Euskal herriko kirolguneak

Mendizorrotza kiroldegia. Kirola eta kultura. Saskibaloia eta musika, nagusiki. Baskonia, Araski... eta Gasteizko jazzaldia. 53 urteko eraikina xarmagarri bilakatu da urteen joanean, eta sinbolo bat ere bada.

Epikoa eta lirikoa

Garai bateko etxea, ate guztiak irekita edukitzen zituzten horietakoa. Sartu barrura, eseri lasai, eta etxean bezala. Besoak zabalik dauzka Mendizorrotza kiroldegiak. Bertan sartzen dena harrapatu egiten du. Badu berezitik, eta, urteen joanarekin, magikotik ere bai. Behin ezagutuz gero, bigarrenez joateko gogoa ematen du. Abegikorra. Gozoa. Gasteizko hotzari epela ematen dioten lekuetako bat.

Estitxu Osa
Iñaki Garaialde Mendizorrotzan. Berria.

Saskibaloiak eta hiriko jazzaldi ezagunak eman diote distira. 50 urtetik gora dauzka: 53 aurten beteak. 1969an eraiki zuten, eta hor segitzen du. Orduan bezala segitu ere. «Jokalari nintzenean, bazuen usain berezi bat, eta oraindik ere ez du galdu», esan du Iñaki Garaialde Baskoniako jokalari ohiak (Gasteiz, 1957). Etxetzat hartu zuen, eta etxetzat dauka. Made Urieta Araskiko entrenatzailearentzat ere (Amurrio, Araba, 1981) etxea da, leku kuttun pare bat eta guzti: «Gustatzen zait lasai eserita egotea aulkietan, harmailan. Bi toki dauzkat. Entrenamenduren bat badago, batean esertzen naiz, eta ez badago, beste batean, baina beti bi leku horietan». Lasaitasun bila hartzen du jarleku.
 

"Jokalari nintzenean, kiroldegiak bazuen usain berezi bat, eta oraindik ere ez du galdu"

Iñaki Garaialde. Baskoniako jokalari ohia

Baliteke musikaren doinuak entzutea trankilaldi horretan. Jazz hotsak. Barruan baitaude, behin jo eta sekula hil gabe, bizi-bizirik. 1978an hartu zuen lehendabiziko aldiz jazzaldi ezaguna. Barruan dagoen bezala bere-berea duen beste hots bat: saskibaloiko baloiak pistako egur argia jotzen duenean ateratzen duena. Garaialderi belarriak gozatzen dizkio oraindik, Araskiren partidak ikustera joaten den aldiro. Pistako sekretuen jabe da oraindik bere garaian joko antolatzaile izandakoa: «Ederki ikasi genuen non ematen zuen bote okerra baloiak».

Urieta
Made Urieta, Araskiko entrenatzailea. Araski.

Zenbat aldiz ez ote dute gauza biribil horiek pista ukitu. Eta oraindik horrenbeste edo gehiago geratzen dira. Baskonia hasi zen, eta haren atzetik Araski —orain bertan jokatzen du—, Araberri eta Baskoniaren bigarren taldea. Beste kirol batzuetarako ere erabili izan da; eskubaloian, esate baterako.

Erabili ez zuena, ez behintzat etxeko talde bezala, egitasmoaren bultzatzailea izan zen: KAS saskibaloi taldea. Pista behar zutela-eta, eskaria hiriko udalari, baina hark ezetz, udal lurrak ez zirela erabiliko talde pribatu batentzat. Bilbora joan zen taldea, eta udalak kiroldegia egiteko asmoari segida eman zion. Enrique Marimon izan zen arkitektoa, eta inauguratzailea, kirol munduan oso ezaguna izan zen bat: Juan Antonio Samaranch, orduko Espainiako Gobernuko Kirol ordezkaria.

"Kanpoko jokalariek argazkiak ateratzen dituzte Mendizorrotzara lehen aldiz etortzen direnean"

Made Urieta. Araskiko entrenatzailea

Aurreneko ekitaldia hau izan zen: hiriko Kirol Astea. Ordutik gaur arte, kontaezina da zenbat gauza egin diren Mendizorrotzan. Eta musikaren inguruan, bitxikeria bat: Julio Iglesiasen gisako kantari ezagun batek kontzertua ere eman zuen, eta eztabaida izan zen festa aretoetako enpresariekin, bezeroak kentzen zizkietela eta.
Kirol munduan oso ezagun diren Harlem Globetrotters taldekoak ere izan ziren kiroldegian, jokatzen eta erakustaldia ematen. Indar Baskonia zaleen taldea bertan sortu zen, eta euskal selekzioan hantxe jokatu zuen lehen partida, 1980an. Berriki, duela hiru urte, Espainiako Kopa jokatu zen, Araskiren gidaritzapean.

Aurkarientzat ere kuttuna

«Hiriko sinbolo bat da», esan du Garaialdek. «Kanpoko taldeetako jokalariek argazkiak ateratzen dituzte aurreneko aldiz jokatzera etortzen direnean», azaldu du Urietak. Ez baita alferrik kantxa mitikoetako bat.

Hitz egingo balute hormek. Aldagelakoek, kasurako. «Bizipen handiak izaten genituen. Jokalari estatubatuarrei bertan azaltzen genien hirian non zer erosi, adibidez», oroitu du Garaialdek.