Herri bat dantzan

Lizarra. Duela mende pasa sortu zen Lizarran larrain dantzaren koreografia. Ordutik moldaketa anitz izan ditu, orain nolabaiteko estandarizazio bat baden arren. Lizarran ez ezik, Euskal Herri osoan ere dantzatzen da gaur egun.

Larraineko gaiten oihartzuna

Trapata tarrrr! Danborraren errepika hasi da. Jarraian gaitaren deia, aski ezaguna, denak plazara gerturatzeko ozen esanez. Eta bat-batean hasi dira denak bat, bat-bi-hiru, bat-bi-hiru, eskutik hartuta, zapiekin lotuta edo nahi bezala, doinuari jarraikiz. Gutxi izanen dira dantza hori euren plazan ikusi ez duten herriak, gutxi dantza hori ezagutzen ez duten herritarrak ere. Oso zabaldurik baitago larrain dantza, eta dagoeneko errotu da Euskal Herriko luze zabalean. Lizarran du sorburua (Nafarroa), XX. mendean.

Lizarrako bestak txupinazoarekin eta larrain dantzako jota zaharrarekin hasten dira, eguerdian. Larraiza, Ibai Ega eta Virgen del Puy y San Andres taldeak arduratzen dira horretaz. Ordu bat geroago, dantza osorik egiten dute Foruen plazan, Francisco Beruete taldeko dantzari beteranoekin batera. Gainerako guziek 01:00ean dute aukera, batzuek mozkorren dantza deitzen duten horretan. Izan ere, bestetako egun guzietan larrain dantza jotzen dute ordu horretan, nahi duenak dantza dezan.

Estitxu Osa
Txupinazoa. Lizarrako dantzariak jota zaharra dantzatzen, txupinazoren ondoren. Iñigo Uriz, Foku

Javier Lana eta Raquel Ugartondo Lizarrako Herri Dantzen Tailerreko arduradunak dira. Horretaz gainera, larrain dantzari buruzko ikerketa eta dokumentazio lan sakona egina dute. Haiek argi dute zein den larrain dantzaren sorrera data: 1903. urtea. «Batzuek diote larrain dantza XIX. mendean ere egiten zela. Larrain dantza edo gaita dantza ageri da zenbait dokumentutan, baina guk uste dugu horiek larrainean edo gaita doinuarekin egiten ziren dantzak zirela, ez gaur egun ezagutzen dugun koreografia», azaldu du Ugartondok. «Dantza hori Alfontso XIII.a erregearen bisitarako prestatu zuten».

1903ko abuztuaren 27an orduko Espainiako erregeak bisita egin behar zuen Lizarrara; azkenik bi egun beranduago ailegatu zen. Aurretik hasi ziren prestalanak; tartean, dantzarenak. Modesto Iribas mediku liberalak paratu zuen martxan ekitaldia. Folklorezalea izaki, Demetrio Romano gaitariarengana jo zuen dantza prestatzeko. Azpiegiturez ere arduratu zen: «Dantzariek Iribasen etxeko patioan edo bere baratzean entseatu zuten», esan du Lanak.

"Batzuek diote larrain dantza XIX. mendean egiten zela, baina uste dugu ez zela gaur ezagutzen dugun koreografia"

Raquel Ugartondo. Larrain dantzaren ikerlaria

Julian Romano gaitari ezagunaren semea zen Demetrio, eta, dirudienez, aitaren partiturak baliatu zituen zazpi piezaz osatutako suite bat prestatzeko, gaur egun larrain dantza esaten zaiona. «Plazan dantzatzen ziren dantzekin osatu zuten larrain dantza», zehaztu du Ugartondok. Katea, jota, fandangoa, bolerak eta bukaerako kalejira egin zuten orduko hartan. Gerora, balsa gehitu zitzaion, eta dantzen ordena aldatu izan da, baita melodiak ere.

Romanok eta Iribasek hamabi gazte bildu zituzten larrain dantza egiteko: sei neska eta sei mutil. Hilabete izan zuten prestatzeko, eta garaiko egunkarietako kroniken arabera, arrakasta handia izan zuen dantzak. Erregeak 250 pezeta ordaindu zien dantzariei. Ohikoa zen bezala, gauez dantzaldia egin zuten.

Dantzaren gainbehera etorri zen gero, ez dago argi tarteka dantzatzen jarraitu ote zen, 1933. urtera arte. 1929an, Hilario Olazaran kaputxinoak larrain dantzaren partitura ondu zuen, pianorako, eta dantza hura karrikara ateratzeko eskatu zien bizilagunei. Euskal abertzaletasunaren eskutik itzuli zen dantza plazara, Moises Elizaga eta Pello Irujo buru, Eusko Etxean sortutako taldearekin. «Eusko Etxean euskara eta folklorea sustatzen zuten. EAJk, nahiz eta zentzu ideologiko batekin egin, dantza hau bultzatu zuen», kontatu du Lanak. Dantzari haien artean zegoen Francisco Beruete, aurrerantzean Lizarrako folklorea biziberritzen lan handia egin zuena.

"Eusko Etxean euskara sustatzen zuten. Zentzu ideologiko batekin bada ere, EAJk dantza hau bultzatu zuen"

Javier Lana. Larrain dantzaren ikerlaria

Estreinalditik hogei urtera karrikara itzuli zen larrain dantza: El Puyko Andre Mariaren bestetan, 1933ko abuztuaren 25ean. «Diotenez, dantza hastearekin batera Casino Españoleko leihoak itxi zituzten, Eusko Etxearekin zuten lehiarengatik», esan du Lanak. Hiru urte geroago, frankistek euskara eta euskal kultura errotik mozteko erabakia hartu zuten, dantzariei jazarri zitzaizkien eta jantziak kendu zizkieten. Seccion Femenina talde frankistak larrain dantza sartu zuen bere errepertorioan. «Denek baliatu zuten folklorea. Francok ere dantzak erabili zituen bere Espainiaren ikuspegi erregionala zabaltzeko», zehaztu du Lanak.

1944an, larrain dantzaren udal taldea sortu zen, Berueteren gidaritzapean. «Francisco Beruete erreferente kultural bat izan zen Lizarran», esan du Lanak. «Lizarrako folklorearen unerik gorenetako bat izan zen hura, eta toki askotara bidaiatu zuten larrain dantza egitera». Ugartondok azaldu duenez, Beruetek pentsatu zuen hobe zela taldea udaletik ateratzea, udal gobernuarekin zer gerta ere, larrain dantzak aurrera egin zezan. Dantza taldea mendi taldearekin elkartu zuen, beraz, Beruetek. «Euskal nazionalismoari lotuak ziren dantzari batzuk, eta horrek ekar zezakeen arazorik udalean, eskuina baitzen nagusi», pentsatu du Lanak. Horrela sortu zen Larraiza taldea 1966. urtean.

Estitxu Osa
Zubia. Bestetako ohiko dantza da larrain dantza. Irudian, Lizarrako jaiak. Lander F. Arroiabe, Foku

Larrain dantzak zenbait bertsio izan ditu ehun urteko ibilbidean, Ugartondok azaldu duenez: «Une batzuetan puskaren bat kendu zen, ordena aldatu...». 1947ko bideoak ikusita, dantzakeran alde nabarmenak ikus daitezke: «Besoak mugitzeko manera oso ezberdina da, balsean ez dituzte besoak irekitzen, jota ezberdina da... Naturalagoa da». Tito Sanchez dantzariak eta Beruetek aldaketa batzuk ere egin zituztela azaldu du Ugartondok: «Titok kontatu zigunez, lehenbiziko urratsa ezkerrarekin egiten zuten, eta eskuinera aldatu zuten. Edo zubi bat zegoen, eta, azkenak lehenbiziko gelditzen zirenez, bigarren zubia sartu zuten».

Musikak ere izan ditu bertsio bat baino gehiago. Anselmo Elizaga gaitariak 1913an egin zuen larrain dantzaren partitura: balsa sartu zuen, jotaren tonalitatea zehaztu zuen eta zatien ordena aldatu zuen. Esan liteke 2003an ezarri zela gaur egungo dantzatzeko maneraren oinarria, Ibai Ega taldeak eta Lizarrako gaitariek elkarrekin egindako ikus-entzunezko lanarekin: Lizarrako Larraindantza. Hiru mende dantzan. Izan ere, koreografiaren azalpen zehatza egin zuten.

Estitxu Osa
Lehenbiziko aldia. 1903an larrain dantzan aritu zirenen argazkia. ABC

Jantziekin ere berdin. Gizonek jantzi zuri-gorria eraman zuten 1933tik aurrera; emakumeek koloretako gonak, kolore bereko zapia eta atorra zuria. Bestetako espartinak eramaten zituzten denek oinetan. Aurrerago, emakumeek gerruntzea paratu zuten, eta gona ere aldatuz joan zen. Larraiza taldeak, azkenik, jantzi bereziak sortu zituen larrain dantzarako. Hala ere, beste taldeek ez dute jantzi hori erabiltzen. Batzuk zuriz jantzita ateratzen dira dantzara.

Zabalpena

Lizarrako dantza hori Euskal Herri osora zabaldu zen denbora tarte txikian, gaur egun edozein herritako jaietan dantzatzeraino. Lanak uste du zabalpen horren lehenbiziko harria 1951n paratu zela, Duguna ikuskizunarekin. Nafarroako dantzak bildu zituen ikuskizun hark, eta Lizarrakoek larrain dantza plazaratzen zuten. «Iruñekoek dantza ikasi zutenean, lizarratarrak bazter utzi zituzten», kontatu du Lanak.

1970eko hamarkadan zabaltzen hasia zen larrain dantza, baina 1978an etorri zen azkenengo bultzada: Euskal Herriko dantzari eguna egin zuten Iruñean, larrain dantza izan zen plazaratzen azkenengoa, eta nazioko dantzatzat hartu zuten. Hala ere, lizarratar askok ez zuten begi onez ikusi herrialde guzietako dantzariek dantza ikasi nahi izatea. «1982an dantzari egun batean lizarratarrek ez zuten larrain dantza egin nahi guziekin batera baldin bazen. Mamia edo originaltasuna galtzea bezala zen», kontatu du Lanak. Herrialde guzietatik joan ziren Lizarrara dantza ikastera, eta horrek errezeloa sortzen zuen askoren artean. Hala ere, jarrera hori aldatuz joan da.

Orain, Lizarrakoa ez ezik, Euskal Herri osokoa ere bada dantza hori. Bilbon larrain dantza topaketa egiten du Gaztedi dantzari taldeak urtero, eta ohiko dantza da Gasteizko Aihotz plazan. Sanferminetan ere bai: egunero dantzatzen dute Gazteluko plazaren kioskoaren bueltan. «Garesen [Nafarroa] beti gustatu zaie, eta egitarauaren parte zen. Dantza hau hainbeste jai egitarautan ikustea balio erantsia da», kontatu du Lanak.

Estitxu Osa
Berpiztea. Larrain dantza 1934. urtean, Eusko Etxeko taldekoek dantzaturik. LHDT

Folklorea «etengabeko aldaketa» dela defendatu du Lanak, eta larrain dantzaren eboluzioa horren emaitza dela. Modu horretan, larrain dantzari letra paratzea erabaki zuten. Mikel Tabernak egin zituen hitzak, eta ikuskizun batean aurkeztu zuten 2018. urtean.

Hasieran dantza taldeak arduratu ziren larrain dantza suspertzeaz, baina 1950eko hamarkada inguruaz geroztik oso erroturik da Lizarran. Garai hartan dagoeneko egiten zuten gaueko dantza, eta oraindik ere asko dira dantzara animatzen direnak. Hori maite dute Lanak eta Ugartondok. «Ordu txikitako larrain dantzan plaza lepo betetzen da, eta denak sartzen dira dantzara. Hori aberastasun bat da». Azken finean, hori da larrain dantza: plazan egiten ziren dantzetatik abiatuta sortu zena, plazan urtuta eta zabalduta.

Bihar: Herri bat dantzan (III): Lekeitioko kaxarranka.

 

 

 

 

 

Serie honetako beste atal batzuk