2022ko frantziako presidentetzarako bozak

Marine Le Pen. 2018tik hona, eskuin muturraren buruzagiak bere eta alderdiaren irudia zuritzea lortu du, boterera iritsi aurreko azken pausoa delakoan. Datorren urtekoa hirugarren saiakera izango du Le Penek: galtzaileak ba al du oraingoan garaipena lortzeko aukerarik?

Betiko bigarrena

Alderdiaren iragan uztaileko kongresuan, Marine Le Pen argi mintzatu zitzaien militanteei eta boto emaileei: «Ez gara Fronte Nazionalera itzuliko».

Le Penen esaldi horrek ez zuen ezer kasualitatetik, eskuin muturraren oinarrian bai baitago kezkarik. BN Batasun Nazionaleko buruzagiak bere indar politikoa moldatzeko eta zuritzeko abiaturiko prozesuak fruituak eman ditu, baina agintariak ez du Frantziako presidentetza eskuratu, bitan saiatu den arren eta 2011tik honako bidea goranzkoa izan badu ere. Salbuespen batekin, noski: joan den ekaineko eskualdeetako bozak, desmobilizazioaren hauteskundeak.

Hamar urte gehiegi dira askorentzat, lehiatu diren hauteskundeak beste hainbeste izan direlako, eta fronte errepublikanoa delakoak une oro eragotzi dielako agintera iristea, herri eta hiri gutxi batzuetan izan ezik. Le Pen marka indartsua da, baina BNkoak betiko bigarrenak direnaren sentsazioa gailentzen ari da pixkanaka; arrakasta horren arrazoia alderdiko buruzagia den arren, sabaia ez haustearena ere hura bera litzatekeela baitago askoren arrazoinamenduaren atzean.

Etxebizitza bat, hutsik

Testuinguru horren aurrean dago agintari ultraeskuindarra, eta horregatik murgildu da bere oinarri elektorala berriz mobilizatzeko ahaleginean, jakitun baitago boto emaile fidelenak dituela —2017an haren alde egin zutenen %89k hautu bera egingo lukete 2022an—. Eta horregatik egin zuen adierazpen hori alderdiaren kongresuan; hein batean bada ere, eskualdeetako bozetan espero baino emaitza txarragoak eskuratu izanak eta aginterik lortu ez izanak harridura eta haserrea eragin baitzituen boto emaile askoren artean.

Halere, oinarri elektoraleko batzuen iritziaren kontrara, itxaropenak bere horretan jarraitzen du BNren buruzagitzan, 2018an abiaturiko prozesua boterera iritsi aurreko azken pausoa delakoan. 45 urteko bakartze politikoa amaitzeko, alderdiaren izena aldatu zuten duela hiru urte; eskuin tradizionalaren auzi batzuetara hurbildu dira; BN ireki eta gaztetu egin dute, eta, urteek aurrera egin ahala, mehatxu denaren argudioari kontra egiten ari zaio Le Pen.

Estrategia horren helburua izen aldaketak islatu zuen: batasun hitzak zantzu gaullistak eta errepublikazaleak ditu, Charles de Gaullek II. Mundu Gerra amaitzean sortu zuen alderdiak erabili baitzuen hitz hori —Frantziar Herriaren Batasuna—, eta Jacques Chirac Frantziako presidente ohiaren alderdiaren izenaren antza duelako —Errepublikaren Aldeko Batasuna—, LR Errepublikanoak alderdiaren aurrekoa. Aldaketa sinplea da, eta xedea, argia: aliantzak lortzea, ahalik eta jende gehien elkartzeko haren figuraren inguruan.

Alerta mezuak

Gertakari horiek guztiak kontuan hartuta, zenbaterainokoak dira Le Penen garaipenerako aukerak? Inkestek 2022rako aurreikusten duten bigarren itzuliak kezka sortu du alderdien artean, Emmanuel Macron presidentea 2017an baino alde askoz ere txikiagoaz gailenduko litzaiokeelakoan agintari ultraeskuindarrari; %66,1-33,9 izan zen duela lau urteko emaitza, eta %55-45 litzateke datorrenenekoa, printzipioz.

Le Penek %45eko babesa luke bigarren itzulian; herritarrek Macronekiko duten arbuiatzea balia dezake kopurua igotzeko

Hala, 11 puntu irabaziko lituzke BNko presidenteak —agian gehiago, bozetako kanpainaren arabera—, eta ultraeskuina V. Errepublikan hirugarren aldiz —eta bigarren aldiz jarraian— pasatuko litzateke bigarren itzulira.

Le Penen asmoak eta lanak alde batera utzita, deigarria da alerta mezuak helarazten dituzten alderdietako askok ere lagundu dutela, zuzenean edo zeharka, eskuin muturraren zuritze eta normalizatze prozesu horretan, batez ere 2012ko presidentetzarako hauteskundeetatik.

Nicolas Sarkozy presidente ohia da horren erakusle, urte hartako bozetako bi itzulien artean «errepublikarekin bateragarritzat» jo baitzuen BNren buruzagia. Ezkerrean, gehienek luzeago eutsi diote eskuin muturraren kontrako jarrera horri, baina Jean-Luc Melenchonek 2017ko hauteskundeetako bi itzulien artean esplizituki Le Penen kontrako botoa ez agintzeak are gehiago hautsi zuen logika; haren kasuan, blokeo batetik ateratzeko izan zen, ez zuelako Macronen alde bozkatzera deitu nahi.

Kasua edozein dela ere, agerikoa da eskuin muturraren kontrako jarrera ez dela lehen zen bezalakoa, eta hori BNk —eta Fronte Nazionalak— lortutako babesaren eboluzioan islatu da: 2007an, 3,8 milioi boto; 2012an, 6,4 milioi; eta 2017an, 10,6 milioi. Ia hirukoiztu egin da hamar urtean.

Hori bai, Le Pen soilik duela lau urtekoan izan zen bigarren itzulian, eta, lehenengo itzuliarekin konparatuz gero, agintari ultraeskuindarrak hiru milioi boto gehiago bildu zituen; Macronek, berriz, hamabi milioi.

Garaipenerako baldintzak

Agerikoa da, baina are ezinbestekoagoa Le Penen kasuan: bigarren itzulian aurkariak baino boto emaile gehiago biltzea da haren erronka. Horretaz, Jean Jaures fundazioak hiru baldintza zerrendatu ditu ultraeskuindarraren arrakastaren inguruan, eta zehaztu gutxienez horietako bat beteko balitz garaipenerako aukera handiak izango lituzkeela.

Batasun Nazionalak ia hirukoiztu egin ditu aldeko botoak 2007tik 2017ra: 3,8tik 10,6 milioira

Lehenik, «eskuin moderatuko oinarri elektoralak era masiboan» bozkatzea Le Penen alde. Izan ere, bigarren itzulian beharrezkoak dituen boto horiek soilik gertuen duen alderdi handitik etor daitezke, eta, hortaz LR-ren alde egiten dutenak konbentzitzea luke helburu; horretan aritu da urteotan, batez ere auzi kulturaletan gertutasun handia baitago bi oinarrien artean.

Aldiz, ekonomikoetan badira desberdintasun handiak, eta hori oztopo handia izango da 2022an. Agintariak, baina, leundu egin ditu horien inguruko jarreretako batzuk, batez ere Europako Batasunarekin eta euroarekin zerikusia dutenak.

Bigarrenik, Le Penen beste aukeretako bat da zuritze eta normalizazio prozesuak erabateko eragina izatea, eta, hortaz, bigarren itzulitik kanpo geratu diren hautagaien oinarriek abstentziora jotzea, ultraeskuindarra mehatxutzat ez dutelakoan.

Irudiaren deskribapena
 

Herritarrek agintariarekiko duten iritziaren eboluzioa litzateke arrakasta horren erakusle: 2019ko martxoan, horien erdiek «oso iritzi txarra» zuten Le Penez, eta, egun, kopurua %34raino txikitu da. Hortaz, eskuin muturreko presidentegaiak helarazten duen profila eta 2016an zuena ez da berbera, eta baliteke horrek haren alde jokatzea datorren urtean, boz horietarako urtebete baino gutxiago falta den honetan.

Eta, hirugarrenik eta azkenik, Le Penek beste aukera bat luke garaipenerako bide sendoa finkatzeko: Macronekiko arbuiatzea baliatzea. Egun, ezkerreko alderdien oinarrien artean handiagoa da BNko buruzagiarekiko iritzi negatiboa Frantziako presidentearekikoa baino; eskuinean, baina, kontrakoa gertatzen da. Alegia, agintari ultraeskuindarrak errealitate hori balia dezake, Macronekiko arbuiatzeak abstentzioaren gorakada eragin dezakeelako, eta oinarri fidela izateak garaipenera gerturatuko lukeelako.

Hipotesiak diren arren, kontuan hartzeko moduko testuinguruak dira hirurak. Le Penek 2022an irabazteko aukera gutxi ditu, baina, urteotako eboluzioa kontuan harturik, garaipenerako bidea inoiz baino zehatzagoa du.

Eric Zemmour, Marine Le Penentzako traba

Eric Zemmour polemista ezagunaren 2022rako hautagaitza ia prest dago, Frantziako hainbat hedabidek asteotan aurreratu dutenez. Ultraeskuindarra, arrazista, erreakzionarioa, homofoboa, subiranista... Haren diskurtsoa «Frantziaren gainbeheraren» ingurukoa da, eta Marine Le Peni bigarren itzulira pasatzeko beharrezkoak dituen zenbait boto kentzeko gai izango litzateke, bozetara aurkeztuz gero.

Orain arte, Zemmourrek ez du baieztatu presidentetzarako hauteskundeetan lehiatuko denik, baina informazio hori ez ezeztatzeak ere haren inguruko zurrumurruak areagotu ditu.

Etxebizitza bat, hutsik
Eric Zemmour polemista ultraeskuindarra, artxiboko irudi batean. BERRIA

Polemistak ez du ez alderdirik, ezta mugimendurik ere, baina haren aldeko sostengu taldeak ugaritu egin dira asteotan, eta baliteke hil honetan argitaratzekoa duen liburua baliatzea jauzi ohol gisara; hark, baina, Nice-Matin egunkariari adierazi zion ez duela horretarako erabiliko: «Nirea ez da liburu-programa bat».

Bien bitartean, inkesta etxeak jada hasi dira polemista ultraeskuindarrak izango lukeen babesa neurtzen: %5,5ekoa litzateke, batez bestean —orain arteko handiena %7koa izan da, Ipsos enpresaren iragan astekoaren arabera—. Nondik eskuratuko lituzke botoak? Le Peni bi puntu kenduko lizkioke; eskuin muturreko beste presidentegai Nicolas Dupont-Aignani ere, beste bi; eta Xavier Bertrand eskuin tradizionalaren hautagai izateko faboritoari, bat.

Hala, boto gutxi batzuk izan arren, kanpainak izan dezakeen eboluzioaren arabera ezinbestekoak izan daitezke Le Penek Zemmourren mesedetan gal ditzakeenak; agian, bigarren itzulirako sailkatzea eragotziko lioketenak.

Estrategia horretan da polemista ultraeskuindarra, asteotan ugaritu egin baititu Batasun Nazionalaren buruzagiaren kontrako mezuak. Azkena, iragan asteburuan: «Argi geratu da ez duela inoiz irabaziko».