Superaberatsak

Jack Ma. Hainbat urtez Txinako pertsonarik aberatsena izan da Jack Ma, baina, merkataritza elektronikotik finantzen sektorera jauzi egin zuenean, herrialdeko agintarien susmoa piztu zuen, eta pilatutako aberastasunaren erdia galdu zuen.

Ali Baba eta datuen lapurrak

Tigrea animaliarik preziatuenetarikoa da Txinan: boterearen sinboloa da, eta ausardiarena. Baina kontu handiz tratatu behar da: «Tigrea esnatzean, makila luzea erabili behar da», esaten omen zuen Mao Zedongek, 1949tik 1976ra herrialdea gidatu zuen buruzagi komunistak. Ohartarazpena argia da: norbera baino indartsuagoa den norbaiti aurre egitean, denborak eta distantziak kontrolatu behar dira, baita Pekingo agintariei aurre egin nahi zaienean ere. Txinatarrek oso barneratua dute irakaspen hori, baina badira ondo ulertu ez dutenak edo ulertu nahi izan ez dutenak. Horietako bat da Jack Ma (Hangzhou, 1964), Txinako aberats handiena izandakoa. Oso denbora gutxian hurbildu zen herrialdeko botereguneetara, oso-oso gertu gainera, eta tigrearen hozkada hartu zuen. Ordutik, espazio publikotik «desagertuta» bizi da, eta, bere negozioetan segitzen duen arren, azken bi hamarkadetan pilatu duen aberastasunaren erdia galdu egin du bi urtean.

Ma Txinako pertsonarik mediatikoenetarikoa izan da, eta urteetan nazioarteko agintarien eskuak estutzera ohituta egon da, herrialdeko egungo presidente Xi Jinping baino gehiago. Hala gertatu zen 2016an, Xik G20koen goi bilera antolatu zuenean. Atzerriko buruzagiek interes handiagoa agertu zuten enpresaburuarekin biltzeko, herrialdeko liderrarekin baino. Maren gainbeheraren hasiera izan zen hori.

Estitxu Osa
Jack Ma, 2018an Malaysian eginiko agerraldi batean.. AHMAD YUSNI, EFE

Baina zer gertatu zen? Hori ulertzeko, ezinbestekoa da Jack Ma nor den jakitea. Laburbilduz, Alibaba merkataritza elektronikoko erraldoiaren sortzailea da —Mendebaldean Aliexpress—. Baliteke Amazonen izena ezagunagoa izatea, baina Alibaba Txinako merkatua ia monopolizatzera iritsi zen orain dela ez asko: 1.400 milioi bezero potentzial dituen merkatu bat. Eta hori botere handia da. Ez alferrik, Mak Ant Group izena jarri zion bere taldeari: Inurri Taldea.

Inurriak tigrearen aurka

Alibaba 2000ko hamarkadaren hasieran sortu zuten, Txinako hornitzaileen eta atzerriko bezeroen topagune gisa, eta ate ezin hobea bihurtu zen denek parte hartu nahi zuten merkatu batera sartzeko. Konpainia haziz joan zen, mundu osoko merkataritza elektronikoaren erraldoietako bat bihurtzeraino.

Baina ez hori bakarrik. Ma berehala ohartu zen bezeroen bidez lortzen zituen datuek botere izugarria ematen ziotela, eta, besteak beste, finantza zerbitzuetan hasi zen hori aplikatzen. Alipay ordainketa sistema sortu zuen aurrena, zeinak 700 milioi erabiltzaile inguru lortu dituen, eta, ondoren, Yu E' Bao finantza erakunde edo metabankua sortu zuen.

Duela bost urte, estatuaren kontrolpeko finantza erakundeak urduritzen hasi ziren Yu E' Baorekin, haien bezero asko dirua ateratzen ari zirelako funts horretan uzteko, haien datuetan oinarrituta etekin handiagoak lortzen zituztelakoan. Yu E' Bao, gainera, Txinako hamar kreditutik bat kudeatzera iritsi zen. Agintarien presioengatik, Mak muga batzuk ezarri zizkion jendeak funtsean utz zezakeen kopuruari.

Txinako enpresa teknologikoak Alderdi Komunistaren barne borrokaren parte bihurtu dira

Beste bide bati ekin zion orduan: Hong Kongeko burtsan Ant taldearen finantza atalaren akzioak salerostea. Azken urteetan munduan izandako burtsaratze handiena izan behar zuenak, halere, huts egin zuen. 2020ko abenduan, Mak dena prest zeukan, baina Txinako agintariek debekatu egin zioten jauzia egitea, eta enpresaburuak 11.000 milioi euro galdu zituen.

Mak denbora zeraman herrialdeko finantza sistema kritikatzen, esanez zaharkituta zegoela, eta horren ordez big data-n oinarritutako kreditu sistema erabili beharko litzatekeela. Hala adierazi zuen burtsaratze debekua ezarri baino astebete lehenago. Errepresaliak bata bestearen atzetik iritsi ziren. Alibabaren kontrako kanpaina bat ere abiatu zuten Txinako arautzaileek: jarduera monopolistengatik, beste 2.800 milioi euroko zigorra jarri zioten, eta konpainiak burtsan zuen balioaren heren bat galdu zuen. Txinako aberatsena eta herrialdeko izar mediatikoenetarikoa zenak, egun batetik bestera, bere aberastasunaren erdia galdu zuen, eta «isilarazi» egin zuten.

Hazkunde «basatia»

Maren eta Txinako agintarien arteko harremanak ez dira beti hain gatazkatsuak izan: garai bat egon zen non elkarri mesede egin zioten eta bidelagun estuak izan ziren, 2016ra arte, behintzat. Ordura arte, Txinako teknologia enpresek oso erregulazio ingurune laxoan jardun zuten: gobernuak bere erraldoi teknologiko nazionalen hazkundea sustatu zuen, arerio estatubatuar handiak kanpoan uzteko, besteak beste.

Baina, azken urteetan, Pekingo gobernua sektore teknologikoaren gaineko kontrola handituz joan da, AEBek eta Europako Batasunak egin duten bezala. Maren enpresak ez ezik, herrialdeko beste erraldoi teknologiko batzuk ere pairatzen ari dira murrizketa olde berria. Xi Jinpingen gobernuak dio horren helburu nagusia konpainia horien «hazkunde basatiari» ekitea dela, eta monopolioak geldiaraztea. Baina benetako xedea da enpresa horiek dituzten datuen gaineko kontrola indartzea, kanpora ihes egin ez dezaten.

Estatuko Segurtasun Lege berriak, besteak beste, han jarduten duten enpresa guztiak behartzen ditu erabiltzaileen datuak gordetzera, eta hango enpresak eta han jarduten dutenak behartuta daude agintariei informazioa ematera. Applek, esaterako, Txinako hego-mendebaldean datu zentro bat sortu behar izan du, estatuko enpresa batek kontrolatuta, herrialdeko erabiltzaileen datuak gordetzeko.

Datuen garrantzi gero eta handiagoak agintarien esku hartzea bizkortu du mundu guztian, eta, Txinan, enpresa teknologikoak Alderdi Komunistaren barruko botere borrokaren parte bihurtu dira. Hori ere egon daiteke Maren gainbeheraren atzean. Alibabak politburoaren mesedea galdu zuen, eta haren tokia Pinduoduok hartu du; merkataritza plataforma horrek dauka, orain, erabiltzaile gehien. Jack Ma, berriz, ez da herrialdeko pertsonarik aberatsena. Zhong Shanshan botilako uraren handikiak hartu dio aurrea.

Datuak eta pertsonak

Zenbat dakite jendeari buruz? Talde teknologiko handiek datu asko dituzte norbanakoei buruz; printzipioz, erabilera komertzialerako soilik. 

Irune Lasa

Datu pertsonalen politikei eta ekonomiei buruzkoen idazle gisa ari natzaizue: ezabatu ugalkortasun app horiek oraintxe». Gina Neff Oxford Unibertsitateko soziologoak hori esanez erreakzionatu zuen Twitterren, AEBetako Auzitegi Gorenak hainbat estaturi abortua galarazteko eskumena eman zienean ekain bukaeran. Ez zen bakarra izan oharra egiten: alegia, emakumeek besteak beste hilekoaren jarraipena egiteko erabiltzen dituzten aplikazioak arriskutsu bihurtu direla orain.

Estitxu Osa
Pertsona bat smartphone batekin, Txinako Guiyang hirian big data-ri buruz iaz eginiko kongresuan. . Alex Plavevski, EFE

Halako datuak ditu, adibidez, Googlek. Konpainiak uztail hasieran iragarri berri du abortatzeko kliniketarako bisitak bere erabiltzaileen geolokalizazio historialetik kenduko dituela, jaso eta gutxira. Genero indarkeriaren biktimen egoitzak, ugalkortasun zentroak eta halakoak ere ezabatuko ditu, bere borondatez, hori bai.

Beste behin, agerian gelditu da zenbateraino den giltzarria norbanakoen datu asko eta asko noren esku egon daitezkeen. Publizitate pertsonalizatua bideratzeko baino zerbait gehiagorako erabil baitaitezke.

Datu pertsonalen jabetzaren inguruko kezka berehala agertzen da Txinako kreditu sozialerako sistemak aipatzean. Herritar bikainak, erdipurdikoak eta ardi beltzak zerrendatzen dituzten sistema horiek oraindik proban daude Txinako zenbait eskualdetan. Honelakoen arabera sailkatzen dituzte herritarrak: adinekoak bisitatzen dituzten edo ez, haien txakurrak ondo edo gaizki portatzen diren, edo nolako mailegu historiala duten.

Eta argi dago teknologiek erraztu egin dezaketela kontrol soziala. Ezin da baieztatu, baina, zenbait sare sozialetan esandakoen arabera, Pekingo gobernuak herritarren joan-etorriak murriztu ditzaketen Covid QRak manipulatu zituen uztailean Henan probintzian. Bezeroei eskudirurik ematen ez zietela eta, eskualde bankuen kontra piztutako protesta manifestazioak eragotzi nahi omen zituen.

Edonola ere, Jack Ma isiltzean, Txinako Gobernuak kezka azaldu zuen Ant taldeak bere bezeroen datuen gainean zuen kontrolaren inguruan. Txinan eta mundu guztian gertatzen ari da hori. Zenbat dakite Metak, Amazonek, Googlek herritarrei buruz? Aurpegiak, harremanak, zaletasunak, ibilerak, kontu korronteak, hilekoaren egunak... Oraingoz, datu horien erabilera erabat komertziala egin izan dute talde horiek, salerosi egiten dituzte, anonimo bihurtuta, publizitate pertsonalizatuetarako, adibidez. Oraingoz.

 

Jack Ma.

Zenbakia. 996. Lanaldi formula. Mak esana du Alibaban aritzeko beharrezkoa dela prest egotea egunean hamabi orduko lanaldia egiteko, astean sei egunetan. 996 formula deitzen dio horri: 09:00etatik 21:00etara, eta sei egun jarraian. «996 ordutegia bedeinkapena da, nahiz eta enpresa eta langile asko ez diren ohartzen».

Enpresak. Ant Group: Alibaba (AliExress), Taobao, Alipay, Yu’e Bao, South China Morning Post... 

Esaldia. «Bankuari 100.000 yuan eskatzen badizkiozu, beldurtuta biziko zara; mila milioi eskatzen badizkiozu, bankua izango da zure beldur». Jack Ma, 2020ko azaroan.

Ondasun bat. Yatea. 'Maren ondasunei buruz ezer gutxi jakin da. 2021ean gobernuak isilarazi zuenetik, bere yatean bizi da, eta Europan zehar ibili da

Bitxikeria. Emakumeen futbola. Jack Mak bere izena duen fundazioren bidez egiten ditu ekintza filantropikoak. 2019an, 150 milioi euro eman zizkion Txinako futbol federazioari, emakumeen futbola sustatzeko.

Iritzi politiko bat. Alderdi komunistako kide. 2018. urtean jakin zen Ma Txinako Alderdi Komunistako kide zela, eta alderdiaren ehun aholkularien taldean zegoela.

Serie honetako beste atal batzuk