Euskal herriko kirolguneak

Donostiako belodromoa. Kirolarekin loturarik ez duten ekitaldi kultural eta politikoak eta aisialdi jarduerak hartu ditu 1965az geroztik. Toki bizia bilakatu da denborarekin, eta horrek eragina izan du kirolaren jarraitutasunean.

Izenekoa baino gehiago

Izena izana izan daiteke, eta izana, izena baino gehiago. Belodromo bat txirrindularitzarako tokia da definizioz, baina Donostiakoak bestelako jarduera ugari bildu ditu zabaldu zutenez geroztik. Pistako txirrindularitzatik harago, atletismoak pisu handia du kirolgune horren egunerokoan, eta herri kiroletan eta arraun ergometroan ere zenbait marka hautsi dituzte han, Euskadiko Sei Orduen barruan. Gimnasia erritmikoa ere egin izan dute.
Haatik, askoz handiagoa da Antonio Elorza belodromoko jarduna, kirolez haragoko makina bat ekitaldi egin baitituzte leku horretan. Kultur arlokoak asko; bertsolari txapelketetako saioak, zine emanaldiak, maila handiko kontzertuak eta abar. Kolore ezberdinetako alderdi politikoen mitinak ere, dozenaka.

Estitxu Osa
Donostiako belodromoa. Andoni Canellada, Foku



Belodromoak, ordea, txirrindularitzan du sorburua. 1965ean eraiki zuten, artean estalkirik gabe, pistako txirrindularitzako Munduko Txapelketarako, eta 2005ean jarri zioten Elorza bultzatzailearen izena.

Sorreratik, makina bat pedalkada eman dituzte belodromoan. Tartean, Leire Olaberria txirrindulari ohia (Ikaztegieta, Gipuzkoa, 1977). Olinpiar medailadunak ondo gogoan ditu pedalkada haiek: «Oroitzapen onak ditut, eta txarrak ere asko. Anoetako belodromoari esker hasi nintzen pistako txirrindularitzan, baina egia da nahiko belodromo berezia dela».

Olaberriaren esanetan, zementuzkoa izateak eta dituen neurriek ohiz kanpokoa bihurtzen dute Donostiako txirrindularitza gune nagusia: «Teknikoki, Anoetan ondo moldatuz gero, ondo moldatu zaitezke munduko edozein belodromotan. Esaterako, peralte bortitzak ditu, eta neguko baldintza gogorrak oroitzen ditut, hotza eta».

"Anoetako belodromoari esker hasi nintzen pistan, baina egia da nahiko belodromo berezia dela"

Leire Olaberria. Txirrindulari ohia


Ikaztegietakoak azaldu du leku «egokia» dela euritik babesteko eta lehendabiziko entrenamenduak egiteko, baina goi mailarako ez du balekotzat jo: «Horrexegatik, lehiatu behar nintzen tokien antzekoak bilatzen nituen: egurrezkoak eta distantzia ofizialekoak».

 

Estitxu Osa
Leire Olaberria Donostiako Belodromoan hasi zen pistan. Gorka Rubio, Foku



Txirrindularitzarako ez, baina atletismorako leku «homologatua» da Donostiako belodromoa. Hala esan du Ramon Cid atleta eta entrenatzaileak (Donostia, 1954). Cidek adierazi du, lehenik eta behin, kirolarientzat «luxua» dela halako kirolgune bat eskura edukitzea.

Atletismorako pista berria du, eta goi mailarako egokia dela adierazi du prestatzaile donostiarrak: «Nazioarteko edozein txapelketa har dezake. Pistak 200 metro ditu, sei kale, eta trazatu ona. Tartan berria du, erortzeko guneak, koltxonetak... Europako Txapelketa antolatzeko adinako edukiera ere badu, lasai asko. Lehiarako ezaugarri onak ditu».

Ordea, bestelako gaiei ere erreparatu die Cidek. Gimnasio egoki bat behar du «perfektua izateko», goi mailako kirolarien beharretara egokitutakoa, eta gaineratu du kirolaz gaindiko zenbait ekitalditarako ixteak oztopatu egiten duela kirolarien jarduna: «Batzuetan ulergarria da, beste batzuetan ez horrenbeste, baina abisatu gabe ixteak, edo kirolarekin zerikusirik ez duten gauzak antolatzeak kalte egin izan digu batzuetan. Baina, tira, atletismo instalazio bikaina da».

Goi mailako topaketak

Anoetako belodromoak Munduko Txapelketa bat izan zuen abiapuntu. Orain 57 urteko txapelketa hartatik, baina, goi mailako zenbait topaketa egin dituzte han. Cidek ere «bizitza osoa» eman du eraikin horren jiran: «Ikusi nuen txapelketa hura, aire zabalean egin zena, eta gerora izan duen bilakaera. Donostiaren bihotzetako bat da, hiria hari esker pilpiratu baita: kirolarekin, kontzertuekin, mitin politikoekin...».

Cidek ondo gogoan du 1977ko Europako Atletismo Txapelketa ere. Ez alferrik, parte hartzaile izan zen. Jauzi hirukoitzean aritu zen, eta esan du «garai hartako atletarik onenak» bildu zirela Anoetan. Orduan, eta geroago ere, makina bat izar aritu dira Donostian: Sebastian Coe, Irina Privalova, Sergei Bubka, Carl Lewis...

"Donostiaren bihotzetako bat da, hiria hari esker pilpiratu baita: kirolean, musikan, mitinetan..."

Ramon Cid. Atleten entrenatzailea



Bizikletako txapelketen artean, Euskadiko Sei Orduek itzal luzea utzi dute belodromoan. Pistako txirrindulari onentsuenak batu dituen proba hori 1979. eta 2008. urteen artean jokatu zen, eta goi mailako ziklista andana aritu zen urte haietan: Urs Freuler eta Joop Zoetemelk, Gianni Bugno, Mario Cipollini, Abraham Olano eta beste asko.

Herri kiroletan ere sonatua izan zen jaialdi hori. Belodromoan lortu zituzten garai hartako zenbait marka; Iñaki Perurenak lortu zituen, batik bat. Leitzarrak 300 kiloko harria jaso zuen 1987an egitarau horren barruan; urtebete geroago, 305ekoa Sei Orduetan kale eginda, bi aste geroago itzuli zen belodromora—; 2003an, berriz, maila aldiz altxa zuen 100 kiloko zilindroa —zortzi arroakoa— bost ordu eta lau minutuan.

 

Estitxu Osa
Ramon Cid, entrenatzailea. Ramon Cid



Aldian aldiko lorpen horiek distira gehitu diote belodromoari. Ordea, eguneroko jardunak ematen dio bizia eraikinari. Eraberritu baten beharrean dago belodromoa,Olaberriaren esanetan: «Errendimendu handia atera zaio, baina zerbait hobea merezi delakoan nago. Ez dut informazio askorik, baina, dirutza izugarririk gastatu gabe, eredu txukunak badaude munduan».