Superaberatsak

Bill Gates. Bere ondasun guztiak ekintza filantropikoetarako erabiliko dituela berretsi du Bill Gatesek: izurriteen kontra egiteko, munduko gosea amaitzeko, klima aldaketari aurre egiteko. Haren fundazioaren egitasmoak, baina, auzitan daude aspalditik.

XXI. mendeko apostolua

Pandemia bat iragarri zuen 2015. urtean, eta handik gutxira COVID-19aren aurkako txertoen finantzatzaile nagusietako bat bihurtu zen. Mundu osoari eragiten dion beste arazo larri bat ere badu bere zereginen artean: berotze globalari aurre egitea; horretarako, eguzki izpien eragina indargabetzea helburu duen egitasmo bat abiatu zuen iaz. Eta behin gaitz guztiak konpontzen hasita, goseteak amaitzea ere badu bere egitekoetan. Hark sortutako Microsoft enpresa arrakastatsua utzi zuenetik, horretan eta beste hainbat ekinalditan buru-belarri dabil Bill Gates (Seattle, AEBak, 1955).

Javier TelleriaBill Gates joan den ekainean, Time 100 ekitaldian. Justin Lane, EFE

Baina nola da posible bere lankide eta arerioekin eskrupulu eta errukirik gabe jokatzen zuen enpresaburu ezagunenetarikoa munduko salbatzaile nagusi gisa agertzea orain? Noiz eta zergatik erori zen zalditik eta ikusi zuen argia, santu bihurtu aurretik kristauak akabatzen aritu zen Sauloren antzera? Halakoetan gertatu ohi denez, mende aldaketarekin batera gertatu zen. Ordutik, Gatesek 40.000 milioi euro inguru eman ditu dohaintzan, eta orain dela aste batzuk iragarri zuen hil baino lehen emango duela gelditzen zaion guztia —97.000 milioi euro inguru—. «Nire baliabideak gizarteari itzuli behar dizkiot, sufrimendua murrizteko eta bizitzak hobetzeko ahalik eta eragin handiena izan dezan. Eta espero dut aberastasun eta pribilegio handiko posizioetan dauden beste batzuek ere aurrerapauso bera ematea une honetan», idatzi zuen Twitterren uztailaren 13an.

Gates da munduko pertsonarik aberatsenetan laugarrena, eta filantropoen artean lehena. Aurki, beste 20.000 milioi euro emango ditu. Baina diru horrek, aurreko guztiak bezala, ez du haren eskuetatik ihes egingo. Hark eta haren emazte izandakoak 1990eko hamarkadaren amaieran sortu zuten fundaziora joango da, eta handik erakunde horrek bultzatu dituen hainbat egitasmotara. Funtsean, jostailuz aldatu du Gatesek. Ordenagailuak utzi ditu, berri ona zabaltzeko. «Ordenagailuek ez dute munduko pobrezia desagerraraziko», adierazi zuen 2016an, eta 100.000 oilo eman zituen dohaintzan, Afrikan haztegiak sortzeko egitasmo baterako.
 

Bi aurpegi, helburu bakarra

Microsoften sortzaileari buruz irakur daitezkeen biografia gehienek santuen bizitzak jasotzen dituzten hagiografien itxura dute. Gates enpresari informatiko gisa egin zen ezagun, Microsoften bidez —1970eko hamarkadan ikaskide izan zuen Paul Allenekin batera sortua—. MS-DOS sistema eragilearen aitzindaria izan zena erosi zuten, 50.000 dolarrengatik, eta mundu osoko hamar ordenagailutik bederatzitan ezartzea lortu zuten. Oso ezagunak bihurtu ziren haren sistemaren alternatibak proposatu zituztenen aurka erabili zituen metodo «mafiosoak». Baina, mende amaieran, Interneten goraldiarekin batera, ezin izan zion eutsi, eta Nabigatzaileen gerra deiturikoa galdu zuen. Epaiketa hark agerian utzi zituen Gatesen metodoak, eta oso kaltetuta geratu zen haren irudia. Orduan ekin zion bere irudia garbitzeari.

Urteak dira Gatesi filantropo errugabearen aurpegia geratu zaiola. Baina, lehen bezala, garroak planeta osoan zabalduak ditu orain ere. Bere fundazioaren bitartez, besteak beste, osasun eta hezkuntza sistema internazional eta nazionaletan esku hartu du, nekazaritza transgenikoa sustatu du, eta klima aldaketaren aurkako geoingeniaritza egitasmoen lehen finantzatzaile pribatua bihurtu da. «Erabaki nuen filantropia izan zitekeela nik egin nezakeen ekarpenik handiena. Eragina izan dezaket rol horretan, baita edozein kargu politikotan ere. Baina, kasu honetan, ez dut hauteskundeetara aurkeztu behar», esan zuen 2016an, AEBetako presidente izateko hautagai aurkeztu behar zela zioten zurrumurruen aurrean.

Gatesen ekintza filantropikoak bera akziodun den enpresek egiten dituzte, eta irizpide zientifiko eskasekin

2008an, Microsofteko bere jardueren zati handi bat utzi zuen Gatesek, eta enpresan zituen akzio gehienak bere fundazioaren eskuetan jarri zituen. 2020an, behin betiko utzi zuen bere enpresa kuttuna, denbora guztia jarduera filantropikoei eskaintzeko.

Egindako inbertsioak —hein handi batean, itzalpean— teknologia berriak esperimentatzeko proiektuetan egin ditu. Eta, horretarako, besteak beste, gobernuz kanpoko erakundeak, zientzialarien elkarteak eta komunikabideak finantzatu ditu. Haren bazkideen artean, besteak beste, bera akziodun den enpresa ugari daude: farmazia enpresak (Bayer, Pfizer), energia alorrekoak (Exxonmobile, BP), arma konpainiak (BAE Systems) eta janari lasterrekoak (Coca Cola, McDonalds). Elikaduraren alorreko aliantzarik ezagunena Monsantorekin egindakoa da, zeina bioteknologian eta hazi transgenikoetan espezializatuta dagoen.

Esperimentatzeko «aske»

Harekin kritikoak direnen arabera, egitasmo horien arazo nagusia da hark eta haren sozioek finantzatutako egitasmoek haiek nahi dutena egiten dutela, irizpide tekniko eta zientifikoei jaramonik egin gabe gehienetan. Adibidez, Gatesen ekarpen baliotsuenetakotzat hartzen dira GAVI Txertoen eta Immunizazioaren Aliantza Globalaren programak ezartzeko egiten dituen inbertsioak, baina, osasun arloko adituen arabera, fundazio horrek arazo edo teknika jakin batzuetan jartzen ditu indarrak, diruz ureztatzen ditu, alde batera utzita egiturazko beste kausa batzuk eta beste gaixotasun kezkagarriago batzuk. Adibidez, malaria eta hiesa finantzatzeko joera handia izan du; aldiz, ezer gutxi egin du, besteak beste, tuberkulosiari aurre egiteko, ama-haurren osasunerako eta nutriziorako, eta hainbat gaixotasun kronikotarako.

2020an AEBek OME Osasunaren Mundu Erakundeari finantzaketa kendu ondoren, Bill & Melinda Gates fundazioa bihurtu da haren diru iturri nagusia —OMEren aurrekontuaren %10 inguru—, gobernuen ekarpenen gainetik. Aditu ugarik ohartarazi dutenez, horrek jokaleku arriskutsu bat sortu dezake. OMEk malariari buruz egiten dituen ikerketen buru Arata Kochik, adibidez, salatu du Gatesek teknologia berrietan edo sendagai berrien garapenean oinarritzen diren metodoak erabiltzen dituela soilik, esperimentaziorako.

Komunitate zientifikoan oso zabalduta dago kritika hori, baina Gatesek entzungor egiten die, eta bere jokabidea konplexurik gabe defendatzen du. «Gobernuek konponbide egiaztatuak ezartzen dituzte, eta enpresek beren akziodunenganako ardura fiduziarioak dituzte. Gurearen gisako fundazioek, berriz, ideiak frogatzeko askatasuna dute —bestela ezin izango lirateke frogatu—, eta horietako batzuek aurrerapenak ekar ditzakete».

Estitxu Osa
Bill Gates 2021ean Londresko Zientzia Museoan antolaturiko jardunaldi batean. HOLLIE ADAMS, EFE

Gates «ongia» egiten dabil munduan zehar, eta prest dago bere ondasun guztiak emateko horretarako. Eta mirariak egiten ditu. Harako hark ogien eta arrainekin egin zuen bezala, berak bere aberastasuna biderkatzea lortu du.

Nagusiak nagusikerian

Merkatuetan jaun eta jabe. Bill Gatesekin eta Microsoftekin hasi ziren enpresa teknologiko handien monopolio jokaerak, baina jarraitzaile finak izan ditu: Bezos, Zuckerberg... 

Irune Lasa

Merkatuaren jabeak dira, eta informazio guztia dute. Zeinek saltzen duen zer eta zeinek erosten duen zenbatean. Baina, horrez gain, saltzaileak ere badira merkatu horretan bertan. Eta beren mesederako guztia. Asko saltzen dela gairen bat? Ba, salduko dute haiek ere gauza bera, edo gauza ia bera. Eta horrela gero eta handiagoak dira.

Horretaz asko daki Bill Gatesek, Microsoften jabe zela mundu osoko ordenagailu gehienetan Windows sistema eragilea inposatzea lortu zuenean. Monopolioaren moduak asko dira, baina. Horietako bat izan daiteke nagusikeria baliatuz beste eskaintzak baztertzea edo lehiakideak ia-ia ikusezin bihurtzea, bestearen produktua erakusleihoaren baztertxo batera kondenatuz —edo Interneteko bilatzailearen enegarren orrian azalaraziz—. Beste modu bat erraldoi izatearen abantailak baliatzea da, abokatu gutxiago dituzten txikiagoen ideiak lapurtuz, adibidez. Eta nagusitasuna handitzeko beste modu oso eraginkor bat zuzenean lehiakideak edo enpresa berritzaileak xurgatzea edo erostea izaten da.

Erraldoi teknologikoen artean, azken horretarako joera handia egon da azken urteetan; hala jokatu dute Facebookek Whatsappekin, eta Googlek Youtuberekin. Neurri batean, halako jokaerek bihurtu dituzte erraldoi AEBetako Amazon eta Apple ere. Eta Txinan ere ohikoa izan da Ant (Alibaba), Tencent eta kideak lehiakide edo berritzaile txikiagoak erosiz haztea.

Gaur egungo erraldoi teknologikoek Bill Gatesen Microsoft izan dute aitzindari monopolio jokaeretan

Oraingoz, enpresa horiek oztopo gutxi izan dituzte bidean, baina azken urteetan gero eta gehiago izan dira halako jokaerei muga jartzeko ahotsak. Ez soilik botere kontzentrazioaren kontrakoenak. Kapitalismoaren defendatzaileak ere ari dira erraldoien kontra, esanez halako monopolioek lehia eta berrikuntza oztopatzen dituztela. Dena den, auzibide amaigabeetan galduta gelditzen dira akusazio asko. Hori gertatu da, esaterako, Europako Batasunak zabaldutako auzi gehienekin.

Orain gutxi, hala ere, Amazonek EBri proposamena egin dio: prest azaldu da hirugarren saltzaileen datuak soilik bere mesederako erabiltzeari uzteko eta partekatzeko. Europako Batzordeak Amazonen kontra lehia bidegabeagatik ikerketa zabaldu eta hiru urtera etorri da akordiorako proposamena. Bultzadatxoa emango zion, ziurrenik, Batasunean 2023an sartuko den merkatu digitalen legedi berriak, zeinetan isun handiak jasotzen diren hala jokatzen duten enpresentzat, diru sarrera globalen %10 arterainokoak.

 

Kapitalismoaren defendatzaileak ere azaldu dira kontra, lehia eta berrikuntza oztopatzen delako

Amazonenak eta Googlerenak ez dira jokaera berritzaileak, halere. Bill Gatesen Microsoft aitzindari izan zuten monopolio teknologikoan. PCetan Windows sistema operatiboak zuen nagusitasun erabatekoa Internet Explorer nabigatzailea inposatzeko baliatzen zuen Microsoftek, beste nabigatzaileen kaltetan.

Auzi luze baten ostean, Microsoft bitan banatzera zigortu zuten; enpresa batek egingo zuen sistema operatiboa, eta beste batek nabigatzailea. Azkenean, akordio batekin amaitu zen gatazka, eta Microsoftek beste nabigatzaileei lekua eta aukerak emateko moduak jarri behar izan zituen. Hori bai: bitartean, gero eta handiago bilakatu zen.

Bill Gates.

Zenbakia. 666. Bill Gates izena ASCII kodean. EBiblian 666 zenbakia piztiaren zenbakia da. Konspirazio teorien jarraitzaileek maiz gogoratzen dutenez, zenbaki hori lortzen da Bill Gates izena hizkiz hizki ASCII informazio trukerako kodera bihurtuz, eta berdin Windows 95ekin, Microsoften sistema arrakastatsuenarekin.

Enpresak. Gaur egun ez du enpresarik bere jabetzan, baina akzio ugari ditu hainbatetan. Nagusiak: Walmart, UPS, FeDex, Coca Cola eta Caterpillar. Gainera, AEBetako nekazaritza lurren jaberik handiena da. 

Esaldia. «Spama iraganeko kontua izango da bi urte barru». BBC, 2004ko urtarrilean

Ondasun bat. Da Vinciren eskuizkribu bat. Bere jabetzarik preziatuena Leonardo da Vinciren eskuizkribu bat da. 30 milioi euroren truke erosi zuen, 1994an.

Filantropia bat. Komunikabideak. Gatesen fundazioak komunikabideak ere laguntzen ditu: 250 milioi euro eman dizkie, besteak beste honako hauei: BBC, The Guardian, The Financial Times, Le Monde, El País, Der Spiegel eta Al-Jazeera

Bitxikeria. Ingelesez soilik. Gatesek hizkuntza bakarra menperatzen du: ingelesa. Eta irakurri, paperean egiten du beti; orduko 150 orrialde irakurtzeko.

Iritzi politiko bat. Kapitalismo suntsitzailea. Gatesen ustez, harrigarria da ekonomia kapitalistak sozialistak baino hobeto funtzionatu izana, «hain intuitiboa» izan ez arren. «Sinestezina da kapitalismoaren suntsipen ahalmena zeinen sortzailea den».

Serie honetako beste atal batzuk