Herri bat dantzan

Eltziego. Irailaren 7tik 11ra ospatzen dira Eltziegoko festak, eta irailaren 8an egiten dituzte Ama Birjinaren omenezko dantzak. Bost dantzaz osatutako dantza ziklo oso bat da Eltziegoko dantza. Zortzi dantzarik dantzatu ohi dute, Katximorro pertsonaia lagun dutela.

Bost dantza ziklo bakarrean

Erlijioak eta tradizioak topo egiten dute sarritan, edo, kasu honetan bederen, horrela izan ohi da. Irailaren 8an egiten dituzte urtero Eltziegoko (Araba) dantza tradizionalak, Ama Birjinaren omenez. Herriko zaindaria den horri prozesioan laguntzea dute zeregin nagusi dantzariek, eta tartean baita dantza egitea ere. Dantza taldeko kideak arduratzen dira horretaz, gaiteroen musika lagun dutela, eta haietako bat da Ayla Bereziartua. Urteetan izan da dantzaria, eta taldearen ardura du gaur egun.

Irailaren 7tik 11ra ospatzen dira Arabako Errioxan dagoen herri horretako Plazako Ama Birjinaren omenezko jaiak, Bereziartuak azaldu duenez; eta «egun handienetariko bat» izaten ei da eltziegarrentzat. Bost dantzaz osatua dagoen «dantza ziklo oso bat» dantzatzen dute festen bigarren egunean, «garrantzi handikoak» omen direnak, bai dantzarientzat, bai herritarrentzat.

Karrika dantza da bost horietan lehena, edo, Bereziartuaren arabera, «pasacalles» esaten diotena herrian. Bien adierak dioen eran, kaleetan dabiltzanean dantzatzeko erabiltzen dutena baita: «Plazatik elizara eta elizatik plazara laguntzen diogu Ama Birjinari dantza honekin, plazako ermita batean dagoelako haren gordelekua; kalejira bat da, eta bi ilaratan egiten dugu». Dantzariek albo batera eta bestera mugitzen dute gorputza, hankak ere albo berera astinduz aldi berean, jauzi txiki baina indartsuak eginez aurrerantz, baina norbere lekutik mugitu gabe eta gurutzaketarik egin gabe, lerroak errespetatuta.

Estitxu Osa
Aldaketa. Gizonezkoentzako dantzak ziren, baina neskek hartu zuten lekukoa / BERRIA

Dantza hasiera eta amaiera batzuetarako ere pauso hori erabiltzen dute, eta, bigarren dantzari hasiera emateaz behintzat, bera arduratzen da. «V hizkiaren itxura bera duen posizioan egiten da, leku aldaketa batzuk eginda, eta, amaitzean, besoak luzatzen ditugu, lurrarekiko paralelo». Lau kaleen dantza hasten da orduan, makil dantzaren estruktura berbera duena, eta ondoren dator zuhaitza. «Zinta dantza bat da, baina ez dira zintak gurutzatzen zuhaitzaren inguruan. Horren ordez, dantzari bakoitzak zinta bana du esku bakoitzean, eta erdian kokatzen den zuhaitzean zintzilikatzen dituzte, binaka ateraz erdira eta zirkulu batean eginez dantza». Zehazki, makila labur bat da zuhaitz hori, eta kako batzuk ditu zintak eskegitzeko. Azkenik, jota bat egiten da borobilean, eta dantzariek kriskitinak darabiltzate.

Jatorriaren nolakoa

Dantza taldeko arduradunak jakinarazi duenez, ez dakite zehazki noizkoak diren Eltziegoko dantza tradizional horiek, nahiz eta badakiten badirela XVII. mendeko dokumentu batzuk non dantza taldeari eginiko ordainketa batzuk jasotzen diren. Baina horrez gain, badakite beste zerbait ere: aldaketak egon dira.

"Halako batean, neskak hasi ziren dantzatzen, eta, gaur egun, esan genezake tradizioz nesken dantzak direla"

Ayla Bereziartua. Dantza taldeko arduraduna

 

Esate baterako, Bereziartuak adierazi du dantzak jatorriz gizonezkoentzako sortuak izan zirela, eta hori pausoetan ere nabaria dela, «zakarragoak» direlako, besteak beste: «Baina, halako batean, neskak hasi ziren dantzatzen, eta, gaur egun, esan genezake tradizioz nesken dantzak direla; neskak sartzearekin bat, pausoak finagoak bilakatu ziren, baina berezkoa dute zakarrak izatea, eta, beraz, esentzia horrek bizirik jarraitzen du».

Eta Bereziartuaren hitzekin bat egiten du Ainhoa Ruiz de Bergara dantzariak ere. 12 urte zituela hasi zen dantzan, gurasoak ere dantzari izandakoak zituen, eta betidanik izan zuen horretarako nahia. Ordutik, hamabost urte igaroak dira dagoeneko, eta, tarte batean dantza egin gabe egon bazen ere, orain urtebete berrekin zion, nolabait ere «barruan daramala» azalduta. «Hemen beti diogu gona dantzarazi behar dela, eta horregatik egiten ditugu mugimendu oso zakarrak, baina horrek bizia ematen die pausoei eta dantzei, baita alaitasuna ere».

Irailak 8. Plazako Ama Birjinaren egunean egiten dute dantza zikloa.
Irailak 8. Plazako Ama Birjinaren egunean egiten dute dantza zikloa. BERRIA

Orotara, zortzi dantzarik egiten dituzte dantza horiek, baina ez dira bakarrik ateratzen plazara, lagun baitute Katximorro pertsonaia. «Tradizioz, mutil batek betetzen du bere funtzioa, eta gidari lanez arduratzen da, batik bat sarreretan, irteeretan eta saltoak ematean; hein batean, taldea osorik mantentzearen arduraduna da», esplikatu du Bereziartuak. Hain justu, zehaztu du loretxoz betetako kamiseta bat daramala soinean jantzita, kriskitinez josita dauden praka batzuk, eta «galtzagorriena dirudien» txapel luze bat, alpargata eta galtzerdi urdin edo gorriekin. «Lehen bazen Bastonero izeneko pertsonaia ere; egun ez da existitzen, baina hark zeraman makila luzea daroa orain Katximorrok».

Makil dantzak ere

Bost dantzen zikloaz gain, baina, badira beste dantza tradizional batzuk ere, orain gutxi berreskuratutakoak diren arren: makil dantzak, adibidez.

"Ohiturak mantentzea garrantzitsua iruditzen zait: historia da, eta ezin gal daiteke. Iragana orainera ekartzea polita da"

Ainhoa Ruiz de Bergara. Dantzaria

 

Bagenekien antzina existitzen zirela, eta horiek berreskuratzeko erronka jarri genion geure buruari. Gutxi gorabehera, 2015ean hasi ginen lan horrekin, eta handik urtebetera erakutsi genuen lehenbizikoz jendaurrean, gizonezkoek eginda», azaldu du Bereziartuak. Baina, dena den, Ruiz de Bergarak erantsi du, dantza zikloarekin gertatu eran, makil dantzak egiteko orduan ere ez zegoela aski mutil eta, beraz, batzuetan neskek ere egin behar izan zituztela dantza horiek. Dantzarako «gogotsu» zeuden, ordea, eta beste bi makil dantza ere sortu zituzten hutsetik, Jon Fernandez eta Amagoia Egiluz dantzari gasteiztarrek lagunduta: Valduengo eta El Molino. 2017an aurkeztu zuten lehenbizikoa, eta uztailaren 9an estreinatuko dute bigarrena.

Estitxu Osa
Makil dantzak berreskuratu zituzten, eta baita berri bat sortu ere. BERRRIA

Jantziei dagokienez, dantza taldeko arduradunak zehaztu du ez dituztela mutilen eta nesken jantziak bereizten, baizik eta dantzen araberako bereizketa bat egiten dutela. Makil dantzen kasuan, esate baterako, zuriz janzten dira dantzariak, alpargata, zinta eta gerriko gorriarekin, eta koloretako gona batekin. Buruan zapi gorri bat ere eramaten dute, eta hori hala izan ei da jatorriz; gaur arte mantendu da. Baina dantza ziklorako bestelako janzkera bat darabilte, batik bat 1945ean gizonezkoen arropak egokitu zitzaizkielako emakumezkoei, Madrilen egitekoa zen Feria del Campo azokan parte hartu ahal izateko. Hala, traje zurien ordez, galtzerdiak, pololoak eta gona zuria daramatzate, baita zetazko xal bat ere.

Mantendu beharra

Ohiturak berreskuratu ostean, beraz, Ruiz de Bergarak argi du horiek mantendu behar direla: «Oso garrantzitsua iruditzen zait: historia da, eta ezin gal daiteke. Oso polita da iragana gaur egunera ekartzea». Are, uste du era honetan posible dela jendeari «burua berotzea» ere, baina batik bat gizonezkoei: «Dantza egiteari utzi zioten, eta trantsizioan neskek hartu zuten lekukoa, baina bada garaia estereotipo horiek ken ditzaten eta beraiek ere dantzara atera daitezen». Gainera, erantsi du era honetan herria ere egin daitekeela, adin tarte ezberdinetako herritarrak batzen dituen egitasmo bat izan ohi delako.

Dantzarako bidalitako gonbidapena hor dago, nahiz eta etorkizunak erakutsiko duen zer gertatuko den dantzen parte hartzearekin. Bien bitartean, bi kideek irailaren 8an Eltziegora agertzeko gonbita egin diete hala nahi duten horiei, kanpokoentzat ere polita izaten delako.

Bihar: Euskal Herriko dantzak (II): Lizarrako larrain dantza.

Serie honetako beste atal batzuk