain lotuago daudela hedabideak eta kazetariak. Agian gu erromantikoegiak ginen, inozoegiak».

Gauzak «aldatu» direla dio Pastorrek, «baliabide gehiago» daudela orain, kazetariak «prestatuago» daudela teknologia aldetik, eta «azkartasunean» eta «berehalakotasunean» irabazi dela. Baina ikusten ditu gabeziak: «Ez dago gauzak patxadaz pentsatzeko eta egiteko astirik. Gure garaien seinalea da». Eta horren ondorio zuzena: «Formakuntza teorikoa falta da». Irakaslearen azalpena: «2002an jaiotako ikasle bati 80ko edo 90eko urteen hamarkadetako gertakari garrantzitsuak azaltzen badizkiozu, zerbait testuinguruan jartzeko, eta 'horrek niri zer ardura dit' esaten badu, seinale txarra. Eta orduan esan behar diozu mundua ez zela bera jaio zen egunean sortu, lehenago baizik, eta bera doanean, orduan ere hor segituko duela».

Pastor
 

Eta teknologia berriek eragindako presek eta berehalakotasunak badute beste «hutsune» bat, Pastorrek dioenez: «Kazetari izan nahi dutenek ez dituzte hedabideak irakurri, ikusi, entzuten. Kazetaritza gradu batean galdetu, eta ikasleen laurdenek baino gehiagok esaten badizute, lasai asko, normalean ez dutela egunkaririk irakurtzen, ez paperean ez online, telebista edo irratiko albistegirik ere ez dutela ikusten edo aditzen...».

Multimediaren ajeak

Multimedia kazetaritzari buruz dio asko «goratu» dela, eta «ukaezina» dela egin duen ekarpena». Baina: «Dena ez da urrea. Euskal kazetari ezagun batek, munduan barrena ibiliz urteetako esperientzia duenak, multimierda kazetaritza deitzen dio. Izan ere, multimedia munduari ere neurria hartzen ikasi behar dugu, baina nola? Zu ere kazetari. Horixe. Nik bideo bat grabatu eta hedatu, eta kazetaria naiz, automatikoki, besterik gabe. Oso ondo. Eta buruko mina kentzeko amonaren trikimailuak ikasi ditudanez, medikua naiz. Ederto».

«Aldaketa teknologikoen aurrean, kazetariaren eta kazetaritzaren papera eta tokia aldarrikatu behar ditugu»

Elixabete Garmendia. Kazetaria. Zeruko Argia-n eta Euskal Telebistan aritutakoa, besteak beste

Aurrera begira, orduan, zer? Belaunaldi berrienek, gazteenek, beste joera batzuk dituztela dio Pastorrek,eta sare sozialen bidez informatzen direla. «Nola erakarri? Albiste eta analisiak kapsula tamainan ekoizten hasi beharko dugu, txio baten bidez dena azaltzeko? Ikasleen artean ikusten dut: askok Facebook, Twitter edo besteren bidez baizik ez dute jasotzen informazioa. Prentsan beti egon dira iruzur kasuak, baina orain ziria errazago sartzen digutela esango nuke. Nola egiaztatu informazio oldea? Bai, badira baliabideak eta, baina uste duzu zorabio honetan hausnarketarako denborarik edo gogorik dugula beti? Irrikan gabiltza-eta lehenbailehen txiokatzeko!».

Hori ikusita: «Espiritu kritikoa piztu eta hedatu egin behar da. Eskoletatik, txikitatik jorratu eta bultzatu, baina benetan nahi dugu edo nahi dute?».

Bihar: Posta zerbitzuak eta banatzaileak.