2022ko frantziako presidentetzarako bozak

Emmanuel Macron. Frantziako alderdiak hasiak dira lehen erabakiak hartzen datorren urteko hauteskundeetara begira. BERRIAk indar politiko eta presidentegai nagusien egoeren errepasoa egingo du, egungo estatuburuarekin hasita.

Macronen magnetismoa

Emmanuel Macronek bere iparrorratzari begiratu dio, eta ardatzak eskuinerantz jarri dira berriz ere.

Bere burua «ez ezkerrekotzat, ez eskuinekotzat» dauka Frantziako presidenteak, eta harentzat, finkaturiko ordena politikoa hautsi zuen bankari ohiarentzat, bitxia iduri lezake 2017tik hona egiten ari den bideak; ezezaguna, agian. Eta, halere, datozen hilabeteetan haren inguruan gerta daitekeenak badu zerbait ezagunetik, Macron beti ari baita kanpaina egiten, etenik gabe.

Frantziako estatuburuak ez du batere argitu zein den haren hilabeteotarako plana, ezta baieztatu ere datorren urteko apirilean egitekoak diren presidentetzarako bozetara aurkeztuko den; agian François Mitterrandek 1988an eginikoa errepikatu nahi du: hauteskundeetarako hilabete falta zela eman zuen hautagaitzaren berri. Finean, edozer espero daiteke ikurretan eta marketan adituarengandik, are gehiago pandemiaren garaian.

Macron
 

Baina ez dago zalantzarik Frantziako presidentea hitzordurik garrantzitsuenaren atarian dagoela berriz ere: haren egiazko indarra, egiazko itxura, egiazko babesa islatzen duten bozen atarian. Eta hor dena eman nahiko du behinola herrialdearen eta Europako Batasunaren itxaropena irudikatu zuen agintari gazteak, urteotan harroputz eta autoritario ospea bereganatu duen presidenteak, inork ez baitu espero berriz ez aurkeztea erabakiko duenik.

Bidea, ordea, ez du erraza izango, Frantziako presidentea testuinguru zail batean baitago. Oraingoz amaierarik ez duen pandemia bat eta krisi sozioekonomiko bat kudeatzen ari da, eta iazko eta aurtengo bozetan porrot mingarriak jasotzetik dator, haren alderdi LREM Errepublika Martxan-ek ez baitu ez hiri handirik, ez departamendurik ezta eskualderik ere bereganatu.

Horrek, beste behin ere, agerian utzi du Macronek eta LREMk ez dutela sustrai lokalik; hain justu, Jaka Horien sorrera eta protestarako arrazoiak aurreikusteko balio zitzaketen sustrai baliagarri horiek.

Macronek ezkerrera eta eskuinera gobernatu nahi zuen, baina azkar hartu zuen alde bakarrera begiratzeko ohitura

Aldi berean, politikarekiko mesfidantza handitzen ari da, abstentzioa gora doa hauteskunde bakoitzean eta haserrea nabaria da milaka herritarren artean, horren arrazoia bat edo beste dela ere. Batzuentzat, dirudunen presidentea da; besteentzat, ez du segurtasunaren auzia konpondu, batez ere immigrazioaren eta krimenaren aferak.

Herritarrekiko deskonexioa ere egotzi diote Macroni, eta urteotako jarrerak badu zer edo zer horretatik. 2017ko bozen kanpainan, agintariak «presidente jupitertar» baten beharra aldarrikatu zuen Frantziarentzat, bere burua jainkoarekin konparatuz, eta hala aritu da herrialdeko estatuburu karguan, bere autoritatea inposatzen, eta gutxitan, beharrezkoa denean soilik hitz egiten. Finean, buruzagitza gogorra, zentralizatua eta pertsonala du oinarri, eta hori ez da denen gustukoa izaten ari.

Erreformak balioen gainetik

Europarra, globalizazioaren aldekoa, horizontala funtzionatzeko eran, eta sistema tradizionalari buelta ematearen aldekoa, alderdien sistematik at: hala aurkeztu zuen bere burua Macronek duela lau urte, baina garaipen horretaz geroztik agerian utzi du bere lehentasuna, balioak baino gehiago, erreformak egitea dela. Ahalik eta azkarren, ahalik eta sakonenak eta eragin handikoak izateko.

Horrek, noski, askoren haserrea eragin du, eta, urteotako norabideak eta bozetako porrotak ikusita, iduri du Frantziako presidenteak bide txarretik ekin diola karguari eusteko asmoari. Ez erabat.

Batetik, Macronek herritarren artean duen babesa Nicolas Sarkozyk eta François Hollandek beren agintaldien garai berean zutena baino hobea da (%41ekoa); bestetik, txertatzera behartzeko harturiko azken erabakiak ere begi onez ikusi dituzte herritar gehienek (%64), nahiz eta, noski, kontrako iritziak sorrarazi eta manifestazioak eragin dituen. Eta, oro har, pixkanaka bada ere, pandemia bide onetik kudeatzen ari denaren sentsazioa gailentzen ari da. 2022ko bozen kanpainarako argudio zenbait bildu ditu Frantziako presidenteak, hortaz.

manifestazioa
 

Macronek, ordea, ez du oinarrizko arazoetako bat konpondu urteotan: babes elektorala. 2017ko lehen itzulian botoen %24 eskuratu zituen, eta, bai, emaitza ona da, baina ez hainbestekoa, adibidez aurreko biekin alderatuz gero: 2007an, Sarkozyk %31 lortu zituen, eta, 2012an, Hollandek, %28,6. Inkestek, gainera, duela lau urteko babes bera aurreikusten diote 2022ko lehiarako: ona al da kopurua ez igotzea —edo jaistea— lau urteotan?

Horrekin lotuta, herritarrak konbentzitzeko arrazoiak izango ditu berriz ere kezkarako iturri. 2017ko bigarren itzulian Marine Le Pen eskuin muturrekoari alde handiaz gailendu zitzaion arren —babesen %66,1 lortuta—, boto emaile gehienek Le Penen garaipena eragozteko egin zuten haren alde. Gauza bera gertatu zen lehen itzulian: askok beldurra zioten Le Penen eta François Fillon eskuindarraren arteko lehiari. Eta, handik hona, Europako Parlamenturako bozetan izan ezik, gainontzekoetan LREMk izan dituen porrotek kezka eragin dute arrazoi horietara begira.

2017ko garaipena estrategia bati helduta bereganatu zuen: PS Alderdi Sozialista suntsitu zuen, oinarri elektoralaren parte handi bat kenduta —PSk botoen %6 eskuratu zituen—. Datorren urteko lehia, ordea, bestelakoa izango da, paisaia politikoaren eskuinean jokatuko baita; Macron horretaz jakitun dago, pare bat urte baitira Frantziako presidentea LR Errepublikanoak indar politikoaren boto emaileei begira jarria dela.

Europako Batasuneko Kontseiluko presidentetza haren mesederako balia dezake 2022ko kanpainan

Agintaldia hasi eta berehala, ezkerrera eta eskuinera begira gobernatu nahi zuenak nahiko azkar hartu zuen alde bakarrera begiratzeko ohitura, eta horrek azaltzen ditu urteotan harturiko erabakietako batzuk; besteak beste, lan kodearen erreforma, aberastasunaren zerga (ISF) kendu izana, separatismoaren kontrako legea delakoa onarrarazi izana eta agintaldiko gobernuburuak, Edouard Philippe eta Jean Castex, LRko kide ohiak izatea; baita ministroetako batzuk ere: Ekonomia eta Finantzako Bruno Le Maire, eta Barneko Gerald Darmanin, kasurako.

Macronen oinarri elektoralaren eboluzioa ere agintaldian harturiko joeraren isla bilakatu da, Ifop etxeak uztailean macronismoari buruz egindako inkestak agerian utzi duenez. 2017an, boto emaileak gehienbat «zentro-ezkerrekoak» (%38) eta «zentro-eskuinekoak» (%35) zituen; aurten, «zentro-ezkerrekoak» jaitsi egin dira (%30era), eta «zentro-eskuinekoak», nabarmen igo (%45era). Hori bai, Frantziako presidenteak eskuinera egin duen arren, duela lau urte haren alde bozkatu zutenen gehiengoa (%81) ez da damutu bere hautuaz.

Indarguneak

Hala, inkesta horrek hainbat zantzu eman dizkio Frantziako presidenteari 2022an berriz ere irabazteko: batetik, boto emaileek uste dute «engaiamenduei eusteko gaitasuna» duela; bestetik, «irtenbide ekonomiko eta sozial egokiak» dituela; eta, azkenik, «maila presidentziala» duela. Horiek lirateke haren alde egiteko arrazoi nagusietako batzuk, hortaz.

Neurriei dagokienez, Macronen alde bozkatzeko prest egongo liratekeenei ezinbestekoa zaie klima larrialdiaren aurkako borrokan sakontzea, eta erretreten erreforma bat egitea, beste hainbat erabakiren artean; hain justu, azken hori abiatua du Frantziako presidenteak, baina, pandemiaren ondorioz, behin-behinean gelditzea beste aukerarik ez du izan.

Hortaz, litekeena da datozen hilabeteak hainbat neurri onartzeko une egokiz beteta egotea, kontuan harturik pandemiak hobera egin beharko lukeela eta inbertsioak egiteko garaia izango dela, krisi ekonomikoari aurre egiteko. Gainera, Frantziak Europako Batasuneko Kontseiluko presidentetza izango du 2022an, urtarriletik ekainera, eta Macronek erakusleiho hori balia dezake haren hautagaitza eta figura sendotzeko, batez ere presidentetzarako bozen kanpainarako.

Macronek bigarren agintaldia eskuratzen badu, hori egiten lehena bilakatuko da Jacques Chiracez geroztik

Zer esanik ez Alemanian Angela Merkelek agintean ez jarraitzeak hutsune handia utziko duela talde komunitarioan, eta Frantziako presidentea hori betetzen saiatuko dela, Italiako lehen ministro Mario Draghiren baimenarekin.

Bien bitartean, begi bat oposizioko alderdiei begira ere izan beharko du, batez ere LRko eskuin tradizionalari, barne gatazka baitu bere presidentegaiaren inguruan, primarioak egin ala ez, eta, hautagai bakarra aurkeztu beharrean, bi aurkezteko arriskuan baitago. Zatiketa posible horrek, noski, Macroni egingo lioke mesede.

Eta, eskuinerago, badirudi Marine Le Pen ultraeskuindarra dela, gaur-gaurkoz, Frantziako presidentearen aurkari bakarra. Inkesten arabera, 2017koaren antzeko emaitzak izango lirateke lehen itzulian, baina bigarrenean Le Penen aldeko babesa nabarmen handituko litzateke (%34tik %45era); hori bai, ez litzateke nahikoa izango Macron garaitzeko.

Frantziako egungo presidenteak bigarren —eta azken— legealdia eskuratzen badu, hori egiten lehena bilakatuko da Jacques Chiracez geroztik eta estatuburuaren agintaldia zazpi urtetik bostera txikitu zutenetik. Macronek baditu kezkarako arrazoiak, baina arrakastan pentsatzekoak ere bai.

Bihar: Marine Le Pen.