Euskal herriko kirolguneak

Artaleku. Bidasoa taldea eta haren zaleak batzen diren gunea da 1987az geroztik; bi adar horien arteko lotura indartu egin da sasoien poderioz. Han batu dira, garai onetan eta txarretan: «Zerbait berezia du».

Loriaren gotorlekua da





Ez besaulki garestirik, ez markagailu distiratsurik. Eraikin gisa, Artaleku nekez bereiz daiteke ohiko eskubaloi kantxetatik. Maila oneko talde batek erabili ohi duen pistatik, alegia: 2.000 lagun eskasek dute harmailetan esertzeko aukera. «Artaleku, hutsik, instalazio soil bat da: adreilua eta pintura. Jendeak egiten du berezi, Bidasoarekiko sentimenduak».

Kolore batzuekiko grinak berotzen du porlanaren hotza. Irungo (Gipuzkoa) bihotzean egonik, sentipenak arte bilakatzen diren lekua da Artaleku: «Espiritua du toki honek». Ernesto Ezamak egin ditu adierazpen horiek, eta badaki zerbait gaiaz. Hura da Bidasoa Eskubaloi Klubaren etxea zaintzen duten kideetako bat; 1988az geroztik ari da lantegi horretan, eta era guztietako bizipenak bildu ditu han. Hain justu, Bidasoak sasoi bat lehenago egin zuen Urantzu frontoitik Artalekurako bidea, eta Ezamak esan du aldaketa hori «funtsezkoa» izan zela kluba biziberritzeko: «Jauzi ikaragarria izan zen. Lortu duten guztia hemen lortu dute».

Artaleku
Artaleku pabiloiko kirol gunea. Andoni Canellada, Foku

Eraikin bizia da Artaleku, koloretsua. Baditu aulki laranja batzuk, baina horiak eta urdinak dira gehienak. Haietxek dira klubaren koloreak, eta haiek bizitzen dituzte harmailak. Zaleen sentimendua orro bidez azaleratzen da Irunen, eta jarraitzaileen eta jokalarien arteko loturatik ailegatu dira irundarren lorpenik sonatuenak.

Batik bat, bidasotarrek Artalekun dastatu dute loria: «Garaiak aldatzen ari ziren, eta Urantzu zaharkituta geratu zen. Ligako lehen garaikurra eta lekualdatzea garai berekoak dira. Kluba kirolaren exijentziara egokitzeko hautua izan zen, eta oso ondo egin zen». Juantxo Villarrealen (Errenteria, Gipuzkoa, 1947) esanak oso kontuan hartzekoak dira Bidasoaz aritzean. Ez alferrik, bera izan baitzen hori-urdinen garaikur guztiak bildu zituen entrenatzailea.

Villarrealeak 22 urte egin zituen Artalekuko etxekoen aulkian —1975 eta 1997 artean—, eta ondo ezagutzen ditu jokalekuaren zirrikitu guztiak: «Kantxa egokia da jokatzeko, etxekoentzat bereziki. Izan ere, zaleak gain-gainean daude, harmaila bertikalak dituelako. Gainontzean ere egokia da, baina ez du bereizgarri nabarmenik». 40 metro luze da, 20 zabal, eta bi ate ditu. Gainontzeko guztiak bezalakoxea da, alegia.

Juantxo Villarreal
Juantxo Villarreal, Bidasoako entrenatzaile izandakoa. Erik Gartzia, Gipuzkoako Hitza


Villarrealen eta Ezamaren arabera, jokalekua biltzen duenak ematen dio zentzua Bidasoaren gotorlekuari, eta elkar elikatzen dute bi arloek. Hala zehaztu du teknikari izandakoak: «Taldeak prestasuna erakusten badu, ikusleak berehala erantzun ohi du. Elkarreragin horretan du sorburua; taldeak beti jardun izan du oso leial, eta publikoak eskertu egin du».

"Kantxa egokia da jokatzeko. Batez ere, etxeko taldearentzat. Zaleak gain-gainean daude, harmailengatik"

Juantxo Villarreal. Bidasoa taldeko entrenatzaile ohia

 

Villarrealek orain urte batzuk Artalekun bizi izandako pasarte bat ekarri du hizpidera. Beñardo Garcia presidente ohiak galdetu zion ea zer iruditu zitzaion amaitu berri zen partida bat: «Erantzun nion: 'Ikusi besterik ez duzu jendea zer gustura dagoen, nolako irribarrea duten. Hor behean [pistan] egiten ari direnak esanahi handia duelako da'. Ondo gogoan dut sentipen hori».

Artaleku «historiaren zati» dela gaineratu du Ezamak. Bidasoak egun gogoangarriak izan ditu han. Lehendabiziko aldietatik, gainera. Estreinako denboraldian, modu epikoan eskuratu zuten ligako garaikurra. Irungo partida amaituta, Bartzelonaren emaitzaren zain geratu ziren zaleak, jokalariak eta klubeko ordezkariak, zirkinik ere egin gabe. Harik eta, aldeko emaitza tarteko, festa piztu zen arte. Villarrealek ondo gogoan ditu ordukoak: «Ordukoa dut oroitzapenik onena. Gehiena aztoratzen nauen sentipena da».

"Artaleku, hutsik dela, instalazio soila da: adreilua eta pintura. Jendeak egiten du berezi, sentimenduak"

Ernesto Ezama. Artalekuko mantentze teknikaria

 

Entrenatzaile ohiak Europako Kopako lorpena ere azpimarratu du. Ordukoan ere, zeresan berezia izan zuen Irungo giroak. Han jokatu zen Zagreben aurkako finaleko joaneko neurketa, eta, hasieran, kosta egin zitzaion etxeko taldeari. Atsedenaldiko berdinketaren ondotik (12-12), bigarren zatian zaleek izugarri hauspotu zuten multzoa, 30-20 irabazteraino. Artalekuko giroa funtsezkoa izan zen garaikurra Kroaziatik etxera ekartzeko.

«Gaur egun, lan gehiago»

Urrezko aroa izan zen hura bidasotarrentzat. Orduz geroztik «era guztietakoak» izan dituztela oroitu du Ezamak: «Onak gehienak, baina bestelakoak ere bai. Guk, geure lanarengatik, neutralak izan beharko genuke, baina ezinezkoa da, egiten dituzun harremanengatik». Mantentze teknikariak mailari eusteko faseak, Errege eguneko nazioarteko txapelketak eta lorpen handiak azpimarratu ditu.

Ernesto Erezuma
Ernesto Erezuma, . Andoni Canellada, Foku

Egun, esne mamitan dago Bidasoa. Asobal ligan aise, eta Europan bidaiari, horrek lana gehitzen die Ernestori eta haren lankideei: «Lehen errazagoa zen. Orain, dena profesionalizatua dago: EHFko delegatuak, telebistak, publizitatea, aurkaria.... Horrenbeste urtean aritzeak lagundu egiten du, baina zaildu egiten da. Pentsa, pistako tapaki urdina jarri eta kendu aritzen gara».

Dena den, «lanak merezi du» Ezamaren esanetan, «bizi osoa» egin baitu horretan: «Kanpotik datozenek argazki pila bat ateratzen dizkiote. Badu zerbait: Artakeluko izpiritua deitzen dioten hori».