2022ko frantziako presidentetzarako bozak

Errepublikanoak. LR alderdian, ez daude eroso: ohiko presidentegai sendo eta eztabaidaezina falta zaie, eta hori arazo bilakatu da hauteskundeetara begira. Aldi berean, zatiketaren mehatxua inoiz baino handiagoa da; izan ere, baliteke hautagai bakarraren ordez bi aurkeztea.

Bi trauma jarraian gehiegi dira

Frantziako eskuin tradizionala momentum-aren bila ari da, eta oraingoz ez doa bide txarretik.

Lau urte pasatu dira eskuindarrak V. Errepublikan lehen aldiz presidentetzarako bozen bigarren itzulitik kanpo geratu zirenetik, eta hamar bat urte oposiziora itzuli zirenetik. Nahikoa tarte LR Errepublikanoentzat, behinola Jacques Chiracen RPR Errepublikaren Aldeko Batasuna eta Nicolas Sarkozyren UMP Herritarren Mugimenduaren Aldeko Batasuna izan zenarentzat, beharrezko gogoetak egin eta haizea berriz beren alde jartzeko; are gehiago azken eskualdeetako hauteskundeen emaitzak ikusita: LR izan zen boto gehien bildu zuen alderdia, eta eskura zituen aginteei eutsi zien.

Datorren apirilean egitekoak diren presidentetzarako bozak beste kontu bat diren arren, uda aurreko bozek agerian utzi dute 2022ko lehia paisaia politikoaren eskuinean jokatuko dela, eta LR behartuta dagoela Emmanuel Macron-Marine Le Pen duopolioaren artean bere lekua aurkitzera eta definitzera. Horretarako, proiektu bat ondu beharko du, eta proiektu hori irudikatuko duen presidentegaia aukeratu. Eta azken horretan dago arazoa —edo oztopoa— eskuinarentzat.

Christian Jacob alderdiko presidenteak azkenaldian erabilitako terminoa baliatuta: «hautagai naturalaren» garaiak atzean geratu dira, eta anbizioak ugaritu egin dira, gehiegi agian, askok gogo handia baitute Eliseora iristeko. Datorren urteko lehian izan nahi dutenak sei lirateke oraingoz, beren hautagaitza publiko egin dutenak eta oraindik beren asmoak ofizialki jakinarazi ez dituztenak kontuan hartuz gero. Baina gehiago ere egon litezke, gehiago ere bai baitaude, oraindik gogoetan. Eta Jacobek egoera hori ez du gustuko.

Xavier Bertrand
Xavier Bertrand. LUDOVIC MARIN / EFE

Izan ere, eskuinak ez du modurik onenean abiatu barne prozesua: faboritoetako batek, Frantzia Garaiko presidente Xavier Bertrandek, nahikoa aurre hartu dielako gainontzekoei, iaztik baita presidentegaia —«agintaldi bakarrerako»—, eta, batez ere, adierazi baitu ez duela inolako primariotan parte hartuko.

Eta noski, harrezkeroztik kanpaina egiten ari da, identitatearekin eta segurtasunarekin zerikusia duten auzietan arreta jarrita. Elkarrizketa bakoitzean, adierazpen bakoitzean, mitin bakoitzean; Bertrand bere programaren eta ideien berri ematen ari da pixkanaka, eta, harekin konparatuta, besteek nahikoa beranta dute. Behintzat, ez dute horrenbesteko kezkarik, Frantzia Garaiko presidenteak ez baitu distantzia salbaezinik finkatu.

Bertrandek oraingoz bost hautagai lituzke parean, eta denak primarioen alde agertu dira. Kontrastea nabarmena da jarreretan, uda hasieran horietako lauk zutabe bat argitaratu baitzuten barne prozesua babesteko: «Sistemarik demokratikoena, argiena behar da: botoa». Eta, bide batez, adierazteko presidentegaia ezin dela hautatu soilik inkesten —«zenbakien»— bidez. Mezua, zalantzarik gabe, Frantzia Garaiko presidentearentzat izan zen, hark bilduko bailuke boto gehien lehen itzulian: %16-18 artean, azken inkesten arabera.

Hautagaien artean daude, besteak beste, Valerie Pecresse Ile-de-Franceko presidentea, Bertrandekin batera faborito dena; Michel Barnier, EB Europako Batasunaren brexit-erako negoziatzaile buru ohia —azken horrek Frantzian ez, baina EBn sona izan du—; Philippe Juvin La Garenne-Colombeseko auzapeza; eta Eric Ciotti Asanbleako diputatua.

Orain arteko kopuruei eta babesei erreparatuz gero, LR-ren egoeraz zer pentsatua ematen du alderditik kanpo dauden bi hautagaiak izatea faborito nagusiak. Bertrand 2017an atera zen indar eskuindarretik, eta Pecresse, 2019an; are, 2018ko abuztuan ez zuten arazorik izan LR-rekin zituzten desadostasunen berri emateko, garai horretan «aliantza, itun» gisara aurkeztu zuten bien arteko lankidetzaren bitartez.

Valerie Pecresse
Valerie Pecresse. IAN LANGSDON, EFE

Alderdiaren buruzagitzaren inguruko iritziak elkartu zituen, baina egun ba al da ezer bizirik bien hurbiltze horretatik? Erantzuna baiezkoa edo ezezkoa izanda ere, errealitate hori urteotako barne zatiketaren erakusle bilakatu da, eta agerian utzi du LR desagertzearen atarian gera daitekeela datozen hilabeteotan modu egokian jarduten ez badu. Eta erabaki egokiak hartzen ez baditu.

2016-2017ko esperientzia

2016-2017ko esperientziak zapore oso txarra utzi zuen LRn: hautagai askoko bigarren primarioak izan ziren —2006koetan jakina zen Sarkozyk erraz irabaziko zuela—, eta, azkenean, François Fillon eta Alain Juppe lehen ministro ohien arteko lehia finkatu zuten. Fillonek bigarren itzulian irabazi zuen, botoen %66,5ekin, eta dena zuen aldeko Frantziako presidente bilakatzeko; faborito zena, ordea, erori egin zen, Le Canard Enchaine astekariak lanpostu faltsuen kasua argitara atera ostean.

Zaplaztekoa, noski, handia, handiegia izan zen alderdiarentzat. Barne eztabaida bat izan zuten kanpainan, presidentetzarako bozen lehen itzulirako bi hilabete falta zirela haien hautagaia inputatu baitzuten; Juppek, baina, ez zuen bere burua gai ikusi LR batzeko —hori da eman zuen arrazoi ofiziala—, eta uko egin zion Fillonen tokia hartzeari.

Presidentegaiak, gainera, ez zuen lehiatik ateratzeko asmo handirik, eta aurrera jarraitzea erabaki zuen. Alderdiak, hortaz, testuingururik ezkorrena onartzea beste aukerarik ez zuen izan, eta ezaguna da gerora zer gertatu zen: Macronek aurrea hartu zien, eta Le Pen garaitu zuen.

Harrezkeroztik, LRk arrastaka daramatza barne zatiketa eta inplosiorako arriskua, desadostasunak ez baitira iraganeko kontua; iragan ekaineko eskualdeetako bozak dira horren azken adibidea: Renaud Muselierrek Macronen LREM Errepublika Martxan alderdiarekin bat egitea erabaki zuen Proventza-Alpeak-Kosta Urdineko bigarren itzulirako, Le Penen indar politikoaren garaipena eragozte aldera. Helburua bete zuen, eta LR-ren zati baten haserrea eragin ere bai, LREMrekin elkartzeagatik.

Barne zatiketak iragan uztailaren 20ko bilkuran ere islatu ziren, Bertrand izan ezik hautagai eta hautagai posible guztiak elkartu baitziren presidentegaia aukeratzeko prozesuaz aritzeko. Ezer gutxi atera zen hortik, baina, behintzat, inork ez zion kontrako iritzirik helarazi LR-ren presidentearen planari: irailaren 25era arteko epea jarri du presidentegaiak haien artean ados jarri, eta haietako bat «modu naturalean» gailendu dadin.

Bitartean, eta aste honetan hasita, Ifop etxeak inkesta bat egingo du 15.000 lagunen artean, argitzeko zein den politikaririk «egokiena» Eliseora itzultzeko; horrekin, LRk espero du «batasun prozesuan» hautagai batek besteei aurrea hartuko diela modu naturalean, eta erabat erraztuko zaiela 2022ko lehiarako presidentegaia aukeratzeko lan nekeza, «hautagaitza bakarra» izateko.

Baina, aldi berean, eskuinean denak jakitun daude ia ezinezkoa izango dela bide askoz ere errazago hori egitea, eta, hortaz, alderdiaren zuzendaritzari primarioetara deitzea beste aukerarik ez zaiola geratuko, nahiz eta ez duen horretarako batere gogorik. LRk jakinarazi duenez, barne lehia hori, egingo balitz, «irekia» izango litzateke «eskuineko eta zentroko militante eta zaleentzat»; printzipioz, azarora arte.

Alderdiaren egoeraz zer pentsatua ematen du presidentegai bihurtzeko bi faboritoak LR kanpokoak izateak

 

Hor dago beste gakoetako bat, eta, berriz ere, Bertrandekin zerikusia du. Primarioetan ez parte hartzeko jarrerari eutsiko balio, eskuinak buruhauste handi bat izango luke presidentetzarako bozetan.

Buruhaustea zergatik? Jacobek nahi duen «hautagai natural» hori gailenduko ez balitz LRk barne lehia bat antolatu beharko lukeelako, eta, hortaz, bat izan beharrean, eskuina ordezkatuko luketen bi presidentegai egongo liratekeelako apirileko aukeren artean. Frantzia Garaiko presidenteak amore emango ez balu, edo gainontzekoak konbentzituko ez balitu, betiere.

Zatituta, noski, eskuindarrek aukera gutxiago eta zailtasun handiagoak izango lituzkete bigarren itzulira pasatzeko. Eta hori ez zaio batere komeni LR-ri; are gutxiago 2017ko porrotaren ostean.

Ahultasunaren zantzuak

Primarioak ez dira ohikoak izan V. Errepublikan, XXI. mendearen hasieran agertu baitziren lehen aldiz. LR-ren kasuan, alderdia nahiko zatituta dago horren inguruan, Alderdi Sozialistan ere prozesu horren bidez aukeratu baitzuten Benoit Hamon presidentegaia, eta hura ere bigarren itzulitik kanpo geratu baitzen.

Indar politiko eskuindarrean, hortaz, zalantzak daude primarioen inguruan, ez baitira ziur hautagairik egokiena aukeratzeko balio duten. Militante eta zaleei galdetu zaien bakoitzean presidentegai eskuindarrena aukeratu baitute, ez moderatua. Eta, denek dakiten modura, bi itzuliko hauteskunde sisteman, irabazteko ezinbestekoa da oinarri elektoraletik kanpokoak ere konbentzitzea.

Chiracen eta Sarkozyren gisako buruzagi baten faltak agerian utzi ditu LR-ren ahuleziak, eta erakutsi du haren eskaintza politikoa ez dela lehen bezain erakargarria. Behintzat, 2017ko primarioek arreta bereganatu eta Eliseorako lasterketa joera positibo batean abiatzeko modua eman zioten Filloni.

Hori izango baita hilabeteotako beste gakoetako bat: hautagai bakarra edo bi izanda ere, ezinbestekoa izango da dinamika politiko batean murgiltzea agintera itzultzeko.

Bihar: Ezkerra(k).