Euskal herriko kirolguneak

Hiru Erregeen Mahaia. Nafarroako Pirinioetan dago, eta 2.444 metro garai da. Historiak, kokapenak eta izenak egiten du berezi. Urtean 4.000 mendizale baino gehiago joaten dira hara, gailurra zapaltzeko asmoz.

Euskal mendizaleen ikur





Euskal mendizaleen artean eta, oro har, euskal herritarren artean mendi ezagunik bada Euskal Herrian, hori Hiru Erregeen Mahaia da (Pirinioak, Nafarroa, 2.444 metro). Urtean milaka mendizale joaten dira hara, gehienak euskal herritarrak, hango gailurrean dauden Frantzisko Xabierkoaren metalezko irudia eta Xabierko Gazteluaren itxura duen buzoia bisitatzeko asmoz.
 

Hiru Erregeen Mahaia
Frantzisko Xabierkoaren metalezko irudia. Maider Agirre

Historiak kontatzen duenez, hango gailurrean elkartzen ziren Nafarroako, Aragoiko (Espainia) eta Bearnoko (Frantzia) erregeak, lur eremuen berri izateko eta tratuak egiteko. Hortik dator Hiru Erregeen Mahaia izena. Hara igotzeko hiru bide daude: Laskun ibarretik igotzen dena (Biarno, Frantzia), Belaguatik igotzen dena (Nafarroa) eta Anso ibarreko Linzako aterpetxetik abiatzen dena (Aragoi, Espainia), denetan ezagunena. Benito Odriozola Beni da Linzako aterpetxeko zaindaria azken 25 urteetan (Azkoitia, Gipuzkoa, 1968). 1989an eraiki zuen Ansoko Udalak aterpetxe hori, eta gaur egun ohikoa da han geldialdi bat egitea gailurretik jaistean. «Lehen, Azpeitian, Etxezuri taberna izan nuen beste bazkide batekin, eta, bi astean behin, Linzako aterpetxera joaten nintzen egonaldi batzuk egitera. Orduan, asko ibiltzen nintzen mendian, eta beti izaten nuen mendian bizitzeko gogoa. Egonaldi haietako batean, lehen aterpetxea kudeatzen zutenek aipatu zidaten utzi egingo zutela, eta hartzea erabaki genuen». Geroztik, Hiru Erregeen Mahaia mendiaren oinarrizko kanpalekuan dihardu lanean Odriozolak. «Niretzat, dena da Hiru Erregeen Mahaia. Gure mendirik garaiena izateaz gain, denontzat elkargune baten moduan ikusi izan dut mendi hau».
 

Benito OdriozolaBenito Odriozola, Linzako aterpetxeko zaindaria. Maider Agirre

Euskal mendizaletasunak azken urteetan izan duen bilakaeraren ikurretako bat da Hiru Erregeen Mahaia mendia. Urtero, 4.000 mendizale baino gehiago joaten dira, gailurra zapaltzeko asmoz. Aldaketarik nabariena, halere, emakumeen presentzia izan da. «Lehen, gizonezkoak izaten ziren gehienak. Orain, berriz, asko handitu da emakumeen presentzia Hiru Erregeen Mahaian», azpimarratu du Odriozolak. Alderaketengatik galdetuta, argi dauka: «Lehengo mendizaleek mendia maite zuten. Orain, askotan, batzuei esan behar izaten diet abiatu ere ez egiteko. Askok ez dakite nora doazen ere. Ez da mendi arriskutsua, baina kontuz ibiltzea eskatzen du». Aterpetxean daramatzan urte hauetan guztietan jende ezagun ugari ikusi du Hiru Erregeen Mahaia mendirako bidean. «Euskal herritarren mendirik kutunena dela esango nuke. Hemen daramatzadan urteetan, jende ezagun asko ikusi izan dut gailurrera igotzen; besteak beste, Juan Jose Ibarretxe, Ane Igartiburu, Juanito Oiartzabal, Iñurrategi anaiak eta Marino Lejarreta». Halere, pertsona bat gogoratzen du bereziki: Iñaki Otxoa de Olza alpinista. «Asko maite zuen mendi hau. Gaur egun, oso ohikoa da gailurrera korrika igotzea eta handik korrika jaistea. Baina, orain dela urte asko, hark askotan egiten zuen hori. Bi ordu eta erdi inguruan egiten zuen joan-etorria».
 

 

Odriozola bera ere askotan igo izan da gailurrera. Udan, lanez gainezka egoten da Linzako aterpetxea, eta udazkenean eta neguan joatea du gogokoen. «Orduan izaten dugu lan gutxien, eta lasaiago ibiltzen gara mendian. Nahiz eta azkenaldian gutxiago igo izan naizen, garai horietan ere ederra da Hiru Erregeen Mahaia». Erretiroko urteak bete arte egoteko kontratua sinatu zuen orain gutxi. Oraindik ez dakienez urte horiekin hartuko duen erretiroa, kontratu hori beste bost urtez luzatzeko aukera izango du. Odriozolak argi du: «Zorte handia dut, urteko egun gehienak Hiru Erregeen Mahaiaren inguruan igarotzen ditudalako. Ezin nuen leku hoberik aukeratu horretarako».

"Askok ez dakite nora doazen ere. Ez da mendi arriskutsua, baina kontuz ibiltzea eskatzen du"

Benito Odriozola. Linzako aterpetxeko zaindaria


Korrikalarien esperientzia


Sarah Ugarte (Donostia, 1986) orain bost urte inguru hasi zen mendi lasterketetan lehiatzen, eta hainbat aldiz igo izan du Hiru Erregeen Mahaia. Baina mendian korrika hasi baino lehen, hainbatetan igo zuen. «Izugarri maite dudan mendia da. Agian, nire lehen bimilakoa izan zelako izango da. 14 urterekin igo nintzen lehenbizikoz, eta oso-oso oroitzapen onak ditut igoera hartaz. Geroztik, ikur bat bilakatu da niretzat».
 

 

Sarah Ugarte
Sarah Ugarte, mendi lasterkaria. Juan Carlos Ruiz, Foku

Euskal Herritik kanpo mendian asko ibilitakoa den arren, bereziki maite duen gailurra da. Omenaldi gisara, uztailaren 9an, erronka berri bat egin zuen Ugartek Hiru Erregeen Mahaia ardatz hartuta. Gaur egun bizitoki duen Tolosatik (Gipuzkoa) abiatu zen bizikletaz Etxarri-Aranatzera (Nafarroa). Han, Beriain mendia igo zuen (Andia mendikatea, Nafarroa, 1.494 metro), eta berriro ere bizikleta hartu, eta Linzako aterpetxera joan zen. Berriro ere oinetakoak aldatu ondoren, Hiru Erregeen Mahaia mendiko bideari ekin zion donostiarrak. Gailurra zapaldu, eta aterpetxean eman zion amaiera erronkari. Orotara, 14 ordu eta 32 minutu behar izan zituen. «Oso gogorra izan zen erronka».

"14 urterekin igo nuen lehenbizikoz. Oso-oso oroitzapen ona dut. Geroztik, ikur bat bihurtu da niretzat"

Sarah Ugarte. Mendi korrikalaria

 

Hainbat euskal mendizalerentzat bezala, Ugarterentzat ere Pirinioetako mendirik gustukoena da Erronkariko ipar-ekialdean kokatzen den gailurra. «Dena du berezia mendi honek: historia, izena, kokapena, Euskal Herriko mendirik garaiena izatea... Horregatik maite dugu hainbeste», nabarmendu du Ugartek.