2022ko frantziako presidentetzarako bozak

Ezkerra(k). Anbizio pertsonalek eta alderdien logikek ezinezko bilakatzen dute Frantziako ezkerraren batasuna datorren urteko hauteskundeetarako, hori duen arren bizirik jarraitzeko aukeretako bat, bakarra ez esatearren. Melenchonez gain, PS, ekologistak eta komunistak ere aurkeztuko dira.

‘Nire atzetik, mesedez’

Ezkerraren hautagaitza bateratuaren alde daude LFI Frantzia Intsumisoaren jarraitzaileen %81; PS Alderdi Sozialistarenaren %78; eta EELV Europa Ekologia-Berdeak-enaren %67. Eta, halere, presidentetzarako bozak geroz eta gertuago, indar politiko horien batasuna orduan eta urrutiago.

Frantziako ezkerra? Ezkerrak? «Ezker adiskideezinak», Manuel Valls lehen ministro ohiak adierazi zuen modura? Definizioa edozein dela ere, espektro politiko horrek berriz ere presidentetzarako bozen bigarren itzulian egon nahi du, baina hori nola lortu, horretan du(te) eztabaida.

Emmanuel Macron-Marine Le Pen duopolioa errepikatzeko mehatxuaren aurrean, PS, LFI, EELV, PCF Frantziako Alderdi Komunista eta ezkerreko beste hainbat alderdi eta mugimendu politiko jakitun daude haien arteko aliantza bat ezinbestekoa dela datorren urteko apirileko lehian bizirik jarraitzeko. Abiapuntua, ordea, ez da egokia izan: 2017ko erabakiak ez dira errepikatu, PCFk oraingoan bere presidentegaia aurkeztea erabaki baitu —2007tik lehen aldiz—, LFIko Jean-Luc Melenchon babestu beharrean: Fabien Roussel da hautagaia, komunisten idazkari nazionala.

Eta badirudi gauza bera gertatuko dela PSren eta EELVren artean, ekologistek sozialisten hautagaia ez babestea erabaki baitute, duela lau urteko bozetan Benoit Hamonen alde egin zuten modura. Aurten berdeek indartsuago ikusten baitute beren burua, urteotan izandako arrakasta elektoralengatik, bi alderdi horien arteko lehia eta eztabaida horretan baita: egun nor dagoen noren gainetik, nor den indartsuagoa.

V. Errepublika indarrean sartu zenetik, soilik hiru legealditan agindu du ezkerrak, eta beti PSren hautagaiek: François Mitterandek (1981-1995) eta François Hollandek (2012-2017); alegia, 63 urteko epean soilik hemeretzitan izan dela boterean. Atzerago joanda, Fronte Popularra koalizioak gobernatu zuen, 1936tik 1938ra, III. Errepublikan.

Irudiaren deskribapena
Jean-Luc Melenchon hirugarrenez aurkeztuko da. IAN LANGSDON / EFE

 

Egungo egoerara itzulita, ezkerreko indar politikoen panorama ez da batere baikorra, ez baitirudi agintera iristeko moduan daudenik. Horien artean ez dago alderdi indartsurik, hegemonikorik, eta horrek eztabaida handiak sortu ditu eskaintza elektoralaren eta estrategiaren inguruan; geroz eta argiago geratzen ari baita batasunak dirudiela 2022an arrakasta izateko bide bakarretako bat, bakarra ez esatearren.

Badira konbergentziak, baina anbizio pertsonalek eta alderdien logikek batzuen eta besteen nahia zapuztu dezaketelakoan dira militanteak. Horren erakusle, Yannick Jadot ekologistak auziaz eztabaidatzeko iragan apirilean eta maiatzean deituriko bilkurak: PS, LFI, EELV, Generations mugimendua, PCF, Place Publique eta PRG Ezkerreko Alderdi Erradikala izan ziren, eta argazki esanguratsua utzi zuten. Harrez geroztik, ezer ez: batasunerako saiakerek marketinetik gehiago izan dute egiazko dinamika batetik baino.

Bilkura horretan parte hartu ez zuena Melenchon izan zen, iaztik presidentetzarako bozetarako hautagai dena. 2022rako batasunaz aritzean —printzipioz azken bozak izango ditu—, haren inguruan egin behar dela argudiatzen du, ezkertiarren artean babesik handiena lortu zuen hautagaia izan zelako 2017ko lehen itzulian: 7,06 milioi boto (%19,58); Hamonek, esaterako, 2,2 milioi bildu zituen (%6,36). Biak elkartuta 9,26 milioi lirateke, nahikoak bigarren itzulira pasatzeko —ezkerreko alderdi txikiagoen babesa kontuan hartu gabe—, Macronek 8,6 milioi jaso baitzituen.

Horren aurrean, PSren eta EELVren erantzuna zailtasunik gabekoa da: Melenchonek soilik presidentetzarako bozetan jasotzen duela babes handia, eta, beraz, sustrai lokalak falta zaizkiola, ezinbestekoak Frantzia gidatzeko. Hala, sozialistek eta ekologistek herriko, departamenduetako, eskualdeetako eta Europako Parlamenturako bozetan hura baino arrakasta handiagoa izan dutenez, argudiatu dute haietako baten atzean lerrokatu beharko liratekeela gainontzeko ezkertiarrak.

Primarioak

Jarrera horren erakusle PSren lehen idazkari Olivier Faure da, zeinak eboluzio bat izan baituen ezkerraren batasunaren auziaz aritzerakoan. Hiru urtez «hautagai baten inguruan biltzearen» alde agertu ostean, orain honako hau defendatzen du, Le Monde egunkariari iragan astean azaldu zionez: «Duela hiru urte, intsumisoak ziren ezkerreko indar nagusia; duela bi, ekologistak. Egun, zalantzarik gabe, sozialistak dira sarerik handiena dutenak. Bakarrak izan dira auzapezak, eskualdeko presidenteak eta departamenduetakoak aukeratzea eta berriz aukeratzea lortu dutenak».

Irudiaren deskribapena
Anne Hidalgo PSren presidentegaia izateko faboritoa. JOEL SAGET / EFE


Aldaketa ez da horretan geratu, PSk hilaren 17an eta 18an egingo duen kongresurako moldaketa proposamen bat baitu alderdiaren lehen idazkariak: 2011n eta 2016an ez bezala, oraingoan primarioak itxiak izatea, soilik sozialisten militanteentzat.

Eta mozio horrek ere balizko presidentegai bat aipatzen du, Fauren gustukoena, eta barne prozesu hori irabazteko aukera handiak dituena, aurkeztea erabakiko balu; Anne Hidalgo da, 2014tik Parisko auzapeza. PSren lehen idazkariak, gainera, kargu horretan jarraitzeko asmoa du, eta kongresuko berrespena Hidalgo babestearekin lotu lezake.

Zehaztapen bat, halere: Faurek begi onez ikusten du, 2017an bezala, EELVrekin hautagaitza bateratu bat aurkeztea, betiere presidentegai hori Hidalgo baldin bada. Ekologistak, baina, beren primarioetan daude sartuta, eta nahiko azkar egingo dute bozketa; lehen itzulia hilaren 16-19 artean, eta bigarrena, 25-28 bitartean.

Izan dira batasunerako saiakerak, baina marketinetik gehiago izan dute egiazko dinamika batetik baino


Delphine Batho diputatua, Jean-Marc Governatori enpresaria, Jadot eurodiputatua —duela lau urteko hautagaia, Hamon babestea erabaki zuten arte—, Eric Piolle Grenobleko auzapeza eta Sandrine Rousseau ekonomialaria dira barne lehia horretan parte hartuko dutenak. Datorren urtean bai, 2022an «irabazteko» aurkeztuko dira presidentetzarako bozetara, Julien Bayou EELVren idazkari nazionalak hilabeteotan hainbatetan defendatu duen modura, uste baitute klima larrialdiak eragiten duen kezkak nahikoa boto emaile erakarriko dituela beren hautagaitzara.

Ekologistek, gainera, begi bat Alemaniako bozetan izango dute jarria, hango berdeak emaitzak hobetu eta koalizio gobernu batean sartzeko moduan izango baitira; gauza bera sozialistek, Europako herrialde garrantzitsueneko agintea lortzekotan direlakoan. Hango dinamikek, hortaz, eragina izango dute batzuen eta besteen argudioetan, eta programek herritarrei begira izango duten zilegitasunean.

Irudiaren deskribapena
Yannick Jadot ekologisten primarioetan lehiatuko da. IAN LANGSDON / EFE


Auzi horretaz, Ifop eta Ipsos etxeen azken inkestek agerian utzi dute desberdintasun gutxi daudela PSren, EELVren eta Generations mugimenduaren oinarri elektoralen artean; eta, printzipioz, ez legoke arazo handirik hiru horiek defendatu beharreko neurrien inguruan ados jar daitezen, jakitun baitaude eztabaida presidentegaiaren ingurukoa izango dela.

Melenchon eta PCF

Aldiz, horiek eta Melenchon eta komunistak elkartzea litzateke erronka, desberdintasunak handiagoak baitira horien guztien artean —auzi ekonomikoetan eta Europako Batasunari buruzkoetan, esaterako—. LFIren buruzagiak, ordea, badu arazo bat, 2017an emaitzarik onena lortu zuen arren: boto emaileen artean arbuio handia eragiten duela, bai ezkertiarren artean, baita lerro ideologikoan eskuinerago daudenen artean ere; eta horien babesa lortzea ezinbestekoa da, batez ere bigarren itzuliari begira.

Halere, Melenchoni ez zaio arrotza errealitate hori, 2012an eta 2017an egoera berei egin behar izan baitzien aurre. Gora egitea lortu zuen, 3,9 milioitik 7,06 milioi botoraino —620.000 falta izan zitzaizkion bigarren itzulirako sailkatzeko—, berez haren jarraitzaileak ez direnen botoak jaso baitzituen. Ia bikoiztu egin zuen haren aldeko babesa duela lau urte.

Irudiaren deskribapena
Fabien Roussel komunisten presidentegaia. ETIENNE LAURENT / EFE


2022rako, LFIren buruzagia abstentzionistak konbentzitzea jarri du helburu, baita bere mugimendutik haragokoak ere, eta horretarako Batasun Popularra nahi du —kanpainako leloa da—, Etorkizuna Komunean programaren inguruan. Aurkari bat izango du xede horretan, komunisten hautagai Rousselek ere adierazi baitu botoa eman ez dutenen bila joango dela, ezkerreko beste alderdiei babesik ez kentzeko.

Hala, 2017ak utzitako paisaia errepikatzear dago Frantziako ezkerrean, bi polo egituratuko baitira: bata, PSk eta EELVk osatua, eta bigarrena, Melenchonen eta PCFren ingurukoa. Azkenean lau hautagai izango dira, hiru, bi ala bat? Ez da ahaztu behar indar txikiagoen pisua ere, Alderdi Antikapitalista Berriko Philippe Poutou eta Langileen Borrokako Nathalie Arthaud ere berriz aurkeztuko baitira, beste batzuen artean.

V. Errepublika indarrean sartu zenetik, soilik hiru legealditan agindu du ezkerrak; azken 63 urtetatik hemeretzitan


Datorren apirilean egitekoak diren presidentetzarako bozetarako zazpi hilabete falta diren honetan, ezkerrak batasuna du garaipenerako aukera bakarrenetako bat, baina ezinezkoa, kimera bat dirudi egun helburu hori lortzeak. Sakoneko arazoak baitaude horren inguruan, eta zer esanik ez egutegiaz.

Bien bitartean, herritar talde batek Primario Popularrak prozesua abiatu du, alderdiei eta hautagaiei begirakoa. Helburua argia da, dagoeneko 178 hautetsiren babesa jaso duena: ezkerrak presidentegai bakarra aurkeztu dezala, azaroan egindako barne bozketa baten bitartez. Agian horien presioak lortuko du ezinezkoa dirudiena; hori egin ezean, ezkerra, 2002an eta 2017an gertatu bezala, bigarren itzulitik kanpo geratuko da.