Euskal herriko kirolguneak

Jean Dauger estadioa. Euskal Herriko errugbi zelairik ezagunena da, eta Baionako Aviron taldeak jokatzen du bertan. Abendurako amaituko dira estadioa zaharberritzeko lanak: 27 miloi euroko aurrekontua izan dute.

Herriaren topaleku

Ipar Euskal Herriko kirolik garrantzitsuena da errugbia. Alde handiz, gainera. Hegoaldean futbola dena Iparraldean errugbia da. Baiona eta Miarritze dira erreferentziazko taldeak, eta Jean Dauger eta Aguilera gune nagusiak. Historia luze eta mamitsua du Jean Daugerrek. Errugbiari lotua bereziki, baina zeresana eman duten beste kirol eta arlo batzuetako ekitaldiak hartutakoa ere bada. Baiona hiriko bihotzean dagoen gune neuralgikoa da.

«Baionako jendea elkartzeko gune nagusietako bat da Jean Dauger. Errugbia ikusi nahi dutenak ez ezik familiak ere elkartzeko tokia izan ohi da. Kirol biziki herrikoia baita errugbia», esan du Xexili Foixek (Baiona, 1972). Gaztetatik da Baiona errugbi taldearen zalea, eta 20 urte daramatza Peña Baionan: elkarteko idazkaria eta administrazio kontseiluko kidea da. «Oso giro sanoa eta herrikoia sortzen da Jean Daugerren. Errugbiak toki handia du hiriaren eguneroko bizian». Ipar harmailan esertzen da Foix.

"Giroa asko hobetu da, lanak egin aurretik zelaia eta harmaila oso urrun baitzeuden bata bestetik"

Asier Altuna. Baionako jokalari ohia



«Estadioa hiriaren erdigunean dago. Hori ez da batere ohikoa. Baiona txikia bertan dago, eta horrek eragin zuzena dauka zelai barruko giroan». Jean Daugerren berezitasun hori nabarmendu du Asier Altunak (Donostia, 1968). 1989tik 2001era Baionako jokalari izan zen, eta, azken urte luzeetan Baionako Herriko Etxearentzat lan egiteaz gain, taldeko etxeko partidetan ligako epaileei laguntzeaz arduratzen da.

Saint-Leon izenez eraiki zen, 1935ean, gaur egun Jean Dauger esaten zaion estadioa; dena den, lanak ez ziren erabat amaitu 1939ra arte. Harmaila nagusiaren begiradapean zeuden orduan errugbi zelaia, atletismoko pista eta belodromoa. Beste hainbat tokitan aritu eta gero, Baionako Aviron eta hiriko beste taldea, ASB, orduko Saint Leonera lekualdatu ziren. ASB aurrena, Aviron beranduago, 1941ean.

Ordutik gaur egun arte, moldatze ugari egin dizkiote estadioari. Errugbiaren gorakadak eta profesionalizazioak bultzatuta, 1999an kendu zuten belodromoa, eta 2010ean atletismoko pista. 2001ean aldatu zioten izena, Avironeko mitoetako bat omentze aldera. «Egungo estadioak zerikusi gutxi du nik 1989an ezagutu nuenarekin. Aldaketa horiei esker, giroa asko hobetu da, lanak egin aurretik zelaia eta harmaila oso urrun baitzeuden bata bestetik. Esan ohi da Frantziako ligako girorik onena hemen sortzen dela», azaldu du Altunak. Giroa aipatuta, Jean Daugerren dagoenean sentitzen duena azaleratu nahi izan du Foixek. «Poz kolektibo bat sentitzen dut. Zerbait magikoa da bertan sortzen dena». Pandemiako lehen hilabeteetan estadiora joatearen falta sumatu zuen, baita uda honetan ere. «Badut gogoa aurki etxean jokatuko dugun lagunarteko partidara joateko. Berriro ere denak elkartuko gara Top14ra itzuli den gure taldea ikusi eta animatzeko».

 

Estitxu Osa
Jean Dauger estadioko obrak. Bob Edme



Oroitzapenen zorroa betea dute batak zein besteak. Altuna hasi da: «Toulonen aurka jokatu genuen partida bat da nire oroitzapenik onena. Oso partida ona egin zuen taldeak, eta asteko jokalari onenen zerrendan sartu ninduten ni. Oraindik ere, noizbehinka, partida hartan egin nituen bizpahiru jokaldi gogorarazten dizkidate kaletik». Bat aukeratzea ezinezkoa da Foixentzat: «Derbietako garaipenak, talde handien aurkako partidak edo azkenaldian hemen jokatu diren kanporaketak. Beti da polita eta berezia Jean Daugerrera joatea».

Errugbitik kanpo ere historia «handia» du estadioak, Altunak dioenez. «Garai batean, Baionan antolatzen ziren gauza ia guztiak Jean Daugerren egiten ziren: dantzari egunak, atletismoko txapelketak... Pentsa, Frantziako Tourra Baionan amaitzen zenean, Jean Daugerreko belodromoan izaten zen helmuga!». 1938 eta 1968 artean zortzi aldiz amaitu zen munduko lasterketa garrantzitsuena bertako belodromoan, eta euskal ziklista batek ere irabazi zuen han behin: Marcel Queheille zuberotarra izan zen, 1959an, Bordele eta Baiona lotu zituen etapan. Hura da Tourrean etapa irabazi duen Ipar Euskal Herriko azken txirrindularia.

AB Etxea egitasmoa

Urteen poderioz, eta egindako lanen etengabeko behin-behinekotasunagatik, oso zaharkituta geratu zen Jean Dauger. Hala, Baionako Herriko Etxearen laguntzarekin, 27 milioi euroko aurrekontua zuen AB etxea proiektua onartu zuten, estadioa berritu eta hiriko klubentzat erabilgarria izango zen formakuntza zentro bat eraikitzeko. «Ea bigarren partidarako dena amaituta dagoen. Itxura ederra du zelaiak», azaldu du Peña Baionako idazkariak. Horrelako zaharberritze baten «beharra» bazuela uste du Altunak: «Baldintza eskasetan zegoen. Profesionalizazioaren exijentziari erantzun ahal izateko, nahitaezkoak ziren lan hauek». Hego harmaila irailean amaitzea da asmoa, eta alboan dagoen formakuntza zentroa urtea amaitu aurretik prest egotea espero da.

"Oso giro sano eta herrikoia sortzen da zelaian. Errugbiak toki handia du hiriaren egunerokoan"

Xexili Foix . Baionaren zalea



Irailaren 10ean jokatuko du Baionak denboraldiko lehen partida etxean, Racing 92 taldearen aurka. Altunak eta Foixek ez dute huts egingo. «Asteburuero bete egiten da zelaia. Are gehiago Top14an. Estadioaren bultzada hori ere beharko du taldeak», esan du Altunak. «Aurreko denboraldian ez bezala, aurten larunbatetan jokatuko dugu. Ea horri esker, pandemia aurretik bezala, Hego Euskal Herriko jendea Baionaren partidetara etortzen den berriro ere», gaineratu du Foixek. Errugbizaleen etxea ez ezik, herriaren etxea ere bada Jean Dauger.

Estitxu Osa
Zaleak Jean Dauger estadioan. Guillaume Fauveau