Euskal herriko kirolguneak

Gernikako Jai Alai pilotalekua.

Zesta-puntaren etxea da. Harrizkoak ditu frontisa eta errebotea, zoru ederra du ere bai, eta bikain ikus daiteke kantxa harmailako edozein tokitatik. Puntista gehienak ados daude: «Bakarra da».

Hitz egiten duen frontoia

Euskal kirol bat munduan barrena zabaldu bada, zesta-punta izan da. Hala ere, ez ditu inoiz galdu sustraiak. Oso argi izan du beti non duen etxea. Eta etxe kutunik badu, Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekua du (Bizkaia). Bere katedrala da.

«Frontoi onena da», dio Gonzalo Beaskoetxea puntista izandakoak (Gernika-Lumo, 1957). Eraikinaren ingurukoei erreparatu die lehenbizi. Oso jantzia da horretan; hamaika biltzarretan hitz egin du Gernikako pilotalekuaren inguruan. «Secundino Zuazo bilbotarrak diseinatu zuen. XX. mendeko arkitekto ezagunenetako bat izan zen. 1962an hasi ziren hura eraikitzen, eta urtebetera amaitu zuten, 1963an. Arkitektura modernoaren eredurik onena da, baita XX. mendeko Europako kirol eraikuntza garrantzitsuenetako bat ere; maisulana da», azaldu du. Ez dio hark bakarrik, baita Docomomo Iberiar Fundazioak ere. Horregatik izendatu zuen Eusko Jaurlaritzako Kultur Sailak Kultur Ondare, 2012an.

Elixabete Garmendia 'Carlos Garaikoetxea.
Gonzalo Beaskoetxea, puntista izandakoa, Jai Alaiko pilotarien inguruan idatzitako liburuarekin. Oihana Cabello, Busturialdeko Hitza

Azaldu duenez, herriak izan duen hirugarren pilotalekua da. «1853an eraiki zuten lehena; ezkerparetako aurrenekoetako bat izan zen. 1925ean eraiki zuten bigarren pilotalekua, baina txikituta geratu zen Gernikako bonbardaketan. 25 urtez itxaron behar izan genuen frontoi berriaren lehen lanak hasteko».
 

25 milioi pezeta inguru ordaindu zituzten frontoi berria egiteko (150.000 euro), eta hura finantzatzeko mila pezetako (sei euro) milaka akzio saldu zituzten Gernikan eta inguruetan. Herritar askok erosi zituzten akzio horiek, eta, Beaskoetxearen ustez, «ahalegin kolektibo» horrek handitu egin zuen «frontoiaren inguruko atxikimendua». «Oso gurea dela sentitu behar dugu», nabarmendu du harro.

Oso argi du: «Zuazok frontoirik onena eta berritzaileena eraiki nahi bazuen, bete-betean asmatu zuen». Segituan hasi da haren berezitasunak nabarmentzen: «Berezien egiten duena da harrizkoa dela: bakarra da, ez dago halako beste frontoirik». Frontisa eta errebotea Markina-Xemeindik (Bizkaia) ekarritako harlauza beltzez eginda daude, eta ohi baino lodiagoak dira, 22 zentimetrokoak. Apropos egin zuen Zuazok. «Pilotak soinu ezberdina egiten du pareta jotzen duenean; badirudi pilotariari hitz egiten diola, kantatu egiten diola. Soinu ederra da, eta bakarra». Lurra ere berezia da. «Betoikoa da, eta lurretik metro bat gorago dago, hezetasuna saihesteko. Horri esker, botea perfektua da».
 

"Pilotak soinu ezberdina egiten du pareta jotzen duenean. Soinu ederra da, eta bakarra»"

Gonzalo Beaskoetxea. Puntista ohia

 

Dioenez, kantxa da «frontoiaren altxorra», baina harmailak «ikusgarriak» dira ere bai. «2.000 lagun sartzen dira, eta berdin dio non eseri, toki guztietatik ikusten baita ezin hobeto kantxa. Horren arrazoia da ez dagoela zutabe bakar bat ere eserlekuen aurrean. Sentipena da goiko harmailak zintzilik daudela. Gainera, sabaian, argizagi handi batzuk daude, ahalik eta argi natural gehien sar dadin; horiei esker, kantxak argitasun bikaina du, eta ez du horrenbesteko energia kontsumitzen». Haren ustez, Zuazo «hogei bat urte» zegoen «aurreratua» haren garaira. «Sinestezina da 1963an halako obra bat egin izana».

Ederra bezain exijentea

Ibilbide luzea egin zuen Beaskoetxeak, eta, tartean, urte askoan jokatu zuen AEBetan. Baina, dioenez, inon gozatzen bazuen, etxean gozatzen zuen. «Frontoi pila batetan jokatu dut, baina Gernikakoa da onena, bereziena. Eta ez diot hori bakarrik gernikarra naizelako, eta etxekoa dudalako. Bakarra da. Ez du parekorik. AEBetan jokatzen nuenean ere hona etorri nahi izaten nuen».

Estitxu Osa
Xabi Barandika, Gernikako Jai Alai pilotalekuan. Marisol Ramirez, Foku

Ez du ahaztu zer sentitu zuen hura lehen aldiz zapaldu zuenean. «Haren ondoan bizi nintzen, eta, egun batean, sartu egin nintzen. Zerbait magikoa sentitu nuen: saskien eta piloten usaina zen. Puntista batzuk ari ziren entrenatzen, eta katigatuta geratu nintzen. Ez nuen pentsatzen halako zerbait existitu zitekeenik. Ordutik ez naiz atera frontoitik. Mende erdi daramat».

25 urte daramatza Gernikako frontoiaren bueltan Xabi Barandika puntistak (Gernika-Lumo, 1990). «Hemen hazi naiz. Bi urterekin jada hona etortzen nintzen, osaba ikustera. 7 urterekin hasi nintzen, eta 32 ditut orain. Lagun pila bat egin ditut, eta ofizio hau ikasi dut».

"Beste frontoi batzuetan, nola edo hala estal ditzakezu gabeziak, baina hemen, ez"

Xabi Barandika. Puntista

 

Ados daude Beaskoetxea eta Barandika: frontoi eder bezain «exijentea» da. «Frontoi honek biluztu egiten zaitu, ahulezia guztiak azaleratzen dizkizu; pilotaria izan beharra dago, abila, plazagizona. Edozeinek ezin du arrakasta izan Gernikan», dio Beaskoetxeak. «Beste frontoiak baino handiagoa eta zabalagoa da [57,36 metro luze da, eta 11 metro zabal]. Indarra behar da hemen jokatzeko, eta ez baduzu, segituan geratzen zara nabarmen. Beste frontoi batzuetan nola edo hala estal ditzakezu gabeziak, baina hemen, ez», gaineratu du Barandikak.

Zailtasunak zailtasun, biek aitortu dute «gozamena» dela bertan jokatzea. «Lotsagabea nintzen ni; izugarri gustatzen zitzaidan hemen jokatzea», aitortu du Beaskoetxeak. Barandika ere beste frontoietan baino «gogotsuago» aritzen da. «Oso motibatuta jokatzen dut. Nire etxea da, baita zesta-puntarena ere».