Entsaladak

Errezetak. Hamaika errezeta eta hamaika modu dauden arren, otordu osasuntsuak prestatzeko plater egokiak dira entsaladak. Epelak zein hotzak, askotariko osagaiekin egin daitezke. Entsaladak egiteko zenbait ideia plazaratu dituzte Iruñeko Catachu, Gasteizko La Riojana, Donostiako Sutan Dago eta Gasteizko Black Salad jatetxeek.

Entsalada berezien bila

 

 

Monserrat Canga Coto

Catachu jatetxea (Iruñea)  

Txipiroien entsalada epela

 

Estitxu Osa
Txipiroien entsalada epela. Jagoba Manterola, Foku

 

Osagaiak

•Batavia uraza

•Haritz-hosto uraza

•Cherry tomateak

•Tipula

•5 txipiroi

•Modena ozpina

•Oliba olioa

•Gatza

 

1- Txipiroiak garbitu, eta plantxan kozinatu.

2- Moztu tipula, xerratan.

3- Zartagin batean, olio gutxirekin eta tenperatura baxuan tipula karamelutu, tipulak berak duen azukrearekin, sueztitu arte.

4- Zartagin berean cherry tomateak karamelutu.

5- Gehitu txipiroiak zartaginean.

6- Modena-ozpin txorrotada bat bota, zartaginean dagoen olioarekin batera kozinatu eta gatz pixka bat bota.

7- Kokatu plater batean batavia uraza eta haritz-hosto uraza orriak garbituta.

8- Zartaginean egindako tipula eta txipiroiak gehitu urazari.

 

 

 

Rafa Lopez de Mendiguren

La Riojana jatetxea (Gasteiz)
 

Burrata entsalada baiekin, ezti ozpinarekin eta fruitu lehorrekin

Estitxu Osa
Burrata entsalada baiekin, ezti ozpinarekin eta fruitu lehorrekin. Endika Portillo, Foku

 

Osagaiak

•Burrata gazta

•Berroak

•Endibiak

•Errukula

•Cherry tomateak

•Azalik gabeko tomatea, karratutxoetan moztuta

•Ahabiak

•Mugurdiak

•Baiak

•Hurrak eta intxaurrak, edo beste fruitu lehor batzuk

•Carbenet ozpin baltsamikoa

•Arbequina olioa

•Eztia

 

1- Ozpin-olioa egiteko, nahastu ozpin baltsamikoa olioarekin, eta gehitu ezti koilarakadatxo bat.

2- Gehitu hurrak eta intxaurrak, eta gatz pixka bat bota.

3- Birrindu osagaiak.

4- Gatzozpindu olio, ozpin eta gatzarekin barazki eta tomateak.

5- Kokatu ontzi batean barazki eta tomate gatzozpinduak, eta gehitu burrata gazta, beste osagai guztiekin batera.

6- Gatzozpindu guztia ozpin-olioarekin.

 

 

 

 

Erik Olov Andreas Nyberg eta Iker Bilbao

Cristobal Sutan Dago jatetxea (Donostia)
 

Entsalada iparraldeko hegaluzearekin, eskabetxean marinatua

Estitxu Osa
Entsalada iparraldeko hegaluzearekin, eskabetxean marinatua. Gotzon Aranburu, Foku

 

Osagaiak

•140 g letxuga ezberdinen nahastura

•60 g tipula morea

•16 cherry tomate konfitatua

•320 g hegaluze solomo fresko

•2 azenario

•Tipula zuri erdia

•Piperbeltza

•Koilarakada bat soja saltsa

•Erramua

•Gatza

•Limoi berde baten azala

•50 mililitroko ozpin ezberdinen nahastura

•100 mililitro oliba olio

•Haziak

 

1- Marinatua prestatzeko, hegaluzea garbitu eta arantzak kendu.

2- 20 gramoko takoetan zatitu, gatzatu, eta gorde erretilu batean.

3- Azenarioa xafla finetan moztu, eta tipula, juliana erara.

4- Erregosi barazkiak, su bizian, tomateekin batera.

5- Gehitu erramua, piperbeltza eta limoi azala, lehenik, eta ozpina eta olioa, berehala.

6- Irakiten dagoenean, hegaluzearen gainetik bota, marinatuak guztiz estali arte hegaluzea.

7- Hozkailutik kanpo utzi, hoztu arte.

8- Entsalada muntatzeko, letxuga kokatu plater batean; ondoren, tipula morea juliana erara.

9- Gainean 80 edo 90 gramo hegaluze eta barazki marinatuak.

10- 3-4 cherry tomate gehitu, eta gero, etxean egindako 2 piper eta hazi batzuk bota.

 

 

 

 

Unai Fernandez Manzanal

Black Salad jatetxe beganoa (Gasteiz)
 

Kale ekologikodun entsalada Gernikako kuia errearekin, etxeko ernamuinduekin, Arabako txitxirioekin eta anakardoaren alioli saltsarekin

Estitxu Osa
Kale ekologikodun entsalada Gernikako kuia errearekin, etxeko ernamuinduekin, Arabako txitxirioekin eta anakardoaren alioli saltsarekin. Endika Portillo, Foku




 

Osagaiak (4 lagunentzat)

•200 g kale ekologikoa

•250 g Gernikako kuia ekologikoa

•80 g ernamuinduak (soja, dilistak...)

•200 g Arabako txitxirio

•50 g anakardo beratu

•2 baratxuri ale

•150 g soja esne

•300 g olio

•Sagar ozpina

•Gatza

 

1- Garbitu eta lehortu kale orriak.

2- Kendu enborrak, eta masajea eman hostoei oliba olio pixka batekin eta gatz lodiarekin, eta ontzi batean utzi hostoek kolore berde bizia hartu arte.

3- Zuritu kalabaza, eta kendu pipitak, moztu 1,5 zentimetroko kuboetan, gatzpipertu eta erantsi oliba-olio tanta bat eta baratxuri txikitua.

4- Erretilu batera pasatu, eta aurrez 180 gradutan berotutako labe batean sartu, 20 minutuz.

5- Labean txigortu aurretik, gozatu garbantzu egosiak oliba olio txorrotada batekin, gatzarekin eta belar usaintsu edo bereziren batekin, ukitu exotikoa emateko.

6- Aliolia prestatzeko, jarri anakardo gordin beratu eta xukatuak irabiagailu edalontzi batean, azukrerik gabeko soja edariarekin, baratxuriarekin eta sagar-ozpin koilarakada batekin batera

7- Olioa gehitu, eta, irabiagailuaren besoa altxatu gabe, beganesa emultsionatu.

8- Loditu ondoren, nahi den dentsitatea eman, olioarekin edo landare-edari kantitatearekin jolastuz.

9-Zuzendu gatz puntua, sagar ozpina eta baratxuria, nahi bezala.

10- Entsaladaontzi batean kokatu, edo plateretan banatu, koloreak konbinatuz eta alioli saltsarekin olioztatuz.

11- Entsaladari kolore gehiago emateko, gehitu erremolatxa, artoa, azenario birrindua...