Herri bat dantzan

Lesaka. Mitoz eta ustez josita dago Lesakako ezpata dantzaren jatorria; ez dago argi zein den. Urtez urte dantza aldatu da, eta emakumeen presentzia handituz joan da. 2019. urtean lehenengo aldiz dantzatu zuten

Bakea sinatzeko ezpatak

Mitoz eta istorioz josita daude herriak; horren adibidea da Lesaka (Nafarroa). Herrian kontatzen dute Onin errekak bereizten zituen bi auzo zeudela Lesakan, eta, haien artean liskarrak zeudenez, bakea sinatzeko dantza bat sortu zutela. Ez dago argi asmatutako istorio bat den edo benetan gertatutako zerbait. «Nonbait ikusi da XX. mendeko asmakizun bat dela. Agian, hori entzunda norbait haserretuko da», esan du Gaizka Sarasola dantzari ohiak eta txistulariak. «Ez dakigu egia edo gezurra den. Besterik ez dut aditu; hortaz, ofizialtzat hartzen dugu hori», gehitu du Unai Gurrutxaga dantzariak eta aitzineskuak. Lesakako ezpata dantzaren jatorriaz mintzo dira biak; uztailaren 7an dantzatzen dute urtero Lesakako sanferminetan.

Uztailaren 6an hasi eta igandean amaitzen dira Lesakako sanferminak. Herriko bestetako lehendabiziko eguneko goizean egiten dituzten dantzak biltzen ditu Lesakako ezpata dantzak; lau dira osotara: makil gurutze, zeharkakoa, zubigainekoa eta bandera arbola. Horrez gain, arratsaldean beste dantza batzuk ere egiten dituzte: zantzamonona, esku dantza, aurreskua, jota eta arin-arina. «Askotan arratsaldeko dantzez ahazten gara zubigainekoak arreta handiena hartzen duelako», azpimarratu du Gurrutxagak.

Estitxu Osa
Aitzineskua. Dagoeneko ez da ezpatarik erabiltzen; aitzineskuak gidatzen du. Tellechea

Dantzariaren ustez, kanpotik begiratuta, zubigainekoa «bereziena» da. Zubiaren petrilaren gainean dantzatzen dute, eta aitzineskuak taldea gidatzen duena zubi gainean dantzatzen du. 2018. urtetik aitzineskua da Gurrutxaga: «Zubiak ematen dio arriskua eta berezitasun hori». Jendea pilatzen da zubian; oso gustuko du zubira iritsi aurreko unea: «Oso polita da jendea esperoan egotea; zubi gainean gaudenez eta jendea begira dagoenez, urduritasun puntu bat dago».

Arrisku apur bat egon arren, Gurrutxagaren ustez, ez da inoiz inor errekara erori, edo behintzat ez du horren berririk. Hala ere, kontatu du behin baino gehiagotan jendea lurrera erori dela: «Ez dut zuzenean ikusi, baina badakit bat baino gehiago erori dela errekaren bertze aldera, baina minik hartu gabe. Bideoak ikusi ditugu; beraz, egia da». Sarasolak ere berretsi du hori.

"Oso polita da jendea esperoan egotea; zubi gainean gaudenez eta jendea begira dagoenez, urduritasun apur bat dugu"

Unai Gurrutxaga. Dantzaria eta aitzineskua

Duela lau urteko anekdota bat gogoratu du Gurrutxagak: zubitik pasatzen ari zirenean, makil gurutzeak egiten, makila bat errekara erori zen. «Bi pertsona nahastu ziren, eta hanka tartean sartu zen makila. Errekan sartu, eta bost segundoan atera zuen batek», kontatu du.

 

Estitxu Osa
Zeharkakoa. Herriko plazan dantzatzen da, makiletatik helduta. Tellechea

Izenak esan bezala, garai batean ezpatekin dantzatzen zuten; baina gaur egun makilak erabiltzen dituzte. Sarasolak ez dauka argi horren zergatia, eta herrian aditutakoa kontatu du: «Onin errekan San Joan festa ospatzen zuten, gezurrezko borroka moduko bat. Gertatu izan da bata bestea zauritzea. Horregatik kendu zituzten ezpatak eta jarri zituzten makilak».

Aldaketak kostata

Garai bateko janzkerari erreparatuz gero, zenbait aldaketa daude: esate baterako, praka luzeen ordez, belaunetaraino iristen ziren prakak eramaten zituzten, eta belaunetatik behera galtzerdi luzeak. «Adituren bat etorri da esatera lehengo praketara itzuli behar zirela, baina jendea ez zegoen eroso horrekin», esan du Sarasolak.

Gaur egun, ezaugarri hauek ditu jantziak: oinetan espartina zuriak, zinta gorriz apainduak; soinean atorra eta galtza zuriak, eta gerriko eta txapel gorriak. Galtzek polainak daramatzate josita, eta kaskabiloak zintzilik. Atorraren gainean, lepotik zintzilik, eskapularioa, zetazko zinta gorrietatik zintzilik. Guztiaren gainetik koloretako lau zinta bular aldean gurutze bat eginez, bina alde banatan.

 

Estitxu Osa
Esku dantza. 2017. urtetik neskek ere dantzaten dute. Amaiur Aristi / Dantzan.eus

Herri askotan herriko dantza taldeak antolatzen du herriko bestetako dantza. Tantirumairu dantza taldea egon arren, gazteen artean antolatzen dute. Idatzirik gabeko legeen arabera jokatzen dute; horien nondik norakoak azaldu ditu Sarasolak: «Maiatz aldera gazteak elkartzen dira, eta hortik sortzen da taldea». Entseatzeko elkartzen diren gazte horietatik soilik hamabostek dantzatzen dute: «Norbaitek taldea uzten duenean sartzen da hurrengoa; idatzi gabeko zerrenda bat dago».

2016. urtean herriko neska batzuk entseatzen hasi ziren, eta, handik hiru urtera, lehenengo aldiz, hiru emakumek dantzu zuten ezpata dantza. «Euskal Herrian ohiturak aldatzea anitz kostatzen da, eta Lesakan ere bai. Horrelako dantzetan neskak sartzea nahiko berria da». Sarasolaren arabera, taldearen funtzionamenduak ez ditu aldaketak erraztu: «Sartu nahi duenak ez du elkarte baten babesa; hortaz, suposatzen dut jendeak ez duela pausorik eman ez dutelako babesik sentitu».
 

"Fundamentu handiagoarekin egin beharko genituzke gauzak; dantzak ez ditugu behar bezala landu eta ikertu"

Gaizka Sarasola. Dantzari ohia eta txistularia

Ez da aldaketa bakarra izan. Esku dantza zapiekin elkar lotuz dantzatzen da; ezpata dantzarien artean emakumeak ateratzen ziren, eta, dantzatu ordez, oinez ibiltzen ziren. 2017. urtean, lehenengo aldiz, emakumeek ere dantzatu zuten, baina, urratsak aurrera eta atzera egin ordez, zeharka egiten dituzte.

Dantzariak herriko musika bandaren eta txistularien laguntzaz ateratzen dira kalera. Makil gurutze dantzatzeko, biribilketak jotzen dituzte txistulariek. Bandera dantzan Bandera arbola doinua erabiltzen da. 1857. urtean, Lesakako Musika Banda sortu zuten; bi martxa jotzen ditu bandak: Napoleones eta General Vicent Juan. Sarasolak 14 edo 15 urte zituenean musika bandak erabaki zuen ez zuela Napoleones jo nahi; dantzariek ez zutenez aldaketarik nahi, horrek liskarrak eragin zituen: «Jeneral frankista batek egin zuelako aldatu nahi zuten, eta herriko norbaitek sortutako musika erabili. Dantzariek planto egin zioten horri, eta musikarik gabe atera ziren». Gaur egun, batez ere Napoleones mantentzen da. Garai hartan liskar «handia» eragin arren, gaur egun ahaztua dela esan du Sarasolak.

Herri bakoitzak berea

Lesakako ezpata dantzaz gain, beste dantza herrikoi batzuk daude Bortzirietan (Nafarroa); hala nola Berako pordondantza eta Igantziko ezpata dantza. Haien arteko loturaz mintzo da Sarasola: «Denborarekin, herri bakoitzak berea egin du; baina jatorria antzekoa da; esate baterako, pordondantza berdina da, baina sokekin». Horrez gain, doinuen artean antzekotasunak daudela esan du, eta horren zergatia azaldu du: «Imajinatzen dut hasieran txistulari bakarra zegoela eskualde osorako eta, hortaz, herriz herri joaten zela antzeko doinuak jotzen».

Estitxu Osa
Zubigainekoa. Petril gainean dantzatzen dute Lesakan. Dantzan.eus

Gaineratu du zerk egiten duen berezi Lesakakoa: «Zubiak ematen dio bertzeek ez duten berezitasuna; eta hemen biziagoa egiten dugu». Bizitasun hori urtez urte aldatu dela azpimarratu du: «Garai bateko argazkietan nabaritzen da motelago eta eleganteago dantzatzen zutela; gaur egun ez da horren dotorea, baina biziago da». Bizitza estiloak izandako bilakaerak eragina izan dezakeela aipatu du.

Ustez josita dago Lesakako ezpata dantzaren historia. Sarasolaren ustez, zaila da dantza herrikoien nondik norakoak jasotzea. Historian sakontzeko beharra azpimarratu du: «Herrian fundamentu handiagoarekin egin beharko genituzke gauzak; dantzak ez ditugu behar bezala landu eta ikertu gaia».

Serie honetako beste atal batzuk